Izaskun Jauregi
Arrosakoaren kopiarik ez
Euskal Herria Zuzenean lekuz aldatuko da aurten, orain artean ez bezala, uztailaren 2, 3 eta 4an, aurten, Hazparnen egingo baita. Baina ez da lekua bakarrik aldatuko. Izan ere, edukia bera aldatu nahi diote antolatzaileek. Musikan baino ekimen interaktiboetan oinarrituko da jaialdia eta ondorioz Hazparneko kaleetan antzerkia, filmak, dantzaldiak, hitzaldiak, eta erakusketak ere antolatuko dituzte. Taldeek arratsaldeetan soilik eskainiko dituzte kontzertuak karparik gabeko gune zabal batean.
Zinemaren entziklopedia
Euskal zinemagintzari buruzko kontu ezagunak eta ezezagunak bildu ditu Carlos Roldan historialari iruindarrak Euskadiko Filmategiak argitaratu berri duen Los Vascos y el séptimo arte (Euskaldunak eta zazpigarren artea) izeneko liburuan. Guztira, 185 sarrerako hiztegi entziklopedikoa osatu du eta bertan, euskal zinemagile, aktore, gidoilari, produktore, muntatzaile eta soinu banden konpositoreei buruzko informazioa bildu du. Bestalde, euskal zinemaren historiaren azterketa egin du Roldanek eta XX. mendearen hasieran eginiko filmen afixak bildu ditu.
Ordenagailuei kanona orain?
Autoreen elkarteak ordenagailuei kanon bat jartzeko erabakia hartua zuela zabaldu zen orain egun batzuk. Ondoren SGAEk albiste hori gezurtatu duen arren, jakina da beste hainbat lekutan pirateriari aurre egiteko neurri hori martxan dagoela dagoeneko. Alemanian, esaterako, saldutako ordenagailu bakoitzak 12 eurotako kanona du. EAEn 2002. urtean top mantaren fenomenoa %9,6an gutxitu zen eta oso txikia da CD piratak saltzen dituzten motxileroen presentzia. Beraz, pirateria batez ere Internet bidez egiten da EAEn. 2003an, hain zuzen, 12 milioi deskarga egin ziren Internetetik Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban. Eta 2002an, SGAEren kalkuluen arabera, pirateria zela-eta 800.000 disko saldu gabe geratu ziren. Mundu mailako diskoen salmenta %8,7an jaitsi zen 2003an.
Izaskun Jauregi
Gerardo Markuletak honela zioen «Geu» aldizkarian: «Beharbada poesiarik ugariena (kaxkarrena ere bai, sarri) maitasunezkoa izaten da. Oso da zaila Auswitz, Hiroshima eta gero, dibortzioa eta tratu txarrak nagusi diren garaiotan, maitasun poema balekoak idaztea. (...) Benetako esperientziaz bolero edo tango zahar batek baino askoz gutxiago azaltzen dute. (...) Batzuetan iruditzen zait haurrekin Olentzero edo Hiru Erregeez darabilgun gezur orokorraren antzeko zerbait egiten dugula helduok maitasunaz geure buruarekin».
Espido Freirek eskainitako hitzaldi baten hitzak jaso zituen «Diario de Navarra»k: «Mundu editorialean garrantzitsuena ez da dagoeneko liburua, idazlea baizik».
Javier Gonzalez de Durana Artium museoko zuzendariak «Berrria»n: «Kultura enpresen etekina ez dira zenbakiak: zerbait abstraktua da, neurtzeko zaila».
Valentín García Internet Euskadi elkarteko presidenteak zera zioen «El Diario Vasco»n: «Diskoetxeek ideia berriak ere bilatu beharko lituzkete. Adibidez, abesti solteak saldu ahal izango lituzkete».
Izaskun Jauregi
Virginia Imazek zuzendutako lan berri bat estreinatuko du Oihulari Klown-ek otsailaren 27an Bergaran. Divinas da lanaren izena eta bertan Jesukristo, Ama Birjina eta Maria Magdalena terapian jarriko dituzte Virginia Imaz, Laura Lopez eta Txefo Rodriguez aktoreeek.
Maite Itoiz soprano iruindarrak bere lehen bakarkako lana plazaratu du Alemaniako eta Espainiako diskoetxeen arteko ekoizpen baten bitartez. Bello Puccini izena duen lanean Giacomo Pucciniren aria esanguratsuenak jaso ditu. Itoizek curriculum luzea du kantuaren munduan eta egun Mikel Laboaren laguntzaile da egiten dituen biretan.
Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak Lekuko deserosoa izeneko komiki liburua plazaratu dute Gasteizko Udaleko Euskara eta Ingurumen Sailek hala eskatuta. 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzat eginiko komikia da eta Udalak 10.000 ale argitaratu ditu.
Maria Dolores Agirre omenduko dute hilaren 7an Errezilen. Ehun urte dira Agirre jaio zela eta Errezileko Udalak eta Egan aldizkariak omenaldia eskainiko diote. Gerra zibila baino lehenago hasi zen antzerkigintzan lanean eta 1953an Donostiako Euskal Iztundea udal akademiaren zuzendari izendatu zuten.