Lourdes Oņederra
Nola begiratzen zaion da kontua, horrek axola du: gauzei nola begiratzen zaien, nola analizatzen diren. Baina, horretarako, analizatu egin behar dira, automatikoki erabili gabe betiko topikoak, betiko jarrera biktimistak. Gaizkia txarra dela badakigu. Bada ordua benetan non dagoen eta nola aurre egin behar zaion azter dezagun.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari berriak euskara jakin beharrari buruz ETBn esandakoak zalaparta piztu zuen. Azkarregi isildu zuen, ordea, Carod Rovirarenak. Ea, txanpa mediatikoa galdu badugu ere, etekinik ateratzen diogun.
Albistea sortu ahala, entzun edo irakurri ahal izan genuen euskararen beharrik ez zuela esatea, Madrila joan eta gaztelaniaren beharrik ez zegoela esatea bezala zela edo, Londresa joan, eta ingelesa zertan jakin ez zela adieraztea bezala. Ba ez, ez da. Oker dago baieztapena: ez dator bat deskribatu behar lukeen errealitatearekin. Gaizki analizatuko ditugu gauzak deskripzioa bera gaizki egiten badugu.
Errealitateak erakusten du euskara ez dela hemen beharrezko lehen dibisioko futbol talde baten entrenatzaile izateko, edo unibertsitate katedradun izateko (agian horiek hasi behar lukete?), ezta politikari izateko ere (diskurtso abertzalekoak barne), are prentsa bulegoak edo hedabideak zuzentzeko ere. Uste dut zerrenda luzatzea, lehendabiziko harria botatzea baino zintzoago dela hemen. Ez?
Haatik, hemen euskara ez dela beharrezko onartzeak ez lioke indarrik kendu behar aldarrikatzeari epaileek euskara jakitea badela egoki / on / komenigarri / nahitaezko / osasungarri / bakegile / interesgarri / lagungarri / eta abar. Adjektiboa aldatu zein aukeratzeko, argudioak bilatzea litzateke behar dugun eta egiten ez dugun analisiaren atal bat.
Argudioak bilatu: ez betiko martiritegiaren magal babesle irentzailean ezkutatu. Bila ditzagun argudio onenak, ez errazenak. Has gaitezen geure buruei galdatzetik zer nahi dugun, nora goazen, zein den gure helburua, zertarako nahi dugun euskara, zer nolako gizartea dugun amets.
Zer gertatzen da euskara abandonatu dutenekin? Ikasi nahi ez dutenekin? Ezin dutenekin? Zergatik izan du horren oihartzun eskasa Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) liburu joriak? Geure zilborrak laztandu beharrean azkura sortzen duelako, ala Durangon asko erosi baina irakurri gutxi irakurtzen dugulako?
Gizarte eleaniztuna goratzean, ez dakit zertaz ari garen. Euskal txokoetan (geto baino hitz goxoagoa, ala?) hautematen denagatik, aniztasunean ingelesa gaztelania baino errazago sartzen da. Fakultate ikasleen artean gauza arrunta da gure hizkuntza esapideak euskara bakarrik adieraztea idazlanetan. Baita euskara nola edo halakoa dutenen artean ere. Huts tekniko izugarria, linguista-gai batengan, gogoak erabakitzea terminologia. Are izugarriago sentimendu hori gaztelaniarenganako gorrotoa bada.
Ez dakit epaile jaunak euskara gorrotatzen duen. Edonola ere, bada euskara gorrotatzen duenik. Gorrotoa bezain txar da ûeta maiz haren arnasû ezjakintasuna. Has gaitezen egietatik, adibidez: 1) hemen euskara ez da oraingoz beharrezko; 2) gutako askorentzat gaztelania ere gure hizkuntza da (sentimenduz askorentzat, teknikoki askoz gehiagorentzat ziurrenik).
Biktimismoa ez da oparoegia. Lehendik konbentzituak bakarrik konbentzitzen ditu eta besteak dira geureganatu beharrekoak (ala?). Hemendik aurrera jokabide eraginkorrak bilatu behar genituzke, ofizialtasunarekin noraino iritsi garen aztertu eta, batez ere, nora iritsi nahi dugun argitu geure artean.
Zalantza gutxiko gure mundutxo honetan, galderak irekitzea arerioaren aldekotzat jotzen da. Helduko zaizkit orain ere ironiak eta ez-zara-gutarra dioten begirada maltzurrak. Egia esan neka-neka eginda nago arerioen jolasarekin. Nahiago nuke hausnarketa serioaren arora igaro. Beldur naiz ordea hori amets hutsa ote den biktima gehien sortzen dituenak euskararen biktimismoari eusten badio.
Bitartean, denbora kontra dute hizkuntza txikiek.
Karmelo Landa
Gizarte postindustrialaren diskurtsoa hedatzen ari da azkenaldian, eta sarritan esaten zaigu Bilbo eta Ezkerraldea direla Bizkaian, aldaketa horren adierazgarri bikainak; hortik, gero, beste hainbat ondorio atera nahi izaten da, Guggenheim, Euskalduna eta gainontzeko ikono posmodernoen agerira, euskal hiritarra balizko garai hipermodernoen moduetara makurrarazi nahian edo.
Diskurtso ideologizatua eta intentzionatua da hori, ordea, azken hogeita bost urteotan burutu den birmoldaketaren ondoren ere, estatu osoko industria dentsitate handiena bertokoa da; euskaldunon barne-produktu gordinaren ehuneko berrogei baino gehiago industriak sortua da egun. Birmoldaketak industri lanpostuen laurdena galtzea ekarri zuen, baina produktibitateak estatuko bataz bestea baino azkarrago egin du gora.
Gure gizartearen oraingo argazkia industriala da hein handi batean, eta ezinbestez, azken mendeetan sendo erroturikoa baita euskal industria; bestelako kontuak dira oihal industrial aberats horren berrikuntza eta gaurkotzea modu egokian burutzeko behar diren baliabideak eskura ditugun; eta hor sartzen gara bete-betean hain gaurkoak diren eztabaidetan: egoitzen deskokapena, ardatz atlantiarra eta komunikazio eta garraio-azpiegituren diseinua eta abar. Diskurtso itxuroso askoren azpian dauden pisuzko arrazoiak. Altzairua bezain astun eta sendoak.