ETAk duela urtebete Andoainen hildako Joseba Pagazaurtunduaren omenaldiak zalaparta handia piztu du. PPk, PSOEk eta biktimen elkarteek gogor salatu dute Andoaingo EAJ eta EAko zinegotziek omenaldia ez sostengatzea. Zinegotzi hauek argudiatu dutenez, beraiekin ez da ezertarako hitz egin omendaldiaren prestakuntzaz eta horregatik sostengu eza, ez omenaldiarekin berarekin ados ez direlako. Eusko Jaurlaritzako Marixabel Lasa eta Txema Urkijo ere bertan izan ziren, baina PPk eta PSOEk oso gogor kritikatu dute Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, beren jarreran hipokrisia handia ikusten dutelako, batetik Jaurlaritza biktimen inguruan egiten ari kanpainagatik eta, bestetik, EAJk eta EAk omenaldia sostengatu ez dutelako.
Eroski eta Consumerren banaketaren teoria politikoa
Eroskiren eta Consumerren banaketaz prentsa ohar bateratua egin zuten bi taldeek eta banaketarena Valentziako kooperatibak bultzatutako erabakia zela zioten, Eroskirekiko gero eta bertikalismo handiagoa ikusten zuela eta bere izaera galtzeko beldur zela. Ez da erraza halakoetan zer dagoen jakitea, baina Espainiako zenbait komunikazio gunetan, aldiz, zentzu politikoa eman nahi izan zaio erabakiari. Lozenzo Contreras kazetari eskuindar ezagunak gaia jorratzen du Estrella Digital egunkari elektronikoan eta galdetzen du ea honek esan nahi ote duen Espainiako gizarteko sektore desberdinetan enpresa eta merkatal erantzun bat ematen hasi den euskal merkatu taldeekiko. Iradokitzen du, halaber, egoerak horrela jarraitzen badu jarrera hori Kataluniako taldeetara heda daitekeela.
Nafarroa Bai eta Batasuna, bakoitza bere aldetik
Beren eremuan erreferentzialak diren pertsona ugari, idazkiak sinatu bai ala ez ibili da asteotan Nafarroan. Joan den larunbatean 200 bat pertsonak Nafarroa Bairen aldeko botoa eskatu zuen eta duela bi beste 30en bat pertsonak Nafarroa Bai eta Batasunaren aldeko akordioa eskatu zuen. Azkenean, baina, akordioa ez da gauzatu, eta koalizioko eta Batasunako buruzagien arteko akusazio gogorrak egiten ari dira. Pentsa liteke, gainera, akusazioen tonuak gora egingo duela martxoko hauteskundeak gerturatu ahala.
Estatuaren espioitza lanak Euskal Herrian
Carod-Rovira auziak Estatuaren espioitzaren gaia plazaratu du berriz ere kalera. Euskal Herrian alderdiek eta beste erakunde askok ez dute zalantzarik egiten ari zaien espioitzaz. Kontu zaharrak dira baina, esate batera, Gara egunkariak joan den igandean gizarteko eragile politiko eta sindikal ugarik espioitzarena nola bizi duten azaltzen zuen. EA, EAJ, Ezker Batua, Batasuna, ELA, LAB eta beste eragile askoren kasuak aipatzen diru. Canarias Ahora egunkari digitalak Estatuko espioiek BNG, ERC, EAJ eta EA etengabe nola espiatzen dituzten jakinarazi du, eta Carod-Rovira eta ETAren elkarrizketa horrela jarraitu zutela eta ez ERCko satorragatik. Filmetako espioitza lanak gogora ekarriz, Kanarietako egunkariak dio bilera gunearen inguruetan hamar etakide armatu zirela bilera babesten, eta harrigarria dela nola ez ziren jarri lanaren jakinaren gainean Frantziako zerbitzu sekretuak eta guztiak atxilotu.
Batasuna, ausardia eta arriskua
Azken asteotako gertakizunek iragartzen zuten bezala, joan den udal eta foru hautekundeetan hartutako bidea errepikatuko dela jakinarazi du Batasunak. «Autodeterminazioari bai» eramango duen boto papera erabiliko du horretarako. Legez kanpo egonda eta beste indar politikoekin akordiorik lortu gabe, gaur gaurkoz alternatiba gehiegirik ere ez du Batasunak: edo beste norbaitentzat botoa eskatu edo abstenitu edo ofizialki baliogabeak izango diren botoak bultzatu. Bistan da ez duela botoa beste norbaitentzat eskatuko, eta abstentzioa eta botoa eskatu artean, bigarrenak joko politiko gehiago eskaintzen diola, maiatzean ikusi ahal izan zen bezala. Bere hautesleriarengan konfiantza handia jartzen du neurri honekin, baina hartzen duen arriskua ere handia da, jarduera politikorako baldintza oso zailetan, gainerakoenak bezala kontatuko direlako bere boto ofizialki baliogabeak.
Hizkuntz gutxituak kaltetuta Frantzian
Frantziako ikastetxe eta lizeoetan irakasle izateko egin behar den CAPES azterketako zuzentzaileek gobernuak hizkuntza gutxituen inguruan hartutako erabaki berriak salatu dituzte, gobernuko kideek hizkuntza horiekiko azaldutako mespretxua gaitzetsiz. Gobernuak jarritako baldintza berri horien arabera, orain arte euskara, bretoiera, katalanera eta okzitaniera irakasten zituzten irakasleen kopurua erdira, herenera edo laurdenera murriztuko da. Herrialde osoan hizkuntza gutxituetako irakasleak Frantziako %45a baziren, neurri berrien arabera %27a izango dira hemendik aurrera.
EHE eta Azkarraga bildu dira
Hainbat bider bilera eskatu ondoren, azkenean, joan den astean, erdietsi zuen EHEk Azkarraga Justizia sailburuarekin biltzea. Bileraren helburua sailburuari Gernikako epaitegiko egoeraren berri eta EHE abenduaren 20tik Gernikan egiten ari den gose grebaren berri ematea zen. EHE kezkatuta agertu zen Gernikako epaitegiko epaileek eta bertako langileen %83k euskara ez dakitelako. Azkarragak Justitzia euskalduntzeko eskuduntza guztiak ez dituela adierazi zuen. EHEk, Jaurlaritzak dituen eskuduntzen arabera, Justizia euskalduntzeko neurri eraginkorrak hartzeko, euskaltzaleak desobedientzia egiteagatik ez zigortzeko eta Madrilen aurrean jarrera irmoa agertzeko eskatu zion Azkarragari.
Salaketa jarri die demoei Auzitegiak
Urtarrilaren 8an epaituak izan ziren 65 demoen kontra salaketa jarri du Baionako Auzitegiak, Auzitegiak demoek mehatxuak egin izana, epaileak iraindu izana, oldartze bateratuan parte hartu izana eta auzitegiko egoitza hondatu izana argudiatu du salaketa jartzerakoan. Joan den asteko ostegunean lau demo polizia etxera joateko deitu zituzten eta atxilotuak egon ziren hiru orduz. Haiei jakinarazi zietenez, urtarrilaren 8an epaitutako guztiei jarriko diete salaketa.
Ingelesez Nafarroako Parlamentuan
Aralarreko Patxi Telletxea ingelesez aritu zen joan den astean Nafarroako Parlamentuan, Gobernuaren hizkuntz politika salatzeko asmoz. Parlamentuko presidenteak gaztelaniaz edo euskaraz hitz egiteko eskatu zion berehala. Telletxeak bedel lanpostu baterako euskararen ezagutza ez balioestea eta ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren ezagutza aintzat hartzea kritikatu zuen modu umoretsuan.
Xabier Letona
Juan Antonio deitzen da, baina txikitatik datorkio Txentxo eta hala sinatzen du berak ere. Jaenen jaio zen duela 46 urte eta 10 urterekin etorri zen Berriozarrera. Han aritu zen metalurgian 18 urtez; 13 urtez, halaber, 79tik, HBko zinegotzia izan zen bertako udaletxean eta 6 urtez HBko liberatu gisa aritu zen. Nafarroako ezker abertzaleko ibilbide historikoa jarraitu duenak bazuen bere berri.
Diario de Noticiasen idatzi berri duzun artikuluan, Batasunak Nafarroa Bairi egin dion akordio deialdia propagandistikoa dela irudikatzen duzu.
Ez, ez da horrela, Aralarrek oso serio hartzen du Bergarako proposamena, eta bertan batzen diren bi printzipio nagusi, autodeterminazioarena eta gatazka bortitza elkarrizketa eta negoziazioaren bidez konpondu behar direla, Aralarrek onartu egin ditu...
Baina ez nabil Bergarako proposamenaren edukiez, aipatu artikuluan Batasunak Nafarroa Bairi egin dion proposamenaz ari zara, botoa koalizioarentzat eskatuko lukeela honek Bergarako espirituaz bat egingo balu...
Bai, horretan bada propaganda kutsua. Nafarroa Bai sortzea korapilotsua izan da eta Batasunarekiko beste akordio bat are korapilotsuago litzateke. Akordio horiek lortzea konplexua da eta ez dira lortzen proposamena Anaitasunan eginez edo hitz handiak erabiliz, sukalde lan serioa eskatzen dute. Zilegi da hori egitea, bakoitzak bere esparru politikoa zaindu behar duelako, bana deialdi horiek akordioak bilatzera baino, gehiago datoz haien barne egoerak asetzera.
Tira, aurrera begira agian bai, baina hauteskunde hauetarako ez duzula elkarlan posiblerik ikusten.
Zaila zela jakinda ere, guk ahalegina egin nahi izan dugu aukera hori gauza zedin, eta Batasunak egindako proposamen batzuk Nafarroa Baira eramateko konpromisoa hartu genuen bertan eztabaida zitezen. Batasunak, ordea, bide hori erre egin zuen Anaitasunako proposamenarekin. Ezker abertzale ofiziala bi hilabetez aritu da Baskongadetan bere proposamena lantzen EAJ eta EArekin. Han ez da posible izan eta bi alderdi horiek Nafarroa Bairen barruan ere badira. Dena den, elkarlan hori lehenago edo geroago gauzatu egin beharko litzateke, beraz, berehalako interesak asetzeagatik ez dezagun epe ertainera begira lor daitekeena zapuztu.
Nafarroa Baitik erantzun zaio Batasunari bere hiru printzipio nagusiak onartuz gero ateak zabalik lituzkeela. Hitz egiten ari garenagatik, ordea, jakitun zarete hori ia ezinezkoa dela.
Guk hasieran aipatu genuen zerrendak blindatua izan behar zuela, eta esan nahi genuen ezin dugula zerrendaren aukera Espainiako legalitatearen esku utzi. Batasunak ulertu behar du bera dagoen egoeran dagoela eta ezin duela koalizioan alderdi gisa parte hartu; baina eragozpen hori gainditzeko eta elkarlanean aritzeko modu ugari leudeke, baldin eta Batasunak onartuko balu Nafarroa Bai berez aurrerapen handia dela. Nafarroa Bai eta Batasunaren artean desberdintasun handiak dira: partehartze instituzionala Madrilen, hautatutakoen mintzakidetza izaera...
Duela bi aste 30en bat pertsona ezagunek, Nafarroa Bai eta Batasunaren arteko akordioa eskatu zuten. Ezker abertzaleko sektore batzuetan behintzat bada gogoa elkarlan hori eman dadin. Gainera Aralarreko zenbait kide ere bada talde horretan, tartean bozeramaile lanetan aritu zirenak.
Ni ere elkarlan hori nahi dutenen artean nago. Baina, jakina, ezin da Nafarroa Bai gisako aurrerapauso handi bat gutxietsi Batasuna hor egotea posible ez delako. Presio molde horiek oso arriskutsuak dira...
Zergatik?
Bada, akordioak, lortuko badira, elkarrizketa, malgutasuna, prestutasuna eta halakoen ondorio izango delako eta ez presioaren ondorio. Presio mota bat izan daiteke komunikabideen bidez etengabe elkarlan eskaintzak egitea horretarako biderik zehaztu gabe; eta beste presio mota bat izan daiteke Aralarreko militanteak erabiltzea presio hori egiteko.
Diozunagatik, talde horrek egindako presioa ez duzue batere gustuko izan.
Bai, ez dugu batere gustuko izan.
Beraz, Aralarren ere izango duzue zertaz hitz egin.
Ez, ekimen horretan parte hartu dutenak Aralarreko militante ezagunak diren arren, beren izenean aritu dira eta hala onartu behar da. Baina denok dakigu egoerak irakurtzen.
Aipatu artikuluan, gaur egun egiten ari den galdera bati buruz aritu zinen: «Nafarroa Bai posible bada, zergatik ez antzeko zerbait EAEn?». Artikuluan eman gabeko erantzuna emango al zenuke orain?
Nafarroan posible izan bada, berau gauzatzeko kudeaketa nagusia Aralarren esku egon delako izan da. Denok utzi ditugu gureak diren ezaugarriak bidean, baina Aralarrek gehien, besteak beste zerrendaburuak eta halakoak baldintza gisa eskatu ez dituelako. EAEn Aralarrek errealitate desberdina bizi du eta nekez mugiarazi zitzakeen EAJ, EA edo Batasuna moduko alderdiak. Bergarako proposamena batez ere EAJri zuzendua zegoen, eta honek ezezkoa ematean, Batasunak bere ahalegina baretu zuen. Ezin da esan EAEn halakorik ez dagoelako Nafarroa Bai txarra denik.
EArekin izandako negoziazioetan ez zirudien bien aldetik ere akordioa lortzeko borondate oso handia zegoenik.
EArekin negoziatzen ari ginela, baldintza gisa jarri genuen gurekin negoziatzen ari zen bitartean ez zuela negoziazio lerrorik irekiko EAJrekin. Nik ez dakit EA gurekin hasi ote zen EAJ artega jarri nahian, baina edozein eran baldintza hori bete egin zuen.
Beste gai batzuetan ūezkerreko izaerari buruzkoa, paritatea...ū, ordea, ez zen akordiorik izan. Aralarren baitan ere izan da eztabaida bat EArekin joatea komeni zen ala ez. Oraingoan ez dira nahiko baldintza izan halako apustu bat gauza dadin.
Aralarrek ez du parte hartzen Nazio Eztabaidagunearen foroan. Foroaren ibilbideak posible egingo al luke beste une batean hor egotea?
Guk hasieran egin genuen zenbait ekarpen foro honen ezaugarritzeari buruz, eta ez zitzaigun kontuan hartu: era pertsonalean bakarrik egon zitekeen, zuzendaritza organuan alderdietakoak gutxi batzuk besterik ez ginen eta beren jendea gehiengo oso handia zen, prozesuan hasiz gero bukaerara arte egon beharra... Horregatik ez gara izan, batez ere ezker abertzale ofizialarentzat beharrezkoa den tresna bat delako bere berkokapena egin ahal izan dezan. Jakina, hori guztiz errespetagarria eta zilegia da. Gu egon izan gara puntualki foroan eta aurrerantzean ere gure behin-behineko ekarpenak egingo ditugu hala eskatzen bazaigu.
Foru hauteskundeetan Nafarroa Baiko indarrek 54.000 boto lortu zituzten. Egingo al zenuke boto aurreikuspena?
Gure hautes sabaia baino dezente gehiago lortuko dugu: 60.000 eta 70.000 boto lortuko ditugulakoan nago. Horrek, epe ertainera, Nafarroaren mapa politikoa aldatuko du.
Diputaturik ateraz gero, zein izango da Uxue Barkosen zeregina Kongresuan?
Bat aterako dugu eta egoera oso berezian bi ere bai, edo diputatu bat eta senatari bat. Diputatu hori beste 350en artean mugitu beharko da. Beraz, Uxue Barkosek gutxi egingo du ikuspegi kuantitatibotik, baina asko kualitatibotik. Nafarroa ofiziala gezurrezkoa dela islatuko du eta egiazko Nafarroaren ispilu zehatzagoa eskainiko du. Horrez gain, harreman mundu bat eraiki ahal izango da estatuko beste nazio batzuekin.