Mikel Asurmendi
Hasteko eta behin, abokatu gisa jasotako eskarmentuaz Jon Enparantzak esan diguna: «Gure lana zaila da, bizi dugun errealitatea gogorra delako. Baina presoek eta euren senideek eta lagunek bizi dituzten egoera izugarriak ezagututa guk izaten ditugun oztopoak txikiak gelditzen dira. Abokatuok esan ohi dugunez, mundu honetako baldintzetara ohitu egin gara eta izugarrikeriak æirentsiÆ egiten ditugu, Frantzian bezala Espainian».
Abokatuaren estatusa edota izaera ea errespetatua den jakin nahi izan dugu halaber. Aldian aldiko egoera politikoak nola eragiten duen abokatuen jardueran: «Egoera politikoak beti eragin du abokatuen zereginean, nolako egoera politikoa halako egoera abokatuentzako. Gatazkaren historian eta bilakabidean garrantzitsua izan da abokatuaren zeregina. Abokatuek inplikazio politiko garrantzitsua izan dute militante gisa. Abokatuaren izaera politikoak laguntzen du lanean, baita estatuen administrazioaren egituran eskarmentuak. Epaileen erabaki gordinen eta latzen berri ezagutzen dugu abokatuok eta badago nolabaiteko errespetua gurekiko. Edonola ere, sistemaren amaraun administratiboak harrapatua gaude, hamaika dira gainditu beharreko oztopoak», diosku abokatu honek.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Hausnarketa Nazionala prozesua amaitu zuen abenduan. Nola burutu zen berau?
Askatasunak, Etxeratek eta, oro har, presoen alde lanean ari diren erakundeek burutu dute Hausnarketa Nazionala. Herri batzarrak izan dira hausnarketaren oinarriak. Aldi berean eragile sozial eta politikoekin harremanak izan dira interpelazio zabal bat eginez, nazio eta herrialde mailan batez ere, 60 eragile ezberdinekin. Gogoetaren abiapuntua, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa beraren eztabaida izan da alde batetik eta Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa bestetik. Baina prozesua ez da amaitu, urrian abiatu zen eta Kursaaleko Batzarra izan da hausnarketa proiektatzeko gune eta unea. Gogoetaren oinarri horiek barneratzen segituko da eta iniziatiba ezberdinak gauzatzen.
Zein da amnistiaren alde ari diren erakundeen egoera gaur egun?
Zaila. Erakunde hauen ilegalizazioak helburu ezberdinak bilatzen ditu. Ezer baino lehen ohartarazi behar da Baltasar Garzon ez dela inor erakunde hauek legez kanpo uzteko. Honek, printzipioz, erakundeen jarduera eteten ditu. Ondoren, auzitegi batek onetsi behar du edo ez. Alabaina, bien bitartean, erakunde hauen jarduera guztiak behin behineko etena pairatzera kondenatuta daude. Hau da, Espainiako Estatuaren politikaren helburuetan bi plano bereizi behar dira: plano batean, erakundeen aktibitatea bertan behera uztea aurreikusia dute, eta beste plano batean, presoen aldeko dinamika eta sostengua kriminalizatzea lortu nahi dute.
Iparraldean erakunde hauek ez daude legez kanpo, ordea.
Erakunde hauek edo Batasuna, adibidez. PPren gobernua aurreko gobernuek 20 urteetan egin ez zutena egiten ari da azken bizpahiru urteetan. Presoen aldeko aktibitate publikoaren aurkako jarrera areago gogortu du. Egoera bitxia eta harrigarria da. Frantziak, momentuz behintzat, ez du Espainiako Estatuan jazarriak diren erakundeen aurkako jarrera bera hartu. Badira salbuespen kasuak, Joan Mari Olanorena edota Segiko Eneko Aizpururena. Horiek ETAren egiturako kidetzat jo dituzte. Askatasuna Hegoaldean debekatua dagoen bitartean, Iparraldean normaltasunez ari da. Hori Espainako Estatuak Euskal Herriaren kontrako borroka honetan duen kontraesana da.
Espainiako Estatuaren politika eta legedia gogortu ondoren, zertan da «Euskal presoak Euskal Herrira» aldarrikapena?
Errepresioa areagotu ondoren presoen aldeko dinamikan bizkortu beharra ikusi da. Amnistiaren alde lanean segitu ahal izateko are gehiago antolatu beharra dagoela errepresioaren aurka, alegia. Mugimenduaren Hausnarketak aldarrikapen hori berresten lagundu digu. Hau da, presoek izaera eta eskubide politikoak dituztela eta euskal gatazkaren prozesuan parte hartzeko eskubidea dutela esaten da. Halaber, eskubide horiek politikan ematen ari diren aldaketekin uztartu beharra hobetsi da. Finean, presoen aldeko dinamika birkokatu beharra ikusi da.
Gatazkari irtenbide bat eman ahala gauzagarri ikusten al duzu aldarrikapen hori edota presoen eskubideak oro har?
Guk aldarrikapenari ekiten diogu presoen eskubideen aldarrikapenean indar egiteko eta euren errealitatearen gordintasuna azaltzeko. Beti ere, gatazka politikoaren ebazpenera hurbiltzen garen itxaropenez, gatazkaren ebazpenean laguntzen dugulakoan. Jakina, guk eskubide horiek aipatu gabe segi dezakegu amnistiaren alde lanean. Ordea, eskubide horiek bete gabe nekez lortuko dugu amnistia. Eskubide horiek guztiak betetzen laguntzeak gatazkaren konponbidean lagunduko du gure ustez.
Mugimendua 60 gizarte eragileekin bildu da. Nolakoa izan da haien inplikazioa edo atxikimendua? Zein izan da harrera?
Presoen eskubideei dagokienean, funtsean, ez zaie ezer berririk ekarri eragile hauei. Presoen aldeko eskakizunak kaxoi batean zeuden eta mahai gainera ekarri ditugu. Nahia eskubideak eztabaida politikoaren eremuan kokatzea da. Eragileek zerbait ekartzea baino, nahia Hausnarketa haiekin konpartitzea da. Askotan aurreiritzi edo klixe batzuk izaten dira gure artean. Giza eskubideez hitz egitea inportantea da, baina klabe politikoan hitz egin beharra dago eta orduan aurreiritziak agertzen dira.
Euskalgintza eta hedabideetako eragileekin, baita hainbat sindikatu eta alderdirekin izan gara. Eremu horretan, oraingoz Batasuna, ANV-EAE eta Aralarrekin bakarrik. EAJ eta EArekin aurrerantzean egotea espero dugu. Planteamenduek, orokorrean, harrera ona izan dute. Egoera politiko berriaren diagnosian bat etorri gara, ñabardurak ñabardura. Eragile hauetako asko giza-eskubideen planoan geratu dira, momentuz ez dute urrats berri bat eman nahi. Guretzat ez da nahikoa, baina interesgarria da bakoitza non kokatua den jakitea. Abiapuntu bezala ontzat jotzen dugu, denborarekin jarrerak eboluzionatzen eta hurbiltzen joango diren esperantzaz.
Gatazkaren ebazpenaren atariaren ote gauden galdetu ohi dugu aldian-aldian. Irtenbidetik hurbil ala urrun al gaude?
Ni baikorra naiz, baina ez inozentea. Konflikto politikoa konpontzeko eskema ez da zaila, arazoa da borondatea izatea. Baina borondaterik ez dago, ez gobernuen aldetik ez alderdi politiko nagusien aldetik. Horrek frustrazioa eta borroka amaigabea dakartza. Borondaterik ez bada zaila da konfliktoaren konponketaren ataria ikustea. Gure erantzukizuna gatazka politikoa ahalik eta esplizituen azaltzea da, atari hori ahalik eta hurbilen egon dadin. Errealitateari muzin egiten bazaio irtenbide hori urruntzen da gure ustez. Hurbil ala urrun? Ez bata ez bestea. Kontua gatazkaren errealitatea hurbilaraztea da.
«Su-etena punto kom» ekimenak ETAri su-etena eskatu ondoren artikulu bat idatzi zenuen ARGIAn. Joxe Iriarte Bikilak erantzun zizun. Zer gogoeta egiten duzu hark idatzitakoaz?
Antza denez Bikila indignatu egin dut. Ulertzen dut nire artikuluaren tonua edo modua gustatu ez izana. Zilegia da bere jarrera. Hala ere, bere erantzuna harrigarria egin zait. Ni ETAri su-eten bat eskatzeak kezkatu ninduen, bereziki une honetan eta leku horretan, non eta Martin Ugalde Parkean. Badakit zer pentsatzen zuen Ugaldek. Baina, parkearen aurkako erasoen ondoren, Egunkaria itxi eta bere arduradunak atxilotu eta torturatu ondoren ETAri su-etena leku horretan eskatzea? Parkearen aurkako erasoa ETAk egindako Andoaingo bi ekintzen ondorioz dela esatea lekuz kanpo dago. ETAk Joseba Pagazaortundua hil zuelako itxi zuten Egunkaria? Estatuak ez du erasotzeko ETAren aitzakiaren beharrik. ETAren ekintzen intentsitatea inoiz baino apalagoa denean eta Estatuaren erasoa inoiz baino gogorrago denean Bikila bezalako militante baten aldetiko erantzun hori harrigarria egin zait.
Dena dela ere, historikoki ezker abertzalearen eremu sozialean edo bere inguruan aritu diren pertsonek eskatu dute su-etena.
Gogoetatzeko moduko eskaera izan daiteke, ez dut hori ukatzen. Nik eskaeraren modua eta lekua ez nituela egokitzat jotzen kritikatu nuen. Bikilaren erantzunak ez dio erantzuten nik galdetzen nuenari, su-etena testuinguru horretan eskatzea indignantea zela nioen, besterik ez. ETAk gatazka islatzen du, ETA desagertzearekin konfliktoa ez da desagertuko.
Moduak alde batera utzita, mamira joanez. Zure ustez ETAk su-etena emateak ez luke gatazkaren prozesua laguntzen eta erabakitzen erraztuko?
Gatazka gainditzeko konpromisoa eta borondatea behar dira. ETAk lagundu dezakeela esan du hamaika aldiz. Beste zerbait behar da.
Zerbait horretan kontra-partida politikoren bat sartzen al da?
Hori aztertu beharko litzateke. ETAk su-etena emateak, bere horretan, ez dut uste ezer ekarriko duenik. Beste konpromisoak behar dira. Bestela betiko eskeman segituko dugu. Hau da, ETAk guardia zibilak ekarri al ditu? ETA egongo ez balitz ez litzateke guardia zibilik egongo, ezta torturaturik ere? Arazoa ETA sortu baino lehenagokoa da. Serio izan gaitezen. Sustraietara jo behar da. Kontua da ere, denok ez dugula askatasun berberaz hitz egiten ahal. Kontua ez da ETAren alde egitea, baina erabiltzen ditudan hitzak garesti ordaindu ditzaket.
Eider Garaikoetxea
Kepa Larreak ez du EGArik. Euskara irakasten eman ditu azken 20 urteak, gehienak azterketa famaturako ikasleak prestatzen. Adur Larrea ilobak, ordea, egungo gazteek bezala, bere garaian eskuratu zuen agiria. Idazle eta marrazkilari lanetan jarri dira biak eta euren esperientzian oinarrituta, Nola atera EGA (euskararik jakin gabe) liburua argitaratu dute. Gomendioak, pasadizoak eta hausnarketak bildu dituzte idazki ezin dibertigarriagoan.
guztia irakurri
Garzon epailea haserre atera da Mexikotik
Hiriburuko espetxe batean espetxeratuak dauden sei euskal herritar interrogatzera joan zen joan den astean Baltasar Garzon epaile espainiarra Mexikora, baina esku hutsik eta haserre etorri da. Kartzelako agintariek ez zioten utzi halakorik egiten, hori bertako legediaren aurkakoa delakoan. Garzonek gogor salatu du Mexikon berarekin izandako jokaera. Horrez gain, La Jornada egunkaria ere gogor salatu du, berau ETAren aldekoa dela adieraziz, gertatutakoak manipulatzea eta beste hainbat salaketa eginez. Egunkari mexikarrak, bestalde, bere gezurrak salatzen ditu, bere lerro editoriala faltsutzea eta, azken finean, Mexikora jarrera kolonialistaz joatea, bertako legediaren gainetik, han nahi duena egin dezakeela pentsatuz.
Nafarroa Bai eta Batasuna, bakoitza bere jokoan
Interesgarriak bezain korapilotsuak aurreikusten dira hauteskundeak Nafarroan. Nafarroa Bai koalizioaren emaitzak izango dira interes horren arreta guneetakoa; koalizioa hau eta Batasunaren arteko harremana bestea. Nafarroa Baik Batasunaren proposamenari ezezkoa eman ondoren, Batasuna bilera eske ari zaio koalizioari. Gizarte mailako pertsona talde batek, bestalde, abertzale guztiak bilduko dituen akordia eskatu du. Laster batean, halaber, beste talde batek Nafarroa Bairen aldeko botoa eskatuko du, zeharka bada ere. Jadanik ez dirudi akordioetarako tarterik dagoenik eta bakoitzak aurreikusitako jokoa erakutsiko du.
Jeltzaleak eta berrikuntza
Udaberrira arte bederen agur esan dio Joseba Egibarrek EBBri. Josu Jon Imaz lehendakari berriak, bestalde, bozeramaile figura beretzat hartu du, horrek bere mezua argi azaltzen eta buruzagi perfila indartzen lagunduko diolakoan. Udaberriari begira, ez dirudi Egibarren sektoreak Araban eta Gipuzkoan arazo handiegirik izango duenik; Bizkaian eta Iparraldean ere Imazek beste horrenbeste, eta ikusteko dagoena Nafarroakoa da: egungo lurralde zuzendaritza Egibarren aldekoa izan arren, Imaz atera da garaile. Klabe ugari egon daiteke Imazen hautaketa honetan, baina garrantzitsuena berrikuntzaren nahia izan da, jeltzale asko nekatua zegoen Arzalluzen agintaldi luzearekin eta, antza, Egibarrek irudikatzen ez duen berrikuntzaren aldeko apustu egin nahi izan du.
ETArekiko elkarrizketa mahai gainean
Kataluniako gizarteko sektore nazionalista eta ezkertiarrek sostengua eman diote Carod-Rovirak ETArekin izandako elkarrizketari, baina batez ere arbuiatu dutena PPk ERCren aurka eta Kataluniako gobernuaren hirukoaren aurka egindako jokaldi itsusi eta interesatua da. Termometroak zer dioen martxoaren 14an ikusiko da. Baina PPren helburu garrantzitsuena, Euskal Herrian bezala, ez dago Katalunian Espainian baino. PSOE erasotu nahi izan du eta baita lortu ere. Jose Luis Rodriguez Zapaterok duela bi aste oso zaila bazuen, orain ezinezkoa izango duela esan liteke. PSOE eta PSCren arteko tentsioak, gainera, are egoera okerragoan jartzen du alderdiaren irudi bateratua, aurretik ere nahiko ukitua zegoena. Bere aldeko tantoa ETAk lortu du, inongo bortizkeriarik gabe gainera, berarekiko elkarrizketaren beharra berriz mahaigaineratu baitu, bata eta bestea elkarrizketari buruz posizionaraziz. Erakunde armatuaren aurkakoa, ordea, jasaten duen kontrolarekiko irudi kenduezina.
Inguma datu-basean elkarlanean
Udako euskal unibertsitateak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak Euskal Komunitate Zientifikoaren Inguma datu-basean elkarrekin lan egiteko hitzarmena sinatu dute. UEUk EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskaltzaindiarekin izenpetu ditu datu-base horren inguruko hitzarmenak azken bi urteetan. UZEIren kasuan, aldiz, hitzarmen horren ostean, sortu zenetik gaur arte euskaraz egindako lan guztiei buruzko oinarrizko informazioa datu- basean jartzea izango da helburua.
Hitzaldiak Donapaleun
Manex gogoan taldeak euskararen normalizazioaren aldeko apustua egin asmoz euskarazko lau hitzaldi antolatu ditu otsaileko lau ostegunetarako. Hainbat gai landuko dira Donapaleuko Zabaliken egingo diren saioetan: kultura, politika, umoreaà Hizlariak, berriz, EHNEko eta Via Campesinako kidea den Paul Nicholson, Junes Casenave Harigile idazlea, Piarres Charriton euskaltzaina, Asisko Urmeneta, Kike Amonarriz eta Antton Olariaga izango dira.
Euskarak Baluarten duen lekuaz kexu
Oinarriak plataformak deituta, duela hiru hilabete Iruñean zabaldutako Baluarte Kongresu eta Jauregian euskarak duen leku eskasa salatzeko elkarretaratzea egin zuten pasa den larunbatean jauregiaren aurrean. Bildutakoek eraikineko kartel, agiri eta errotuluetan gaztelania besterik agertzen ez zela eta beraz, euskadunak baztertzen dituela salatu zuten.
«Guaixe» astekari bihurtu da
Urtarrilaren 24tik astero-astero banatzen da Guaixe aldizkaria Sakanan. Duela hamar urtetik Guaixe hilabetekari moduan plazaratu izan dute euskal kultura sustatzearren eta euskara normalizatzearren. Guaixe plazaratzen duen Bierrik euskara elkarteak Beleixe irratia eta Oixe hamabostekaria abiatu ditu azken urteetan. Guaixe astekari bihurtzearekin Oixerekin bukatzea erabaki du. Orain arte 4.000 aleko tirada zuen Guaixek, baina handitu egin dute leku gehiagotan jaso dezaten.
Euskal soziolinguistikaz Renotik
Renoko unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak euskal kulturari buruzko hainbat ikastaro akademiko eskaintzen ditu Internet bidez. Ikastaro horiek lantzeko hainbat liburu plazaratu ditu Renoko Unibertsitateak, horien artean gaur dakarkiguna: Basque Sociolinguistics: Language, Society and Culture. Gai ugari ditu aztergai Estibaliz Amorrortuk apailatutako liburuak: euskararen garrantzia euskal identitatearen definizioan, euskal hiztunen jarrera euskaldun eta erdaldunekiko, euskara batuaren sorrera...