Enpleguaren lekualdatzea: Ihesa ekialderantz
Daniel Udalaitz
Globalizazio kapitalistaren garai honetan, negoziazio kolektiboko mehatxua ez ezik, errealitatea ere bada Europako zenbait enpresatan enpleguaren deslokalizazioa edo enpresak ûedo haien produkzioak edo departamentu batzukû munduko beste eremu batzuetara lekuz aldatzea. Helburua, berriz, beti bat: kostuak gutxitzea ûordainsarietan batik batû eta mozkinetan gora egitea. Nazioarteko Deloitte aholkularitzako enpresak aztertu duenaren arabera, zerbitzuetako sektorean bakarrik bi milioi enplegu galduko dira datozen bost urteetan. Fenomeno hori Euskal Herrian ere hasi da erasaten, eta halaxe gertatuko da aurrerantzean.
Euskal Herriko hainbat enpresatako negoziazio kolektiboetan erabili dute enpleguaren lekualdatzea mehatxu gisa, hala nola Gasteizko Mercedes Benz multinazional alemanean, Gasteizko Pferd Rüggeberg multinazionalean, "Caballito" izenez ezagutzen den enpresan, Iruñeko Volkswagen multinazional alemanean eta beste batzuetan. Horren bistako adibidea da, esaterako, "Caballito" multinazional alemanak joan den abenduan langile bakoitzari helarazi zion gutuna. Agirian, multinazionalak ohartarazten ditu, Jundizko planta berrian egin dituen inbertsioak inbertsio, gatazkak etenik izan ezean, Asiako edo Europako ekialdeko enpresak kontratatzea aztertuko duela, disko urragarriak fabrikatzeko zenbait ekoizpen aurrera ateratzeko. Bestalde, enplegua benetan edo errealki lekuz aldatu edo deslokalizatu duten enpresak ere bat baino gehiago dira: Cabot, Ericsson eta Saint Gobain multinazionalak Bizkaian, Winkler enpresa Gipuzkoan, Chupa Chups Baionan eta abar. Horiek guztiek, beren mundu osoko produkzioak berriz antolatu eta gero, itxi egin dituzte Euskal Herriko lantegiak, eta Europako ekialdera edo Asiara aldatu dituzte instalazioak.
Euskal Herriko langileek eta sindikatuek hobe dute, hobe dutenez gero, Europan gertatzen ari diren prozesuei arretaz erreparatzea, batik bat Erresuma Batuko eta Alemaniako kasuei adi egotea, ez dakien gerta egoerak ezustean hartzea eta Euskal Herri osoko enplegua eta enpresak babesteko estrategia eraginkorrik gabe egokitzea. Kontuak horrela, euskal sindikatu nagusiei beren iritzia eskatu diegu gorabehera horren gainean, eta artikulu honen bigarren zatian jaso ditugu haien esanak.
Europa ekialdera eta Asiara begira, merke zurrean
Euskal Herrian, hastapenean dago oraindik enpleguaren lekualdatzea. Europan, ordea, larriagoa da kontua dagoeneko, eta are larriagoa izango da datozen urteetan. Afera ez da Europako enpresetako langileak Europako ekialdeko edo Asiako beste enpresa batzuetara aldatzea. Gorabehera, funtsean, lanpostuak edo enpleguak lekuz aldatzean datza, eta arrazoia errentagarritasuna da: ordainsariak apalagoak izatean, irabaziek gora egiten dute. Europan, lanpostuak urritzeko negoziazioa aski izan ez denean, langileak kaleratzea izan da irtenbidea orain arte, eta halaxe izango da aurrerantzean.
Nazioarteko Deloitte aholkularitza enpresak egindako azterketa baten arabera, mendebaldeko Europak bi milioi lanpostu lekualdatuko ditu zerbitzuetako sektorean, datozen bost urteetan. Amicus sindikatu britainiarrak dioenez, Erresuma Batuan 200.000 enplegu deuseztatuko dira zentro telefonikoetan eta zerbitzu finantzarioetan. Erresuma Batuko banku handiena eta munduko bigarrena da HSBC: bada, erakunde horrek 4.000 lanpostu aldatuko ditu Asiara. Erresuma Batuko zerbitzuetako beste enpresa handi batzuk ere ari dira garapen bidean dauden herrialdeetan lanlekuak zabaltzen, edota iragarria dute bide horri ekingo diotela, hala nola, Barclays bankuek (1.750 enplegatu), Lloyds TSBk (1.500), Abbey Nationalek eta Goldman Sachsek (250), Prudential aseguru-etxeak (850) eta telefoniako British Telecom (BT) enpresak (2.200).
Erresuma Batuaz ari garela, lanpostuak lekuz aldatzeko prozesuan, HSBC bankuaren kasua da nabarmenena. Hiru urteren buruan, 55.000 lanpostutatik 4.000 lekualdatuko ditu Indiara, Malasiara eta Txinara: 1.500 langile 2004an, 2.000 2005ean eta 500 2006an. Adituen iritziz, banku horrek plantillaren ia %15 hirugarren herrialdeetan izango du lanean, bere Britainiako bezeroen zerbitzura. Beraz, esan gabe doa, kontua ez da Erresuma Batuko langileak beste herrialdeetara lekuz aldatzea, baizik eta Erresuma Batuko lanpostuak murriztea (besterik ezean, kaleratze behartuaren bidez) eta Asian askoz lanpostu merkeagoak sortzea. Ildo horretan, Britainiako BT telefoniako enpresari, adibidez, 4,5 aldiz inbertsio txikiagoa ateratzen zaio Indian Erresuma Batuan baino, langile bakoitzeko. Zifra horiek berez erakusten dute enpresa britainiarrek zergatik egiten duten herrialde horietan ezartzeko apustua: leku horietan aski erraz aurkitzen dituzte ongi hezitako gazteak, ingeles maila egokikoak eta ordainsari apalen truk lan egingo dietenak.
Alemanian ere antzera ari da gertatzen. Siemens talde alemanak joan den abenduan bertan iragarri zuen datozen urteetan 10.000 enplegu aldatuko dituela Europako ekialdera: lanpostuak euskarri informatikoen edo softwarearen garapenaren ingurukoak dira. Alemaniako beste konpainia batzuek ere bide berari helduko diote, hala nola, Infineon (semikonduktoreak), Epcos (osagai elektronikoak) eta SAP (euskarri informatikoak) enpresek, adierazia baitute Alemanian baino dezentez soldata apalagoko herrialdeetara aldatuko dituztela lanpostuak.
Diferentzia izugarriak soldatetan
Alemaniako Siemens taldeak 30.000 aditu enplegatzen ditu euskarri informatikoen garapenean, eta erdiek baino gehiagok Alemanian egiten dute lan. Bada, Feldmayer taldeko aholkulari ordezkariak jakinarazi duenez, 30.000 lanpostu horien herena ekialdera aldatuko dute datozen urteetan. Arrazoi nagusia bat eta bakarra da: ordainsarien kostu apalagoa. Financial Timesen arabera, arlo horretako adituek 800 euro inguru kobratzen dute mendebaldeko Alemanian. Aurten bertan Europako Batasuneko kide egin diren ekialdeko herrialdeetan, aldiz, 350 eta 500 euroren artean jasoko lukete. Europako multinazionalak ezartzen ari diren Asiako herrialdeetako ordainsarietan ere antzeko diferentziak edo handiagoak dira lege. Euskal Herriko enpresa batzuk ere abiatu dira Asiara, Mondragón Corporación Cooperativa (MCC) taldea adibidez, baina oraingoz hemengo lanpostuak murriztu gabe egin dute operazioa.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.