Txema Mauleon
Berriz ere bere berezitasunak erakutsi dizkigu Nafarroak. Oraingo honetan, beste herrialdeetan ez bezala, lau alderdi abertzale eta euskaltzale elkartu eta koalizioa osatu dute datozen hauteskunde orokorretarako: Nafarroa Bai. Historikotzat jo dezakegun berrikuntza hori ez da halabeharrez sortu, koalizioa ahalbidetu duten testuinguru eta arrazoiak tarteko izan baitira.
Miguel Sanzen UPNk, duela zenbait urte Nafarroako Gobernua eskuratu zuenetik -PSN-CDN-EA hirukoaren esperientzia ezegonkorraren ondoren-, eta PPk Madrilen lortutako gehiengo osoaren babesean, eskuineko autoritarismo latza eta euskaltasunaren aurkako errebantxa ezaugarritzat izan dituen ibilbidea egin du Gobernuan.
Autoritarismoari dagokionez, entzungor egin die oposizioaren hainbat eta hainbat proposameni, nahiz eta zenbaitetan parlamentu gehiengoa izan; uko egin dio gizarteko talde edo plataforma ugarirekin hainbat motatako arazoei buruz hitz egiteari; Ongizatearen Estatuaren moldeko politika zekenak aurrera eraman ditu, eta abar eta abar. Euskaltasunaren aurkako jarreren inguruan, berriz, zer esango dugu bada: euskara lurralde osoko hizkuntza ofizialkidea ez izateak eragindako hizkuntzazko aurrerapen eskasak oraindik gehiago eskasten dituen administrazioan euskara erabiltzearen aurkako dekretuak egin ditu; euskararen inguruko egitarau kopuru handi baten aurrekontuak murriztu eta blokeatu ditu; eta, azken finean, euskal munduari eta euskara maite dutenei makina bat probokazio egin dizkie. Horrek guztiak bi ondorio nabarmen ekarri ditu: alde batetik, Nafarroako Euskararen Kontseilu osoaren dimisioa eta, bestetik, joan den urtarrilaren 20an plazaratutako albistea: Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoaren arabera, Foru Komunitatea da EBko leku bakarra Gobernuak hizkuntza gutxitu batek atzera egin dezan ahaleginak egiten dituena.
Horrek guztiak, ezinbestean gogaitu egin ditu Nafarroako hainbat gizarte sektore garrantzitsu, eta sektore abertzaleen, euskaltzaleen, ezkertiar eta aurrerakoien batasunik ezaz nazkatuta, indarrak batu dituzte azkenean.
Batzarreren ikuspegitik, sortu berria den koalizioak gabeziak dauzka, edo gabeziak baino gehiago etorkizunean gainditu beharreko erronkak. Alde batetik, PSNtik at dauden ezkertiarren zati bat koaliziotik kanpo gelditu da. Bata, IU, hala nahi izan duelako, eta bestea, Batasuna, ETAz egiten duen balorazio politiko eta etikoarengatik. Horrek koalizioa mugatzen du eta gure ustez oso garrantzitsua den elementu baten faltan uzten du; alegia, indar ezkertiar eta aurrerakoien arteko zeharkako adostasunik gabe, bi identitate nazionaletako sektore irekiak bilduko dituen adostasunik gabe.
Adostasun horren bidez lortuko litzateke, gure aburuz, Nafarroako ezkerraren eta progresismoaren eraikuntzan gizartearentzat onuragarria izango litzatekeen ezkerreko proiektua. Proiektu horretan eroso egongo lirateke bai Nafarroako abertzale edo euskaltzale ezkertiarrak eta bai nafartzale ezkertiarrak, batak besteari egindako kontzesioetan oinarrituta egongo bailitzateke. Bizikidetzako proiektu berritzailea izango litzateke, euskaltzaleen legezko eskubide eta nahiak -euskal izaera onartua izatea, euskarari irmotasunez laguntzea eta euskara ofizialkide egitea, EAErekin eta Iparraldearekin lankidetzan aritzea...- hobeto islatuko lituzkeelako eta, era berean, beste alderdiari bere izaera nafar-espainiarra edo nafartzalea aitortuko liokeelako.
Horretaz guztiaz gain ezkerrak bere diskurtsoa berritu eta eguneratzen badu, hau da, Ongizatearen Estatua sendotzearen aldeko apustua egiten badu eta gizarteko hainbat korrontek -ekologismoak, antimilitarismoak edo feminismoak, inmigrazio berriak eta nazioarteko elkartasunak- jarritako beste erronkei aurre egiten badie, Batzarrek une politiko honetan egiten dituen apustuen multzoa lortuko dugu. Nafarroa Bai bide horren abiapuntu bikaina da.
Gorka Urbizu
Injustiziara ohitzea baino gaitz kutsakorragorik ez dago, genioen gure kanta batean. Abestiaren gaia oso bestelakoa izanik ere, leloa ederki asko ekar dezakegu azkenaldian ikaratu, atsekabetu eta amorrarazi gaituen jazarpenaren harira. Eskuragai daukagun jazarpen katalogoa zabala dela diost batek, eta hala da, barkatu; musikarion aurkakoaz ari natzaizue oraingoan, hain nabil aztoratuta garai batetik hona. Ez gara honetan bakarrak, ez eta lehenak ere. Eraso bat besteari jarraitu zaio artazi mediatikoak boladan jarri arte, eta martxa honetan soinujolearen semea bera isilaraziko dute. Horrexegatik ez dugu protagonista bihurtu nahi, musikari izate horrexegatik izan nahi dugulako protagonista; edo bestela esanda: protagonismoa geure musikak har dezan nahiko genukeelako, beste edozeren gainetik. Ez dugu afera honengatik publizitaterik nahi; musikan sinesten dugu eta bere arimak gauzak aldatzeko izan lezakeen indarrean. Zerrendan beste izen bat izatearen arriskua hauxe da ordea: zentsurarik makurrenera ohitzea, kokiltze sistematikoa alegia. Errefuxapen komunikatuen esparrua da antza, defendatzeko uzten zaigun bakarra, eragin- kortasunaren eremutik urrutitxo badago ere. Buruari eragiten jarraitzen dugu baina, irudimenak argibidea erakutsiko digulakoan, beste batzuetan bezalaxe. Egoera anormala da eta debekuak bultzatu dituztenek ekarri dute deserosotasun hau, baina normaltasunerako bidea zein den asmatzeko lehendabiziko urratsa ez isiltzea da. Kantari jarraitzeko gogoa biderkatu egin zaigu.
Atxekimendu mezuak beti dira ongietorriak eta jite ezberdinetakoak jaso ditugu: jarraitzaile zein musikariena, hainbat komunikabideena ûmusikalena zein besteenaû, zenbait talde politikoena, eta arazoaren haziera potentzialak hartaratuta, azken uneko bi: Eusko Jaurlaritza batetik, zeinak euskal industriaren aurkako boikotaz hitz egin duen arazoa orokortasun ikuspegi batetik tratatuz (behin orokortzen hasita, bazegoen zakura sartzeko beste mila adibide, baina tira); eta SGAE bestetik, (azkenean!) adierazpen askatasunaren aldeko aldarri epela eginez. Azken bi elkartasun dei hauek noiz eta nola etorri diren eztabaidatzen hasi gabe, ongietorriak direla berretsi nahi nuke, horrekin nahikoa ez den arren. Itsasontzi handiek maniobra zailagoak egin behar dituzte egoera berrietara egokitzeko, gauza jakina da hori, baina agian horrexegatik eskatu beharko genieke erreflexuekin azti ibiltzeko. Asko dira mugitu direnak eta beste asko egoera latz honen aurrean oraindik hitz erdirik ebaki ez dutenak. Azken hauen taldean musikarekin zerikusi zuzena dutenak dexente dira eta agian hauen isiltasunak mintzen du gehien. Batzuen mututasunak eta noski, diktaketa hitzez-hitz jarraitzen duten komunikabideen irainek. Titular guztiak guri buruz dira, baina ez digu inork ezer ere galdetu, genioen beste kantu batean.
Bestalde, inork gutxik komentatu du pentsamolde askatasunaren aurkako ehiza honen beste alderdietako bat. Argi dago emanaldiak bertan behera geratzean artista dela lehendabiziko kaltetua, baina kontuz, ez bakarra. Alderdi ekonomikoaz gain ûhonek diskoen salmentan nola eragingo duen ez da erreza aurrikustenû, publikoa bera da gustuko duen taldea ikusi ezinik geratzen dena. Madrilgo kasuan, adibidez, non hainbatetan aritu izan garen inolako arazorik gabe. Horrexegatik momentuotan zaletuekin gogoratu nahiko nuke, eurenean berriz ere orain arte bezala kondizio normaletan jo ahal izanen dugunaz ziur (zerbait oso gaizki dabil ustezko demokrazia baten sistematikoki musikariak isilarazi nahi direnean). Izan bedi berandu baino lehen, martxoaren hamabosta arte bederen izango ez dela dirudien arren.
Honako hau ez genioen gure inongo kantutan, baina mailegutan hartuko dut hurrengorarte: Loreak motz ditzakezue, baina sekula ez duzue udaberria geldiaraziko.