Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Suge-jana edo apez-belarra

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


1930. alea
2004-02-08
alde 0    kontra 0

Hostoz mukuru da bai oraintxe puri-purian, lehengo astean nion eran, ilarrondokoa edo suge-jana. Hauek biez gain hamaika izen ditu geurean landare honek (Arum italicum).

Suge-jana, suge-belarra, suge-gerezia, sugerrama, sugrama, suge-belar nerbioduna edo pikarta. Landare osoak pozoitsua den eta sistema nerbiosoa erasotzen duen aroina du eta gure hizkuntzan honelako landare gehienak sugea edo lipuarekin lotzen ditugu. Ahora gozoak omen diren fruitu gorri deigarriak jan eta tripetako karranpak izan dituzten ume ugariren aipamenak badira Europa osoan. Sugeak hiltzeko ere erabili izan omen da. Lurpean duen erraboilak ere aroina badu, baina behin egosi edo lehortuz gero galdu egiten da; almidoi ugari duenez jateko bezalaxe lihozko soinekoak tentetzeko usu erabili izan da. Hostoen pikartengatik ere suge itxura har dakioke.

Errebelarra. Osinaren gisan, hostoetan kare oxalatozko kristalak ditu. Gordinik ahoratuko duen animaliarik ez da eta sendagai bezala zauri zailak ixten laguntzeko hosto hauek zuzenean gainean jartzen dira.

Ilarrondokoa. Hotz zalea da eta urasetzen den buztin lurra du maite. Lurrean nitrogenoa pilatua bada hobe. Ilarra papilionazeoen familiako landareei deitzen diegu ûbabarruna, ilar biribila, ilarra...û eta landare hauek lurrean nitrogenoa pilatzeko gaitasuna dute. Hemendik ote datorkio suge-janari ilarrondokoa izena?

Apez-belarra. Lore multzoa onila edo inbutu formako braktea batek inguratzen du. Loreak ernaltzeko eulitxoak erakarri behar ditu eta horretarako bi trikimailu erabiltzen ditu, guretzako kiratsa den eta haien gusturako usain ederra dena hedatzea eta onilaren barruko tenperatura igotzea, intsektuei babes gozo eta perfumatua eskainiz. Lore antzu batzuekin osatutako hesi batek sartzen bai, baina ez die oniletik ateratzen uzten. Behin intsektua barruan somatuz gero, ordea, landareak polen-zakuttoak irekitzen ditu eta hesia zimeldu egiten da; soina beste lore batzuk ernaltzeko polenez jantzia duela intsektuak alde egiten du, beste lore bero baten bila. Estrategia honen erabileragatik deitzen ote zaio apez-belarra?

Inaztorra ere deitzen zaio landare xelebre honi, zergatik ote?

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1929
 
azala1928

1930 zenbakia.
2004ko otsailaren 08a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia