2004-02-01 -- 1929.zenb
Behin merkatu bakarra, sare transeuroparra eta diru bakarra segurtatuta, beste lehentasun batzuk ezarri ditu ERT erakundeak, hala nola, konkurrentzialtasuna, berrikuntza eta merkatu berriak erakartzea. Helburu horiek erdiesteko, ezinbesteko iritzi dio EB Europa erdialdera eta ekialdera hedatzeari, eta horretantxe dihardu orain. Beren lana eta presioa hasia da fruitua ematen: dagoeneko EBko kide dira Europako zona horretako estatu batzuk.
Europako erdialdeko eta ekialdeko erregimenak erori zirenez geroztik, ERTk gogotsu sustatu du merkatuko ekonomia berri horiek Europako Batasunean ahalik eta lasterren sartzea. Izan ere, hedatzeko perspektibak (kostu apaleko, baina prestakuntza handiko langile-horni izugarria barne dela) eta merkatu komunean 150 milioi kontsumitzaile gehitzeak zoratu egiten ditu ERTren barruko enpresak. Alde horretatik, honela ikusi zuen kontua liderretako batek, Richardsonek: "Geure atarian Asiako beste hego-ekialde bat deskubritzearen parekoa da". ERTk 1997an ugaldu zituen eremu horretako jarduerak, hedatzearen gaineko lantalde berezi bat tarteko. Urte bereko abenduan, ekialdera hedatzeko ekintza-plana aurkeztu zuen EBren Luxemburgeko Gailurrean, eta "ahalik eta lasterren, hautagai oro Europako Batasun handiago, konkurritzaileago eta indartsuago batera biltzeko" eskatu zien lider europarrei.
ERTko enpresaburu handiek emaitzen kontuak hobetu nahi dituzte, eta Ekialdea merkatu ona da. Erruz ari dira ugaltzen Mendebaleko inbertsioak Ekialdeko herrietan: gaur gaurkoz, 10.000 milioi euro inguruan dabil atzerriko inbertsio zuzena, urteko fluxuari dagokionez. ERTren barruko enpresek oso aktiboki jardun dute: 1996an jada, 70 milioi euroko balioko esportazioak egin zituzten. Ekialdean, 1997an, 9.000 milioi euro izan ziren atzerriko inbertsio zuzenak, eta Europako Batasuneko enpresek izan zuten parte handiena. Urte horretan, Hungariak eta Txekiar Errepublikak hartu zituzten inbertsioen bi herenak, eta Poloniak erdia. Gaur egun, Europako Batasunak 80.000 eurotik gora esportatzen du Ekialdera, duela hamarkada bat baino hiru aldiz gehiago, eta ERTren barruko enpresak dira bereziki aktiboenak.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa