Mikel Aramendi
Ez dakit astroen jirabirek gizakiongan eraginik badutela sinesten dutenek, nik ezagutzen edo aintzakotzat hartzen ez dudan klaberen bat edukiko duten, baina hasi berria dugun urte honetarako kezka, eta ez txikia, eragiten dit «betidanik» (data ipintzen ez hastearren) Euskal Herriak Irlandarekin duen kidetasun politiko asimetriko horrek. Baldin eta azken hamarkadan paralelismoa baino gehiago oposizioa izan denak jarraitu eta han gainbehera dena hemen bizkorraldia izaten ez bada. Ez da esperagarriena, hala ere.
Hamar urte bete ditu jada Reynolds eta Majorrek Downing Streeten sinatu zuten agiri politikoak, eta abuztuan beteko ditu beste horrenbeste IRAren 1994ko su-etenak. Ezin esango dugu, haatik, haien ondoriozkoa den Ostiral Santuko hitzarmena sasoirik onenean aurkitzen denik, hilzorian baizik. 2003ko azaroaren 26ko hauteskundeek ez dute prozesuaren krisi kronikoa konpondu; alderantziz, areagotu egin dute. Paisleyren UDP da orain arbitro nagusia, partida bere horretan blokeatzeko eskumena duena. Eta, orain arte erabakigarria izan den Blairren borondate politikoa, ezerezean geratzen ari da prozesuaren korapiloak eta laboristen bestelako endredoak direla medio: hala nola Londresen kalkuluetan, seguruenik, argi dagoelako aterabide politikoa zapuzten bada ere IRAri ez zaiola borroka armatura itzultzeko aukerarik geratzen, berehalakoan behintzat.
Beude Ipar Irlandako arazoak ipar irlandarrentzat, eta haiekin zerikusi zuzena dutenentzat. Beroiek geurean izan dezaketen eraginak kezkatzen nauela nioen. Gogoeta konplikatu eta ñabarduratsuak baino mezu bakan eta errepikatuak askoz nahiago dituen herri honetan, auzi horri buruzko irakurketa gehienak nork bere «betiko» diskurtsoa berresteko ildoan kokatuko direla igartzeko ez da aztia izan behar. Horrela, batzuentzat, hango eta hemengo gizarte eta egoera politikoen arteko ezberdintasunak azpimarratzeko abagune aproposa izango da (edota alderantziz, ez/berdintasunen joko honetan argudioen pendulua mutur batetik bestera joaten ikusi baitugu behin baino gehiagotan); beste batzuentzat, armen baliabideari unilateralki edota bermerik gabe bazter emateak erakar ditzakeen ondorio politikoen agerkari izan daiteke.
Zorrotzagoak izaten saiatzeak mesede egingo liguke, agian. Ipar Irlanda, Palestina eta Euskal Herriko arazo politikoek elkarren artean dituzten ezberdintasun ikusgarrien artean, ez da txikiena haietako bakoitza politikoki konpondu ahal izateko partaide direnek duten borondate politiko arras ezberdina, bakoitzarentzat arazo den eta ez denaren definiziotik bertatik eratortzen dena, gehienetan. Euskal Herrian, adibidez, Madrilek arazoa «terrorismoan» kokatzetik «nazionalismoan» ikustera pasatzeak erakarri duen blokeoan ataskaturik aurkitzen gara, Londres, Dublin eta sei konderrietako errepublikarrek Ipar Irlandan lortu zuten definizio bateratua eta gaurdaino izan duten borondate politikoa amestuz. Han, ordea, beste bide batetik, komunitate unionistaren ezkortasun interesatu bezain demokratikoaz, blokeo egoera berorretara hel daitezke orain.
Borroka armatua, bestela eskura ezinak ziren xede politikoak lortzeko "abrelatasa" izan zitekeeneko garaiak, izatekotan, bloketan banatutako munduaren amaierarekin bukatu zirela egitate historiko kontingente bezain distiratsua da egun. Are gehiago: xede horiek tresna demokratikoen bitartez lor daitezkeenak direnean, gehitu ordez gutxitu egiten du eraginkortasuna, bi bideen konbergentziak, II Mundu Gerraren ondorengo lehen aldian gerta zitekeenaren alderantziz. Baina horrek ez du esan nahi orain demokrazia, berez eta ezinbestez, era guztietako arazo politikoak «ireki» ditzakeen «abrelatasa» bilakatu zaigunik.
Demokraziak ere blokeoak sorraraz ditzake.
Alberto Irazu ( kazetaria)
1963an, Alexander Mackendrick zine zuzendari eskoziarra bat etorri zen elkarrizketa egiten ari zitzaion kazetariarekin. "Bai, arrazoi duzu ûesan zion kazetariariû, zenbait gai izugarri jorratzeko komedia da aukera bakarra". Mackendrick eta aipatu morroia izenburu kilometrikoa duen film batez ari ziren: Dr. Strangelove, or: How I learned to stop worrying and love the bomb (Stanley Kubrick, 1963).
Espainiako zinemetan ûbaita Hego Euskal Herrian ere, berazû, izenburua aldatuta estreinatu zen Kubricken filma. ¨Telefono rojo? Volamos hacia Moscu laburragoaz bataiatu zuten, itzulinguruka erabat saihestuta, ikusleak Gerra Hotzari buruzko satira zela jakin zezan.
Kubako krisiaren ondoren egindako film hartan, Kubrickek barruan sentitzen zuen izua azaldu zigun. Hala, filmeko pertsonaiak muturreraino satirizatuta, galdera potoloa planteatu zuen: bonba nuklearra artaburu eta mozkorren esku ote dago? Ez da posible, ezin liteke!
Kubrickek satiraren begi umoretsuaz begiratu zion gai izugarri horri, seguru asko, Mackendrickekin ados, zentzugabekeria hura salatzeko modu bakarra iruditzen zitzaiolako. Drama adierazteko, komediaren forma arina aukeratu zuen.
Hala ere, Kubrickek ikuspuntu hura hartzea ahalbidetzen zion abantaila bat zuen. Hiroshima eta Nagasakiko biztanleek ez bezala, berak ez zuen holokausto nuklearrik bizi izan. Probatu ez duenaren distantziak halako arintasuna ematen zion. Seguru asko, japoniarrek ez zuten barre egingo bonbaren gainean trostan ari den cowboyaren eszena ospetsuarekin.
Tankera horretako komedia politiko asko dago zinemaren historian. Besteak beste, gaiarekiko distantziak egiten ditu era bateko edo besteko. Gaurkotasunezko film bat aipatzearren, oraindik ere Hego Euskal Herriko zenbait aretotan ikus litekeen Good bye, Lenin! (Wolfgang Becker, 2002) adibide ona da.
Elkarrengandik oso urrun ûkilometrotaraû egon arren, Kubricken eta Beckerren filmeek elkar ukitzen dute. Bietan Gerra Hotzaren garaia dakusagu, baina hori baino estuagoa da lotura: bietan umorea aukeratzen da plater latza nolabait irensgarri egiteko.
Aipatu Good bye, Lenin! horretan, 1989an Berlingo Harresia behera bota zuteneko garaia gogorarazten du Beckerrek. Egun haietan, urte luzez elkarrengandik bananduta egon ondoren, Mendebaleko eta Ekialdeko alemaniarrek berriz ere elkar besarkatu eta txanpaina barra-barra edan zuten. Baina txanpona ez zen alde bakarrekoa izan, harresi hura botatzeak beste aurpegia ere izan zuen-eta: utopia komunistaren porrota, kapitalismoaren gailentze erabatekoa. Egun hartan jende askoren ametsa behera erori zen.
Wolfgang Becker askoz gertuago dago gertakariez Kubrick baino. Horrexegatik, Good bye, Lenin!ek komedia eta drama neurri berean nahasten ditu.
Eta guk zer?
Alexander Mackendricken planteamendua oso polita da, baina beti ez da posible. Egia da komedia dela zenbait gai izugarriri buruz aritzeko modu zorrotzena, baina batzuetan, amigo... ezin liteke. Eta ez komediarako osagaiak falta direlako, azpiko sufrimendua gehiegizkoa delako baizik.
Euskal Herrian bizi den drama esaterako. Nola kontatu behar dugu pelikula hau? Bistan denez, pertsonaia politiko grotesko asko dago komedia aise gaindituko lukeen fartsan protagonista izateko. Baina azpiko drama ikaragarriegia da apar horietarako. Zein genero dagokio, oraingoan bezala, aukerak behin eta berriz alferrik galtzen dituen jende saldoari?
Arantxa Iturbe
Erabat galduta nago-eta. Bidegurutzean. Bide bati jarraituz gero antzokiak beteta topatuko ditut; jendez gainezka. Barrez lehertuko naizela ziurtatu didate. Antzoki batera inoiz sartu ez direnak ere ilaran zain jartzen direla zintzo-zintzo, ondoren hartuko duten gozatuak hainbeste sakrifizio mereziko duelakoan. Eta merezi duela sinetsita irteten direla, gainera. Antzerkia hain gauza graziosoa zenik ez zitzaiela inoiz burutik pasako esanez. Pareko bideari jarraituz gero, berriz, artea topatuko dudala esan didate. Benetakoa. Begi eta belarriak baino gehiago arima aberastuko didan artea. Pertsonago bihurtuko nauena. Zer pentsa utziko nauena. Ez dudala arazorik izango sartzeko ere abisatu didate. Ez dakitelako atarian jende ilara bat zer den. Ikusleak tantaka joaten direlako. Eta hori, aditu guztiak behingoagatik bat etorri diren arren, merezi duela esateko orduan. Isilik irteten omen da, ordea, jendea. Barruan pasatako ordubetea denbora galdua edo denbora irabazia ote den erabaki ezinik bezala.
Bidea erakusteko eskatu badizut, hala ere, ez da bi bide horietatik zein aukeratu erabaki ezinik nagoelako. Uneak eta tenpleak izaten dira. Eta uste dut erraz asmatuko nukeela nora jo: gorputzak aginduz gero batera, buruak aginduz gero, bestera. Eta uste dut biek merezi dituztela mimoak eta biak direla zaindu beharrekoak. Eta uste dut batek ez diola besteari kalterik egiten, ez bada behintzat bat bestearen gainetik gailentzen hoberik ez dagoela sinetsita, eta ez badu batak bestea gutxiesten, bakoitzak bere argumentu gutxiestzaileekin.
Ez. Bidea erakusteko eskatu badizut izan da jakin nahi nukeelako ez ote legokeen bidezidorrik bietatik bakarra aukeratu beharrean erdibide bat egiteko. Alegia, zerbait, ahoz aho bolo-boloka ibiliko dena, adituek ontzat emango dutena, ikuslea gustura utziko duena, barrea helburu duena, eta ahalegin estetiko eta intelektuala bere baitan dituena. Eta ahal bada, zerbait arriskatzen duena.
Begira. Ni kokoteraino nago. Komunikabide batean aritzen bainaiz, badakizu. Eta komunikabide batean aritzeak asko erakusten du. Batez ere erakusten du ezinezkoa dela hartzailearen gogoa asetzea, bere gustuak asmatzea, zure ilusioak betetzea eta denak kontentu geratzea. Konforme. Azkeneko hori ez da izango akaso helburu nagusia, baina norbera satisfetxo geratzea ere ez da oso helburu anbiziosoa (une zoriontsuenak berak ematen baditu ere, lanbide honetan urte batzuk eginez gero satisfetxo gehiegi ezagutzen da bazterretan). Komunikabide baten aritzeak erakusten du, azken batean, arrakasta kopurutan neurtzen dela. Zenbat eta entzule gehiago, hobe. Zenbat eta ikusle gehiago, hobe. Ez. Komunikabide batean aritu arren badakigu zenbat eta entzule gehiago, hobe horrek ez duela esan nahi hobeto ari zarenik, ez zuk egiten duzuna beste batzuek egiten dutena baino hobea denik. Ez du horrekin zerikusirik. Esan nahi du komunikabidea gidatzen duen enpresak etekin hobeak izango dituela. Eta horrek ondorio-soka luzea dakar. Eta komunikabide batean aritzeak erakusten du "ikus-entzuleari zer eman behar zaio? Nahi duena?" eguneroko galdera bihurtzen dela, eta erantzun posible asko eta denak oso zilegi izan arren, ikus-entzuleak nahi duena ikusten eta entzuten duela, eta normalean edozein eratara neurtuta ere ez onena. Eta erakusten du oso zaila dela ematen duenak eman nahi duena eta hartzen duenak hartu nahi duena bat eta bera izatea, mutur-banatan egoten direlako. Pixka bat, aurreko bidegurutzea bezala. Eta erakusten du, azkenik, batzuk apustu garbia egiten dutela hartzen duenak hartu nahi duenaren alde, eman nahi dutena zeharo ahaztuta. Beti ere, zenbat eta gehiago, hoberen alde.
Horregatik ba. Ea ba ikus-entzuleak behar dituzten beste ikuskizunetan erantzunik topatu ote duzuen. Horregatik eskatu dizut bidea erakusteko. Baina irudipena daukat ez zaudela zu ere oso talante onean erantzuteko. Eta gutxiago komunikabideena aipatu dizudan honetan (hau komeria!).
Beste irtenbidea zen antzerkikoei galdetu beharrean literatura mundukoei galdetzea. Horiek ere irakurle bila ibili behar izaten dute. Irakurlea da beraien ikus-entzulea, agrabante batekin: irakurleak joan egin behar izaten du irakurtzekoaren bila. Ahalegina eskatzen dio horrek. Apropos horretara jartzea. Antzerkikoaren antza badu horretan. Baina hor ere urak nahasi xamar datoz azkenaldi honetan. Eta bide banatako erantzunekin egingo nuke topo. Argigarririk ezer ez.
Igual hobe erantzunik ez jasotzea. Ze, basta zuk erantzun bat ematea, eskuak airean bat baino gehiago eskandalizatzeko. Antzerkira inoiz joaten ez direnak, gehienak. Edo liburu batekin gozatzea zer den ez dakitenak. Beraientzat kalte. Nik bidezidorraren bila jarraituko dut. Atertzen duenean, beti ere. Ez dira gozoak egongo-eta bide-bazterrak azkenaldian botatakoarekin.