Daniel Udalaitz
Burtsako profesionalek eta inbertitzaile guztiek gehien kontuan hartzen duten adierazlea da Ibex 35. Espainiako Estatuko lau burtsetako (Madril, Bilbo, Bartzelona eta Valentzia) etengabeko merkatuan kotizatzen duten 35 balore garrantzitsuenek osatzen dute. Indize horren barruan oso balore edo enpresa gutxi badaude ere (35 bakarrik; horregatik deitzen zaio Ibex 35), kontratazio bolumenik handiena duten konpainiak dira horiek, eta beraz, merkatuan zeresanik handiena daukatenak. Lau dira Ibex 35en sartuta dauden euskal enpresak: BBVA, Gamesa, Iberdrola eta Metrovacesa. Indizea osatzen duten gainontzeko enpresak, berriz, ondorengoak ditugu: Abertis, Acciona, Acerinox, ACS Actividades, Altadis, Amadeus, Arcelor (talde horren barruan daude Bizkaiko Labe Garaien oinordekoa den Bizkaiko Altzairutegi Konpaktoko (ACB) plantak, eta Nafarroako beste zenbait planta), Banco Popular, Bankinter, BSCH, Dragados, Enagas, Endesa, FCC Fomento y Construciones, Gas Natural, Ferrovial, Iberia, Inditex, Indra, Mapfre, NH Hoteles, Red Eléctrica, Repsol YPF (talde horren barruan dago Petronor euskal enpresa), Sacyr Valle, Sogecable, TPI, Telefónica, Telefónica Móviles, Terra Networks, Unión Fenosa eta Zeltia.
Julio Medem izan da aurten Espainiako zinearen Goya Sarien protagonista, eta ez sari kontuengatik, izendatua zegoen arren, bere filmak ez baitu saririk eraman. AVT erakundeak eta PPk kanpaina zorrotza antolatu dute Medemen aurka, Espainiako zinema mundua posizionaraziz. Denek agertu dute ETAren aurkako jarrera aldez aurretik ezaguna; eta aktore gehienek eta Espainiako Zine Akademiak ere gogor kritikatu dute PPren eta AVTren adierazpen askatasunaren aurkako jarrera.
Javier Pradera Bizkaiko diputatu nagusi ohi jeltzalea Atlheticeko zuzendaritzarantz darama Correo taldeak, Izaronewsek argitaratu berri duenez. Interneteko komunikabidearentzat, Correokoak aspaldi ari dira Atlheticeko zuzendaritza hartu nahian eta orain «abertzalez mozorrotutako batekin» (Praderagatik) egin nahi dute saio hori eta Javier Uriaren heriotzak bidea errazten ei die.