Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1933. alea
2004-02-29
alde 0    kontra 0



Sugea lilipean

Asisko Urmeneta

Desclée De Brouwer

63 orrialde

5 euro



Asisko Urmenetaren ipuina


Aitor Txarterinaren marrazkiez horniturik plazaratu du Asisko Urmenetak Sugea lilipean, etxeko gaztetxoenentzat espreski burutu duen kontakizun liluragarria. Gizakiak hartzei kendutako kobazuloetan bizitzen ziren garaira darama irakurlea ipuin honek. Ehiztariak mamuten atzetik joateko prestaketa lanetan ikusten ditu Oxa mutikoak, eta berak ere haiekin joan nahi luke, baina ezetz esaten diote, ume gorria baino ez dela eta gainerako haurrekin gelditu behar duela. Oxak, ordea, besteen atzetik joan nahi duenez, harpetik ihes egingo du, ehiztarien bila. Makila daramanez eskuan, ez da umeak jaten dituzten besteen beldur. Baina egun osoa oinez eman eta gero, nekaturik eta gose da. Orduan, ezustean, beste haur batekin egingo du topo.



Koiunturaz

Ogasun eta Herri Administrazio Saila

Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia

148 orrialde

3 euro



EAEko ekonomia 2003. urteko lehen seihilekoan


2002ko laugarren hiruhilekoan EAEko ekonomiak hasitako susperraldi ekonomikoa iazko lehen seihilekoan egonkortu zela dirudi. Horrela dio bederen Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailak Koiunturaz buletinean, non eskaintzen dituen EAEko ekonomiaren testuingurua, ekoizpena eta eskaria -honako atal hauek kontuan harturik: ekoizteko jarduera, eskariaren osagaiak, lan merkatua, prezioak, kostuak eta soldatak; eta kanpo saldoa eta lehiakortasuna-, eta EAErako aurreikuspen makroekonomikoa, kanpoko ingurunearen bilakaeraren gaineko hipotesiak agertuz. Horiez gain, Europako Batasuna 25 kidetara zabaltzeak EAEko ekonomian duen eragina ere aztertzen da bertan.



Iparraldeko Bertsulari Gazteen X. Xapelgoa

Batzuen artean

Bertsularien lagunak elkartea

54 orrialde



Aiherra eta Itsasun botatakoak


Liburuxka honetan, 2003. urtean burututako Iparraldeko Gazteen X. Xapelgoaren finaleko saioak eta idatziz aurkeztutako bertsoetan sarituak izan zirenak bildu dituzte Bertsularien Lagunak elkartekoek. Gustura jasoko zituzten Baionan eta Hazparneko kanporaketan entzun ahal izan zirenak ere, baina tamalez ez dute izan denentzako lekurik, Iparraldeko bertsolaritza dinamizatzailea eta bertsoen transkripzioen egilea den Karlos Aizpuruak dioenez. Nolanahi ere, iazkoan hogeita lau haur aritu ziren bertsotan 14 urte bitarteko mailan, eta 14tik 18ra bitartekoan berriz, sei bertsolari aritu ziren. Gauzak horrela, oso pozik daude antolatzaileak lortutako emaitzarekin, Iparraldeko Xapelgoan gazte mailan inoiz izan den parte hartzaile konpururik handiena izan baita.



Behinola

Batzuen artean

Galtzagorri Elkartea

64 orrialde

6 euro



Behinolaren azken zenbakia

Galtzagorri elkarteak urtean bitan plazaratzen duen Behinola aldizkariaren azkenengo zenbakian, haur eta gazte literaturari buruzko gai desberdinak jasotzen dira, guztiak Luis Alonsok ilustratuak. Azken alean honako lanak aurki daitezke, besteak beste: Felipe Juaristiren Balaklava ipuina; Xabier Etxanizek Mariasun Landa idazlearen ibilbide literarioaz eginiko lana eta Mariasun Landa berak bere obraren gainean plazaratzen duen artikulua. Hizpide sailean, berriz, Kiko Ruiz Huiciren Didaktismoa, pedagogia eta eduki ideologikoen eragina 90eko hamarkadako haur literaturan eta Iñaki Martiarena Mattin-en Nik ez dakit marrazten. Agur gisa, Patxi Zubizarretak honako hitzatzea eskaintzen du, Bakarrik dira barregarri sekula amodio gutunik idatzi ez dutenak.



XXI. Salbatore Mitxelena literatur lehiaketa

Batzuen artean

Zarauzko Udala

192 orrialde

4,21 euro



Zarauzko gaztetxoen idazlanen bilduma


Zarauzko Udalak antolatzen duen Salbatore Mitxelena literatur lehiaketan 2002ko edizioan irabazle suertatu ziren haur eta gaztetxoen lanen bilduma da hauxe, Zarauzko ikastetxe guztien artean egindako marrazkiekin ilustratua. Seiehun eta laurogeita bat ipuin edo olerki aurkeztu ziren lehiaketara, eta jakina, sariek eta liburuek mugak dituztenez, ezinezkoa izan zaie antolatzaileei parte hartzaile guztien izen-abizenak eta lanak argitara ematea. Tamalez guk ere lehen saria jaso zutenen izenak baino ezingo ditugu aipatu, alegia Libe Eizagirre, Ruth Agirrezabalaga, Ane Aizpurua, Aitzol Eguskiza, Xabier Iruretagoiena, Manex Agirrezabalaga, Onintza Etxeberria, Argia Azkue eta Jokin Benavidesenak.



Ibaiak itsasoari...

Patxi Ezkiaga

Ibaizabal

116 orrialde

8,21 euro



Lurralde ezezagunetara garamatzaten hiru narrazio labur


Lurralde zeharo ezezagunetan kokatu ditu Patxi Ezkiagak Ibaizabal argitaletxearen eskutik plazaratu duen Ibaiak itsasoari... ipuin bilduman jasota dauden hiru istorioak: Lehena (Mahori) herriko plazan zazpi totem zeuzkaten eta misterioari emanak ziren Xandoriko biztanleen itsasertzeko lurralde baketsuan. Bigarrena (Mihail zikina) Tsar harro eta boteretsu batek bere menpe zuen lurraldean. Eta artzain azkar batek aiurri gaiztoko errege baten asmo txarretik ermitari ona salbatu zuen parajean, azkena.



Aritz.

Nayarit-eko altxorra

Gutierrez & Redondo

Jean François Sauré

48 orrialde/15,90 euro



Abentura ugari euskal komiki berrian


Bilduma bat osatzeko asmo sendoarekin jaio den euskal komiki baten hasiera dugu Aritz. Nayarit-eko altxorra, Pello Gutierrez gidoilariak sortu, Daniel Redondok marraztu, Iban Astandoak ordenadore bidez kolorea eman eta David Alvez maketatzaileak gidoian agertzen diren elkarrizketen hitzak jarri ondoren abian jarri den komiki saileko lehen alea. Mexikon gertatzen da abentura eta misteriozko istorio hau, eta beraz, Mexiko eta bertako huitxol tribuari buruzko dokumentazio ugari arakatu ondoren idatzi zuen Pedro Gutierrezek gaztetxoentzat ez ezik familia osoarentzat ere egokia izatea nahi lukeen kontakizunaren gidoia. Euskal pilotari gazte bat du heroi: Aritz. Mexikon egiten den pala-txapelketan parte hartzera gonbidatzen dute, eta harantz doa, bere bi lagun minekin: Eider arduratsua eta Joxe arduragabe eta parrandazalearekin. Beti eztabaidan ari dira bi horiek, eta komikiari umore puntua ematen diote. Bainu-jantzi dotorea erosi eta Cancuneko hondartzetara joan nahi luke Joxek. Benetako Mexiko ezagutzea da, berriz, Eiderren asmoa. Eta orduan huitxol tribuko haur batek laguntza eskatuko die.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1932
 
azala1931

1933 zenbakia.
2004ko otsailaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza