XXI. mende hasiera honetan, zein motibok bultzatzen gaitu taldean biltzera? Industri iraultzarekin sortu eta indartu ziren masa mugimenduen helburu eta aldarrikapenek ba ote dute zer ikusirik gaur egungo masa mugimendu edo, hobe esanda, mugimendu masifikatuekin? Zein da norbanako indibiduala eta taldearen arteko harremana?
Elkar gaitezen guztiok, horixe da gizakion biltzeko sena eta talde bateko partaide izateko beharraren inguruan gogoeta egiteko, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak eta Vigoko Marco Museoak elkarlanean sortu duten erakusketaren izena. Proiektuaren arduradun nagusia Gasteizko Museoa izan da, eta bertako zuzendariak, Javier Gonzalez de Duranak, egin ditu komisario lanak. Apirilaren 4a arte zabalik egongo den erakusketak, batik bat argazkiak biltzen ditu, baina badira bideoak, instalazioak eta eskulturaren bat ere. 12 herrialdetako 19 artistek hartu dute parte bertan, giza taldeen gaia ikuspegi anitzetatik landuaz.
XX. mende hasierako masa mugimenduetan du abiapuntua erakusketak, izenburutik hasita. Elkar gaitezen guztiok, Internazionalari, langileriaren eskubideen alde borrokatzeko deia egiten zuen ereserki historikoari, egindako aipamena da. Aurkituko dugun lehenengo artelana ere momentu historiko horrekin estu loturik dago, Olivo Barbieri artista italiarrak Il quarto stato koadro ezagunari ateratako argazkia, hain zuzen. Koadro honek 1901eko greba eta protestaldiak islatzen ditu eta bere garaian, gizarte borroken ikur bilakatu zen; bertan, koadroaren zabalera osoa hartzen duen giza taldea kementsu doa aurrera, etorkizun hobe baten alde borrokatzeko prest. Barbierik ordea, koadroari ateratako argazkiaren ertzak lausotu egin ditu, denboraren joanean oroitzapenak eta gertakizunak lausotzen diren eran. Mende bat igarota, urrun ikusten ditu gizarte mugimendu horiek, nostalgia puntu batekin, agian.
Ezin esan, gaur egun, protesta edo aldarrikapen helburuekin elkartzeko arrazoiak falta zaizkigunik, baina hori baino gehiago da taldean biltzera bultzatzen gaituena. Erakusketan biltzen diren lanek, historia, soziologia, aisia, ekonomia... hartzen dituzte abiapuntutzat masifikazioaren aurrean norbanakoaren ezabaketaz hitz egiteko.
Iragana eta oraina
Beste lan batzuek kontrastea erabiltzen dute gertakizun historikoen gaineko hausnarketa bultzatzeko. Horren adibide dira Mickey Mouseren neoizko irudia eta burdinazko hizkiz idatzitako Auschwitzeko kontzentrazio esparruko sarreran zegoen esaldia ("Lanak libre egingo zaituzte") parekatuz Claude Levêquek aurkeztutako lana; edo Sylvie Blocherek sortutako bideoa, non Internazionala eta Edurne Zuriren ipotxek lanetik etxerakoan abesten zuten kanta elkarren jarraian abesten dituen abesbatza batek. Ideologia zapaltzaileak, gizarte borrokak eta Disneyren fantasiak, xalotasun itxuran, ezkutatzen duen pozoia, parez pare aurkeztu dizkigute. Garai historiko berean gertatuak, itxura batean elkarrengandik oso urrun zeuden gaiak iruditu arren, funtsean lotura sakonak dituztenak hirurak.
Egungoari dagokionez, aurkituko dugun gai zerrenda zabala da, zabalegia agian. Globalizazioaren ondorioz sortutako gizarte egitura, enpresa multinazionalen erabateko nagusitasuna, sekula baino askatasun handiagoa omen dugun garai hauetan norbanakoaren ñabarduren eta desberdintasunen ezabaketa, talde sena, uniformazioa, aisialdia gozatzeko moduak... dira, formatu eta ikuspegi ezberdinetatik landuta, topatuko ditugun gaiak, iraganari eta egungo egoerari errepasoa ematen lagunduko digutenak.
Erretratu kolektiboak
Azken aldian ospea lortu duen Spencer Tunickek ere antzeko helburuarekin elkartzen ditu ehunka edo milaka lagun, boluntarioak beti, munduko ezein hiritan, beraien gorputz biluzien bidez, hiriaren gaineko garaipen txiki bat aldarrikatzeko. Minutu gutxi batzuetan besterik ez bada ere, asfaltoa jaun eta jabe den inguruetan, gorputz indibidualen pilaketa medio, izugarrizko haragi masa arrosak sortzen ditu, hiriaren irudia erabat itxuraldatzen dutenak. Arte historian zehar hain erabilia izan den giza gorputz biluziaren irudiak, ohikoak dituen izaera erotiko edo estetikoak galdu egiten ditu hemen; gorputz biluzia izaera jakinik gabeko "haragi meta" bilakatzen da.
Masifikazioari kritika
Garai bateko gizarte mugimendu, langile borroka eta ideologia utopikoekiko nostalgia apur bat ere nabari liteke, egungoarekiko lotsa-edo. Erakusketak ikuspegi kritiko eta ironikotik begiratzen ditu globalizazioak eragindako itxurazko berdintasuna eta gizabanakoaren ezabaketa, eta nahiz eta itxura batean egungo gizarteak eskaintzen digun ikuspegia beltz xamarra izan, zirrikitu txiki bat utzi beharko diogu banakakoak elkartuz, taldean, mundua eraldatzeko itxaropenari.
![]() |
|
||||
1932 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa