Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-02-01 -- 1929.zenb


Izozmendiak
Juan Ramon Madariaga
Susa
87 orrialde
10 euro



Madariagaren azken poemak


Juan Ramon Madariaga bilbotarraren azken poema liburua dugu Izozmendiak, bere zazpigarrena hain zuzen ere. Aurretik kaleratuak zituen Imentzioaren pergamuak, Galera errepikatuak, Elaien ausardia, Argia sortzen den izartegia, Orbanak eta Amodioa batzuetan. Azkenengo honetan, kresalaren barrena, igarokor baina ur geza daramatelarik doazen izotzezko masen pare jartzen du bere ezerezean bidaiari den gizakia, armairu jelatuetako mendietan doalako, oinutsik, errugabe, bekatuzko tentazioekin, zeren alde jakin gabe. Eta ametsetan bera baino arinago lasterka egiten duten aurpegi gabeko mamuek ikaratzen badute, bere baitan bizi eta menpean ez duen munstro ernegarri eta ezezagunak beldur gehiago ematen diolako.


UZEIK 25 URTE HITZARI BIDE EGITEN
Batzuen artean
UZEI
84 orrialde



UZEIren historia baterako Hiztegi Txikia


Euskara bizkortzeko, premia berrietara egokitzeko, eta alor zientifikoetako definizioak finkatzeko sortu zuten, duela hogeita bost urte, UZEI zenbait euskaltzale eta intelektualek. Eta urte horiek guztiak daramatza terminologia eta lexikografia egiten. Erakunde horri zor zaizkio "XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa", Euskalterm Terminologia Banku Publikoa eta beste hainbat hiztegi. "UZEIk 25 urte hitzari bide egiten" liburuarekin, berriz, erakundearen historia baterako hiztegi txikia jartzen du irakurlearen eskutan, euskal terminologiaz, lexikografiaz eta UZEIren lanaz gehiago jakin dezan. Testuak, Koldo Izagirre eta UZEIkoen artean eginak izan dira. Irudiak, berriz, Xanti Iruretagoienek egin ditu.


Euria
Daniel Nesquens, Elena Odriozola
Aizkorri
37 orrialde
4,75 euro



Zerualdea goibeltzen denean


Daniel Nesquens argentinarrak idatzia eta Elena Odriozolak marraztua da etxeko gazteenentzat ezezik helduentzat ere liluragarri izan daitekeen Euria kontakizuna. Neskatila batek zerua goibel dagoela eta euria ari duela ikusten du. Ez du Hirugarren Munduan bezala ari, bere hirian ohizkoa den bezala baizik, baina noiz atertuko ote du? Izan ere, batzuek gustuko dute euria, bere amak kasu, eta beste batzuek ez. Adibidez bere aitarentzat euriaren onena ostadarra da. Amak euria ari duenean hari begiratuz hausnartu egin behar dela dioenez, sudurra leihoaren kristalean jarri eta hausnartzen hasten da neska. Hausnartzen indar handiz atertu egin behar duela pentsatzen badu atertu egingo duela. Eta hara non atertzen duen. Bere erruz ote?


Boletin LIX 2 2003
Batzuen artean
Euskalerriaren adiskideen elkartea
12 euro



Erromatarrak Araban eta abar


Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen Boletinaren azkenengo zenbakian azaltzen diren gaien artean, Gereñu toponimoa dela-eta erromatarrek Araban nolako bizimodua izan zezaketen agertzen du Ernesto Martinez y Díaz de Guereñuk; egiptoera zein berbereen eta guantxeen hizkuntza interpretatzeko ea euskara har daitekeen oinarri aztertu du Luis Mari Mugika Urdangarinek; Gipuzkoako herritarren erlijiozkotasunaz dihardu Antxon Agirre Sorondok, santuak gurtzeko erabiltzen ziren deiturak, bakoitzari eskatzen zitzaiona eta Gipuzkoako ermiten dentsitatea begiratuz; eta Igeldoko Itsas Metereologi Behatokiaren sorkuntza eta 1901etik 1936ra burutu zituen ikerketa zientifikoak dauzka aztergai Aitor Anduaga Egañak.


Hamaika bizimodu
Rafa Ugalde
Ibaizabal
147 orrialde
9,53.euro



Rafa Ugalderen lehen narrazio liburua


Hamar kontakizunez osatua dago Ibaizabal argitaletxearen eskutik Rafa Ugalde Iragorrik plazaratutako Hamaika bizimodu, bere lehenengo liburua. Jaiotzetik heriotzaraino, amaierara heldu arte bere bizimoduari ahal duen moduan heltzea besterik ez zaio geratzen gizakiari. Baina heriotzari aurre egin behar dion bitartean makina bat egoera bizi ditzake: beldurrak bezala pozak, bidegabekeriaren mina, seme bat galdu beharra, sexu grinen eragina, maitasun ezinezkoa... Eta egoera horien isla dira Bizimoduak, Amorruak hil du, Mendekua, Semea, Debekua, Istorio ebidentea, Giggoloaren maitasuna, Jauzia, Segundu bat, Gizon hori eta Alienatua narrazioak.


Txan magoa
Juan Kruz Igerabide, Julen Tokero
Elkar
32 orrialde/ 6,25 euro



Txan magoari ziri magikoa lapurtu ziotenekoa


Txan magoarekin bilera bat eduki ondoren Juan Kruz Igerabidek idatzi eta Julen Tokerok marraztutako bigarren ipuina da Ziri magikoa lapurtu ziotenekoa. Oraingo honetan beste mago maltzur batek ostu egingo dio bere ziri magikoa Txani, eta herriko haurren laguntza beharko du inbidia dion Txantxan harroputzari ziri hori kentzeko, nahitaezkoa baita Txantxan hura gabe uztea, inoiz asmo on bat ez izateaz gain oso mago traketsa delako eta, beraz, edozein izugarrikeria egiteko gai.


Euskaldun etorkinak Ameriketan
Batzuen artean
Utriusque Vasconiae
177 orrialde
14 euro



Ameriketara joandako euskaldunen ekarpena


2001 urtean Baionako fakultatean Txomin Peillenek koordinatu zuen biltzar bat burutu zen Ameriketara joan ziren euskaldunen eta haien ondorengoen ekarpenaz balorazio bat egiteko helburuarekin. Hamabost ponentzia aurkeztu ziren denera, Euskal Herriko ikerlariek zein Ameriketakoek eginak. Batzuek euskaraz zeuden eta beste zenbait gazteleraz. Utriusque Vasconiae argitaletxeak plazaratutako Euskaldun etorkinak Ameriketan liburuan euskaraz aurkeztu ziren zazpiak bildu eta argitaratu dituzte. Hauexek dira bertan jasotakoak: Edurne Alegriaren Euskaldunak eta Venezuela. Caracasco Erret Konpainia Gipuzkoarra (1728-1785) eta 1936ko erbestaldia, Jokin Apalategiren Euskal emigrazio eta exilio amerikarraren zenbait ezaugarri (XV-XVIII), Ur Apalategiren Amerikak, euskal idazle berrien paratopia hautatua, Xabier Apaolazaren Gerra zibila baino lehen, Gorka Aulestiaren Andima Ibinagabeitia Ameriketan, Paulo Iztuetaren 'Euzko Gogoa' (1950-59): Erbesteko euskaltzaleen lan kolektibo gaitza eta Roldan Jimeno Arangurenen Gerra zibilaren ondoko euskal diasporaren identitatea folklorearen bidez: Caracasco Eusko Etxea.

Pilar Iparragirre

Zer aurkituko du «Euskaldun etorkinak Ameriketan» bildumaren irakurleak?
Euskarazko liburuan, batik bat Ameriketan euskaldunek zer egin duten agertzen da, hau da, zer bilakatu den hango euskaldunen mundua. Eta, nolanahi den, hara joan baino lehen hemen zernolako giroa zegoen ere azaltzen digu Xabier Apaolazak bere lanean.

Gaztelaniaz aurkeztutako ponentziek zer zioten?
Horiek beste bilduma batean agertzen dira. Frantses jakobinismoa agerian uzten duen bilduman, bestalde, ponentziak zortzi gaztelaniaz eta zazpi euskaraz direlarik, euskarazko eta espainolezko titulua kendu eta frantsesezkoa ipini baitiote! Baina gaztelaniazkoak aipatzeko, Amerika aldetik etorritakoak dira gehienak. Uruguaytik iritsi ziren Alberto Irigoien eta Susana Maitiarenak, adibidez. Irigoienenean euskaldunek nola jokatu zuten Hego Amerikako gerretan XIX. mendean agertzen da, eta Susana Maitiak Uruguay zibilizatu zuten bi euskaldun handi gogoratzen dizkigu: hango unibertsitatea sortu zuena, eta natur zientzien ikerketa bultzatu zuena, Arechavaleta.

Eta esate baterako, oso ospetsu al zen Arechavaleta?
Orain arte Uruguayko uraren marka zen! Beraz pentsa dezakezu. Arrazoia? Arechavaleta izan zela hango etxeetan ura ezarri zuena.
Frantsesezko ponentziarik ez al dago?
Neronek pentsatu nuen zerbait egitea frantsesez, baina ikusiz frantsesik ez zela etorri jardunaldietara, erdal gaztelaniaz egin nuen La imagen del vasco-americano, del indiano, la novela del uruguayo Carlos María Larralde vasco de Uruguay.

Xabier Telletxea

1845ean argitaratu zen lehenengoz Prosper Mériméek (Paris, 1803) idatzitako Carmen nobela. Hamabost urte lehenago Espainiara egindako bidaia batean Montijoko kondesak kontatu omen zion idazle frantsesari nobelaren oinarrian dagoen gertaera, alegia, bere amorantea hil zuen gaizkile jeloskorraren istorioa.

Sevillan gaude, 1830ean. Carmen ijito ederra jatorriz Etxalarkoa da eta tabako fabrikan egiten du lan. Don José Lizarrabengoa, berriz, Elizondokoa da eta lanbidez sarjentua. Istilu baten ondorioz, Carmenek labankada eman dio lankide bati eta Don Josék berau atxilotzeko agindua jasotzen du. Ijitoaren begi beltzek liluratuta, ihes egiten uzten dio sarjentuak. Ondorioz aste batzuetako kartzela zigorra jasoko du Josék.

Jelosiak itsututa

Carmen emakume apetatsua da eta irabaziak dakarzkioten gizonak gustuko baditu ere, bere gorputza eta maitasuna eskaintzen dizkio sarjentuari, eginiko mesedea eskertu nahian. Jelosiak itsututa, Josék bere lehenengo erailketa egiten du. Ihes egitera behartuta, mendian ezkutatzen da Carmenen lagunak diren bidelapurrekin batera. Une horretatik aurrera, lapurreta bilakatuko da bere bizimodu berriaren ardatz. Izan ere, bai baitaki horrela Carmen bere ondoan izango duela. Carmenek ordea, senarra du. Berriro ere jelosiak eta ijito ederrak eraginda, senarra labankadaz erailtzen du Josék. Ez du denbora asko behar Carmenek maitale berria aurkitzeko, oraingoan toreatzailea. Aurreko kasuetan bezala, Josék eskuak odolez bustiko ditu jelosiak itsututa. Jada ez dute erreguek eta mehatxuek balio, Carmen ez baitago Joséz maiteminduta. Bere bihotzeko ijito ederraren maitasuna atxiki asmoz, Josék bere amorantea erailtzen du.

Euskarazko aipuak

Prosper Mérimée idazle frantziarraren obrarik garrantzitsuena da Carmen. Jatorrizko bertsioan, hitz joko eta esaldi euskaldun ugari aurkitzen dira. Hain zuzen, euskarazko aipuak dituen literatur unibertsalaren lan nagusienetakoa da. Esaterako, "Laguna, ene bihotzarena" esaten dio Carmenek Don Joséri, ihes egiten uzteko eskatu aurretik. Don Josék, berriz, ziegan dagoela heriotzaren zain, euskara benetan hizkuntz ederra dela dio eta atzerrian entzunez gero, hunkitu egiten dela. Hain zuzen konfesore euskalduna eskatzen du hil aurretik.

Georges Bizetek 1875ean idatzi zuen operari esker, mundu osoan zehar emakume espainolaren adibide adierazgarrienetako bihurtu zen Carmen. Orduz geroztik, istorio horretan oinarrituriko opera, antzezlan eta film ugari egin dira. Paz Vega (Carmen) eta Leonardo Sbaraglia (José) aktoreak protagonista izaki, pelikula egin zuen iaz Vicente Arandak. Filmhorrek 2004ko Goya sarietarako zazpi izendatze lortu ditu. Urteak pasa ahala, beraz, obrak arrakastatsu izaten jarraitzen du.

Pilar Iparragirre


Zein izan da zure liburu honen historia?
Hasieran Alma Roses Mahler-en historia kontatzeko asmoa nuen. Mahler musikariaren iloba zen, eta oso biolinista ona. Roses harizko laukotea osatu zuen eta oso ospetsu egin zen, Austrian batez ere. 1938an Hitlerren armada Austrian sartu zenean, laukoteak alde egin zuen, lehendabizi Amsterdamera eta handik Londresera. Baina Alma berriro itzuli zen Holandara eta han jendeari laguntzen hasi zen, alde egiteko beharrezkoak zituzten bisa faltsuak sortzen-eta. Baina alemaniarrak Holandan sartu zirenean, Almak ere alde egin zuen Frantziara, Lisboara iritsi eta handik Ameriketara ospa egiteko asmoarekin. Dijonen harrapatu egin zuten, ordea, eta Auschwitzera eraman. Hango zaintzaile batek ezagutu egin zuen, eta judu baten biolina eman zion jo zezan, XVII. mendeko biolin bat. Jotzen hasi eta denak etorri ziren bera entzutera, baita Mengele bera ere, oso ezaguna zelako. Eta Auschwitzeko Emakumeen Orkestraren buru izendatu zuten. Han hil zen, tifusak jota ûhan tifusaz hiltzen ez zena, gosez hiltzen zen edo gaseatutaû, eta hil zenean ohoreak eta guzti egin zizkioten. Ni harritu ninduena hauxe izan zen: nolatan herio-zelai batean orkestra bat?

Beraz, egiazkoa da nobelan aipatzen duzuna, ez zeure asmakizuna?
Noski egiazkoa dela, herio-zelai guztietan zegoen orkestraren bat. Oso dokumentazio gutxi dago orkestra horien inguruan, eta orkestra hari buruz ikertzen hasi nintzen. Bada Paul Celanen poema bat, Koldo Izagirrek itzuli zuena, Tango de la muerte izenekoa. Hungariako kontzentrazio-esparru bateko presoek jotzen omen zuten heriotzaren tango hori. Paul Celanen gurasoak hantxe hil ziren, hortik dator poema. Memoriatan beti aipatzen dute presoak iristen zirenean orkestra batek jotzen zuela, formatzen zutenean eta norbait urkatzen zutenean ere bai. Izugarria da hori. Benetan edertasunak zentzurik ba ote du halako leku batean? Edo Neronek lira jo zuenean Erroma erretzen zuen bitartean?

Itzul gaitezen nazien gaiaren harira.
Historia oso xelebrea da. Jada 1914.eko Gerran hasi zen sarraskia, bai ingelesak bai alemaniarrak gasa erabiltzen hasi zirenean. Gerraren kontzeptua amaitu egin zen horrekin, hura deuseztapena izan baitzen. Eta haren jarraipena izan zen Bigarren Gerra, ze alemaniarrak ez ziren 1914koan gustura gelditu eta Bigarrenean orduko metodoak erabili zituzten. Eta erabaili zuten gasa 1914. Gerrarako judu batek asmatutako gas nerbioso bat zen. Lehenengo Gerraren ondoren, parasitoak eta baratzetako zomorroak hiltzeko erabili izan zen. Eta gerora alemaniarrek erabili zuten. Horixe da metafora: gas hori baratzetako zomorroak hiltzeko erabilgarria baldin bazen, gizarteko parasitoak hiltzeko ere erabilgarria zela. Gas hori asmatu zuen judua Suitzara erretiratu zen, ihesi joan eta han hil zen, baina bere familia Auschwitzen hil zen.

Parasitotzat jotzen zituztelako hiltzen al zituzten naziek beren biktimak?
Bai. Lehendabizi, eutanasia aktibatu zuten, hau da, Alemaniako elbarriak eta zaharrak sartzen zituzten horrelako furgoneta edo etxe batzuetan eta gaseatu egiten zituzten. Orduan hasi ziren sobrante zen guztia ûparasitoa zenaû hiltzen. Eta gero juduak, ijitoak, gerrako presoak... Baina historia asko nahastu zen, izan ere Europak duen kontzientzia txarrarengatik baitago gaur Israelgo Estatua. Juduei gertatu zitzaienagatik Europak kontzientzia txarra zuenez, onartu egin zuen Israelek estatu bat behar zuela. Beraz, nazien eraginez sortu da; eta hori mendekua da, orain Israel metodo berdinak aplikatzen ari da-eta. Heydrichek asmatu zuen juduentzat-eta "azkeneko soluzioa" izango zena. Heydrich biolin jotzailea zen, eta Bohemiako gobernadore izan zen. Halako batean, Txekiako bi partisanok hil zuten. Partisano haiek eliza batean ezkutatu ziren, eta Gestapokoek fusilatu egin zituzten. Gero naziek euren herria suntsitu zuten. Eta orain zer gertatzen ari da Israelen? Adibide garbia da. Azkenean historiak erakusten duena da borreroa biktima izan daitekeela eta biktima borrero. Horretan ez dugu ezer aurreratu.

Kulturak ez gaitu salbatuko?
Ez dut uste. "Azkeneko soluzioa" Heydrichek aurkeztu zuenean berarekin bildu zirenetatik ûEichmann, Stuckart, Neumann eta horietatik, uste dut hamar zirela deneraû zortzi unibertsitateko doktore ziren eta espezialistak beren gaietan. Haiek erabaki zuten juduak, ijitoak, homosexualak eta beste hainbat soberan zeudela eta sistematikoki hil egin behar zituztela. Jende ikasiak erabaki zuen hori, ez edozeinek! Kulturak ez du salbazioa ziurtatzen. Alemaniakoak garbi uzten du hori. Eta gertuago joanda, Bosniako gerran nor zen sarraskigilerik handiena? Radovan Karatzi, pediatra famatu bat! Horregatik diot kulturak, humanismorik gabe, ez gaituela salbatuko. Baina zer humanismo mota? Azkenean humanismoa ere zer da? Bere izenean egin dira sarraskirik handienak! Gizatasunaren izenean Robespierrek gillotina martxan jarri zuen. Stalinek egin zuena ere gizatasunaren izenean egin zuen. Eta Hiroshima, Nagasaki, zergatik gertatu ziren? Bakearen izenean! Edo Dresdeko bonbardaketa. Hogeita hamar mila pertsona hil ziren, zibilak denak, eta horren errudunak ez ziren alemaniarrak, aliatuak baizik!

Zure liburuan gogorarazten dituzu espainiarrek Flandesen eta inguruetan egindako sarraskiak ere.
Inkisizioaren indarra ere terrorean zegoen oinarrituta, jendearengan sortzen zuen beldurrean. Flandesen egin zutena, Hogeita Hamar Urteko Gerra hartan, Alemanian, Txekian... Alemaniak bere populazioaren erdia galdu zuen. Erraz esaten da, eh, populazioaren erdia! Eta ezer ez da aldatu. Gaur egun begiratu bat bota diogu munduari eta, zer ikusten dugu?

Ideia onen izenean egiten diren gauza txarrak?
Spinozak esaten zuen hori! Estatu guztiak sortu izan dira terrorearekin. Estatu guztien oinarrian zegoen Estatu bat eta erlijio bakarra. Eta erlijio bakarra behar zenez, juduak soberan zeuden eta musulmanak ere bai. Edo konbertitzen ziren, edo kanporatzen zituzten... Eta berdin gertatu zitzaien protestanteei katolikoen lurretan.

Amsterdami garrantzi handia eman diozu nobelan. Zergatik?
Izan ere, Amsterdam oso inportantea izan zen. Han kalbinistak zeuden, eta erlijio guztiak onartzen zituzten baldin eta besteei ez bazieten molestatzen. Juduak nahiko lasai bizi izan ziren han. Baita Euskal Herriko zenbait tokitan ere, foru bat eduki zuten.

Airezko emakumeak izena jarri diozu nobelari.
Biolina delako emakume forma duen musika tresna.

Eta Spinoza hautatu izanaren arrazoia?
Narratzaile bat behar nuen. Ni ezin nintzen izan, ez bainaiz gertaera horien lekuko izan. Orduan Spinoza hautatu nuen, judua zelako, berak ere inkisizioa pairatu zuelako eta benetan gizon librea izan zelako.

Ez al zuen parte hartu sinagogan beste bat zigortzen?
Hamalau urterekin, bai. Berak kontatzen du, gero damutu egin zen horretaz. Juduek ere beraien inkisizioa zuten. Spinoza bera bidali egin zuten sinagogatik eta baztertu. Atentatu bat ere izan zuen. Eta bere lagunik minena harrikatu egin zuten kalean, liberala zelako. Eta hori Amsterdam liberalean, eh!

Airezko emakumeak identitatearen inguruko nobela dela esan daiteke?
Izan ere, identitatearena oso garrantzitsua da. Kultura alemana anitza zen, baina naziek eredu bakarra ezarri zuten, eta bertan sartzen ez zirenak etsaiak ziren. Norberaren nortasuna ulertzeko identitate bakarra ezartzen denean, besteak soberan daude beti.

Gerta al dakiguke guri antzekorik?
Edozein tokitan gerta daiteke, nortasuna eredu bakarrarekin neurtzen baldin badugu.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Minik ematen ez duten orratzak
Orratzen ziztadekin beldurtzen direnentzat berri pozgarriak datoz Georgiako Teknologi Institututik (AEB). Aurki ez diote euren fobiari aurre egin beharko analisi baterako odola atera behar badute edota intsulinaren beharrez larru azala zulatu behar badute.
Aipatu berri dugun institutuko ikerlariek asmatutako mikro-orratzek inolako molestiarik sortu gabe egiten dute lan berbera. Non da gakoa? Antza denez, mikro-orratz hauek larru-azalaren lehen geruza bakarrik zeharkatzen dute eta bertan ez daukagu nerbio bukaerarik.

Eraikin desmontagarri eta bioklimatikoa egingo da Toledon
Luis de Garrido arkitekto valentziarrak ingurura egokitzen den eraikin guztiz desmuntagarria diseinatu du, irizpide ekologiko eta osasungarrietan oinarritutakoa. Aipaturiko eraikina Toledon altxatuko da eta DOL enpresaren bulegoak ipiniko dira bertan.
Zalantzarik gabe, berezia dugu eraikina. Batetik, eraikinak berea ematen duenean paretak eta habeak botatzeko lanik izango ez delako. Bestetik, eraikina konpontzea edota handitzea erraza izango delako: aski izango baita behar ez diren zatiak kentzea eta horien ordez beste egokiago batzuk ipintzea. Diseinatzaileak dioenez, «garaian garaiko inguru fisiko, laboral eta kulturalaren arabera eboluzionatuko duen izaki ekologiko bat izango da eraikina». Bestalde, bulego hauek material birziklatu eta birziklagarriz eraikiko direla eta bertan energia alternatiboak erabiliko direla agindu du.

Bermudetako triangeluaren misterioa argituta
Bermudetako triangelua deituriko zona eta bertan modu misteriotsuan desagertutako itsasontziak film askotako aitzakia izan dira anitz urtez. Australiako Monash Unibertsitateko irakasle Joseph Monaghan-ek eredu matematiko baten bidez argitzen duenaren arabera, itsas sakonetik datozen metano burbuila erraldoiak izan litezke hondoratze horien arrazoia.
Lehenagotik ere aurkeztu izan da metanozko burbuilen hipotesi hau. Oraingoan, ordea, fluidoen dinamikan oinarritzen den esperimentu matematiko baten bidez baieztatu du teoria Monaghanek.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan