2004-02-01 -- 1929.zenb
Artikutzako protagonistatzat, landareen erreinuko espezie xume baina oso berezia aurkeztuko dizuet, Soldanella villosa. Landaretxo hau Euskal Herriko eta Kantabriako endemismoa da, bere hedapen zona leku horietara mugatzen delarik .
Gure lurraldeko landareen artean bitxienetarikoa, eta modu honetara dago katalogatua: espezie arraroen zerrendan. Baina bizitoki zabalera murritza eta ezohiko espeziea bada ere, Europako Komunitateko Habitat Arteztarauak babesten du, "komunitaterako interesdun" izendatuaz eta espeziearen jarraipena ziurtatzeko barruti bereziak ezartzearen beharra azpimarratzen dute.
Dagoeneko ziur nago soldanella ezagutzeko irrikaz zaudetela, banoa bada berau deskribatzera:
Gutxi gora behera 13 cm-tako landare hau, martxotik maiatza bitarte loratzen da, lore morexka bat emanez. Txanponak diruditen hosto borobil, berde distiratsuez horniturik, erraz identifikatuko dugu beste landareen artean. San Jose lorearen ahaidea da (Primulaceae familia) eta izugarri atsegin zaio Artikutzako giroa. Artikutzan bi egunetik behin euria egiten du bertako klima "urtaro lehorrik gabeko klima epel hezea" baita. 50 eta 900 metro arteko altueran bizi da, baina beti errekasto baten inguruan. Kapritxosa samarra da, eta moko finekoa dugu ez baitugu edozein errekastotan topatuko.
Hezetasuna atsegin du ezer baino gehiago. Hau dela eta oso garrantzitsua da erreka bazterreko landaretza osatzen duten espezieak: haltzak, urritzak, lizarraką egoera onean mantentzea espeziearen bizi iraupenerako. Baina Artikutza bezalako parajeak ez du arazo hori oraingoz. Bizkaia aldean larriago dabil.
Normalean ez dugu ale bakarra topatuko, sortatan baizik. Eta hori guk lur gaineko ikuspegia dugulako, baina lur azpian ibiltzen diren satitsuak bagina, azkar konturatuko ginateke ale guztiak elkarren artean komunikaturik daudela sustrai luzeen bidez.
Beraz, non topatuko dugu kasik Euskal Herriarena soilik den espezie hau gure ibilbidean? Artikutzako herritik burdinoletarako bidean dauden errekastoetako pareta bustietan errepara ezazue. Noski ez ezazue denbora alferrik galdu urik gabeko lekuetara bista zuzenduaz. Hori bai, hain bitxia dela hainbatetan azpimarratu ondoren, inori ez dakiola bururatu eskuetan hartzea. Artikutza osasuntsu badago, urte askoan gizakiaren atzaparretatik ahal den gehiena babestu delako izan da eta.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa