Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-02-29 -- 1933.zenb

Daniel Udalaitz


Atal honetan bildu ditugun burtsa indize garrantzitsuenez gain, badira beste zenbait indize: burtsa bakoitzak izaten dituen sektorekako indizeak (finantzarioa, industriala), eta Espainiako Estatuan, esate baterako, estatuko burtsa bakoitzaren indizea (Bilbokoarena, Madrilgoarena, Bartzelonakoarena eta Valentziakoarena), nahiz eta orain etengabeko merkatuak koordinatzen dituen azken horiek guztiak. Merkatuak etengabe globalizatzen ari direnez eta adierazle guztiek ezaugarri desberdinak dituztenez, nazio edo estatu mailako burtsen indizeak alde batera utzi eta nazioz gaindiko hainbat indize sortu dira. Nazioz gaindiko indize horien helburua da nazioarteko burtsen bilakaera indize bakarrean biltzea, merkatuen arteko konparazio fidagarriagoak egin ahal izateko. Nazioz gaindiko indize horien artean nabarmen ditzakegu Morgan Stanley Capital International (MSCI) edo Financial Times-Actuaries World Indices. Alabaina, guregandik hurbilago dagoena eta berriago nahiz garrantzitsuagoa zaiguna dugu EUROSTOXX 50 izeneko indize europarra. Indize horrek biltzen du burtsan kotizatzen duten Europako 50 enpresa garrantzitsuenen ûmultinazionalak dira gehienakû eguneroko kotizazioa. Badira inbertsio funts euskaldun eta espainiarrak enpresa europarrez osatutako talde horrekin batera ere inbertitzen dutenak.


UPN jaio zenetik 25 urte iragan direnean, alderdiko zenbait kidek ez du nahiko eraiki duten harresi mediatiko zorrotzarekin eta jarraitzen du eskuineko komunikazio esparrua sendotzen. El Mundo egunkaria Nafarroako bere edizioa sendotzera doa eta horretarako kazetari zenbaitekin biltzen ari da proiektuarekiko izan dezaketen atxikimendua ezagutzeko. Bultzagileen artean Jaime Ignacio del Burgo UPNko diputatua dago. Del Burgok eta bere semeak duela bizpairu urte jadanik desagertua dagoen hilabetekari baten sorreran parte hartu zuten.

Manu Azkarate euskal preso tolosarra Alcala Meco espetxean dago, bere senitartekoek jakinarazi dutenez bertako enfermerian, «bakarrik eta hotzak jota». Azkarate urtarrilaren 14an atxilotu zuten eta bere gaitz larria medio baldintzapeko askatasunean zegoen 1992tik. Neumoniak jota egonda Donostiako Ospitalean eta gizarteko sektore zabalek eskatu dute bere askatasuna. Itziar Arratibel bere neskalagunak adierazitakoaren arabera, Madrilera anbulantzian eraman zuten, etzanda eta eskuburdinez ohatilera lotua.


ELA eta LAB sindikatuek 10 urte elkarlanean

Hamar urte pasatu dira ELAk eta LABek lan harremanen euskal esparruaren aldeko jardunari ekin ziotenetik eta ibilbidea ospatu berri dute bi sindikatu abertzaleek. Gora behera ugari izan ditu ibilbide horrek, baina oro har, euskal gizarteko ikuspegi abertzalearen ilusio akuilu gisa ikusi da elkarlan hori. Ez da zalantzarik, halaber, abertzaletasunari ikuspegi sozial handiagoa emateaz gain, burujabetzaren bultzada eta bake eszenatoki baten eraikuntza gogor bilatu dutela. Gazi-gezak ugariak izan dira, baina bi sindikatuek berriz indarrez ekin diote elkarlanari, eta hori esperantzagarria da, akordio eza, irain politikoa eta bazterketa eguneroko kontua direnean, are gehiago bizi duguna bezalako hauteskunde kanpainetan.


Itxieraren urteurrenean, beste hiru lagun inputatuak «Egunkaria auzian»

Egunkariaren itxieraren urteurrenean jakin zen Juan del Olmo epaileak beste hiru lagun deitu dituela deklaratzera, hirurak itxitako egunkariaren banaketa sareko langileak: Agus Barandiaren, Txumai Iturria eta Alberto Ortigosa. Oraindik sumarioaren zenbait pasarte sekretupean dira eta ez da baztertzen inputazio gehiago ere izatea. Dagoeneko, hiru langile ohi hauek auziperatuz gero, 22 pertsona lirateke auzi honetan daudenak. Oraingoz guztiak bermepeko askatasunean dira, Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkaria ezik. Xabier Alegriak ere espetxean jarraitzen du, baina Udalbiltzarekin lotutako auziagatik.


Nazio Eztabaidagunearen proposamena martxoaren 27rako gauzatuko da

Martxoaren 27an bilduko da Donostiako EHUko Ibaetako campusean Nazio Eztabaidagunearen Osoko Bilkura eta, orain arte egindako lanak oinarri, bertan bi proposamen erabakiko dituzte, bata gatazkaren konponbiderako eta bestea nazio eraikuntzarako. Bi proposamenetan, euskal gizarteko eragile desberdinak bilduko dituzten organuak eratu nahi dira. Batasuna da Nazio Eztabaidagunearen sorrera bultzatu zuen erakundea, baina gero ezker abertzaleko beste erakunde batzuetako kideak ere badira bertan, LAB, Zutik, AB eta EAkoak, besteak beste.


ETAren hitzezko agerpen indartsua

Ez da zalantzarik ETAk agerpen indartsua egin duela, oraingoan, zorionez, hitzezkoa eta ez armatua. Beharbada hori da garrantzitsuenetakoa, nahiz eta, ondoren, bere hitzezko jardunari nahi zaizkion adjektiboak jarri. Berria da ETAk Kataluniarako bakarrik egin duen su-eten eskaintza eta lehen balorazio oinarrizkoenean ona. Interesgarriena adieraz dezakeen norabidea da. Ulergaitza ere bada aldi berean, ikuspuntu askotatik gainera: ez da ulergarria «elkartasunetik» ERCri eta Kataluniako hiruko gobernuari halako gozoki pozoitsua esku artean uzteak zein mesede politiko ekar diezaiekeen, areago PPri halako propaganda tresna eskaintzen dionean. Oraingoz Pasqual Maragallek eta ERCk eutsi egin diote, baina ikusteko dago honek guztiak hauteskundeetan ERCri nola eragingo dion. Ez da ulergarria zergatik han bai, eta zergatik gainerako tokietan ez, baina ETAren jarduera bera ere ulergaitza da gizartearen gehiengoarentzat.


Elkarretaratze deia otsailaren 28rako

Euskarak justizian duen leku eskasa salatzeko, mobilizazio ugari egin ditu Euskal Herrian Euskaraz taldeak azkenaldian. Gernikan hamar aste iraun dituen gose greba burutuko dute larunbatean eta salaketa kanpainari amaiera emateko, bi manifestazio antolatu dituzte iganderako, hilak 28. Gernikan egingo da bata eta Udaletxetik abiatuko da arratsaldeko 18:00etan. Bergaran izango da bestea eta Martin Agirre plazatik hasiko da ordu berean.


XVI. mendeko altxorra

juan perez lazarragak XVI. mendean idatziriko eskuizkribu bat eskuratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ikerlariek diotenez, 51 orriko eskuizkribua XVI. mendearen bigarren herenean idatzia da, Arabako euskaran idatzia dago eta balio handikoa da, eta euskal literaturaren historiaren eta hizkuntzaren ikerketarako oso garrantzitsua izango da. Amodiozko bertsoak, artzain eleberrien tankerako prosa, idazki erlijiosoak... biltzen ditu orri batzuk falta dituen eskuizkribuak. 66.000 eurotan erosi du Gipuzkoako Diputazioak obra Madrilgo liburudenda batetik, baina benetazko balioa askoz handiagoa ei da.


Hizkuntz politika ez ahazteko eskaera

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak dei egin die indar politikoei eta gizarte eragileei beren proposamenetan hizkuntza politika aintzakotzat har dezaten. Kontseiluaren iritziz, nekez lortu daiteke normalizazio politikoa hizkuntzaren normalizazioa lortzen ez den bitartean. Erakundeak hiru ardatz dituen hizkuntza politikaren proposamena aurkeztu du: euskal herritar guztiek euskara erabiltzeko eskubidea dute; herri honetako berezko hizkuntza da euskara eta bere erabilera bermatu eta hizkuntza eskubideen urraketa gainditu behar da; euskararen estatusa berdina izan behar da Euskal Herri osoan eta Europan hizkuntza ofiziala izan behar da.


Laugarren Hitza Urola-Kostan

Aurretik Tolosaldean, Oarsoaldean eta Lea-Artibain eta Mutrikun gertatu bezala, Urola-Kostako Hitza kalean da, Bertoko Hedabideak, eskualdeko euskara elkarteek eta gizarte eragileek osatutako enpresaren eskutik.. Data esanguratsuan, otsailaren 20an ekin zion bideari Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa, Errezil, Azpeitia, Beizama eta Azkoitia herrien berri emango duen egunerokoak. Hamaika langile arituko dira lanean Zarautz eta Azpeitiko egoitzetan. Hasierako asteetan 30.000 ale banatuko dituzte doan eta ondoren harpidetza bidez banatuko dute.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan