Pilar Iparragirre
Sagardoaren graziya II
Ramon Artola
Auspoa
375 orrialde
17 euro
Ramon Artolaren bertso guztiak
1831n jaio zen Tolosan Ramon Artola. Gero Donostiara joan zen bizitzera eta bertan hil zen, 1906an. Sagardoaren graziya izenburua zuen bere bertsoen antologia batek eman zion hasiera Auspoa Liburutegiari, 1961ean. Gerora, ofizioz iturgina eta pintorea zen gizon honek bertsotan moldatutako ipuinek ikusi zuten argia argitaletxe berean. Eta orain Sagardoaren graziya II kaleratu du Antonio Zavalak, Ipuiak edo kontutxoak liburuan agertzen ziren bertsoak alde batera utzirik, bildu ahal izan dituen Ramon Artolaren bertso jarri guztiak jasotzen dituen liburua. Oraindik ere tabernetan-eta Ramon Artolaren zenbait bertso entzuten direnez, haiek kantatzeko erabili izan diren zenbait doinu ere agertu ditu Zavalak Sagardoaren graziya IIn.
Partehartzea enpresan
Oihana García Insausti
Lanki Ikertegia. Mondragon Unibertsitatea
253 orrialde
Begiratu historikoa, kritikoa eta lankidetzaren begiratua
Lantegia klase antagonismoaren espazioa izatetik kolaborazio espazioa izatera iritsi den edota iristear dagoen honetan, prozesu hori ehun bat urteren buruan nola gertatu den azalduz, Oihana García Insaustik plazaratu duen lan berri honen izenburu zehatza Partehartzea enpresan. Begiratu historikoa, begiratu kritikoa eta lankidetzaren begiratua da. Eta hain zuzen ere, horixe egiten du egileak bere azterketan zehar: aldaketa historiko sakon horren ezaugarriak agertzeaz gainera, egungo enpresa-kultura berria goratu beharreko jainkosa berri bat bezala ikusten dutenen ahotsak zein kritikoki aztertzen dutenenak bildu ditu, jarraian ikuspuntu kooperatibotik hurbiltzeko enpresan partehartzearen gaira.
Ipuin esperimentalak
José Serna Andrés
Gero
119 orrialde
11 euro
Hogeita bi ipuin hezitzaile
Hezkuntza munduan edo aisialdi taldeetan aritzen direnek kontatzeko ipuinak dira José Serna Andrésen Ipuin esperimentalak. Haurrek ere euren kasara irakur ditzakete hogeita bi kontakizun polit hauek, jakina, baina ipuin bakoitzaren bukaeran ikasgelan edo kanpalekuetan landu ahal daitezkeen zenbait ariketa gehitu dizkie egileak. Esate baterako, ipuinetako baten helburua gizakiok hurkoa onartzeko dugun ahalmenaz hausnarketa burutzea da, eta jarduera gisa paperezko hegazkinak egitea proposatzen da. Lino izenburua duen ipuinaren helburua, berriz, izen guztien zilegitasunaz ohartarazi eta ezizen mingarriak erabiltzeko joerak baztertzea da, eta jarduera gisa, katu aurpegia duten kartulinazko mozorroak egitea proposatzen zaie haurrei. Eta horrela beste guztietan.
Bat. Soziolinguisti-ka aldizkaria
Batzuen artean
SEI
200 orrialde
10 euro
Hezkuntza eta hizkuntza
Hizkuntza normalkuntza eta glotopolitika lantzen dituen Bat Soziolinguistika aldizkariaren azken zenbakian agertzen den dosierrean Hezkuntza mundua eta hizkuntza berreskurapena jorratu dute, honako gai hauek aztertuz: euskararen erabilera egitasmoak EAEko ikastetxeetan; euskal irakaskuntza Ipar Euskal Herrian; Nafarroako irakaskuntzaren egungo egoera; euskal curriculuma: hizkuntza arloa; Gizarte Zientziak ingelesez; gaitasun eleaniztunaren eta elebakarraren arteko aldeak; ikastola eta eskoletan euskararen erabilera; euskararen irakaskuntza eta jabekuntza-ikaskuntza estrategiak (2-4 urtekoek) D ereduan; eta euskara eta hezkuntza. Gainera, hizkuntzaren kalitatea hezkuntzan gaiari buruzko hainbat iritzi artikulu ere jaso dituzte.
Okili-kili
Juan Kruz Igerabide
Aizkorri
77 orrialde
5,75 euro
Txoriak ehizatzen zituen argazkilaria eta Okili-kili
Jokin Mitxelenak marraztu eta Juan Kruz Igerabidek idatzi duen ipuin honetan, bere argazki kameraz txoriak ehizatzea oso gustuko duen gizon baten eta Okili-kiliren arteko harremana kontatzen da. Hiru senideetatik azkena jaio zen okiltxo hori. Ahul samar, gainera. Gurasoek kezkatuta begiratzen zioten txita txikienari, lo baitzegoen beti. Iritsi zen bakarrik moldatu beharko zuen garaia, eta habian gelditu zen okiltxoa, basoan zehar janari bila hegan ibiltzeko ez zuelako indarrik. Noizbehinka jaiki eta habiatik kanpora irteten zen, bai, baina baita berehala nekatu eta bertara itzuli ere. Baraurik jarraitzen zuela eta geroz eta ahulago zegoela ikusirik, hari laguntzea erabaki zuen argazkilariak.
Senez
Batzuen artean
Eizie
144 orrialde/ 7,50 euro
Itzulpengintzaren gaineko itzulpenak eta beste
Senez itzulpen aldizkariaren azken zenbakian aurkituko dituzuen lanen artean, poema itzuliak, itzulpengintzaren gaineko itzulpenak, itzulpen pragmatikaren muin-muineko azterketak, informatika eta itzulpen kalitatearen arteko loturak eta interpretazioaren etorkizuneko norabideak daude. Bestalde, Xabier Olarrari egin diote elkarrizketa, eta Pello Zabaletak Jose Antonio Azpirozek 80ko hamarkadaren hasieran itzuli zuen Heinrich Böll-en Pailazo baten aburuaken kritika egiten du.
Ahots bilduma
Gonzalo Etxague
Alberdania
87 orrialde
11 euro
Eroetxean aurrera eramandako matxinada
Ahotsak entzuten ditu Gonzalo Etxagueren lehen nobela honen protagonistak. Etxe Zurian bizi da gizon hori, ahotsen aholku onei jarraituz bere ama hil zuenetik. Onuragarritzat jotzen duen ekintza hura eskertzeko-edo, Etxe Zurira joateko aukera eman zioten orduan, eta berak berehala onartu zuen, bestela bakar-bakarrik geratuko zelako baserrian, beste inoren konpainiarik gabe, eta Estepanek asko maite du besteen konpainia. Etxe Zurian lagun mordoa egin du, eta etxeak berak ere liluratu egin du, jostatzeko aproposak diren lekuz beterik baitago. Horrela bada, pozik biziko zen Estepan bertan, mediku jauna eta jende zuriaren setakeriarengatik izango ez balitz. Oso bizitza tristea iruditzen zaio Estepani hauena, ez baitituzte aurrean dauzkaten pertsonen ahotsak baino entzuten. Baina okerrena ez da hori, besteei ere ahots ikusezinak entzuteko eskubidea ukatu egin nahi dietela baizik. Eta ekintzara pasatzea erabakitzen du. Gonzalo Etxague Burgos izatez madrildarra da eta bertan jaio eta urte askotan bizi izan da. Madrilgo Euskal Etxean ikasi zuen euskara ere, hango euskara irakaslea izan delarik oraintsu arte. Gaur egun Hendaian bizi da.
Pilar Iparragirre
Zer diozu «Ahots bilduma» zure lehen nobela honetan?
Munduan dauden ikuspuntu ezberdinei buruz hitz egiten dut liburuan. Istorioa eroetxe batean gertatzen da, baina bitxia da, ze liburu osoan ez da eroetxe hitza agertzen, protagonistak beti Etxe Zuria deitzen diolako eroetxeari.
Nor dugu protagonista?
Ero bat, Estepan. Beno, eroa dela diot, medikuak eroturik dagoela esaten diolako, baina berak ez du onartzen eroturik dagoenik, ero hitza zentzurik gabeko hitza baita berarentzat. Poz-pozik bizi da Etxe Zurian, lagunez inguratua. Duen arazo bakarra hain zuzen ere medikua da, oso setatsua baita eta beti dabil Estepani bere burua sendatu behar duela esanez. Estepanek ez dio ulertzen, ordea. Berarentzat normaltasuna algarak egitea eta ero moduan ibiltzea baita, horrela da zoriontsu, eta ez du ulertzen zergatik esaten dion medikuak sendatu behar duela. Poliki-poliki, Estepan konturatzen da egoera hori ez dela bidezkoa. Berak Etxe Zuriko guztiak ûeroak, medikua zein zaindariakû maila berean jartzen ditu. Eta momentu batean konturatzen da zer edo zer egin behar duela.
Zein bide aukeratzen du bidegabekeria konpontzeko?
Matxinada egitea bururatzen zaio. Beno, egia esan, berak entzuten dituen ahotsei bururatzen zaie matxinadarena, eta nola ahotsek beti aholku onak ematen dizkioten, matxinada egitea erabakitzen du. Istorio osoa Estepanek kontatzen du, eta beti bere ikuspuntutik. Gizon hori bere munduan bizi da, eta mundu hori nolabait zuritu egiten du.
Josu Iztueta
Aurreko batean Durangoko Azoka izan genuen hizpide, abenduko euskal kulturaren zita nagusia baita. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, urte amaierako agendan, egun seinalatua izan zela ahaztu gabe. Urtarrilak, bere malda eta guzti, baditu urtero kultur egun atseginak. Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean eman ohi dira ezagutzera CAF-Elhuyar sariak eta ARGIA sariak. Urtarrilak 16, ostiral iluntzean lehenak eta handik astebetera, 23an, eguerdian, bigarrenak.
Zientziaren tren-makina
CAF-Elhuyar sariek hamar urte bete dituzte eta, euskarazko zientzia dibulgazioaren erreferentzia izateaz gain errealitatearen isla ere badira. Ekitaldi aretoan aspaldiko aurpegi ezagunak eta jende gaztea nahasian, irakasleak eta ikasleak elkarrekin, babesleak eta antolatzaileak eskutik. Pozik egoteko motiborik, noski, bazegoen eta batez ere saritu izan zirenak zeuden irrifartsuen. Argazkietan "beti ondo" ateratzea zaila da. Sarituak eszenatokira deitu eta Imanol Andonegiren eskultura eta Beasaingo CAF enpresak emandako "diru kopuru bat" jaso zuten.
Lehenengo saria, Oihana Izagirre eta Oihane Lakar biologoek jaso zuten, "Meandroetako mina" izeneko lanagatik, bigarren saria, Aitzol Ezeiza, Karmele Lopez de Ipiña eta bere anaia Montxo ingeniarientzat izan zen "Replikantearen jazz arima" proiektuagatik; hirugarren saria Aitziber Mendiguren, Koldo Callado eta Joseba Pinedak egindako artikuluak merezi izan zuen, farmakologo hauek aurkeztutako lanaren izenburua: "Kafeina, behar bihur daitekeen plazera". Aurtengo edizioko hiru sari hauek gazteen eskutara iritsi ziren, baina bereziki 25 urtetik beherako sari bat ere izaten da, berau Gorka Azkunek jaso zuen, 21 urteko informatika ikasle azpeitiarrak "Izarren energiaren bila" lanagatik. Gorka beste lau aldiz aurkeztutakoa da eta horietatik hirutan saria lortutakoa. Azkenik bi urtetik behin liburua idazteko beka baten deialdia egiten da, aurtengoan Kepa Altonaga EHUko Zientzia Fakultatean Zoologia irakaslea denak lortu du, "Etxepare, Aldudeko medikua" izenburua daraman asmoagatik, biografia modukoa izango da eta urtebeteko epearen barruan idatzi beharko du. Kepak, aurretik beste bitan lortu du sari hori.
Hain osasuntsu al dago ordea zientzia dibulgazioa Euskal Herrian?
Instituzioek eta administrazioak ez dirudi behar adina egiten dutenik ikerketa eta dibulgazio arloan. Enpresa pribatu batek diruz babestutako sariak dira CAF-Elhuyarrekoak. Zorionik beroenak merezi ditu Gipuzkoako Beasainen egoitza nagusia duen enpresak eta aurrerantzean "horrela" jarrai dezala animatuko nuke gainera. Borondate onenarekin esaten dut hau, baina "horrela" horri zerbait gehituko nioke: 900 euro + 450 euro + 300 euro lehenengo, bigarren eta hirugarrenarentzat, 500 euro gaztearentzat eta 4.500 euro liburu proiektuarentzat, 6.650 euro guztira. Milioi bat pezeta pasatxo, diru gutxi samar iruditzen zait Euskara eta Zientzia lotzen dituen hau bezalako Sari batentzat. Agian saritan banatzen den dirua baino askoz gehiago kostatzen dira deialdia, epaimahaia, antolaketa, ekitaldia bera eta abar. Bagoiak fabrikatzen edo eraikitzen dituen CAFek, euskaraz egiten diren dibulgazio bagoietatik tirako duen lokomotora indartsua beharko luke izan, ez bakarra, gehiago ere gustura hartuko genituzke.
Ez gaude besteek zer egiten duten eta zer egin beharko luketen exijitzeko moduan, guk zer egiten dugun edo zertarako prest gauden aztertu gabe, baina hori beste baterako utziko dut... Bien bitartean eta Zientzia dibulgazioaz ari garenez, eta Txitxardin Beltxa jatetxea aipatu dugunez, zoologia mailako aportazio txiki bat egin beharko, nahiz eta batzuek jakin badakizuen. Aspaldian angula bat bera ikusteko eta gutxiago jateko aukerarik ez zenuten izango, baina jakin ezazue txitxardina aingiraren umea dela, bi urte ingurukoa eta ibaian gora joaten dena. Ez dugu esango zein ibaietan den ugaria eta zenbatek osatzen duten kiloa, badakizue ordea, zenbat egin duen Sansebastianetan kiloak... 500 euro alajaina!
Munduan zehar, nagoen lekuan nagoela ere, tren edo metro bagoi batean sartzen naizen bakoitzean, lepoa luzatu eta ingurura begiratzen dut, CAF txapatxoa duela ikusten dudanean bihotzak seinale du. Edozein tokitara naraman bagoiak, segundo gutxi batzutan, etxe aldamenera ekartzen nau. Beasaindik 18 kilometrora dagoen Tolosara.
Lasarte-Oriatik Oihan Beltzera
ARGIA sarien banaketaren hamalaugarren edizioa, arestian aipatu bezala, otsailaren 23an ospatu zen Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean. Antton Mendizabal eskultoreak egindako oroigarriak jasotzeko festara ehundik gora gonbidatu, eta horien artean bost saridun, (ARGIA 1929. zenbakian informazio gehiago). Eguerdi euritsu hartan, sartu-atera azkar bat egin nahi eta han joan ginen Jose Luis Jauregi (Igor Jauregi Realeko jokalariaren aita) eta biok jendez gainezka zegoen aretora. Honelako ekitaldietan hainbeste pertsona eta hain kolore ezberdinetakoak ikusteak zirrara berezia sortzen didate, nahiz eta azken urtean Sari motiboek baino Zigor motiboek gehiagotan bildu gaituzten.
ARGIA astekari hau, modu batera edo bestera, posible egiten duten dozenaka lagun mahaietan txukun-txukun banatu eta jesarrarazi zituzten. Gu ez gentozen jatetxeko aulkietan esertzeko asmotan, furgonetaren bolante aurrean eseri eta hogei orduko bidea baikeneukan Italiaraino.
Italian urtarrileko azken igandean Marcialonga izeneko eski proba bat antolatzen dute Dolomita mendi inguruetan. Aurtengoa 31. edizioa zen eta 70 km eta 5.000 inguru partaide ditu lasterketak. Euskal Herriko partaidetza izan da bertan ia-ia urte guztietan. Handik Austriara sartu ginen eta Seefeld herrian gelditu. 1.200 m altueran dagoen paraje zoragarri hau aukeratu zuen Realak joan den abuztuan denboraldia prestatzeko. 1976. urteko Neguko Joko Olinpikoetan hementxe ospatu ziren iraupen eskiko probak. Udan berde zegoena orain zuri-zuri ageri zen, futbol zelaiko zutoinetan elurrak metro erdi pasatxo, Igor Jauregi baloiarekin ikusitako leku berean, Jose Luis aita, eskiekin. Handik egun gutxitara Alemaniako Konig Ludwig Lauf, 50 km dituen eski proban "nolako egurra halako ezpala" zer den garbi geratu zitzaidan. Jose Luisek 2 ordu eta 45 minutu inguru behar izan zituen, sailkapen orokorrean ez dakit zenbatgarrena izan zen, baina bere adinekoen artean (55-60), bosgarren sartu zen helmugara.
Alemaniako Oihan Beltza paraje ezaguna da, Hego Mendebaldean kokaturik dago eta bertako basoa "itxia eta iluna" izateak eman dio dirudienez, izena inguruari. Oihan Beltza zuriz jantzia zegoen egunotan, hainbat lekutan asfalto beltza bera nahi baino gehiago zuritua. Etxera bidean beste hogei ordu txofertzan egin aurretik bidali beharreko lerroak dira honako hauek... azken orduan ordea, Txitxardin Beltxa eta Oihan Beltza izeneko lantxo honi Kronika Beltza gehitu beharrean naiz... Aurreko Nagoen Lekutik sailean Xabiertxo liburuarekin amaitu nuen eta oraingoa ere hura gogoratu beharrean naiz. Bat-bateko gaixotasun baten ondorioz hil baita Xabier Lopez-Mendizabal euskaltzalea. Bere aita Ixaka zenaren lanari jarraipena eman zion Argentinan nahiz Euskal Herrian. Gogoan dut duela hilabete pare bat, Tolosa izeneko familia bateko aita seme-argentinarrak Tolosara etorri zirenekoa, Xabierri deitu eta hantxe egon ginen mahai bueltan, kafesne bat hartuz berriketan. Bere memoria erraldoiak harritu ninduen, detaile txikiena gogoratzeko ahalmenak hunkitu. Eskuera zegoen gizona gutxiegi ezagututako penaz geratu naiz. Argentinarrei deitu beharko nieke gertatutakoaren berri emateko, baina oraintxe bertan ez daukat adorerik. Eskerrik asko berriro ere Xabiertxo.
Josu Iztueta Azkue Oberammergau (Alemania)
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Marmoka mota berri bat deskubritu dute Kalifornian
Monterreyko (Kalifornia, AEB) ikerlariek marmoka espezie berri bat deskubritu dute eta bere ezaugarri bereziak kontuan hartuta, marmoken azpi-familia berri bat osatzen duela ondorioztatu dute. Stellamedusa ventana deritzonak ûhala deitzea erabaki dute Kevin Raskoff-en esanetara jardun duten deskubritzaileekû kanpai forma du, kolore zuri-urdinxka eta 10-20 cm-ko luzera, baina bere berezitasunik aipagarriena beste bat da: marmoka honek, elikatzeko oso lagungarri zaizkion lau beso luze ditu tentakuluen ordez.
Stellamedusa ventana marmoka Kaliforniako Golkoan bizi da, itsasertzetik gertu, 150 eta 550 metroko sakoneran.
Orain arte marmokak zortzi azpi-familiatan banatuta zeuden.
Gosaltzeko betarik hartu gabe
Eguneko otordurik garrantzitsuena omen da gosaria. Hala diote, behinik behin, elikaduran adituek. Haatik, gazte askok ez dute horrelakorik uste, bildu diren datuek diotenez. Berriki egindako azterketa bati jarraiki, 24 urtetik beherako gazteen %40ak astean behin gutxienez baraurik pasatzen du eguartea. Ohitura honek ez dakar ondorio onik: gehienetan gutxi eta gaizki janez edota litxarreriak zizka-mizka irentsiz pasatzen da eguna eta gero, arratsaldeko edo gaueko otorduan, errekuperatu egiten da goizean jan ez dena. Labur esanda, elikadura orekatu bat jarraitzeko egin behar ez den guztia egiten da horrelakoetan. Egokiena egun osoan beharko diren kaloria guztien herena gutxienez gosaritan jatea da.
Medikuntzako literatura irakurtzen dakien programa
Medikuntza ikerlariek orduak eta orduak eman behar izaten dituzte beren alor edo espezializazioaren inguruan argitaratzen diren aldizkariak, artikuluak, liburuak eta gainerako argitalpenak bilatzen eta irakurtzen.
Harold 'Skip' Garner Dallas-eko Southwestern Medical Center-eko (AEB) doktoreak programa informatiko lagungarri bat asmatu du Hiesa, minbizia edo dena delakoa ikertzen ari direnen lan astuna samurtzeko. Izan ere, biomedikuntzan aditua den doktore honek azaldu duenez, bere programak pentsamendu zientifikoaren prozesua emulatzen edo itxuratzen du eta horri esker ordu askotako lana ken diezaioke ikerlariari. Ordenagailuari literatura zientifikoa «irakurtzen», datuak alderatzen eta erabiltzailearen interesaren arabera laburbiltzen eta sailkatzen irakastea izan da Garnerren lan nagusia.
Programa informatiko honek dagoeneko emaitza onak eman ditu bihotzeko gaitzen azterketan eta, oraingoz lan mota hau erabat ordenagailuen esku uzterik ez badago ere, denbora benetako deskubrimenduetarako gordetzen laguntzen dio ikerlariari.
Sortutako programa Irisdescent da eta medikuntzan gehien erabiltzen den Medline datu-basean lanean jarri da. Mediku askok kontsultatzen du aipatu datu-basea eta askotan ordu ugari irakurtzen pasatzen dute gai bati buruzko ideiak finkatzeko. Irisdescentek irakurketa automatikoa egiten du eta irakurritako datuak estatistikoki multzokatzeaz gain beraien arteko loturak, probabilitatearen araberakoak, egiten ditu.
Mikel Asurmendi
Hona Aristik Izagirreren hitzez esan diguna: "Koldo oso gizon azkarra da, zuzena da bere lanetan. Asko gustatu zitzaidan berak egindako euskal poesiaren antologia. Nire antologiaren sarrera zorrotza da. Identifikatzen naiz". Libreta horiko poemak (Susa) liburuan bildu ditu Aristik bere azken poemak. Poema berriotan ez du bere burua traizionatu, ezta Izagirreren hitzak deuseztatu ere. Libreta horiko poemek zer esana eman dute honezkero. Baten batek liburua dagoeneko kanonizatua dela esan du. Poetak bere nahia bete duela aitortu digu bere sorterrian, organista moduan ari ohi den elizaren atarian. Liburuan ez dago hitz neurturik ez metrikarik ez errimarik. Izan edo ez izan, poemek izenbururik ere ez dute.
guztia irakurri
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Kazola zabal batean, ur gazia isuri eta su eztian jarriko dugu merlenka egosten, mamia hezurretatik erraz bereizten dela sumatu arte. Ura irakiten hasi eta 10 bat minutu beharko ditugu horretarako. Erre gabe maneatzeko moduan egotean papurtuko dugu arraina. Azala kenduko diogu ondoren. Hezurrak, katuarentzat.
Kazola batean, su ezti-eztian jarriko ditugu tipulinak, porrua eta baratxuriak olio pixka batean gozatzen. Barazkiak xamurtzean, 10 bat minuturen buruan, erantsiko dugu brandya. Murrizten utzi eta biraka nahasiko dugu ondoren guztia. Arrain papurtuaren txanda etorriko da gero: ongi nahasi eta berotasun horretan edukiko dugu, irakin gabe, ez lehortzeko.
Sutatik kanpora nahasiko ditugu arrautzak eta esnegaina. Gatza eta piperbeltza emango diegu ondoren. Aurrez maneaturiko jakiak erantsi eta nahasiko dugu guztia. Gatz-puntua zuzenduko dugu gero.
Molde handi bat edo bi txiki ("plum-cake" motakoak) hartu eta, gurin urtuaz igurtzi ondoren, ogi birrinduaz hornituko ditugu barruko aldeak. Nahastura sartuko dugu ondoren. Bainu-marian edukiko ditugu moldeak 20-30 minutuan 180º-tan, nahastura ongi mamitu arte. Labeko epea luzatuz gero, lehortuko zaigu pastela, eta mamitsu gelditu behar zaigu. Hori frogatzeko astindu txiki bat emango diegu moldeei labe barruan: ertzak tinko eta barrua dardarati agertu behar zaigu pastela.
Hoztu eta gero, moldetik atera eta moztu egingo dugu pastela. Saltsa arrosan edo maionesan ongi bustirik jango dugu, ogi txigortuekin.
OSAGAIAK:
Kg bat merlenka hezurrarekin, erdiko trunkoa esate baterako, garbi eta
ezkatarik gabe
2 tipulin, pikatuak
Porru baten zuria, pikatua
2 baratxuri ale
Oliba olioa
Xorta bat brandy
Litro laurdena esnegain urtu
8 arrautza, joak
Gatza eta piperbeltza
Nere Lujanbio
XXI. mende hasiera honetan, zein motibok bultzatzen gaitu taldean biltzera? Industri iraultzarekin sortu eta indartu ziren masa mugimenduen helburu eta aldarrikapenek ba ote dute zer ikusirik gaur egungo masa mugimendu edo, hobe esanda, mugimendu masifikatuekin? Zein da norbanako indibiduala eta taldearen arteko harremana?
Elkar gaitezen guztiok, horixe da gizakion biltzeko sena eta talde bateko partaide izateko beharraren inguruan gogoeta egiteko, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak eta Vigoko Marco Museoak elkarlanean sortu duten erakusketaren izena. Proiektuaren arduradun nagusia Gasteizko Museoa izan da, eta bertako zuzendariak, Javier Gonzalez de Duranak, egin ditu komisario lanak. Apirilaren 4a arte zabalik egongo den erakusketak, batik bat argazkiak biltzen ditu, baina badira bideoak, instalazioak eta eskulturaren bat ere. 12 herrialdetako 19 artistek hartu dute parte bertan, giza taldeen gaia ikuspegi anitzetatik landuaz.
XX. mende hasierako masa mugimenduetan du abiapuntua erakusketak, izenburutik hasita. Elkar gaitezen guztiok, Internazionalari, langileriaren eskubideen alde borrokatzeko deia egiten zuen ereserki historikoari, egindako aipamena da. Aurkituko dugun lehenengo artelana ere momentu historiko horrekin estu loturik dago, Olivo Barbieri artista italiarrak Il quarto stato koadro ezagunari ateratako argazkia, hain zuzen. Koadro honek 1901eko greba eta protestaldiak islatzen ditu eta bere garaian, gizarte borroken ikur bilakatu zen; bertan, koadroaren zabalera osoa hartzen duen giza taldea kementsu doa aurrera, etorkizun hobe baten alde borrokatzeko prest. Barbierik ordea, koadroari ateratako argazkiaren ertzak lausotu egin ditu, denboraren joanean oroitzapenak eta gertakizunak lausotzen diren eran. Mende bat igarota, urrun ikusten ditu gizarte mugimendu horiek, nostalgia puntu batekin, agian.
Ezin esan, gaur egun, protesta edo aldarrikapen helburuekin elkartzeko arrazoiak falta zaizkigunik, baina hori baino gehiago da taldean biltzera bultzatzen gaituena. Erakusketan biltzen diren lanek, historia, soziologia, aisia, ekonomia... hartzen dituzte abiapuntutzat masifikazioaren aurrean norbanakoaren ezabaketaz hitz egiteko.
Iragana eta oraina
Erreferentzia historikoak eta egungo gizarteari dagozkionak nahasita topatuko ditugu; Jerôme Lefdup artista frantziarraren bideoa da horren eredu. 1994an egindako lanean, berak sortutako musikaren erritmora, desfile militar, manifestazio, joko olinpiko eta ekitaldi erlijiosoetako irudiak bildu ditu, animalia taldeen irudiekin tartekatuta. Artxiboko irudi hauek, nahiz eta asko ezagunak izan, testuingurutik aterata, zentzua galdu dute, eta giza talde zirenak, forma, kolore eta mugimendu huts bilakatu dira, "masen koreografia" bat sortuaz.
Beste lan batzuek kontrastea erabiltzen dute gertakizun historikoen gaineko hausnarketa bultzatzeko. Horren adibide dira Mickey Mouseren neoizko irudia eta burdinazko hizkiz idatzitako Auschwitzeko kontzentrazio esparruko sarreran zegoen esaldia ("Lanak libre egingo zaituzte") parekatuz Claude Levêquek aurkeztutako lana; edo Sylvie Blocherek sortutako bideoa, non Internazionala eta Edurne Zuriren ipotxek lanetik etxerakoan abesten zuten kanta elkarren jarraian abesten dituen abesbatza batek. Ideologia zapaltzaileak, gizarte borrokak eta Disneyren fantasiak, xalotasun itxuran, ezkutatzen duen pozoia, parez pare aurkeztu dizkigute. Garai historiko berean gertatuak, itxura batean elkarrengandik oso urrun zeuden gaiak iruditu arren, funtsean lotura sakonak dituztenak hirurak.
Egungoari dagokionez, aurkituko dugun gai zerrenda zabala da, zabalegia agian. Globalizazioaren ondorioz sortutako gizarte egitura, enpresa multinazionalen erabateko nagusitasuna, sekula baino askatasun handiagoa omen dugun garai hauetan norbanakoaren ñabarduren eta desberdintasunen ezabaketa, talde sena, uniformazioa, aisialdia gozatzeko moduak... dira, formatu eta ikuspegi ezberdinetatik landuta, topatuko ditugun gaiak, iraganari eta egungo egoerari errepasoa ematen lagunduko digutenak.
Erretratu kolektiboak
Gizartearen egoeraren ikuspegi bat aurkezteaz gain, badira giza taldea eta giza gorputza bera, eragile aktibo bezala ikusten duten artisten lanak ere; nahiz eta modu sinbolikoan izan, mundua eraldatzeko taldearen parte hartzea erabiltzen dutenak. Zhang Huan, artista txinatarrak, gorputz biluzi soilak erabiliz naturan eraldaketa txikiak eragitea du helburu, elkarren gainean etzandako zenbait gorputz biluziren bidez mendi bati berez zuena baino metro bat gehiago erantsiaz.
Azken aldian ospea lortu duen Spencer Tunickek ere antzeko helburuarekin elkartzen ditu ehunka edo milaka lagun, boluntarioak beti, munduko ezein hiritan, beraien gorputz biluzien bidez, hiriaren gaineko garaipen txiki bat aldarrikatzeko. Minutu gutxi batzuetan besterik ez bada ere, asfaltoa jaun eta jabe den inguruetan, gorputz indibidualen pilaketa medio, izugarrizko haragi masa arrosak sortzen ditu, hiriaren irudia erabat itxuraldatzen dutenak. Arte historian zehar hain erabilia izan den giza gorputz biluziaren irudiak, ohikoak dituen izaera erotiko edo estetikoak galdu egiten ditu hemen; gorputz biluzia izaera jakinik gabeko "haragi meta" bilakatzen da.
Masifikazioari kritika
Atsegina da Artiumen antolatutako erakusketa, ikusteko erraza eta edonor identifikatuta sentitzeko modukoa. Nor ez da bada egon makrokontzertu batean? Nor ez da Mediterraneoko hondartza batean izan abuztuko egun eguzkitsu batean? Nor ez da izan futbol partidaren batean? Edo manifestazio batean? Azken finean, talde bateko partaide sentitzeko behar hori da erakusketako lanak batzen dituen gaia, nahiz eta kasu batzuetan bestetan baino egokiago edo argiago adierazi.
Garai bateko gizarte mugimendu, langile borroka eta ideologia utopikoekiko nostalgia apur bat ere nabari liteke, egungoarekiko lotsa-edo. Erakusketak ikuspegi kritiko eta ironikotik begiratzen ditu globalizazioak eragindako itxurazko berdintasuna eta gizabanakoaren ezabaketa, eta nahiz eta itxura batean egungo gizarteak eskaintzen digun ikuspegia beltz xamarra izan, zirrikitu txiki bat utzi beharko diogu banakakoak elkartuz, taldean, mundua eraldatzeko itxaropenari.