Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1931. alea
2004-02-15
alde 0    kontra 0



Hi bai matxista zikina!

Antton Dueso

Desclée De Brouwer

75 orrialde

6 euro




Etxeko lanik ez egiteko metodoa



Familietako ohiko eztabaida dakar kontura Antton Duesoren liburuak. Horretan ari ziren Bixintxorenean ere. Etxeko lanak zirela-eta, ama haserre zegoen aitarekin, oso gutxi laguntzen zuelako; arreba ere aitaren aurka altxa zen, errieta bukatzeko asmoz. Baina hara nondik gaizki atera zitzaion kontua, orduantxe gogoratu zutelako besteek han inoiz kolpe zorririk jotzen ez zuena Bixintxo bera zela. "Hi bai matxista zikina!" esan zioten, eta mutikoa sutan jarri zen, oso moderno eta liberaltzat zeukalako bere burua. Beraz, handik aurrera etxeko lanak bere gain hartuko zituela esan zien besteei. Baita berehala damutu ere! Eskerrak lan zikin horiek sekula berriro egin behar ez izateko metodoa bururatu zitzaion!



Euskerazaintza

Batzuen artean

Euskeraren Erri Akademia

104 orrialde

Borondatezko harpidetza



Euskaldunok burujabetza galtzen hasi ginenekoa


Euskeraren Erri Akademiak plazaratzen duen Euskerazaintza aldizkariaren azkenengo zenbakian Paul Atutxak Bilboko Euskerazaleak Alkartean lehengo urteko azaroan eskaini zituen hitzaldiei eskaintzen zaie tarte zabala. Aipatu hitzaldietan azaltzen du noiztik hasi ginen euskaldunok geure burujabetza galtzen eta nora heldu ginen, eta nolako egoeran jabetu zen Sabino Arana burujabetzaren arazoaz, zein bide hartu zuen eta nora jo dugun euskaldunok geroztik Ibarretxeren Planera iritsi arte. Bestelakoan, aldizkarian agertzen diren gaien artean Baskoiak eta frankoak, Arturo Kanpion eta P. Broussainïen txostena eta Aragoiïko izen euskaldunak erdi-aroan aipa genitzake.



Escudero maisuarekin solasean

Jon Zelaia Mendizabal

Gero

158 orrialde

11 euro



Escuderoren bizitza eta lanak


Francisco Escudero euskal konpositorearen bizitza eta lanaren nondik norakoak dira Jon Zelaia musikariak Gero argitaletxean plazaratu duen lan honen ardatza. 1912an jaio zen Illeta oratorioa, Zigor zein Gernika operak eta beste musika konposizio askoren egilea; eta 2002ko ekainaren 7an hil zitzaigun Donostian Escudero maisua, zazpi hamarkada musika egiteari eskaini ondoren, euskal musika garaikideko zutabe garrantzitsu eta ezinbesteko bihurtu eta gero. Eta hain zuzen ere Francisco Escuderoren musika ezagutzea eta maitatzea nahi luke Jon Zelaia Mendizabalek, bere iritzian ia ezezaguna, gutxi zabaldua izan den sortzailea delako musikari zarauztarra. Maisua elkarrizketatuz agertzen ditu Jon Zelaiak haren bizitzako pasarterik gogoangarrienak.



Jakin

Batzuen artean

Jakin

110 orrialde

9,60 euro



Euskal kultura 2003. urtean

Urteroko ohiturari jarraituz, 2003ko azken zenbakian iazko urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoaren balantze modukoa eskaintzen du Jakinek oraingoan, guztira hamabi idazleren lanen bitartez. Hauetatik askok Euskaldunon Egunkaria desagerraraztera eraman zuten gertaera latz haiek hartu dituzte 2003ko euskal kulturaren esparrua astindu zuen gertakizun garrantzitsutzat, baina nolanahi ere, horrez gain, literatura, Nafarroako Gobernuaren kultur politika, Jorge Oteiza museoaren inguruko gorabeherak, Elizak homosexualitatearen aurrean duen jarrera, Ipar Euskal Herriko hainbat kultur ekintza, Eusko Jaurlaritzaren kultur politika, Behatokiaren urteko txostenak edota Zuberoako euskalgintza eta kulturgintza ere badituzte aztergai.



Aho bizarrik gabe

Imanol Lazkano

Bertsolari Liburuak

510 orrialde

20 euro



Imanol Lazkanok egin duen bideaz


Suerte izugarria izan omen du bizitzan Imanol Lazkano bertsolariak. Horrela aitortzen du -betiere umore puntu nabariarekin- Aho bizarrik gabe liburuan, non berak bizitako hainbat eta hainbat gertakizun kontatzen dizkigun. Suerte izugarrizkoa izan dela dio, baina ez bere bizitza lore arteko paseo bat izan delako, arantzatsua eta gogorra ere izan baita. Baina nekea ez omen da hainbeste neke, eta arantza ez hain arantza, inguru oso batek babesten zaituenean, eta babes horixe izan du beti azpeitiarrak, bere idazlan honetan azaltzen duenez. Liburuan, gainera, bat-bateko bertsoez eta bertso jarriez osatutako atalak eta Andoni Egañak eta Joxerra Garziak eginiko hitzatzea daude jasorik.



Adio, adio!

Pello Añorga, Jokin Mitxelena

Elkar

36 orrialde/ 5,70 euro



Maite ditugunen heriotzak utzitako zauria nola osatu


Gai benetan ausartari heldu diote Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak irakurle gazteenei begira bien artean sortu duten Adio, adio!-n: maite ditugunen heriotzak utzitako zauria nola senda daitekeen, edo bederen haren mina nola leundu agertzen baitute bertan. Emaztea eta semea istripu batean galdu dituen aita bat da narratzaile. Emaztea berehala hil zen. Semeak hil ala bizi eman zituen hilabeteak ordea, azkenean amaren ondora joateko. Eta txantxangorrien laguntza baino ez zitzaion geratu aita horri.



Oilarraren

promesa

Joan Mari Irigoien

Elkar

148 orrialde

11 euro



Joan Mari Irigoienen aurreneko nobela


1976an ikusi zuen aurrenekoz argia Oilarraren promesak, Joan Mari Irigoienek idatzitako lehen nobelak. Arrakasta izan zuen garai hartan errealismo magikoko ukitu nabarmenekin Franco eta francozaleen diktadurapean nekazal giroko herri batek bere nortasuna mantendu nahian, bizirik irauteko egiten duen borroka kontatzen duen narrazio honek. Hogeita hamar urte pasa eta gero berriro plazaratu da, goitik behera berrituta, Joan Mari Irigoienek aurrekoari zati handiak kendu eta berri batzuk erantsi baitizkio. Donostiatik oso gertu zegoen Altza herria, Oilarraren promesaren egilearen jaioterria. Eta herri horri suertatu zitzaion narrazioan Azpil izena daramanak jasaten duen suntsiketa, azkenean herri izatea ere ukatu ziotelarik, bertako handimandien interesak medio, aldameneko hiriburuak irentsi zuenean eta uholdeka bereganatzen ari zen etorkinentzako etxebizitza erraldoi zatarrez erabat desitxuratu. Zementu eta hauts, hauts eta zementu, hilerri erraldoi kareztatu baten itxura hartu zuela Azpilek dio nobelako pasarte batek. Baina baita azpildar guztiek ez zutela burua makurtu ere.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1930
 
azala1929

1931 zenbakia.
2004ko otsailaren 15a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza