2004-02-08 -- 1930.zenb
Geologia, Industria eta Historia batzen dira Aizarna eta Altsolarats inguruan. Bi gertaera geologiko batzen dira hemen, biak ere gizakiak ustiatzeko modukoak, eta fenomeno horien baturari esker, zementu arkaikoa ekoiztea lortu zuten. Batetik, Zestoako Iraeta auzoko margak daude. Horiek kare hidraulikoa edo, bertakoek deitzen dioten moduan, Ğiraulikağ ematen dute. Bestetik, Ertxinako lignitoa edo ikatz minerala dago. Harri mota hori, zuraren fosilizazio naturaletik dator eta, ikatz begetala (mendian txondorretan gizonak egosten duena) baino merkeagoa denez, industrian erabiltzen zen. Hasiera batean margen erreketa Altsolaratseko burdinola zaharretan egiten zen, XIX. mende amaieran. Gerora, kare horren produkzioa handituz joan zen eta hainbat lantegi eratu zituzten Bedua, Agote, Arroabea eta Txiriboga auzoetan. Lantegi bakoitzak bere ikatz meatzea zuen, denak Ertxinako mendian kokaturik. Bertako lau lignito geruzetatik hirugarren geruza ustiatu zen batik bat. Bi metroko zabalera zuen eta kalitate oneko lignitoa. XX. mendearen hasieran inguruko ehun bat lagun aritu ziren meatzetan lanean. Gerra ondoren, soldadutza kunplitzeko modua zen meatzetan lan egitea eta inguruko gazte asko eta asko horrela aritu ziren. Ustiaketa horrek duen arriskurik nabariena "antigrisu" deituriko gasaren isurketa da. Gas hori arnasteak zorabiatu eta ito lezake edonor. Lehertu ere egin daiteke erreketa errazekoa baita. Gas horren leherketa zela eta 50eko hamarkadan istripu larria gertatu zen eta hogei lagun baino gehiagok erredura larriak jasan zituzten. Hala ere, zementu artifiziala asmatu zutenean kare hidraulikoaren produkzioa bertan behera gelditu zen. Ikatz minerala ateratzeko meatzeak poliki-poliki itxi egin zituzten.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa