Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-02-22 -- 1932.zenb


Espainiako Auzitegi Nazionaleko Penal arloko hirugarren aretoko epaileen ustez, Baltasar Garzon epaileak eraman duen 18/98 sumario ospetsuaren epaiketa azaroan hasiko da. Auzi hau duela bost urte baino gehiago hasi zen eta bertan 68 pertsona epaituko dira. Egin auzia, Ekin, Ardi Beltza, Haika, Xaki, AABak, Joxemi Zumalabe Fundazioa eta beste hainbat talde eta enpresa dira auziaren baitan.


Zalaparta handia sortu du John Kerriy senatari estatubatuarrak euskaldunak terroristekin identifikatzeak eta zuzenketak ere eskatu zaizkio zenbait gunetatik. Dena den, Ana Palacio Espainiako atzerri ministroak hari berdinetik tiraka jarraitu du, Ameriketako Estatu Batuetako bisitaldian jakinarazi duenez, «euskal herritarren arazoa, askatasun arazo bat besterik ez da, herritarren erdia beste erdiaren terrorearen mehatxupean bizi delako».


Batasunaren ilegalizazioa eta Estrasburgo

Batasunaren ilegalizazioaren aurka Eusko Jaurlaritzak Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean aurkeztutako helegitea onartu ez izanak pozarren utzi du Espainiako Gobernua. Jakina zen arrisku hori hor zegoela, helegitea aurkeztean, Jaurlaritzak berak onartu zuen gisan; Batasunaren ustez, Jaurlaritzak bazekien ez zela onartua izango, Jaurlaritza bera ere gobernu erakunde bat delako, baina hala ere ilegalizazioaren aurrean aurpegia zuritzeko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zuen. Estrasburgoko Auzitegia, dena den, oraindik ez da eduki kontuak aztertzen hasi.


Napargate auziak UPN eta Sanz harrapatu ditu

Nafarroako Gobernua eta UPN ez dira batere eroso ari Napargate izenarekin ezagutzen ari den auziarekin. Kontua da MTS Tobacco enpresa Iraken ari zela negozioak egiten Sadam Huseinen erregimenaren garaian, Nazio Batuen Erakundeak Irakekiko mugimendu komertzialak petrolioa elikagaien truke mugatuak zituenean. Ez edozeinen bidez gainera, Iraken aritutakoa Ricardo de Leon Nafarroako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria izan baitzen, aldi berean aipatu enpresako administrazio kontseiluko kidea. UPNk eta Miguel Sanz lehendakariak diotenez, hau guztia hauteskundeei begira PSOE egiten ari den amarrukeria besterik ez da; gaineratzen dute, halaber, normala dela De Leon Iraken enpresek behar duten laguntza kontuetan aritzea eta hori ez zegoela NBEk agindutakoaren aurka.


2004koa klabea izango da gatazkaren norabidean

2004ko hau euskal gizartean bizi den gatazkaren bilakaeran erabakigarria izango dela entzuten ari da azken hilabeteotan han eta hemen. Joseba Egibarrek duela aste batzuk EBBko bozeramaile lana utzi zuenean zioenez, urte hau oso garrantzitsua izango da gatazkaren konponbiderako eta hari horretatik tiraka ezker abertzalean mugimenduak iragarri zituen. Joseba Azkarraga Jaurlaritzako kontseilari eta EAko buruzagiak ere 2004koa «biolentziaren konponbiderako urte klabea» izango dela iragarri du Renotik. Bere susmo horiek, nagusiki Ibarretxeren planean eta ETAren ahultasunean oinarritu zituen. Eta ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak ere Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, gatazkari dagokionez, berak egungo egoera baikortasunez ikusten zuela jakinarazi zuen, nahiz eta egunerokotasunean oraindik ez den ezer islatzen.


Espainiako Gobernua eta Eurokarta

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Kontseiluak Espainiako Gobernuak Eurokarta ez duela betetzen salatuko dute Europako Kontseiluaren aurrean. Espainiak 1992an sinatu zuen Eurokarta, beste hamaika estaturekin batera eta hitzarmena berretsi zuen 2001ean. Frantziak, esaterako, ez zuen Eurokarta sinatu eta horretarako bere konstituzioa erreformatu zuen, horrela Eurokarta eta konstituzioa bat ez zetozela argudiatuz. Gaiaren harira, Europako Kontseiluak otsailean bidali behar zuen Nafarroara eta EAEra Eurokartaren betetze maila aztertuko lukeen batzorde bat, baina Espainiako Gobernuak egindako mugimendu batzuen ondorioz ordezkariek ez zuten etortzerik izan. Bisita apirilean egingo litzateke, 19an Nafarroan izango lirateke eta 20an EAEn. Goiko argazkian Juan Inazio Hartsuaga Behatokiko zuzendaria, ezkerrean, eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia eskuinean.


Hautetsien Kontseiluaren proposamena

ekainerako, Hautetsien Kontseiluak Daniel Poulou eta Jean Grenet diputatuekin batera Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen onarpena bermatuko duen lege proiektua aurkeztuko du, Alain Lamassoure Kontseiluko presidenteak adierazi duenez. Euskara sustatzen eta irakasten duten erakundeek jasotzen dituzten diru-laguntzek ez dute oinarri juridikorik eta Gobernuak eskaera horren gainean ezer adierazi ez duenez, kezkatuta agertu da Hautetsien Kontseilua. Bestetik, Hizkuntza Kontseiluak Hizkuntza Politikarako Bulego Publikoa sortzeko agiria osatuko duela azaldu du Lamassourek.


D ereduan matrikulatzeko kanpainak

Kanpaina hasi dute Sortzen-Ikasbatuaz taldeak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak batetik, eta Gasteizko A eta B ereduetako ikasle ohiek bestetik haurrak D ereduan matrikulatzeko. Derrigorrezko Hezkuntzako aurre matrikulazio garaia dela-eta, lehenengoek Nafarroako Gobernuak D eredua zokoratu eta ingelesa bultzatzeko duen grina salatu dute, honi aurre eginez gurasoak haurrak D ereduan matrikulatzera animatuz. Gasteiztarrek, berriz, A eta B ereduetan haurrak ez direla euskalduntzen adierazi dute. Ondorioz, D ereduko matrikulazioa bultzatzeaz gain, ikasle ohi bakoitzak ikasi zuen ikastetxera eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera A eta B ereduetako ondorioak gaitzetsiz gutunak bidaltzeko gonbita egin dute.


Hezkuntza ordezkariekin biltzekotan

Eskolak euskaldundu behar du ekimenaren bultzatzaileek (AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriak Bere Eskola, Ikasle Abertzaleak eta Sortzen-Ikasbatuaz taldea) Nafarroako eta EAEko eta Baionako Suprefeturako hezkuntza saileko buruekin bilera egitea eskatu zuten abenduan. Hori Parisko Hezkuntza Ministerioaren ardura dela adierazi zieten, baina Iruñea eta Gasteiztik ez zuten erantzunik jaso. Hala, joan den astean Iruñeko eta Gasteizko hezkuntza ordezkaritzetara joan ziren ekimeneko ordezkariak bilera datak jartzeko asmo irmoz. Iruñean Luis Campoyrekin egon ziren eta beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza kontseilariak. Gasteizen ez zuten Anjeles Iztuetarekin biltzerik izan, baina hitzordua jarri dute otsailaren 27rako.


Euskara planarentzat dirurik ez

Gasteizko udaleko PP taldeak 2004rako egindako aurrekontuen egitasmoetan ez du dirurik onartu Euskara Planarentzat. Erabaki hori aurten Euskara Zerbitzuan egin beharreko aldaketetan arrazoitu zuen gobernu taldeak, dirua bideratzeko beste hainbat modu ere badaudela aipatuz. Hala ere, horrek ez du oposizioa konbentzitu eta iaz emandako "konfiantza" kendu diote.

Daniel Udalaitz

Nazioarteko indizeen artekoak ditugu Tokioko Burtsako Indizea (Nikkei) eta Londreseko Burtsakoa (Financial Times), biak ala biak indize estatubatuarraren atzetik daudenak. Japoniako Burtsaren Indizeak, Nikkei Stock Averagek, merkatu japoniarrean kotizatzen duten 225 konpainien bilakaera jasotzen du. Nikkeik eta Ameriketako Estatu Batuetako Dow Jonesek kalkulurako metodo bera dute, hau da, batez besteko aritmetiko sinplea erabiltzen dute biek. Japoniako merkatuan Nikkeiz gain Topix indizea ere badute. Azken hori izango da, agian, Tokioko Burtsaren adierazgarririk osatuena. Tokioko Burtsaren lehenengo atalean kotizatzen duten enpresa guztiek (1.300 enpresa inguru) osatzen dute Topix. Adierazle horrek, gainera, sektorekako beste 33 indize hartzen ditu bere baitan. Londreseko Burtsari dagokionez, Financial Times 30 (FT-30) eta Financial Times-SE 100 (FT-SE 100) dira aipatu beharrekoak. Lehenengoa Espainiako Estatuko Ibex 35en antzekoa da, eta Londresen kotizatzen duten konpainia ingelesen artetik aukeratutako 30ek osatzen dute. Aitzitik, FT-SE 100 da gaur egun merkatu britainiarreko indizerik ospetsuena. Minutuz minutu kalkulatu eta hedatzen da, eta Londreseko 100 enpresa garrantzitsuenek osatzen dute.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan