Jon Gurrutxaga
Duela hiru urte Donibane Garazin sortu zen Ikus. Bost partaidek osatzen dute taldea: Peio Cachenout (ahots nagusia), Paxkal Etchepare (gitarra eta ahotsak), Periko Pareau (baxua), Xabi Caset (gitarra) eta John Garicoitz (bateria). Lehen urratsetan teklatua jotzen zuen Filip Tikoipe, berriz, programazioez arduratzen da gaur egun. Guztiak dira baxenabartarrak Peio kantaria ezik, xiberutarra izaki. Gazteak badira ere (nagusienak hogeita bost urte ditu), Ikus ez da beraien lehen proiektua, aurretik beste banda batzuetan izanak baitira. Periko eta Peio Hezur Meta heavy taldeko partaide izan ziren eta John eta Paxkal, berriz, rocka trikitixarekin uztartzen zuen Ikuskariak taldeko kide. Ikus-en lehen grabaketa Bordelen burutu zen, hiru kantez osatutako single-a. Nafarroa Beherean bostehun bat ale saldu eta gero, Frantzian oso ezaguna den René Guéraçague ekoizlearekin egin zuten topo. Donibane Garaziko ekoizlea kanpoan debora dezente ibili ostean (Alemania, Ibiza, Georgia...) Periko baxujoleak lan egiten duen musika dendan sartu zen eta singlea entzutera gonbidatu zuten. Hura izan zen Nere buruan diskoa grabatzea ahalbidetu zuen lehen urratsa.
Zuzenean ordenagailura
Aurretik euskal talde batek edo bestek teknika hau erabili badu ere, oraindik ez da ohikoa instrumentuen seinale guztiak zuzenean ordenagailura sartzeko sistemaz baliatzea disko bat grabatzeko. Ikus taldekoek ez dute anplifikadorerik erabili, ordenagailuan txertaturik dauden simulatzaileak baino. "Seinalea ordenagailura sartu eta plug-in izenekoen bidez nahi duzun soinua aukeratzen duzu. Gustuko duzun anplifikadorearen soinua hautatzen duzu, Marshall, Mesa Boogie...", diote Paxkal eta Perikok. Bateriak, berriz, Donibane Garaziko gaztetxean grabatu dituzte. Gero bertan hartutako seinalea estudioko ordenagailuan sartu eta gogoko soinua aukeratu dute. Soziedad Alkoholika taldeak, adibidez, antzerako teknika darabil zuzenekoetan bateria sonorizatzeko. Bateriaren pieza bakoitzak sentsore moduko bat du eta hark seinalea hartzean bonboa, kaxa edo dena delakoa jada aurretik aukeratutako soinu batekin entzunarazten da. "Grabaketa era honetara egin genuen ez baitaukagu hilabete oso bat estudio batean jarduteko paradarik. Guztiok lanean gaude eta horixe zen guretzat grabatzeko erarik erosoena. Egun batean bi orduz lan egiten genuen, beste bi orduz bestean...", diosku Periko Pareau baxu joleak.
Zuzeneko berritzailea
Zuzenean ere grabaketan erabili duten sistema berarekin arituko dira. Hau da, kablerik gabe, inalanbrikoekin, seinalea ordenagailura bidaliko dute eta beraiek hautatutako soinu-galbahea igaro ostean, jotakoa kanpora aterako da publikoak entzuteko. Bateriak ere arestian aipaturiko teknologiarekin jokatuko du zuzenean. Eta bi mikro besterik ez ditu izango. Eszenatokian izanen diren beste bi mikroak ahotsentzat erabiliko dituzte. Horrez gain, taula gaineko gibelean irudi fraktalez (logaritmo aritmetikoekin lortutako irudiak) eginiko film bat proiektatuko dute. Azken hilabete hauetan hainbat kontzertu eskaini dituzte eta oraingoz publikoaren harrera ona izan da.
Gaur egungo musikari gehienekin gertatu ohi den bezala, Ikus taldeko partaideek ez dute eragin zuzenik. Izan ere, egun aurki ditzakegun talde eta musika estilo anitzek denetarik entzuteko eta iturri ezberdinetatik edateko aukera ematen baitute. Baxenabartarrek folk estiloa nahiz black metala, rocka nahiz house-a entzuten dute. "Batzuek musika gogorra bakarrik entzuten dugu, beste batzuek lasaiagoa... Incubus eta Paradise Lost, adibidez, asko maite ditugu; baita lasaiagoak diren taldeak ere, euskal musikan Benito Lertxundi, kasurako", dio Paxkalek. Hitzei dagokienez, hainbat gai jorratzen ditu bandak: intimismoa, euskal preso politikoen egoera, telebistaren indar mediatikoa, sexua... Kanta guztietan euskaraz mintzatzen dira, Iparraldeko beste hainbat banda bezalaxe. Bestalde, Ikus-ekoek onartzen dute diskoetxe batekin kontratu bat sinatzea ez dela erraza. "Iparraldean ere lan onak egin daitezkeela erakusten saiatu gara. Horrela gure taldea ezagutzera eman eta besteak gauza bera egitera animatuz", diosku Perikok.
Nere buruan Oihukak argitaratu badu ere, Ikus-ek Frantziako zigilu batekin ere sinatu du. Hortaz, Euskal Herrian kaleratu duten disko berdina Frantzian ezagutarazteko aukera izango dute baxenabartarrek.
Pilar Iparragirre
Hi bai matxista zikina!
Antton Dueso
Desclée De Brouwer
75 orrialde
6 euro
Etxeko lanik ez egiteko metodoa
Familietako ohiko eztabaida dakar kontura Antton Duesoren liburuak. Horretan ari ziren Bixintxorenean ere. Etxeko lanak zirela-eta, ama haserre zegoen aitarekin, oso gutxi laguntzen zuelako; arreba ere aitaren aurka altxa zen, errieta bukatzeko asmoz. Baina hara nondik gaizki atera zitzaion kontua, orduantxe gogoratu zutelako besteek han inoiz kolpe zorririk jotzen ez zuena Bixintxo bera zela. "Hi bai matxista zikina!" esan zioten, eta mutikoa sutan jarri zen, oso moderno eta liberaltzat zeukalako bere burua. Beraz, handik aurrera etxeko lanak bere gain hartuko zituela esan zien besteei. Baita berehala damutu ere! Eskerrak lan zikin horiek sekula berriro egin behar ez izateko metodoa bururatu zitzaion!
Euskerazaintza
Batzuen artean
Euskeraren Erri Akademia
104 orrialde
Borondatezko harpidetza
Euskaldunok burujabetza galtzen hasi ginenekoa
Euskeraren Erri Akademiak plazaratzen duen Euskerazaintza aldizkariaren azkenengo zenbakian Paul Atutxak Bilboko Euskerazaleak Alkartean lehengo urteko azaroan eskaini zituen hitzaldiei eskaintzen zaie tarte zabala. Aipatu hitzaldietan azaltzen du noiztik hasi ginen euskaldunok geure burujabetza galtzen eta nora heldu ginen, eta nolako egoeran jabetu zen Sabino Arana burujabetzaren arazoaz, zein bide hartu zuen eta nora jo dugun euskaldunok geroztik Ibarretxeren Planera iritsi arte. Bestelakoan, aldizkarian agertzen diren gaien artean Baskoiak eta frankoak, Arturo Kanpion eta P. Broussainïen txostena eta Aragoiïko izen euskaldunak erdi-aroan aipa genitzake.
Escudero maisuarekin solasean
Jon Zelaia Mendizabal
Gero
158 orrialde
11 euro
Escuderoren bizitza eta lanak
Francisco Escudero euskal konpositorearen bizitza eta lanaren nondik norakoak dira Jon Zelaia musikariak Gero argitaletxean plazaratu duen lan honen ardatza. 1912an jaio zen Illeta oratorioa, Zigor zein Gernika operak eta beste musika konposizio askoren egilea; eta 2002ko ekainaren 7an hil zitzaigun Donostian Escudero maisua, zazpi hamarkada musika egiteari eskaini ondoren, euskal musika garaikideko zutabe garrantzitsu eta ezinbesteko bihurtu eta gero. Eta hain zuzen ere Francisco Escuderoren musika ezagutzea eta maitatzea nahi luke Jon Zelaia Mendizabalek, bere iritzian ia ezezaguna, gutxi zabaldua izan den sortzailea delako musikari zarauztarra. Maisua elkarrizketatuz agertzen ditu Jon Zelaiak haren bizitzako pasarterik gogoangarrienak.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
110 orrialde
9,60 euro
Euskal kultura 2003. urtean
Urteroko ohiturari jarraituz, 2003ko azken zenbakian iazko urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantze modukoa eskaintzen du Jakinek oraingoan, guztira hamabi idazleren lanen bitartez. Hauetatik askok Euskaldunon Egunkaria desagerraraztera eraman zuten gertaera latz haiek hartu dituzte 2003ko euskal kulturaren esparrua astindu zuen gertakizun garrantzitsutzat, baina nolanahi ere, horrez gain, literatura, Nafarroako Gobernuaren kultur politika, Jorge Oteiza museoaren inguruko gorabeherak, Elizak homosexualitatearen aurrean duen jarrera, Ipar Euskal Herriko hainbat kultur ekintza, Eusko Jaurlaritzaren kultur politika, Behatokiaren urteko txostenak edota Zuberoako euskalgintza eta kulturgintza ere badituzte aztergai.
Aho bizarrik gabe
Imanol Lazkano
Bertsolari Liburuak
510 orrialde
20 euro
Imanol Lazkanok egin duen bideaz
Suerte izugarria izan omen du bizitzan Imanol Lazkano bertsolariak. Horrela aitortzen du -betiere umore puntu nabariarekin- Aho bizarrik gabe liburuan, non berak bizitako hainbat eta hainbat gertakizun kontatzen dizkigun. Suerte izugarrizkoa izan dela dio, baina ez bere bizitza lore arteko paseo bat izan delako, arantzatsua eta gogorra ere izan baita. Baina nekea ez omen da hainbeste neke, eta arantza ez hain arantza, inguru oso batek babesten zaituenean, eta babes horixe izan du beti azpeitiarrak, bere idazlan honetan azaltzen duenez. Liburuan, gainera, bat-bateko bertsoez eta bertso jarriez osatutako atalak eta Andoni Egañak eta Joxerra Garziak eginiko hitzatzea daude jasorik.
Adio, adio!
Pello Añorga, Jokin Mitxelena
Elkar
36 orrialde/ 5,70 euro
Maite ditugunen heriotzak utzitako zauria nola osatu
Gai benetan ausartari heldu diote Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak irakurle gazteenei begira bien artean sortu duten Adio, adio!-n: maite ditugunen heriotzak utzitako zauria nola senda daitekeen, edo bederen haren mina nola leundu agertzen baitute bertan. Emaztea eta semea istripu batean galdu dituen aita bat da narratzaile. Emaztea berehala hil zen. Semeak hil ala bizi eman zituen hilabeteak ordea, azkenean amaren ondora joateko. Eta txantxangorrien laguntza baino ez zitzaion geratu aita horri.
Oilarraren
promesa
Joan Mari Irigoien
Elkar
148 orrialde
11 euro
Joan Mari Irigoienen aurreneko nobela
1976an ikusi zuen aurrenekoz argia Oilarraren promesak, Joan Mari Irigoienek idatzitako lehen nobelak. Arrakasta izan zuen garai hartan errealismo magikoko ukitu nabarmenekin Franco eta francozaleen diktadurapean nekazal giroko herri batek bere nortasuna mantendu nahian, bizirik irauteko egiten duen borroka kontatzen duen narrazio honek. Hogeita hamar urte pasa eta gero berriro plazaratu da, goitik behera berrituta, Joan Mari Irigoienek aurrekoari zati handiak kendu eta berri batzuk erantsi baitizkio. Donostiatik oso gertu zegoen Altza herria, Oilarraren promesaren egilearen jaioterria. Eta herri horri suertatu zitzaion narrazioan Azpil izena daramanak jasaten duen suntsiketa, azkenean herri izatea ere ukatu ziotelarik, bertako handimandien interesak medio, aldameneko hiriburuak irentsi zuenean eta uholdeka bereganatzen ari zen etorkinentzako etxebizitza erraldoi zatarrez erabat desitxuratu. Zementu eta hauts, hauts eta zementu, hilerri erraldoi kareztatu baten itxura hartu zuela Azpilek dio nobelako pasarte batek. Baina baita azpildar guztiek ez zutela burua makurtu ere.
Pilar Iparragirre
Zure lehen nobela berrargitaratzearen arrazoia?
Azken bolada honetan banituen jarraitzaile batzuk horren eske zirika ari zitzaizkidanak, aspaldi agortu baitzen hondar edizioa. Eta hala, amore ematea erabaki nuen. Dena den, liburu hau ez da orain hogeita hamar urte argitaratu nuen hura bera, eleberria ezin nuelako, zinez, bere horretan argitaratu. Aspertuko bainuke gaurko irakurlea! Ez zuen zentzurik. Zentzurik ez zuen bezala gauza guztiz berri bat egiteak ere. Baldintza horietan, erdibide bat bilatzen saiatu naiz. Nobelaren izpiritua eta nobelaren giroa mantendu behar nituen, baita narrazioaren injenuitate puntua ere, epilogoarena tartean, baina aldi berean testua soildu behar nuen, eta zaborrontzira bota soberan ikusten nuen guztia.
Zein da Oilarraren promesaren mamia?
Guk gaztaroan ezagutu genuen munduaren fabulazioa. Francoren diktaduraren azken urteetan geunden, Pinochetek jo berria zuen estatu-kolpea Txilen, eta hori nabari egiten da nobelaren orrietan barna. Nobela politiko bat baita, funtsean, ez nobela psikologiko bat.
Zer irudikatzen du Azpilen zanpaketak?
Altzan ûnire herrianû izandako hondamena. Horixe dut fabulagai Oilarraren promesan. Paradisu bat zena zementuz ito baitzuten, mila etxe eta beste hainbat dorre egiten zituztela, zabortegiak eta autopista, zentro komertzialak eta harrobiak, modurik antiestetikoenean. Eta oraindik ez dira gelditu, beste hiru mila etxe egitekotan baitira bertan, ustezko demokrazia ustel honetan.
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Pazko Uharteko monolitoek zainketa berezien premia dute
Pazko uharteko estatuak gaixorik daude eta ez da harritzekoa, zahartzen ari dira. Gazteenek 500 urte inguru dituzte eta zaharrenek 900 inguru, urte askotxo higadurari aurre egiteko neurriak hartzen ez badira, eta arazoaren aurrean, estatua hauek pelikula ikusezin batez janztea erabaki du UNESCOk.
Monolito ezezagun hauek arroka bolkaniko oso porotsu batean eginak izaki, euria egiten duenean ur kantitate handiak xukatzen dituzte eta eguzkiak jotzen duenean agudo lehortzen dira. Bustitze-lehortze etengabeko hau izugarri txarra da haitz mota honentzat eta ziklo bakoitzeko zertxobait desegiten da.
Oraintsu, monolitoak silizez osaturiko material sintetiko batez gogortzea proposatu du Maar Denkmalpflege erakunde alemaniarrak. Berniz mineral hau monolitoen materialaren oso antzekoa da eta ez litzateke apenas antzemango. Oraingoz, asmoa besterik ez da, monolitoen jantzi berezi honek laborategietan froga ugari gainditu behar baititu monolitoei eman aurretik. Azterketak emaitza onak ematen baditu, bost bat urte eta hamar bat milioi euro beharko dira lanak burutzeko.
Frantzia, energia garbietan duen atzerapena ekidin nahian
Total petrolio konpainiak bost haize errota ipini ditu Frantziako iparraldean dagoen Mardyck-en, horietariko bat erraldoia, General Electric enpresa iparamerikarrak egina. Argazkian ikus daitekeen moduan, dimentsio izugarriak ditu: 95 metroko altuera eta 104 metroko beso-luzera. Tamaina ikusgarria badu ere, produzituko duena ez dirudi horrenbestekoa zentral nuklear batekin alderatzen bada: azken honek batez beste 900 MW produzitzen ditu eta gunea 12 MW-ra helduko da (gutxi gorabehera, 15.000 lagunek kontsumitzen dutena). Nolanahi ere, gune honen bidez, energia garbien azpiegituretan duen atzerapenari aurre egin eta lortu beharko lituzkeen kopuruetara heltzeko bidea ipintzen hasi da Frantzia. Aurki, Fruges-eko Artois muinoetan Europako parke eolikorik handiena eraikiko dute: 124 errota izango ditu.
Erretzaile kopurua behera Frantzian
Frantziakoerretzaile kopurua 1,8 milioitan jaitsi da, 1999 eta 2003 artean, Osasunaren Aurrikuspen eta Hezkuntzarako Institutuak egindako inkesta baten arabera. Aurrekaririk ez duen jaitsiera honen arrazoi nagusia tabakoaren gaineko zergen igoeran datza.
Joan den urteko azaroan eta abenduan 3.085 pertsona galdekatuak izan ziren eta emandako erantzunak estrapolatuz 1999an 15,3 milioi erretzaile zeuden bitartean, 2003an 13,5 milioi baino ez zeudela ondorioztatzen da, hau da %12 gutxiago.
Azterketa honetan ere, oso datu esanguratsua da emakumeak eta 15-25 urte bitarteko gazteak izan direla erretzeari gehien utzi diotenak. Eta hauen artean bitarteko ekonomiko umilak dituztenak izan dira azpimarragarrienak, hauen kasuan zigarroak garestitzeak ezinezko egin baitu beren ekonomia sostengatzea.
2004ko hasieran ikerlariek Frantziako populazioaren %30, gutxi gorabehera, tabako menpekoa izaten segitzen duela estimatu dute, nahiz eta hauetatik %66k datozen hilabeteetan erretzeari uzteko duten borondatea adierazi duten. Azkenik eta gogorapen gisa, esan Frantzian detektatzen diren minbizien %30 tabakoarekin zerikusia duela.
Ainara Gurrutxaga
Puta vieja alcahueta Celestina! bakarrizketa taularatu berri du Agerre Teatrok. Fernando de Rojasen klasikoaren moldaketa pertsonal honetan Maite Agirrek XV. mendeko pentsamoldera gerturatzen gaitu. Euskaraz eskainiko dute aurki antzezlana.
guztia irakurri