Jon Alonso
Behin baino gehiagotan hasten gara hizketan, kezkatu antzean, literaturaren etorkizunaz, gaur egun duen zentzuaz, eta hori guztiaz. Behin baino gehiagotan aipatzen dugu, hori dela-eta, telebistaren eragina, eskolaren eginbeharra, komunikabideen lana, argitaratzaileen ardura. Eta bai, horretaz hitz egitea oso ongi dago, hitz egin ez ezik ekin egin behar da, gainera, eta ekitea ere oso ongi dago. Baina nago alde horretatik egiten diren azterketa guztiak herren geratzen direla. Beste zerbait gehiago ere badago, gure azterketa horiek atzematen ahal ez duten beste zerbait. Euskaraz, noski, baina baita erdera guztietan ere, berdin. Minbizi batek jota dago literatura, eta guk, petrikilo gizajook, aspirinaz, kataplasmaz, limoi-uraz eta sendabelarrez sendatu nahi dugu. Ahalegin heroikoa eta xamurtasun-eragingarria, eta horregatik beragatik negargarria.
Lehengoan literaturzale amorratu batekin mintzatu nintzen, eta di-da batean aletu zizkidan literaturaren egia guztiak, handiak eta txikiak: pertsonaren hondo ilunean arakatzearena, bizitzaren lekukotasuna ematearena, geure imajinarioa eraikitzearena, denak. Eta esperantzarena. Alegia, liburu batek aldatzen ahal dizula bizitza, etorkizun hobe eta justuago baten esperantza pizten ahal badu zure baitan. Alegia, liburu hori idatzi duen idazleak norabaiterako bideak erakusten, eta erakusten ez bada gutxienez iradokitzen ahal badizkizu.
Bat-batean etorri zitzaidan burura horrexegatik irakurri izan dela, agian, joan diren hirurogei urtetan irakurri diren liburuen parte handi-handi bat, eta ez hainbeste usu esaten ditugun beste gainerako arrazoiengatik: denbora pasatzea, edertasunaz gozatzea, jakintza handiagotzea, artistaren doai teknikoekin liluratzea, hizkuntza aberastea. Edo, nahiago bada, esperantzaren beharra izan dela osagai nagusia irakurle gehienetan, beste gainerakoak ere neurri txikiagoan aintzat hartu baditu ere. Literatura bizitzatik kanpoko jolas intelektuala baizik ez bada, pasiorik ez daukan eta gure erraiekin loturarik ez duen denborapasa baizik ez bada, backgamon delakoak baino etorkizun beltzagoa du.
Baina ez dago baikortasunerako arrazoi handirik. Idazleek, nahita ere, ez dute biderik erakusten ahal, berentzat ere ez dutelako ikusten. Hortik zehar dabiltza, noraezean, eta asko eta asko ibilbide ez oso loriatsuaren marka garbiarekin: gazte iraultzaileak izan ziren, literato konprometituak eta abanguardistak ere bai; gero unibertsitatean sartu ziren, ttattarra erosi zuten, edo erosiarazi zieten, eta orain stablishment aspertu eta ziniko baten parte dira, lezio akademiko bizirik gabekoak eta inbidia txikiz josirikoak emateko gauza baino ez. Eta gero gazteria narkotizatu eta beste ikuspegirik ezagutu ez duen bati leporatzen dizkiote bere saldukeriaren ondorio arbuiagarriak, bere mediokritatearen eta kemen faltaren zama guztia. Literaturaren enbalsamatzaileak dira.
Honetan guztian, hala ere, larriena da kuriketan-edo atzematen hastea horrek zer dakarren. Esperantzarik gabe ez dago literaturarik, igoal. Baina esperantzarik gabe ez dago gizateriarik. Literatura esperantzarekin batera hiltzen ari da, eta horren hutsunea klonek, makinek, arratoiek, mutanteek, humanoaz haraindiko imajinatzen ez ditudan gauzaki/gizaki batzuek beteko dute.
Ricardo Ortega
Inkestek PPri gehiengoa ematen diote. Lau urte hauetan PPk boterearen baliabide guztiak gutxiengo baten zerbitzura jarri ditu: Estatuko erakunde, tresna eta mekanismo guztiak erabili ditu politika autoritario, zentralista, erreakzionario, neoliberal eta inperialista baten alde. Berriki ikusi dugu nola erabili dituen komunikabideak eta CNIren txostenak Carod-Rovira kriminalizatzeko (eta Kataluniako Gobernua eta PSOE ez-egonkortzeko).
Hau guztia nola gertatu ahal izan den argitzen dituzten arrazoi batzuk honakoak dira: aldeko koiuntura ekonomikoa. Enpresarien interesen neurrira egindako politikak, PSOEk hasitakoaren jarraipena izanik, eragozpen gutxi aurkitu du sindikatuetako zuzendaritzetan. Egia da PPren nagusikeria, larderia, gogorkeria eta gezurren kontra mobilizazio garrantzitsu batzuk izan direla (oraindik ere gogoan ditugu: 20-J, LOU eta irakaskuntzaren kalitatearen legea, PHN, Prestige, Irakeko gerra). Baina ez dira nahikoa izan eta horrekin zerikusi handia izan du PSOE benetako oposizioa egin beharrean, beti ere Gobernuarekiko itunak bilatzen aritu izanak (Justiziarena, «Terrorismoaren aurkako eta libertateen aldekoa»...).
Horren guztiaren ondorioz ezkerreko jendeak hauteskunde hauen aurrean ez du ilusio eta itxaropen gehiegirik, ez baitirudi PSOE benetako aldaketa politiko eta soziala egiteko prest dagoenik, ez baitzaio antzematen PPren eredu politikotik aldentzeko asmorik. PSOE PPren itzalean egon izanak ekarri baitu ikusi eta jasan dugun aurrekaririk gabeko inboluzioa: Alderdien Legea, Batasunaren ilegalizazioa, Egunkariaren itxiera, Eusko Legebiltzarreko mahaikideen prozesamendua.
Era berean Ibarretxeren Planari buruzko elkarrizketa proposamenari emandako ezetz borobilak eta PPren kanpaina konstituzionalista nazional espainolista guztiekiko konplizitateak Estatu Espainola herri-kartzela deneko sentimendua birpiztu dute. Esan daiteke PSOE ez dagoela bipartidismora jokatzeko gehiengo nahiko bat lortzeko baldintzetan. Honek esan nahi du PSOEk gobernatu nahi baldin badu, EB-IUren eta segur aski nazionalitateetako beste indar ezkertiarren laguntza beharko duela. Eta laguntza hori lortu ahal izateko ezkerretara biratu eta Konstituzioa, Estatuari eta gizarte gaiei buruzko politikak aldatu beharko dituela.
Laburbildurik, PP Moncloatik kendu ahal izateko beharrezkoa izango da hauteskunde ondoko itun bat: libertate demokratikoak eta gizarte eskubideak berreskuratzeko, Estatuaren nazio-aniztasunaren onarpenetik estatu-ereduaren eztabaida demokratikoari ekiteko, Konstituzioa erreformatzeko gero, baita politika ekonomiko-sozial aurrerakoi bat egiteko ere. Horrelako itun bat lortzeko ûeta PSOEri onartu eta beteko dueneko konpromisoa hartaraztekoû ezkerreko indar guztiak eta abertzale demokratiko eta aurrerakoi guztiak beharko dira. Zeregin horretan erabakigarria izango da EB-IUk lor dezakeen pisua.
Bukatzeko, komenigarria ikusten dut euskal esparrura mugatutako gogoeta bat egitea. Azkeneko momentura arte Nafarroa Bai koalizioa osatu duten alderdiak Bergarako Ekimenarekin bueltaka ibili dira. Azkenean frogatu da proposamenaren funtsik eza eta horrelako planteamendu bati ekin baino lehenago beste gai politiko batzuek argitu eta konpondu beharra dagoela: ETAren indarkeriaren jarraipena, Batasunaren ilegalizazioaà Ulergarria da ezker abertzale ilegalizatuak nonbait aterpea bilatu nahi izatea, baina konponbidea ezin da izan ETAren babesa edo oniritzia duen nahaste-borraste bat sortzea. Ezker abertzaleak, behin betiko, bere bide politiko propioa, eta soilik politikoa, aukeratu behar du, bere egoeraren erruak gainontzekoei bota beharrean.
Jasone Osoro
Telebista gezurren fabrika da. Botereak telebista erabiltzen du jendeak ez dezan pentsa", Lolo Rico. "Telebista nahi duenak ikusten du, eta nahi duen bezala gainera. Alienatuta zegoenak alienatuta egoten jarraituko du. Eta alderantziz, kritikoa denak pentsatzen jarraituko du nahiz eta telebista saiorik okerrena ikusi", Estepan Aldamiz. Lolo Ricok zuzendu zuen TVE1eko La bola de cristal saio arrakastatsua. Aldamiz, berriz, makina bat saio diferentetan ikusi izan dugu ETBn. Azken boladan Firin faran eztabaida-saioko gidaria da, besteak beste. Biek ezagutzen dute errotik telebista eta biek dituzte argumentuak 75 urte beteko dituen komunikabide honen inguruan euren iritzia plazaratzeko. Eta oso iritzi diferentea dute. Kontrakoa batak, aldekoa bestea. Egun egiten den telebista zaborra dela dio Ricok. Erabilpena aldarrikatzen du Estepanek. Eta biek dute arrazoi. Telebista hori guztia baita, gainontzeko komunikabideak bezala. Edozein modutan, Kazetaritza Fakultatean behin eta berriz errepikatzen dute telebistak hiru helburu bete behar dituela: hezi, informatu eta entretenitu. Eta hiru ardatz horiek zutabetzat hartuta sortu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak proiektu berri bat, Asteon.
Asteon telebistari buruzko aldizkari tematikoa da. Euskara hutsean idatzia, koloretako 48 orrialde kaleratuko ditu ostiralero telebistaren ingurukoak landuz: albisteak, elkarrizketak, erreportajeak, iritzi artikuluak... Proiektu interesgarri eta aberatsa da inondik ere. Zergatik? Alde batetik Euskal Herrian euskaraz argitaratzen diren aldizkarien artean tirada handiena izango duelako. Hasiera batean 75.000 ale zabalduko dira eta, batez beste, 300.000 irakurleren eskuetara iritsiko da. Ezaugarri honi gehitu behar zaio Asteon debalde banatuko dela. Tokian tokiko astekariekin batera iritsiko da euskal herritarren postontzietara eta, zenbait eskualdetan, eskura banatuko da gune estrategikoetan.
Asteonek, halere, lau ardatz nagusi izango ditu. Informatiboa izango da, entretenigarria, erabilgarria eta kritikoa.
Informatiboa. Komunikabide batek ohi duenez, Asteonek ere informazio zabala eskainiko du. Albiste laburrak, telesailen eta bestelako saioen estreinaldiak, erreportajeak, garai zaharretako saioen errepasoa, publizitatea... Horiek guztiak eta beste asko izango dira irakurgai.
Entretenigarria. Informazio hutsa eta hotza eman barik, Asteonek duen helburuetako bat arina eta entretenigarria izatea da. Aurpegi ezagunei elkarrizketa egingo diegu, galdeketa laburrik ere izango da irakurtzeko eta gainontzeko notizien artean ere, galbahea egiten ahaleginduko gara beste inon irakurri gabeko albisteen aldeko hautua eginda.
Erabilgarria. Komunikabidea izateaz bat, gida ere izango da Asteon. Izan ere, Euskal Herrian ikusienak diren 12 kateen programazioaren aurrerapena egingo dugu. Zer, non eta noiz emitituko den zehaztuko dugu. Hartara, irakurleak eskura izango du aste osoan aldizkaria eta momentu bakoitzean telebista kateek zer emitituko duten jakiteko aukera izango du.
Kritikoa. Arestian aipatu dugu telebistaren edukien inguruan zeresan handia dagoela azkenaldian. Emititzen dena zaborra dela dio askok. Espektakularizazioa gailendu dela beste guztiaren gainetik eta "dena baleko" dela audientzia lortzeko bidean. Horri eutsita, Asteonek ere kritikoa izan nahi du. Horregatik kolaboratzaile sare askotarikoa osatu du. Bakoitzak bere iritzia plazaratuko du astero-astero. Hordagoa botako dio telebistari eta irakurleengan hausnarketa bultzatuko du.
Jauzi kualitatibo handia izango da Asteon euskal komunikabideen merkatuan. Horrenbeste irakurleren eskuetara iritsiko den aldizkaria izanik, albiste kontrastatuak eta modu errazean idatziak eskaintzeko erantzukizuna dauka. Eta bide horri eutsiko dio.
Berria, ARGIA, Entzun, The Balde, Gaztetxulo... Bakoitzak urrats aberatsa egin du euskararen normalizazioan. Asteonek beste pauso bat emango du. Eta aurrera begira, kioskora joan eta dekorazioari edo modari buruzko euskal aldizkariak topatuko bagenitu, euskara bizirik dagoen seinalerik argiena izango litzateke. Beraz, euskarak telebista behar du. Telebista ere behar du.
Iban Zaldua
Gin-tonic-ari azkeneko hurrupa ematen ari nintzaiola, ondoan esertzen sentitu nuen; Campari bat eskatu zuen. Edalontzia barra gainean utzi eta altxatzeko keinua egin nuen, berandu baina: idazle gaztea hitz egiten hasia zitzaidan jada. Keinu batez, beste gin-tonic bat eskatu nion tabernariari. Bigarren tragoarekin hasi zitzaizkidan haren hitzak aditzeko moduan heltzen.
«Bai, zuk pentsatzen duzu idazle gaztearen bizitza arrosa-kolorekoa dela, baina ez da inondik ere hala. Gure bidea zaila da, zinez, eta malkartsua. Hasieran, Urruzuno saria lortzean eta, dena da polita: oroitzapen literarioz jositako Europako hiri dekadenteak, Jaurlaritzako arduradunen despiste-uneetan kontsumitutako drogak, beste irabazleekin batera ûeta idazle zaharren aurkaû zirriborratutako manifestu alegerak... Ondoren datoz komeriak. Ipuin-lehiaketa pare bat irabazterako badauzkazu atzetik argitaldariak: badakizu, interesatuta daudela eta ea zer edo zer gehiago daukazun galdezka. Eta zuk baietz, jakina, pozik, baina «zer edo zer» hori eramatean, poemak eta ipuinak noski, ondo daudela esaten dizute, baina gerorako utzi beharko direla, publikoari interesatzen zaiona nobela dela, eta badagoela ipuinen artean bat zeinetatik tiraka, akaso... eta argumentuaren garapenaren ildo nagusiak eskainiko dizkizu editoreak berak, egitekotan, komertziala eta, batik bat, ulergarria izan behar duelako nobelak: euskal irakurlegoa ez dago mardulio gehiago irensteko prest, antza.
Eta ondoren fraide kartusiar bat bezala entzerratuko zara, argitaletxeak eskainitako euskal best-seller behinenen dieta estriktu batez hornituta, nobela burutzera. Eta baita burutuko ere, noski, sasoian zaudelako, eta onartuko dituzu argitaletxearen zuzenketa guztiak ûnire kasuan, 752: kontatu nituenû, eta harro ikusiko dituzu zure izen-abizenak liburuaren azal distiratsuan, eta iruzkinak: guztiak laudoriozkoak, nola ez, eta bat edo beste argitaletxeak berak enkargatuta, gainera.
Hortxe hasten da idazle gaztearen benetako kalbarioa. Konturatzerako, bi edo hiru mediotatik dei egingo dizute zutabeak idazteko eskatuz, eta guztiei erantzungo baiezkoarekin, noski; baita irrati tertulia batean parte hartzeko proposamenari ere. Eta gero gidoien kontua dago: ea zergatik ez duzun telebista-saio nahikoa komertzial eta, batik bat, oso garaikide baterako gidoiak idazten; zuk eman diezaiokezula ikuspuntu berezi hori, gaztea eta zorrotza zarenez gero, eta esperantza horrekin onartuko duzu eskaintza. Baina ez dago zer eginik: 22. atalerako konturatuko zaren bezala, muga benetan estuen baitan garatu behar dute zure gidoi iraultzaileek, berrogeitaka urte ûedo gehiagoû dituzten hipergidoilari batzuek markatutako ildoetatik alegia... eta, gainera, pertsonaiek beti egon behar dute Kaiku kartoi bat erakusten, edo etiketa ondo agerian duen Keler botilatxoa eskuan, edo Ternua polarrak janzten... eta horiek, lagun, ez dira zure pertsonaiak, ezta antzik ere.
Uf! Gainera; idazle gazteak izaki garbia eta perfektua izan behar du beti, edonon. Zer uste duzu, nire itxura chic-kanalla hau erraza dela lortzen? Arropa-dendako kontua erakutsiko banizu... Konpostura, hori da gakoa: ezin duzu inori buruz gaizki esaka ibili. Eta kazetariak beti galdetuko dizu ea nola ikusten duzun euskal literatura egun, eta azkenean orokorkeriak baizik ez erantzutera ohitu egiten zara, izen berezi bat bera ere aipatu gabe: txarrerako, inola ere ez, nahiz eta zuk egundoko gogoak izan X jipoitzeko, idazten duena zabor hutsa denez gero; eta, azkenean, ezta onerako ere, aipatzen ez dituzunak moskea ez daitezen, badakizu.
Bien bitartean, jakina, utzi behar izan dituzu unibertsitate-ikasketak, ezertarako denborarik ez duzu eta. Zutabeetarako gaiak agortu zaizkizu jadanik, eta han-hemenka harrapatzen zabiltza, ezagunei galdetuz, edo telebistako aitorpen-programa horiek irentsiz, bat bera galdu gabe, beti istorioen bila; programa horiek, bidenabar, izugarri gai egokiak dira haien kontrako zutaberen bat edo beste idazteko. Eta are gehiago. Pentsa: ni berez nahikoa antipatikoa naizen arren, aspaldi honetan herriko atso-agureekin hitz egiten hasia naiz, kontu zaharretan inolako interesik izango banu bezala, eta taxietan aurreko eserlekuan jartzen, taxistari istorioren bat atera ahal izateko; sekulakoak dakizkite taxistek, nahikoa fatxak badira ere. Eta, hala ere, errepikatzen hasia naiz: zaila da hilabetean hamabi zutabe taxutzea, eta kolokatu izan dut zutabe berdina bi mediotan... ez aste berean, noski, denbora-tarte bat utziz baizik: ez da inor ere konturatu, eta aste honetan berriro egin beharko dut, duela hilabete baino gutxiago argitaratu nuen beste batekin... Ez dago beste erremediorik, arriskutsua bada ere. Kikilduta nabil, harrapatuko ote nauten, baina tentsioa ondo datorkit idazten ari naizen suspentsezko nobelarako; arazoa da oso tarteka heldu ahal diodala idazketari, baina argitaldaria atzetik daukat, datorren Durangorako amaitu egin behar dudala eta...».
Nahikoa zen. Jaiki, agur bizkor bat zirriborratu, eta beste hitzik gabe alde egin nuen handik. Luze jo arren, merezi izan zuen: ARGIAko nire artikulurako gairik gabe nenbilen, eta etsita nengoen Crónicas Marcianas ikustera edo Ebroko frontean izandako nire bizilagun gogaikarriarekin pote batzuk hartzera. Baina ez nuen halakorik egin beharko: hortxe nuen artikulua, hitzez-hitz. Ia diosalik egin gabe joan nintzen, bai, baina kontsumizioak ordainduta utzi nituen, eta beste Campari bat eskatu nuen idazle gaztearentzat: ez nintzen zikoitz portatuko, ez horixe.