Milaka pertsona aurre erretiratu dituzte Babcock-ek eta La Navalek
Daniel Udalaitz
Ezkerraldeko bi enpresa esanguratsu, Babcock Wilcox eta La Naval ûbiak ala biak sektore publikokoakû berriz ere krisian daude, eta horri aurre egiteko, berriro plantillak murriztu beharko dituzte aurre erretiroen bidez, nahiz eta sindikatuek, beti bezala, lanpostu guztiak defendatzeko mobilizazioak egingo dituztela iragarri duten.
Azken aste hauetan jende artean zabaldu da bi enpresa handi, Babcock Wilcox (BW) eta Sestaoko La Naval, egoera larrian daudela. Biak, bakoitza bere sektorean ûekipoko ondasunetan bata eta ontzigintzaren sektorean besteaû punta-puntakoak izan dira eta batez ere Ezkerraldean eta Bizkaian, baina hortik kanpora ere bai, dauden beste enpresa txiki askotan enplegua sortu izan dute. Jendeak bi horien arazoen berri izan du enpresa handiak direlako, sindikatuen presioa daukatelako eta kalera irteten direnean prentsak horren berri ematen duelako. Beste enpresa txiki eta ertain askok ere arazoak dituzte eta askok plantillak txikitu edo negozioa itxi behar izaten dute, baina ez dute sindikatuen presiorik eta ez dira egunkarietan ateratzen, eta beraz, kaltetuak eta haien familiak kenduta, beste inork ezer jakin gabe azken hatsa eman eta hiltzen dira. Are gehiago, bi urterako langabezian gelditzen dira enpresa horietako langileak, langabeziako sorospen exkax bat besterik ez dutela, eta denbora mugagabean langabezian jarraitzeko arriskuarekin. Enpresa txiki eta ertainek ezin dute inola ere erabili aurre erretiroen sistema.
Etenik ez duen birmoldaketa
Hizketa-gai ditugun Ezkerraldeko bi enpresek azken hogeita bost urteotan hainbat industri birmoldaketa eta plantilla murrizketa pairatu dituzte. Hogeita bost urte horietan BWk 5.000tik gora lanpostu deuseztatu ditu eta Sestaoko La Navalek, berriz, 3.000 baino gehiago. Lanpostuetako asko 52 urtetik aurrerakoak aurre erretiratuz amortizatu dituzte. BW izan zen adin horretatik aurrerakoak aurre erretiratzeko politikarekin hasi zen lehenengo euskal enpresa, 80ko hamarkadan, hain zuzen ere. Horren atzetik hasi ziren Euskalduna, Sestaoko La Naval, Acenor (gaur egungo Sidenor) eta Bizkaiko Labe Garaiak 52 urtetik aurrerako langileak aurre erretiratzeko politikarekin. Guztiak dira sektore publikoko enpresak, ontzigintza, altzairu berezi edo siderurgiaren sektorekoak. Gauzak horrela, une honetan ere, 2004. urtean, aipatutako bi enpresak plantillak murriztekotan dabiltza, hori lortzeko 52 edo 55 urtetik aurrerako langileak aurre erretiratuz.
Gaur egungo egoera
Babcock pribatizazio prozesuan dago 2001. urteaz geroztik, izan ere urte hartan enpresa Babcock Borsing enpresa multinazional alemaniarrera eramateko pausoa eman baitzen. Zenbait hilabete beranduago, enpresa hori krisian jausi eta ordainketa etendurak etorri ziren. Hori dela-eta, orain inork ez daki zer gertatuko den BWrekin. BW menpean daukan SEPI (Industria Parte Hartzeetako Espainiako Elkartea) erakunde publiko espainiarra BW Duro Felguerari saltzen saiatu zen 2003an, baina sindikatuen gaitzespenari esker azkenean ez zion saldu. SEPIk BW saltzeko beste zenbait ahalegin egin zituen, eta azkenean, Austriako ATBren Austrian Energy-ri (AE) 100.000 euroren truke saltzeko tratua egin du azken aste hauetan.
BWk 5.600 pertsonako plantilla zeukan 1978. urtean, eta gaur egun, berriz, 750 langile besterik ez ditu. BW berriz erosi nahi duen enpresak 310 pertsonako murrizketa egin nahi du, eta beraz, BWk dagoeneko galdu ditu 5.160 langile azken hogeita bost urteetan. Bere inguruko enpresa lagungarriei ere iritsi zaie murrizketen eragina. Sindikatuek gogor kritikatu dute SEPIren prozesua eta baita prozesu osoan zehar Eusko Jaurlaritzak ez esku hartu izana ere. Langile kopurua murrizteko modua aurre erretiroak egitea izango da oraingoan ere.
Sestaoko La Navali dagokionez, berriz, enpresa ontzigintzako IZAR taldekoa da eta hori ere SEPIren menpe dago. Gaur egun ia geldirik dagoela esan daiteke, lan karga handirik ez baitauka. Japonia eta Koreako ontziolak lanez gainezka dauden bitartean ûEuropakoak baino askoz ere koste txikiagoarekinû Sestaoko La Naval ontziola euskalduna bezalakoak lan kargarik gabe daude. Bere etorkizuna zalantzan dago, Espainiako Estatu osoan instalazioak dauzkan IZAR taldeak 5.000 lanpostu desagerrarazteko asmoa baitauka, eta horietatik 400 Sestaoko La Navalen baitaude. Euskal ontziola horrek garai batean 4.000 langile izan zituen, eta gaur egun 1.200 inguru dauzka. Beraz, iragarritako murrizketa horrekin, 800 bat langile geldituko dira bertan. Lanpostu kopurua gutxitzeko bidea oraingoan ere 55 urtetik gorako langileak aurre erretiratzea izango da. Ez dugu ahaztu behar Bilboko erdialdean bertan zegoen 3.000 langile inguruko Euskalduna ontziola historikoa ere itxi egin zutela orain dela zenbait urte, ontzigintzaren sektoreko birmoldaketaren ondorioz.
Bestalde, gogoratu behar dugu Europako ontziolak konponbide bila ari direla Japonia eta Korearen bidegabeko lehiaren arazoari aurre egiteko. Eta Europako ontzigintzaren partzuergoa egin ote daitekeen aztertzen ari dira. Horrek eragina izango luke Euskal Herriko eta Espainiako ontzioletan ere. Sestaoko La Navalek eta Espainiako beste zenbait ontziolek iragarritako lanpostu murrizketa ziur asko Europako ontzigintzaren partzuergoa sortzeko ahaleginarekin lotu beharko da, partzuergoa sortu ahal izateko, lehendabizi oraingo plantillak murriztu behar baitira.
Sindikatuek beti egin ohi duten bezala, oraingo lanpostu guztiei eutsi behar zaiela defenditu badute ere, esperientziak erakusten du sindikatuek ere azkenean onartu egingo dituztela plantilla murrizketak. Edonola ere, iragarri dituzte mobilizazioak eta lanuzteak bi enpresetako zuzendaritzei presioa egiteko. Sindikatuek, alabaina, aldez aurretik badakite mobilizazio horiek ez dutela lanpostuei eusteko balioko, eta gehienez ere kalera botako dituzten langileen baldintza ekonomikoak hobetzea lortuko dutela.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.