Mirua negu gorrian
Ainhoa Oiartzabal
Ez goaz gazta bila ordea, herri horietara, miru gorri bila baizik. Aldatz eta Etxarri-Larraun artean dagoen harizti zahar bat ederki ezagutzen dute miruek eta haien bila abiatuko gara hanka puntetan.
Betidanik jakin izan da, Nafarroan, miru gorriak lo lekuak erabiltzen dituela. Basoko zuhaitzak izan ohi dira gune horiek. Horietako bat Aldatz eta Etxarri-Larraunen artean dagoen harizti zahar bat da. Nafarroako lo lekuen artean garrantzi handikoa da, azken urteetan 150 bat miru erroldatu baitituzte. Gaurkoan, beraz, bi herri hauen artean antolatu dugu ibilbidea.
Bertara iristeko A-15 autobidea hartuko dugu eta Aldatz, Arruitz eta Mugiroko irteeran aterako gara. Aldatzerantz joko dugu, NA-4018 errepidean barrena. Kotxea Aldatzen utzi ûnahi izanez gero alderantziz egin daitekeû eta poliki-poliki Etxarri alderantz abiatuko gara errepidetik. Oso errepide lasaia da, apenas igarotzen da autorik eta luzera bi kilometrotakoa da. Aldaparik ere ez du, beraz oraingoan ez dago aitzakiarik osteratxo bat egiteko. Atera bezain pronto eskuinetara zelai bat dago, ez litzateke harritzekoa bertan miruren bat janari bila ibiltzea. Beraz, begiak zabaldu, belarriak erne eta ahoa ahalik eta itxien mantendu. Dena den, zerura begiratuz gero, uneoro ikus daitezke.
Bidegurutze batera helduko gara. Guk eskuinetara hartuko dugu, alboko herrirantz. Dagoeneko hariztia parez pare izango dugu. Prismatikoak eskura baditugu, erreparatu zuhaitz adarretara. Bertan pausatuak egon ohi dira miruak.
Ez inguratu hariztira, 50 ardiz osatutako artaldea, artzain eta guzti, aldamenean igaroz gero. Ez dira ikaratuko, baina nahikoa da erroldarako kolaboratzaile bat urrutiago egotea hegaztiak erabat aztoratzeko eta ondorioz, lo leku hori bertan behera uzteko. Hegazti horiekiko gomendatzen den distantzia minimoa 400 metrokoa da. Hegaztiak ikusteko askoz hobe da herriko punturen batean kokatzea. Miruak ohituta daude herrian jendea ikusten, baina ez hain ohituak zelai erdian pertsona bat topatzen.
Berehala, Etxarri-Larraunen izango gara. Aparteko gunea hariztia oso-osoan ikusteko. Miruak arratsaldeko 15:30etatik 18:30ak bitarte, poliki-poliki lo lekura inguratzen hasten dira. Lo lekura abiatu aurretik, guztiek batzeko ohitura dute, "aurre lo leku" batean. Taldekatzeko joera nabarmena dute, 80 ale ere ikusi izan dira batera. Normalean, planeatzen ikusiko ditugu, ez dituzte hegoak askorik mugitzen, baina, lo lekurantz doazenean, nabarmen astintzen dituzte hegoak, hegada bizkorrak eraginez. Egun lainotsu eta euritsuak oso aproposak dira miruak ikusteko, halako eguraldiarekin miru askok lo lekuan igarotzen baitu eguna. Komeni da beraiek gu ez ikustea: soilik behin erasoak sentituz gero, lo lekua mugi dezakete, bitan banatu edo alde egin.
Berriz ere Aldatzera itzultzeko, lursail partzelatuen erditik doan bidezidorra hartuko dugu. Ez du inongo galerarik, eta segi zuzen aurrera kilometro batean gutxi gorabehera. Hau ere aldaparik gabea, errepidea baino bide traketsagoa, baina erosoa. Nekerik sentitu gabe, berriz ere autoan izango gara konturatzerako.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.