Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-02-01 -- 1929.zenb

Izaskun Jauregi


Bidaiariek ikusi eta kontatutakoa

50 idazletik gorako bidaiari eta idazleen zerrenda osatu du Santiago Leone Puncel ikerlariak Euskal Herria XIX. mendeko bidaia liburuetan izeneko ikerlana burutzeko. Irungo Udalak ematen duen Jose Antonio Loidi ikerketa beka jaso du historialariak eta urtebeteko epean osatu beharko du lana. Dioenaren arabera, XIX. mendean bidaiari gehiago etorri ziren Euskal Herrira eta haiek kontatutakoa interesgarriagoa izan zen. Europak orduan jakin omen zuen Euskal Herria existitzen zenik. 50 idazleko zerrenda horretan dira, besteak beste, Humboldt, Victor Hugo, Louis Lande eta Pierre Loti, besteak beste.


Musika erromantikoa

Munduan organo erromantiko gehien kontzentratzen den lekua da Gipuzkoa. Egun hauetan, hain zuzen, horrelako organoak dituzten hiru herritan ûAzkoitian, Bergaran eta Azpeitianû Nazioarteko V. organo Erromantikoen Zikloa burutzen ari dira. Dagoeneko bi asteburutan hainbat emanaldi eskaini dituzte euskal organo-jole nahiz Europako herrialde ezberdinetatik etorritakoek. Otsailaren 7an Hans Ole daniarrak Azkoitiako Santa Maria parrokiako organoa joko du eta egun berean Roberto Antonello italiarrak Bergaran emanaldia eskainiko du. Antonellok berak joko du hurrengo egunean Loiolako Basilikan. Otsailaren 13an, Daniel Oyarzabalek joko du leku berean eta 14an Azkoitian kontzertua eskainiko du. Egun horretan amaituko da Zikloa Oscar Candendo eta Loreto Aramendiren emanaldiekin.


Literaturari leku egin dio EKEk

Ahozko zein idatzizko literaturara mugatuko da aurtengo urterako Euskal Kultura Erakundeak martxan jarri duen BatekMila ekimenak. Kantuketan-en ondotik sortua den ekimen honen baitan ama eskolako eta lehen mailako ikastetxeetako euskarazko irakasleei literaturaren inguruko formakuntza emango zaie, euskal literatura hobeto ezagutzeko eta ondoren haurrei interesa pizteko. Horrez gain, ekimenaren baitan zahar etxeetara joateko asmoa du EKEk bertan daudenen memoria jasotzeko grabaketen bitartez. Azkenik, Euskal Herriko zenbait artistekin literaturan oinarritutako obra bat prestatuko dute 2005erako. Besteak beste, Miarritzeko baletak, Bainako Scene National erakundeak eta Garazikus elkarteak parte hartuko dute obra horretan.


Jaurlaritzaren babesa musikariei

19 diskoetxe izan dira aurten Cannesko Midem Jaialdian Eusko Jaurlaritzak prestatzen duen Euskadiko Soinuak egitarauaren baitan. Hain zuzen, Midemen euskal musikak izan duen erakus-mahaian banatu ditu Jaurlaritzak 2003ko euskal musikaren esanguratsuena biltzen duten bi CDak. Horrekin batera aurten www.euskadikosoinuak.com helbidea prestatu dute, non euskal musikarien berri jaso duten. Midemeko ekimena aurkeztu eta hurrengo egunean hitz egin zuen Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek azkenaldian euskal musikariek jasandako boikota dela-eta. Azkaratek «euskal musika talde, enpresa eta produktu komertzialen aurkako kanpaina zabal bat» salatu du.


Arte garaikidea oinez

Kalitate handiko erakusketa prestatu du aurten Nafarroa Oinez antolatzeko ardura duen Lizarra ikastolak. Euskal Herriko arte garaikidearen bilduma osatu dute. Bilduma aberatsa, eskultura, pintura, grabatu, argazki eta bideo lanez osatua baitago. Estilo ugaritako arte lanak dira gainera. Batzuk egile esanguratsuek emandakoak dira, hala nola, Chillida, Oteiza, Zumeta, Basterretxea, Badiola, Aizkorbe, Salazar, Irazu, Azketa edo Osesenak. Besteak artean bide berriak jorratzen dabiltzan beste zenbait artistenak dira. Kontua da batzuen zein besteen lan gehienak salduta daudela dagoeneko. Eta bere ibilbidea hasi besterik ez du egin Artea oinezÆ04-k. Otsailaren erdia arte egongo baita Iruñeko Gotorlekuko Arma Aretoan. Ondoren, Bilbo, Donostia eta Lizarrara abiatuko da.


Telebista publikoa eta kultura.

Euskal Telebistako Langile Batzordeak berak salatu berri du ETBko programazioaren baitan eskaintza kulturalaren murrizketa progresiboa dela-eta kezkaturik dagoela. Izan ere, murrizketa horren azken adibideak dira Hau komeria! eta Desde el gallinero saioen desagerpena. Bost urtean mantendu dira bi saio hauek eta sariak ere jaso izan dituzte. ETBren sorrera legeen baitan dago jasoa «Euskal kulturaren zerbitzurako tresna» izatearen xedea. Eta zentzu horretan, zaila da telebista publikoa helburu horri nola erantzuten ari zaion ulertzea. Langile Batzordeak «nekez ulertzen du».


Komikien intimitatea

Komikietako pertsonaien bizitza sexuala edota finantza kontu ezkutuak jarri nahi ditu agerian Eugenio Merino artistak Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Publikoko Carlos III aretoan paratu duen erakusketan. Porky, Tintin, Barbie, Epi eta Blas... bezalako pertsonaiak biluztu ditu. Izan ere, marrazki bizidun hauen egia adierazi nahi izan du artistak, eta era berean erakutsi marrazki bizidun horiekin egiten den ongiaren eta gaizkiaren jokoa. Haur gehienak ongia adierazten duten pertsonaien alde makurtzen dira. Gero, ordea, askok sentitu du pertsonaiak ongian eta gaizkian kokatzeko modu horrekin «gezurra esan zigutela». Hori dio erakusketaren katalogoak behintzat.

Izaskun Jauregi


Ismael Manterolaren hitzak dira hauek «Gara»n jasoak: «Benetan bizi ez bagara, benetan sentitzen ez badugu, benetako harremanak ez baditugu, benetako esperientziarik ez badago (horrela jarrai dezakegu munduaren deskribapena egin arte) nola sortu benetako artea? (...)».

Imanol Lazkanok zera zioen «Berria»n: «Bertsolaritza gaur egun dagoen mailan baldin badago, aldatzen jakin duelako da».

Jon Eskisabelek honakoa idatzi zuen «Berria»n euskal musikarien jazarpena dela-eta Autoreen Elkartearen (SGAEren) jarreraz: «Musikarien eskubideen defendatzaile bakarra dela azpimarratzeko ahalegin handia egiten duen elkarteak gai honetaz ez duela ezer esateko adierazi du, ez omen da bere eremua. Zerk mugatzen du bere eremua? Diruak soilik?».

Alberto Barandiaranek honakoa zioen Oteiza museoaz «Jakin»en: «Museoa ofizialki zabaldu zen egunean, Iruñean aurkeztu zen Oteizaren Adiskideak elkartea. Hor zeuden lagunak (...). Izen oso ezagunak euskal artearen munduan. Altzuzan, politikariak gelditu ziren».

Izaskun Jauregi


Andoni Tolosa Morauk disko berria kaleratuko du otsailean. Txukalda izeneko lana betiko taldearekin grabatu du eta Gaztelupeko Hotsakekin plazaratu. Grabaketan, besteak beste, Pettik eta Jabier Muguruzak parte hartu dute.

Pedro Mari Santos bilbotarrak Agujeros en el cielo bere lehen luzemetraia aurkeztu du. Bertan Ander Lipus, Itziar Ituño, Montse Zabala eta Aiora Sedanok hartu dute parte, besteak beste.

Karlos Linazasorok Isiltasunaren adabakiak liburua plazaratu du Pamielaren eskutik.

Josetxu Rodriguezek eta Javier Ripak burutzen duten Caduca HOY umore gehigarriaren berrogeita hamar ale bildu ditu Deia egunkariak Seguiremos dando guerra liburuan. Antonio Álvarez Solís idazle eta kazetariak eta Karma Dice aldikariaren arduradunek kolaboratzen dute gehigarrian. Lehengo urtean koroari ustez irain egiteagatik kereila jarri zioten gehigarriari, nahiz eta azkenean bertan behera geratu zen.

Francisco Escudero musikariaren dokumentu bilduma atondu dute Eresbil musikaren euskal artxiboak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, musikariaren 30 obra daude bilduta, horien artean argazkiak, egunkarietako artikuluak eta grabazioak. Horrez gain, uda baino lehen musikagile zarauztarraren obra nagusiak partituran argitaratuko ditu Bartzelonako Trita musika editoreak.

Naia del Castillok bere lanak paratuko ditu egunotan Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Museoan, Artiumen. Hiru argazki sail eta zenbait objektu izango dira ikusgai bertan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan