Bixente Serrano Izko
Euskal Herriak du hartu behar ETArekin finitzeko erantzukizuna» dio Itxaro Bordak, Hiruko izenburu erranguratsuko liburu horretan. Ni, ados. Ohar batekin, aukeran: Euskal Herriak ez, izaki bat izanen balitz bezala haren osotasunean harturiko herri honek ez, euskal gizarteko zati aurrerakoi eta ezkertiarrek, demokrazia ireki eta sakona nahi omen duten sektoreek, Euskal Herrirako ere herri guztietarako defendagarri diren eskubideak irabazi nahi dituztenek hartu beharko lukete erantzukizun zama nagusia. Gure jendartea anizkor, aldakor, kulturalki aberats, kritiko, euskaldun, eleaniztun, justu eta abegikor nahi dutenek hartu behar dute erantzukizuna, eta ez, aldiz, jendarte kontserbadore, egoista eta uzkurrean eroso sentitzen direnek. Arazoa da nire maitagarriago horiek egiten ez badute, bertzeek lortuko dutela. Eta bertze hauek, ETA ez ezik, bertzeon balore aurrerakoi eta ezkertiarrak ere eraman nahi dituzte «finitzera».
Aspaldi bukatu zaio ziklo bat ezker abertzaletasunari. Eta ziklo bat bukatzean, birziklapenari ekin behar. Esperantzak izan zituen hitz hauek ordenuan lerrokatu nahi ditudan honek harako 1998 hartan, Lizarra-Garaziko garaietan. Bazirudien orduko Ezker Abertzalea konturatu zela birziklapen beharraz. Laster zapuztu egin zizkidaten itxaropen haiek, hala ere. Kontsolamendu bakarra: Euskal Herritarrok-en barneko sektore batzuk behintzat, hala nola Batzarre eta geroago Aralar fundatuko zutenak, kontzienteago zirela aurreko zikloaren amaieraz eta birziklapen beharraz. Batasuna, aldiz, entzungor. Eta hor dugu gaur, bere horretan, aitortu nahi gabe ezinbertzekoa dela ETAren itzalpeko ziklo historikoarekin bukatzea. Eskubide politikorik gabe gainera, eta ezker abertzale osoak sorturiko hainbat eta hainbat mugimendu, ekimen eta erakunde sozial nola kultural bere atzetik eramanez amildegira. Batasuna kinka larrian murgiltzen den bitartean, areago nagusitzen ari dira euskal gizartean bertze indar eta balore kontserbadoreagoak. Eta zaila, oso zaila zaie birziklapen beharraz ohartu diren ezkerreko sektoreei eraikitzea ezker abertzale berri bat, irekiagoa, bokazio integratzaileagokoa, joko politikoan bertzeekin ûez independentista, ez abertzale ez direnekin ereû sartzeko prestagoa, Euskal Herri zatikatu honetako egoera berezi eta anitzei egokitzeko beharraz kontzienteagoa... eta ETAren isil erabatekoaren premia gorriaz jabetua.
Giro honetan sortu da Nafarroa Bai. Bertzeak bertze, bi puntu ditu, funtsezkoak, Batasunak aitortu nahi ez eta koalizioko ateak zeharkatzea uzten ez diotenak: bata, noski, ETArekin «finitzeko» erantzukizuna hartu beharra, argi eta ozen erraten armak isilarazi behar dituela; bertzea, gutxiago aipatua, ezin dela Nafarroatik bakarrik egin Bergarako agiriak nahi duen autodeterminaziorako negoziazio prozesua Espainiarekin. Nahikoa dugu bazter honetakook nafarron aniztasuna, euskaltzaletasuna, erabakitzeko ahalmena eta gizarte askoz justu eta irekiagoaren beharra aldarrikatzearekin, bai Madrilen, bai hemen bertan. Lan-neke latzak izanen ditugu helburu xume horien inguruan borondateak batzearekin, gure itolarri kultural eta politikotik behingoz ateratzen saiatze aldera. Eta, horretarako, euskaltzale eta aurrerakoi gehienak bildu behar ditugu, ez bakarrik «Espainiari ez» erratera prest daudenak.
Ez, Arnaldo, ez dizuegu eskatzen ETAren burua irakiarren sarraskigileei ematea, ETAri erratea baizik, argi eta ozen, ez bururik ez hankarik dabilela, amildegira eramaten duela denon artean eraiki dezakegun guztia. Ez, Jose Mari Espartza lagun hori, ez dugu egur bihurtu nahi zuen zuhaitz eroria: aizkolari arrotzek guztiz txiki ez dezaten, zuhaitza bertze baso-mutur batean berriro altxa dezazuela nahi izanen genuke.
Tere Irastortza
43 urte bete behar ditut eta... ez dut hasiera hoberik aurkitzen, horren amaiera kaxkarra eskaintzen duten berri zaharkituetatik ihes egin ezinda.
43 urte bete behar ditut, eta senarrak zer oparitu ez dakiela esan didanean, oraingoan libururik ez, erantzun diot, adieraziz aurrekoan oparitu zidanak, Bernardo Atxagarenak, oraindik zer suma handiak emango dizkidala. Oraingoan libururik ez galdetu dit, harrituta, eta niri, etxerako zerbait nahi baduzu, atera zait natural-natural, burutik Carod Rovirak ETAkoekin hitz egitearen kontra igandeko El Paisen Eduardo Uriartek idatzia artikulu honetarako baliatzea burutik kendu ezin dudan bitartean: "Si fuera cierto que sólo hablando se entiende la gente, no existiría el terrorismo".
(T)errore.
Hitz egitea bakarrik komunikatzeko erabiltzen dela egia balitz ere, ez legoke aginterarik, pentsatzen dut, aspaldion, emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean erakundeek erantzun instituzionala sinbolizatzen duten azken argazkiari begiratuz.
Jarrai dezagun erdaraz, Si fuera cierto que sólo hablando se entiende la gente, no existiría el estado que detenta, legítimamente, según la teoría política, el monopolio de la violencia (y la emisión del dinero).
Dagoeneko badakit û43 urte ez dira-eta alferrik pasaû senarrak pentsatu duela, horrelakoetan, nirekin hitz egitea alferrik dela. Tant pis. Ez bazait inporta oparia... 43 urteak alferrik pasa ez diren seinale.
Antza denez, alferrik da hitz egitea, Eduardo Uriartek kantu baten hitzak gogoratuz dioenagatik. Hala bide. Gaztetatik ezagutzen nituen iraultzaile gehienek nahiago dute hauteskundeetan kosta-ahala kosta parte hartzea. Beraientzat ere terrorea errore bat besterik ez da, besteen errorea, noski. Ez zaie ardurarik nabaritzen, iraultza, autodeterminazioa eta sozialismoa eskura bezala jarri zizkiguten artikulu eta idatzien harira. Antza denez, alferrik da hitz egitea eta inor gutxiri inporta zaio ordezkatu gabe gobernatzea, demokraten artean.
Beste batzuontzat, berriz, antza denez, haientzat bakarrik, ezinbestekoa da hitz egitea. Ez-demokratei, ordea, 43 urteko emakumeoi bezala, zera gertatzen zaie: azkenean beraiek bakarrik dirudite nahi ez dutenekin egotera behartuak.
Jesus Mari Larrazabalek arrazoi zuen azken ARGIAn, diskurtso politikoan arrazionaltasuna galdu dela dioenean. Izan ote da sekula arrazionaltasunik diskurtso politikoan? Balitz, horrenbeste errepikatuko ote litzateke diskurtsoa, loditu eta solidotu arte?
Eta, okerragoa dena, ni orain arte, konturatzeke.... 43 urte bete behar eta inozente hau... askorentzat bakea hitz bat besterik ez dela, eta beraz, asko bakeaz ari garenean, hitz batetaz bakarrik diharduela hainbatek! Alaba kantuan ari da Antton Irustaren liburutik:
«Itsuak ikusi du
Etxea erretzen,
Hanka-motzak badaki
Bideak korritzen.
Mutua deiadarka
jendeari deitzen
gorra ere han zegoen
guztiak aditzen»
Ni izango nintzen gorra... amak aspaldian kantatzen baitzigun kantua. Kantuarekin arrazionaltasun ezak terrorea areagotzen dit. Beste errore bat, ziurrenera; bizitzearen opariak ahaztu araziko ez didana... ziurrago.