Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-02-29 -- 1933.zenb

Pilar Iparragirre


Sugea lilipean
Asisko Urmeneta
Desclée De Brouwer
63 orrialde
5 euro



Asisko Urmenetaren ipuina


Aitor Txarterinaren marrazkiez horniturik plazaratu du Asisko Urmenetak Sugea lilipean, etxeko gaztetxoenentzat espreski burutu duen kontakizun liluragarria. Gizakiak hartzei kendutako kobazuloetan bizitzen ziren garaira darama irakurlea ipuin honek. Ehiztariak mamuten atzetik joateko prestaketa lanetan ikusten ditu Oxa mutikoak, eta berak ere haiekin joan nahi luke, baina ezetz esaten diote, ume gorria baino ez dela eta gainerako haurrekin gelditu behar duela. Oxak, ordea, besteen atzetik joan nahi duenez, harpetik ihes egingo du, ehiztarien bila. Makila daramanez eskuan, ez da umeak jaten dituzten besteen beldur. Baina egun osoa oinez eman eta gero, nekaturik eta gose da. Orduan, ezustean, beste haur batekin egingo du topo.


Koiunturaz
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia
148 orrialde
3 euro



EAEko ekonomia 2003. urteko lehen seihilekoan


2002ko laugarren hiruhilekoan EAEko ekonomiak hasitako susperraldi ekonomikoa iazko lehen seihilekoan egonkortu zela dirudi. Horrela dio bederen Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailak Koiunturaz buletinean, non eskaintzen dituen EAEko ekonomiaren testuingurua, ekoizpena eta eskaria -honako atal hauek kontuan harturik: ekoizteko jarduera, eskariaren osagaiak, lan merkatua, prezioak, kostuak eta soldatak; eta kanpo saldoa eta lehiakortasuna-, eta EAErako aurreikuspen makroekonomikoa, kanpoko ingurunearen bilakaeraren gaineko hipotesiak agertuz. Horiez gain, Europako Batasuna 25 kidetara zabaltzeak EAEko ekonomian duen eragina ere aztertzen da bertan.


Iparraldeko Bertsulari Gazteen X. Xapelgoa
Batzuen artean
Bertsularien lagunak elkartea
54 orrialde



Aiherra eta Itsasun botatakoak


Liburuxka honetan, 2003. urtean burututako Iparraldeko Gazteen X. Xapelgoaren finaleko saioak eta idatziz aurkeztutako bertsoetan sarituak izan zirenak bildu dituzte Bertsularien Lagunak elkartekoek. Gustura jasoko zituzten Baionan eta Hazparneko kanporaketan entzun ahal izan zirenak ere, baina tamalez ez dute izan denentzako lekurik, Iparraldeko bertsolaritza dinamizatzailea eta bertsoen transkripzioen egilea den Karlos Aizpuruak dioenez. Nolanahi ere, iazkoan hogeita lau haur aritu ziren bertsotan 14 urte bitarteko mailan, eta 14tik 18ra bitartekoan berriz, sei bertsolari aritu ziren. Gauzak horrela, oso pozik daude antolatzaileak lortutako emaitzarekin, Iparraldeko Xapelgoan gazte mailan inoiz izan den parte hartzaile konpururik handiena izan baita.


Behinola
Batzuen artean
Galtzagorri Elkartea
64 orrialde
6 euro



Behinolaren azken zenbakia


Galtzagorri elkarteak urtean bitan plazaratzen duen Behinola aldizkariaren azkenengo zenbakian, haur eta gazte literaturari buruzko gai desberdinak jasotzen dira, guztiak Luis Alonsok ilustratuak. Azken alean honako lanak aurki daitezke, besteak beste: Felipe Juaristiren Balaklava ipuina; Xabier Etxanizek Mariasun Landa idazlearen ibilbide literarioaz eginiko lana eta Mariasun Landa berak bere obraren gainean plazaratzen duen artikulua. Hizpide sailean, berriz, Kiko Ruiz Huiciren Didaktismoa, pedagogia eta eduki ideologikoen eragina 90eko hamarkadako haur literaturan eta Iñaki Martiarena Mattin-en Nik ez dakit marrazten. Agur gisa, Patxi Zubizarretak honako hitzatzea eskaintzen du, Bakarrik dira barregarri sekula amodio gutunik idatzi ez dutenak.


XXI. Salbatore Mitxelena literatur lehiaketa
Batzuen artean
Zarauzko Udala
192 orrialde
4,21 euro



Zarauzko gaztetxoen idazlanen bilduma


Zarauzko Udalak antolatzen duen Salbatore Mitxelena literatur lehiaketan 2002ko edizioan irabazle suertatu ziren haur eta gaztetxoen lanen bilduma da hauxe, Zarauzko ikastetxe guztien artean egindako marrazkiekin ilustratua. Seiehun eta laurogeita bat ipuin edo olerki aurkeztu ziren lehiaketara, eta jakina, sariek eta liburuek mugak dituztenez, ezinezkoa izan zaie antolatzaileei parte hartzaile guztien izen-abizenak eta lanak argitara ematea. Tamalez guk ere lehen saria jaso zutenen izenak baino ezingo ditugu aipatu, alegia Libe Eizagirre, Ruth Agirrezabalaga, Ane Aizpurua, Aitzol Eguskiza, Xabier Iruretagoiena, Manex Agirrezabalaga, Onintza Etxeberria, Argia Azkue eta Jokin Benavidesenak.


Ibaiak itsasoari...
Patxi Ezkiaga
Ibaizabal
116 orrialde
8,21 euro



Lurralde ezezagunetara garamatzaten hiru narrazio labur


Lurralde zeharo ezezagunetan kokatu ditu Patxi Ezkiagak Ibaizabal argitaletxearen eskutik plazaratu duen Ibaiak itsasoari... ipuin bilduman jasota dauden hiru istorioak: Lehena (Mahori) herriko plazan zazpi totem zeuzkaten eta misterioari emanak ziren Xandoriko biztanleen itsasertzeko lurralde baketsuan. Bigarrena (Mihail zikina) Tsar harro eta boteretsu batek bere menpe zuen lurraldean. Eta artzain azkar batek aiurri gaiztoko errege baten asmo txarretik ermitari ona salbatu zuen parajean, azkena.


Aritz.
Nayarit-eko altxorra
Gutierrez & Redondo
Jean François Sauré
48 orrialde/15,90 euro



Abentura ugari euskal komiki berrian


Bilduma bat osatzeko asmo sendoarekin jaio den euskal komiki baten hasiera dugu Aritz. Nayarit-eko altxorra, Pello Gutierrez gidoilariak sortu, Daniel Redondok marraztu, Iban Astandoak ordenadore bidez kolorea eman eta David Alvez maketatzaileak gidoian agertzen diren elkarrizketen hitzak jarri ondoren abian jarri den komiki saileko lehen alea. Mexikon gertatzen da abentura eta misteriozko istorio hau, eta beraz, Mexiko eta bertako huitxol tribuari buruzko dokumentazio ugari arakatu ondoren idatzi zuen Pedro Gutierrezek gaztetxoentzat ez ezik familia osoarentzat ere egokia izatea nahi lukeen kontakizunaren gidoia. Euskal pilotari gazte bat du heroi: Aritz. Mexikon egiten den pala-txapelketan parte hartzera gonbidatzen dute, eta harantz doa, bere bi lagun minekin: Eider arduratsua eta Joxe arduragabe eta parrandazalearekin. Beti eztabaidan ari dira bi horiek, eta komikiari umore puntua ematen diote. Bainu-jantzi dotorea erosi eta Cancuneko hondartzetara joan nahi luke Joxek. Benetako Mexiko ezagutzea da, berriz, Eiderren asmoa. Eta orduan huitxol tribuko haur batek laguntza eskatuko die.

Pilar Iparragirre

Zeintzuk dira «Aritz. Nayarit-eko altxorra» komikiaren nondik norakoak?
Ideia, Jean-François Saure argitaldariarena izan zen. Bere asmoa gaztetxo eta helduentzat balioko zuen "euskal heroi berria" sorraraztea zen, Tintin fenomenoa oinarritzat harturik. Pelotaria izan behar zuen Aritzek, komikiaren protagonistak, baina bere abenturek kutsu unibertsala behar zuten, horregatik kokatzen dira istorioak urruneko lurraldeetan. Oinarrizko ideia horiek hartuta, komiki sail baterako balio zezaketen pertsonaia batzuk sortu eta garatu nituen nik. Eta behin pertsonaiak garatuta, Daniel Redondo marrazkilariak bizia eman zien. Ikusgarria da lehenengo aldiz pertsonaia horiek bizirik ikusten dituzunean.

Zer agertu duzue komikiaren lehen ale honetan?
Mexikoko huitxol tribuari buruzko istorio bat idazteko gogoa neukan, eta tribuari buruz sakonki irakurtzean, Mexikoko gobernuarekin dituzten arazoak ezagutu nituen. Horrek eman zidan ideia nagusia, eta gizarte aurreratuak baztertu duen tribu bat ardatz hartuta, abentura eta misterio istorio bat sortu nuen. Gainera, huitxol tribuak komikiari beste alderdi bat ere irekitzen dio, antropologikoa, beste kulturak ezagutaraztearena... Hori ere interesgarria iruditzen zitzaidan, irakurle helduagoei ere komikia interesgarria egin ahal izateko.

Hurrengoan Aritz nondik ibiliko den aurreratzerik bai?
Bigarren aleko gidoia idatzita dago dagoeneko, eta Daniel Redondo marrazkilaria buru-belarri dabil abentura berri horiek marrazten. Ale horretan, gure protagonistak Kretara doaz, antzinako Minoiko garaiko tenplu zaharretan barrena.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda



Jaki funtzionalak (I)


Magnesio eta kaltziodun gaztak, bitaminak dituzten gurinak, Bifidus bakteriez gatzatutako edo mamitutako jogurtak, zuntzez aberastutako edari eta fruta-zukuak, berezko gainaren ordez omega-3 duen esnea... Modu honetan transformatutako elikagai ugari aurkituko dugu supermerkatuetako sail eta apalategi gehienetan. Gaur egun 200 motatik gora daude komertzializatuta eta adituek diotenez, 2005. urterako elikagaien merkatu orokorraren herena izatera helduko dira.

Baina zer dira jaki funtzionalak? Azkar esanda, elikatzeko berezko ezaugarriez gain propietate fisiologiko eta biologikoak ere badituzten jakiei deitzen zaie horrela, hau da, gure osasuna eta ongizatea hobetu dezaketen elementuak erantsi zaizkien produktuei. Ez dago definizio zehatzik, unibertsalki onartua denik, kontzeptu batez mintzo baikara eta ez elikagai multzo batez. Izan ere, pentsamoldea aldatzen ari da pixkanaka eta elikadura zuzenari baino, elikadura optimoenari erreparatzen zaio gaur egun. Karbohidrato, proteina, bitamina, mineral eta koipeak behar diren tamainan hartzen ote ditugun axola bazaigu ere, arreta handiagoa ipintzen zaio gaixotasunen arriskua txikitu lezakeen elikadurari.

Functional Food deritzon kontzeptua orain dela hamalau bat urte sortu zen Japonian. Jaki hauek asmatzen ez ezik, ondorio zientifiko frogatuetan oinarritzen den onarpen sistema bat ipintzen ere aitzindariak izan ziren japoniarrak. 1980ko hamarkadan dagoeneko, bazuten jaki funtzionalak erregulatzeko arautegia. Ondoren Amerikako Estatu Batuetan ekin zioten bide honi. Europan berantiarragoak izan dira. Elikagai funtzionalen lehen bilkura serioa 1996 urtean egin zen Frantzian. Bertan erabakitakoaren arabera, hainbat multzotan banatu zituzten elikagaiak: hazkuntza eta garapena, metabolismoa eta substantzien erabilpena, babes antioxidatzailea, gaixotasun kardiobaskularren tratamendu eta prebentzioa, urdail-hesteen laguntza, funtzio eta jokaera psikologikoak.

Elikagai funtzionalek osasuna hobetzeko joera erakusten badute ere, ezin esan pagotxa direnik. Bere horretan eta bestelako laguntzarik gabe ez baitute ezer sendatzeko ahalmenik. Beste modu batera esanda, elikagai funtzionalak ez dira botikatzat hartu behar. Botika batek epe motzean heltzen dio gaitzari. Produktu funtzional batek berriz, epe luzean funtzionatzen du eta, gainera, dieta osasuntsu bati jarraitzen zaionean eta bizimodu aktiboa eramaten denean bakarrik du gaitz horren prebentziorako ahalmena.

Bestalde, jaki funtzionalen inguruko azterketak behar-beharrezkoak dira oraindik. Izan ere, jaki mota hauen produkzioa ikerketa bera baino askoz ere azkarrago doa eta inkognita asko daude oraindik argitzeke. Oraindik zehaztu gabe dago, esate baterako, produktu hauek duten elikagai funtzional erantsi hori gorputzak ongi xukatzen ote duen, produktu honek efektu positiboa izan dezan zein kantitate hartu behar den, sobera hartuz gero bestelako ondorioak ote dituen edota toxikoa izan ote daitekeen...

Beraz, jaki funtzionalek osasuna hobetzeko joera erakusten baldin badute ere, ezin zaie behar baino balio handiagoa egotzi. Azken finean, dieta osasuntsu bati jarraitu eta bizimodu aktiboa eramaten dutenentzat onurak dituzten moduan, nahi ez den efektua ere sor dakioke beste populazio sektore bati. Adibidea aipatzen hasita, aski frogatuta dago betakarotenoak (fruta eta barazkietan dagoen antioxidatzaile bat da eta fruta-zuku askori eransten zaio) biriketako minbizia jasateko aukerak handitzen dizkiela erretzaileei.

Beste adibiderik ere bada aipagarri. DHA deritzona omega-3 delakoaren serieko lipidoa dugu. Odoleko koipeen oreka mantentzen eta bihotza zaintzen laguntzen duelako egin da ospetsu eta horregatik DHA duten arrautzak aurkitzen dira saltokietan ûoiloei pentsuan arrain koipea edota alga mota bat emanez lortzen diraû. Esaten ez dena, ordea, zera da: DHA gehiegi kontsumitzeak odolari gatzatzeko zailtasunak eragiten dizkiola.

Beraz, ez ote da hobea DHA duten arrautzak erostea baino, betiko arrautzak jatea eta tarteka algak eta sardinak ere kontsumitzea? Norberaren esku dago hautua.

Lore Agirrezabal

Barre egitea ona dela gauza jakina da, ikusi besterik ez dago barreterapiak zenbat hedatu diren azken urteetan. Baina antzina ere bazekiten hori; historiak berak erakusten digu beti egon direla barre-eragileak edo umoregileak.

Duela lau mila urte Txinako enperadorearen bufoiek, edo orain dela bi mila urteko Greziako komedianteek eta Erdi Aroko bufoiek barre eragitea zuten lanbide. Berpizkunde garaian ere bazen horrelako ofiziorik; XVI. mendean, esaterako, Italiako kaleetan eta plazetan pertsonaia bitxi batzuk agertu ziren. Besteak beste: Colombina, Polichinela, Arlekin, Pantalone eta Plagliaccio. Beranduago, XVIII. mendearen amaieran, pertsonaia horien antzezpenekin batera, akrobaten eta animalien saioz osatutako ikuskizunak hasi ziren; zirkua sortu zen.

Gaur egun, Plagliaccio bezalako pertsonaietatik eratorritako pailazoak dira gure herriko plazetan eta zirkuetan jendeari barrea eragiten diotenak; gure egunerokotasunaren alde irrigarri eta negargarriak agerian uzten dituztenak. Pailazo modernotzat jotzen dira horiek, eta aitzindaria Giuseppe Grimaldi izan zen, baina azken mendean asko dira ospetsu egin diren pailazoak: Tony Grice; Antonet, Auriol, Medrano eta Grock; John eta William Price, Charli Rivel... Euskal Herriko haurren artean, berriz, ezagunenak Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Takolo, Pirritx eta Porrotx dira, besteak beste.

Barregile handiak dira guztiak, baina nola lortzen dute hori? Pailazo ikastaroak egon badaude, baina horretara jotzeko aukerarik ez duenak, gaur egun, badu beste modurik; dagoeneko kalean baita Pailazoen eskuliburua, Jose Ignazio Ansorenak, Mirri pailazoak, idatzitakoa. Bertan, lanbide horren historia, pailazo taldeak antolatzeko aholkuak, praktikatzen hasteko zenbait esketx, eta abesti mordoa bildu ditu pailazo ospetsuak.

Eskarmentu handiko pailazoak dira Txirri, Mirri eta Txiribiton. Hogeita hamabi urte daramatzate pailazo lanean eta urte hauetan guztietan, 16 bat disko, bederatzi bideo, CD-Rom bat eta 12 bat liburu argitaratu dituzte. Hala eta guztiz ere, aholkuak ematea zaila dela esan digu Ansorenak, baina badira interesgarriak eta lagungarriak izan daitezkeen zenbait gauza eta horiek jasotzen saiatu da liburuan.

Ansorenaren hitzetan, pailazo izateko printzipalena espiritu askea izatea da; gauzen eta norberaren alde barregarrienak agerian uzteko lotsarik ez izatea. Horrez gain, pailazo talde bat osatzeko harreman afektibo bat ere behar beharrezkoa dela dio: "Gurea ez da antzerki hutsa, beste zerbait da. Gure taldearen oinarrietariko bat horixe izan da, bai fikzioan, bai errealitatean: adiskidetasuna".
Antolatzeko modua ere oso kontuan hartzekoa da: janzkera, musikaren erabilpena, makillajea, zapatak... Baita ikuskizuna bera ere: sarreratxo bat egin publikoa irabazteko, esketx bat antolatu, jokoak egin, publikoaren parte hartzea bilatu...

Nolako pailazogaia, halako menua

Hasteko, garrantzitsua da pertsonaiak ondo definitzea; bakoitzaren benetako izaerarekin ondo datozen ezaugarriak aukeratzea. Txirri, Mirri eta Txiribitonen kasuan, adibidez, pailazo bakoitzak pertsona orok duen alderdi bat agertzen du. Txirri, esaterako, pailazo azkarra eta zuzentasunaren aldekoa da, baina kanpolarrosa samarra ere bada. Mirri, berriz, txikia, bihurria, zirikatzailea, baldarra eta memelo samarra da, baina bihotzbera ere bai. Eta Txiribiton adiskide zintzoa eta leiala da, beti laguntzeko prest dagoena. Txirri clown edo jakintsuaren parekoa da. Mirri eta Txiribiton, aldiz, augustoak edo pailazo tontoak dira, eta hiruren artean nolabaiteko oreka lortzen dute.

Eskuliburuak dioenez, pailazoaren jantziek eta atrezzoek ere koherentzia behar dute beren izaerarekin. Zenbaitek kristalik gabeko betaurrekoak erabiltzen ditu, edo oihalik gabeko aterkiak, erloju erraldoiak eta gorbata oso txikiak... absurdoa eta muturreko joerak nahastu ohi dira, baina bien arteko oreka galdu gabe.
Makillajea ere pailazo askok erabiltzen dute, baina ez da derrigorrezkoa. Dena dela, erabiltzekotan, makillajeak norberaren espresibitatea indartu egin behar duela dio liburuak. Sudur gorria ere pailazoen ikur enblematikoa den arren, ez dute guztiek erabiltzen. Ezta ileordea ere, baina biek izaera berezia ematen diote pertsonajeari.

Izena aukeratzerakoan ere oso kontuan edukitzekoa da nolako publikoa erakarri nahi den: haurrentzat lan egin nahi bada, izen garbi eta erritmikoak aukeratzea komeni da. Helduentzat izango bada, berriz, izen zailagoak aukeratu daitezke, baina pikardiarik ez zaie falta behar. Deigarriak izatea da funtsezkoena.

Dena dela, mota askotako pailazoak daude, bai teknikari, bai taldeari dagokionez: badira pailazo mutuak, musikalak, orekariak, malabaristak, teatralak; bakarka, binaka edo talde handian ibiltzen direnak; badira gehienbat mimikaren bidez aritzen direnak; batez ere publiko helduarentzat lan egiten dutenak; edo haurrentzat egiten dutenak... Kontua da bakoitzak berari ondoen egokitzen zaion izaera osatzea. Ansorenaren iritziz, "denetarik dago, eta tartean badira pailazo txatxuak ere, uste dutenak sudur gorria jantzita nahikoa dela. Horiek niri tristura ematen didate. Pailazoari edozertan ikusten zaio pailazo dela: ibileran, begiradan... Baina, batez ere, munduaren ohiko norabidearen kontra joan behar du".

Ohiko ikuspegia iraultzea

Mundua ulertzeko hamaika modu daude, baina gutxi batzuk nagusitu ohi dira. Pailazoak, ordea, munduaren ikuskera nagusi horiei buelta eman behar diela, irauli eta beste modu batera erakutsi behar dituela esan digu Ansorenak: "Bestelako ikuspegia da pailazoarena: solemnitatea eta normala dena alde batera uzten duena. Irauli egin behar du. Normalean modu bakarrean eta modu ximelenean begiratzen dutenek aldarrikatzen dute berena dela ikuspegi errealista, benetakoa. Baina errealitateak aurpegi asko ditu. Ez dakit zergatik deitu behar zaion errealista begirada zeken eta zuhur horri. Niretzat ez da batere erreala. Pailazoena, berriz, nahiko erreala da eta komenigarria; barre egitea oso osasuntsua baita".

Barrea eragitea, ordea, ez da erraza. Baina Ansorenak dio begirada kontua dela. Pailazoak munduari begiratu eta alde barregarrienak agerian utzi behar ditu. "Bizitzak alderdi absurdo mordoa du, baina batzuk hori estaltzen edo disimulatzen saiatzen dira. Pailazoak, berriz, atera egiten ditu, eta egoeren zentzugabekeria kritikatu eta barre egiten du". Kontua da barrea, umorea ez bezala, gorputzaren erantzun fisiologiko bat dela eta zenbaitek zabartzat jotzen duela. Umoreak ospe hobea du, ondo ikusita dago intelektualen artean ere. Ansorenaren aburuz, umore ozpindua eta besteren kalterako dena ere badago, eta umorea ona izan litekeen bezala, barrea ere oso ona da: "Gu ez gara intelektualtasuna bakarrik; gorputza ere bagara. Gainera, barreak efektu fisiologiko oso onak ditu, odola eta barruko organo guztiak mugitzen ditu, eta benetan barre egitean sentitzen dugu umorea gorputz osoan. Hori baino gauza atseginagorik...".

Barrea hain osasuntsua izanik, barre eragiten jakitea garrantzitsua dela ikusi du Mirri pailazoak, eta, bere esperientzian oinarrituta, horretan trebatzen hasteko abiapuntua eskaini nahi du Pailazoen eskuliburuarekin. Gainera, ondorio batera iritsi da: pailazo izatea ona da norberaren bizitzarako, baina ingurukoentzat ere bai. Eta eskuliburua horretarako gonbite bat da; polita, interesgarria, eta osasuntsua den hori ikasten hasteko gonbitea. Liburua irakurrita bakarrik inor ez da pailazo bihurtuko, noski, baina esaten dena praktikan jarriko duenari bidea erraztuko diola uste du Ansorenak: "Liburua ez da antzerkia, edo espektakulua egin nahi dutenentzat bakarrik, baita bizitza ulertzeko beste modu bat bilatzen duenarentzat ere".

Hasier Etxeberria / David De Jorge


8 edo 10 puskatan zatituko dugu untxia, ahalik eta koipe gehiena erretiratuz. Gatza pixka bat emango dugu ondoren. Kazola zabal batean gorrituko ditugu puskak, alde guztietatik. Azenarioa, porrua, baratxuriak eta tipula erantsi, gai horiek guztiak biraka erabili eta ardo beltzaz, uraz eta salda pastillaz bustiko ditugu ondoren. Kazola estali eta 45 bat minutuan edukiko dugu egosten guztia. Epeltzen utziko dugu ondoren. Horrela maneaturiko haragia eskutan erabil dezakegun unean, hezurgabetu egingo ditugu puskak, betegarria egin ahal izateko. Iragazi eta koipea kenduko diogu saldari; sutan jarriko dugu ondoren, salda lodi bat lortu arte.
Beste kazola batean, olio pixar bat jarri eta tipulin pikatuak maneatuko ditugu, gatz pixka batez. Su eztian utziko ditugu izerditzen, xamur eta gorri gelditu arte. 45 bat minutu igaroko dira. Barrengorriak erantsi eta tipulinarekin batera salteatuko ditugu, 20 bat minutuan, gorritu arte. Gatz pixka bat eman eta untxi haragia sartuko dugu ondoren, papurtua. Arestian urritu eta loditu dugun salda erantsiko dugu ondoren, eta egosten edukiko dugu guztia, zukua murriztu eta betegarria ongi goxa dadin. Gatz-puntua neurtu, zuzendu eta perrexila erantsiko dugu ondoren. Oso zaporetsu geratu behar du.
Labe-erretiluaren hondoan zabalduko dugu haragi egosi hezurgabea, eta tomate saltsaz estaliko dugu ondoren. Haren gainean zabalduko dugu patata purea, patata egosi, zuritu eta puregailuan pasa ondoren egina izango duguna. Eltze batean sartuko dugu patata-mami hori eta biraka eragiteari utzi gabe erantsiko dugu gurin hotza, xorta bat esnegain eta gatza. Trinko geratu behar du.
Purea ongi hedatu eta gero, zuzenean jarriko dugu labean gainerretzen, edo gazta birrindua gainetik hautseztatu ondoan sartuko dugu labean. Entsalada berde batekin zerbitzatu eta mendialditxo bat egin ondoren, sabel barruak egoki arintzeko.


Osagaiak:

Untxi eder bat edo bi ertain
Azenario bat, xerratan
Porru bat, xerratan
Baratxuri-buru bat
Tipula bat, zatituta
Litro erdi ardo beltz
Ura
Pastilla bat haragi-salda
5 tipulin eder, pikatuak
Eskukada bat barrengorri, pikatuak
Perrexil xehatua
Oliba olioa
Litro laurdena tomate saltsa mamitsu
Kg bat patata pure
Gatza

Ainara Gurrutxaga

Pailazo bihurtutako musikaria da T(arte)an ekoizpen etxeak taularatu berri duen Sonata segundu batean... eta piku antzezlanaren protagonista. Patxo Telleriak idatzitako istorioa nahia eta ezinaren arteko borrokaz mintzo da.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan