Aloña Ipintza
Hainbat ediziotan bezala, oraingoan ere (hamalaugarrena) euriak bisita egin zigun Txitxardin Beltxako atarian. Argia Sarietara gonbidatutako ehundik gora lagunek ordea, aterpea laster aurkitu zuten, eta aspaldi ikusi gabekoak agurtzeaz gain saridunak zein ziren galdezka hasiak ziren, sekretuak ezkututik atera nahian.
Mahaietan eserita, Joxe Mari Irazusta Komunikazio Biziagoako lehendakariak agurra eta bazkarirako gonbitea luzatu zigun hiru bertso kantatuz.
Ahate gibelezko terrina laster agertu zen mahaian eta horrekin batera euskal kulturaren alorreko makina bat lagun berriketa alaian hasi zen.
Pare bat zerbitzari berritsu eta lotsagabe samarrak (Klara Badiola eta Ane Gabarain) mahai artean azaldu zirenean ohartu ziren gonbidatuak postre garaia heldu zela eta horrekin batera saridunak zein ziren jakiteko ordua iritsi zela.
Aurten, iaz ez bezala, bost sari banatu ziren, publizitate alorrekoa hutsik geratu baitzen. Irrati Saria Aritz Agirrek jaso zuen, telebistakoa Iban Garatek, Sareko Argia Saria Susaren web guneak jaso zuen. Beste bi sariak berriz, Berria egunkariak jaso zituen. Prentsa atalean nazioarteko sailari eman zitzaion saria eta Merezimenduzkoa Berria berak jaso zuen. Inork gutxik espero zuena gertatu zen otsailaren 20an eta inork gutxik espero zuen Euskaldunon Egunkaria itxi eta Berriak halako indarrez argia ikusiko zuenik. Baina hala izan zen. Berriari merezitakoa eskaintzeaz gain, otsailetik kartzelan dagoen Iñaki Uria gogoan izan zen ekitaldi guztian.
Daniel Udalaitz
Europako politika, Europako Batasuna (EB) jaio zenez geroztik, multinazional handiek kondizionatu dute eta baldintzatzen. Batzordeen eta komisarioen kasuan, benetako presio-taldeak izan dira eta hala izaten segitzen dute, baita Europako gobernuei dagokienez ere. Hartutako erabaki handiak, ia esparru guztietan, dela ekonomikoan, komertzialean, industrialean, ekologikoan, ingurumenekoan edo dela besteetan, multinazionaletako boteretsu handi horiek berek promozionatuak izan dira; beste zenbaitetan, berriz, ñabartu egin dituzte, aldatu edo zuzendu, eta, kasu guztietan baldintzatu. Euskaldunok, subiranotasun nazional gabeak garenez gero, oraindik ez dugu ordezkaritzarik Europan, baina, hala eta guztiz, nozitzen ditugu ekonomiako presio-talde edo "lobby" handi horiek kondizionatutako politikaren ondorioak.
Aski edo oso ezezaguna da European Roundtable of Industrialists (ERT) edo Industrialen Europako Mahai-ingurua. Ordea, elkarte horixe izan da Europako agertokiko indar politiko nagusietako bat hamarkada batean baino gehiagoan. Libre izan du kargu politiko nazional eta europar gorenetarako sarbidea, eta egitate horixe izan da Europako Batasuneko agenda politikoa diseinatzen laguntzen lortutako arrakastaren giltzarria. Ezaugarri nabarmenekoa da talde horren eraginezko emaitza: gradualki, enpresa transnazional handien mesederako politika eta globalizazio ekonomiko kapitalista oinarrituz joan dira. Kideen artean, Espainiako hainbat enpresetako lehendakariak ere ageri dira, hala nola, Telefónicakoa eta Repsol YPFkoa. Datu horiek Corporate European Observatory (CEO) taldearen barruko kazetari batzuek eman dituzte argitara, ikerlan luze eta zehatz batean. Lana, ingelesetik gaztelaniara itzulita, liburu-formatuan kaleratu dute: Europa SA du izenburu, eta Icaria Editorial SA argitaletxe katalanak merkaturatu du.
Multinazionaletako 45 handikik osatzen dute ERT
1983an fundatu zen elkarte hori eta, gaur egun, Europako multinazionaletako 45 handi-mandi hartzen ditu, guztiak ere munduan presentzia produktibo eta teknologiko handikoak. Pertsonak dira elkarteko kide, ez enpresak, eta gonbita bidez bakarrik hautatzen dira. Egungo egunean, hauexek dira ERTn ordezkaria duten enpresetako batzuk: Investor AB, Bayer, British Petroleum, DaimlerChrisler, Ericson, Fiar, Nestlé, Nokia, Petrofinal, Philips, Renault, Repsol YPF (Alfonso Cortina da ordezkari), Shell, Siemens, Solvay, Telefónica (Cesar Aliertak ordezkatzen du), Total eta Unilever. Iberdrola ere zerrendan zegoen artean, 1999. urtean, Jose Antonio Garridok ordezkatuta. Orain, 2004an, ez da ageri.
ERTko 45 kideek Europako enpresa handienak dituzte jatorri: 800.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa dute elkarren artean, eta 4 milioi enplegatutik gora munduan barrena. Oso bestela, ordea, zazpi enplegatuk bakarrik dihardute ERTren Bruselako zentroko bulegoan. Idazkaria aritzen da administrazioko eta antolamenduko funtzioetan, eta, egoitza hori, errealki, kontaktuko puntu bat baino askoz gehiago ez da mahai-inguruko kideentzat. Kideen prestigiotik datorkio indarra ERTri: eragin handiko enpresaburuak dira, erabakigune nazional eta europarretan sarbide librea dutenak. Lehendakariak, lehendakariordeak eta ERTko bost kide hautatuk koordinatzen dute erakundeko lana, eta talde horrek markatzen ditu, halaber, hurrengo lehentasunak. Era berean, ERTren jarduerak ikuskatzen ditu, eta bi urtez behingo osoko bilkuretarako proposamenak prestatzen. Europako Batasuneko lehendakaritza zein estaturen esku dagoen, haren eremuan eratzen dituzte bilerak, oro har.
Plenarioek erabakitzen dituzte ERTren lehentasun nagusiak, laneko programa eta aurrekontua, eta plenarioek onesten dituzte, berebat, sektorekako lantaldeen txostenak eta proposamenak. Aho batez hartzen dituzte erabaki guztiak. Hamaika lantalde dituzte hainbat eratako gaiak lantzeko antolatuak, eta giza talde horiek egiten dute lanik handiena. Gaien artean, honelakoak eta bestelakoak tratatzen dituzte: kontabilitateko plana, hezkuntza, politika soziala eta enplegukoa, kanpoko harreman ekonomikoak eta beste hainbat. Lantalde bakoitzak ERTko kideren bat izaten du gidari normalean, taldeko enpresetako adituez osatuak izaten dira eta kanpoko aholkulariak ere nahiko sarritan hartzen dituzte.
Beste presio-talde batzuk
ERTra bildutako enpresaburuen eliteak beste talde batzuk ere sortu ditu, agenda komunerako beharrezko duten presio politiko optimoa lortze aldera. Azpiegituren Azterketarako Europako Zentroa eta Europako Moneta Batasunerako Elkartea dira taktika horren bi adibide arras esanguratsuak. Horrez gainera, ordea, Bruselan badute beste presio-talde multzo nabarmen bat, ERTren mezua indartzen laguntzen diena, UNICE Europako patronala eta AMCHAM Amerikako Merkataritza Ganbararen Europako Batasuneko Batzordea buru dutela.
Nerea Izagirre
Horrela karridenda du izena Karrikiri elkartearen dendak. Hasiera-hasieratik, elkarteari independentzia ekonomikoa ematea izan zen Karrikiriren helburu nagusia saltokia irekitzerakoan, administrazio publikoen laguntzen pean egon behar ez izatea alegia. "Elkartearentzako oso garrantzitsua zela ikusi genuen", azaldu du Silbia Alonsok, Karridendako arduradunak. "Jakina, horrek ez du esan nahi uko egiten diogunik diru laguntzak hartzeari", gaineratu du.
Karrikiri elkartea sortu zenean, denda mugikor batekin hasi ziren. Batez ere euskararen alde egiten ziren ekimenetara joaten ziren euskal produktuak saltzera: Nafarroa Oinezera, Sortzenen festetara, Erronkariko Euskara Egunera, Arrosako jaialdiraà Eta, orain urtebete pasatxo, denda mugikorretik finkora pasa ziren. Alonsok argi utzi nahi izan du Karridendaren filosofia "denda bat baino gehiago" izatea dela. Euskal ekoizpen kulturala zabaldu nahi du dendak eta, horretaz gain, informazio zerbitzu zabal bat ere eskaintzen du: "Adibidez, eskoletako jendea pasatzen da Altsasuko momotxorroaren mozorroa egiteko zer behar duten galdetzeko eta guk gauzak errazten dizkiegu. Iruñerriko informaziogune bat dugu denda". Euskal Herri osoko ekintzei buruzko informazioa jasotzen laguntzen diote jendeari: "Euskal Herria, hiru administrazioren pean dagoenez, adibidez, Iparraldeko maskaradak eta pastoralei buruz edo Euskal Autonomia Erkidegoan antolatzen diren hainbat ekintzen gaineko informazioa edota Isturitzeko kobazuloak ikusteko zer egin behar den azaltzen dugu, informazio hori guztia eskaintzen diegu dendara gerturatzen direnei", Karridendako arduradunak jakinarazi digunez. Karridendatik ateratzen diren etekinak elkartearentzako dira, hura elikatzeko; izan ere, finantzazio gunea da elkartea dendarentzat.
Denda gehiago zabaltzeko asmoa
Aurrera begira, Karrikirik badu beste denda bat irekitzeko asmoa, baina lehendabizi dutena sendotu nahi dute. Agian beste alor ezberdinetan sartuko dira, betiere euskara mundutik sortutako gauzei loturik.
Karridendak gehien saltzen duena haurren jokoak dira. "Ekoizpenak gora egin du. Gabonetan asko saldu dugu produktu hau. Gu produktu horietan espezializaturik gaude eta arreta handiz zaintzen ditugu". Alonsok azpimarratu duenez, "jaioberrientzat den kit-a sortu dugu. Oso gauza polita da, eta hori oso ongi saltzen dugu". Ildo horretatik, irakasleekin harremanetan daude, adituekin, haur hezkuntzan irakurri behar diren liburuak edo jokoak zeintzuk diren jakiteko. Euskaltegietarako egokiak diren ipuinak eta jokoak ere egiten dituzte, euskaltegietako irakasleekin elkarlanean. Horretaz gain, euskal jantziak ere oso ongi saltzen dituzte. "Horri ere garrantzi handia ematen diogu. Gainera, nork bere jantzia osatzeko beharrezko diren gauza guztiak ditugu". Esait-eko kamiseten salmenta ere nabarmendu du dendako arduradunak. "Gainera hori Karrikirin bakarrik aurki daiteke".
Berria egunkariko produktuak, ARGIAko produktuak eta Nafarroa Oinez-eko materiala ere saltzen dute Karridendan. "Itsas estiloko arropak ere dexente saltzen ditugu", Silbia Alonsoren hitzetan. Karridendaren ekoizpen propioa haurrentzat egiten dituzten eskuzko koadernoak ûbertan haurraren jaioteguna, gurasoen argazkia, eta abar jartzen dituzteû eta Karrikiriren kamisetak dira. "Euskarari modu erraz eta deigarri batean laguntzen saiatzen gara, ipuin eta jokoen bidez".
Karridendak ikusgai ditu inauterietarako jantziak. Altsasuko momotxorroa, bertako inauterietako pertsonaia, Lantzeko txatxoa, Lesakako zakuzaharra edota Goizuetako zomorroa. Inauterietarako euskal pertsonaien jantziak goitik behera prest ditu. Erosketa bakar batean mozorro bakoitza egiteko osagai guztiak eskura daitezkeela du abantaila nagusi eta, nahi izanez gero, mozorro eginak eros daitezke. Horretaz gain Santa Ageda ospatzeko behar den guztia eta euskal jantzien hautaketa zabala ditu salgai. Karridendaren nahia euskaldunek egunerokotasunean euskaraz bizitzeko dituzten beharrak asetzeko gunea izatea da.
Hartara, kirola eta euskara uztartuko dituen produktuak ere prestatzen ari dira: eusku pilotak, liburuakà Guztia produktu eskaintza zabaltzeko.
Mikel Asurmendi
Peyo Labegueriek 1976an -20 urterekin- utzi zuen Euskal Herria Parisera ikastera joateko. Lana zela tarteko Parisen, Normandian eta Alsazian bizi izan zen. 1993an itzuli zen Euskal Herrira: «Ipar Euskal Herria izugarri aldatua atzeman nuen kanpoan izandako hamazazpi urteen ondoren. Gizartea aldatua, hainbat gertakari bizi gabe, itzultzean gauza bat deigarria egin zitzaidan: mugimendu abertzalearen eta alderdi frantsesen arteko urruntzea», erran digu Peyok.
Txikitatik sentitu zituen politikarako gogoa eta grina, aitarengandik jasoa. Euskal Herriarekiko bere atxikimendu politikoa ez dela aldatu, betikoa dela erran digu. Zentristatzat jotzen du bere burua, euskal nortasun irmo batez. Horiek horrela, bere buruari zerbait falta zitzaiola ohartuta, politikan engaiatu zen duela hamar urte.
Aitarengandik hartu zenuen politikarako grina. Azal iezaguzu hori, otoi.
Ume eta gazte nintzela aitaren bidea segitu nahi nuen, bere engaiamendu politikoak ukitua nonbait. Frankismoaren azken urteak arras barnetik bizi izan nituen. Konparazione, aitarekin errefuxiatu baten seme-alabak Pausuko (Behobia) muga pasatzen lagundu izana oroitzen dut. Arriskua eta kuraia bizi izanaren kontzientziaz jabetu izan nintzen gerora. Orduan ez nintzen ohartu nire aitak izan zuen garrantziaz. Aitarekiko harremanetatik bere izaera eta jarrera tinkoak eta tematiak atxikitzen ditut.
Nola gogoratzen duzu zure aita politikaren gorabeheretan?
1980ko uztailean hil zen. Hiru hilabete lehenago, senataria zela, honela esan zidan aitak: «Egunen batean, Frantziako eta Euskal Herriaren artean hautatu beharko banu, Errepublikako senatari izatearen eta euskaldun konbikzioen artean, Euskal Herria hautatuko nuke». Orduan ez nintzen jabetu esan nahi zidanaz. Nire ustez Mixel Labeguerie onestua izan zen bere buruarekin, baita berarekin aritu zirenekin. Euskal Herriaz zuen filosofiari eta kontzepzioari ekin zion. Ibilbide politiko ezberdin batean entseatu zen bere estrategiari ekiteko. Euskal Herria laguntzeko modu hoberena frantses politikan sartzea zela pentsatu zuen. Nahiz eta bere ibilbide politikoaren azkenaldian -arrazoiak arrazoi- frantses politikara lerratu zen, bere konbikzioei atxikia hil zen. Giza baloreen eremuan ados zegoen politikariekin -ministroak izandakoak- politika egitea eta Euskal Herriaren alde lan egitea posible ikusi zuen. Azkenik, egia erran, frantses eremu eta balore bereko kideek ez ziotela lagundu konturatu zen. Edozein gisaz, 1980an, Elgar-Ensemble mugimendu baten gisako bat antolatzeko itxaropena atxikitzen zuen.
Elgar-Ensemble mugimendua haren segida al da?Ez, garaia ez baita bera. Izan ere, Euskal Herriko egoera sozio-politikoa egonkorra izan arren, nolabaiteko bilakabide bat izan du azken 25 urteetan: euskal kontzientzia, identitatea eta euskararen onarpena lortu da gizarte mailan. Ikastolak onartuak dira, ez dira -beren ospea lohitzeko hastapenean esaten zen bezala- «terroristen bizitoki». Alta bada, euskal kultura eta frantses kulturaren arteko banantzea begi-bistakoa da. Ipar Euskal Herriari atxikia den frantses kulturaz eta euskal kulturaren arteko bereizkuntzaz ari naiz. Duela 40 urte bazegoen arazo hau, baina txikiagoa zen.
Zergatik Elgar-Ensemble mugimendua?
Bi arrazoiengatik nagusiki, lehena soziala eta politikoa bigarrena. Sozialari dagokionean, hemen euskal eta frantses kultura elkarrekin bizi dira aspaldidanik. Azken urteetan badira Ipar Euskal Herrira etorri diren frantsesak, hemen bizi nahi dutenak -etorri eta euskal identitatea errefusatzen dutenak, bestalde-. Hauetako askok bere seme-alabak bi hizkuntzatan hezi nahi dituzte. Beraz, euskal identitatea onartzen dute. Ondoan, jatorrizko euskaldunak gaude, ez dugu guztiz gaizki bizitzen inbasio gisako hau, alabaina, euskal berezitasuna aintzat ez hartzea gaizki bizi dugu. Funtsean, gure kultura eta hizkuntzaren onarpen politikoa eskas dugu. Hartara, zenbaitetan, frantses eta euskal populazioen artean oldartze gisako zenbait ageri dira.
Bigarrena, politikoa: Ipar Euskal Herriko jokaleku politikoan alderdi frantses tradizionalak alde batean daude. Hauek, nagusiki, ez dute euskal berezitasuna kontuan hartu nahi. Hor dago koska. Beste aldean, berriz, buruz buru, alderdi politiko abertzaleak daude. AB nagusia izaki, populazioaren %10ren sostengua duelarik. Alabaina, ABren edota abertzaleen mezuak ez du frantses munduan eraginik, edota beste aldean dauden herritar horiek ez dute abertzaleen mezua atzeman nahi. Euskal nazionalismoaren ideiak beldurra sorrarazten die, naski.
Anartean, guk geuk, alderdi frantsesen -inmobilismoan finkatuak, ez dute ezer ukitu ez mugitu nahi- eta alderdi abertzaleen artean zubi lana egin dezakeen mugimendu politiko batentzako jokalekua dagoela uste dugu. Bi populazio edota mundu horien arteko moldatze ezinari aitzi egin diezaiokeen mugimendu baten beharra dago.
Elgar-Ensemble abertzale mugimendu bat ez bagara ere, euskaldunak gara. Etorkizuna Europan kokatzen dugu. Nik euskal nazionalitateko herritar frantsestzat jotzen dut nire burua. Iparraldea abertzale eta frantses jokamolde bi horien artean garatu da azken 30 urte hauetan. Hots, abertzale edo frantsesa zara. Guk, aldiz, hirugarren jokamolde bat landu nahi dugu. Jokamolde honen bidez euskal identitate kultural eta lurraldearekiko errespetua garatu daitekeelakoan gaude. Izan ere, Euskal Herria baztertu ezineko errealitate bat da, bizi-bizia. Ez dugu onartzen -iragan bi mendeetan egin bezala- euskal espezifikotasuna ukatzea.
Mugimendua «ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa, ez abertzalea, baina euskaltzaletzat» definitu duzue. Euskaltzaletasunak soilak definitu dezake mugimendu politiko bat? Ideologia finkorik gabe politika egin daiteke?
Hegoaldean behar bada ez. Bere bilakabide historikoaren ondorioz abertzaletasunak -euskalduna eta espainiarra- arras finkatuta daude. Iparraldean ez da berdin. Horregatik sortu zen Batera mugimendua. Batera norbanakoen bidez, herritarren hainbat eskubide eta eskakizunak plazaratu ditu. Elgar-Ensemble mugimenduan ezkerrekoak, eskuinekoak eta zentroko pertsonak gaude, baina denok helburu komun bat dugu: Euskal Herriaren garapen ekonomikoa eta espezifikotasuna lantzea. Horretarako ez da abertzalea edo frantsesa izan behar, hori da gure berrikuntza. Ipar Euskal Herria Frantzian dago eta Frantzia Euskal Herrian. Horratx errealitatea!
Izan ere, aitzina egin behar badugu ezin dugu esan euskal kultura dago eta kito. Frantsesei hori esaten bazaie ez dugu zer eginik, eta haiek hemen bizitzeko eskubidea dute. Gure ahalegina hauxe azaltzean datza: «Zuek hona etorri zarete herria hau maite duzuelako. Aintzakotzat hartzen duzue, beraz, errespetatu ezazue. Eraiki dezagun gizartea elkarrekin, egin dezagun bide elkarrekin». Gure ikurraren bitartez agertu dugunez, euskal eta frantses kulturen eta identitateen arteko jokaleku politiko komun baten beharra aldarrikatzen dugu.
Zergatik aurkezten zarete kantonamendu mailako bozetan?
Jean-Jacques Lasserre, departamenduko presidentea, «Euskal Herria 2010» egitasmoaren kudeatzaile nagusietako bat izan da, Garapen eta Hautetsi kontseiluen sustatzailea. Egitura hauek Frantziako Estatuak emanak izan dira Euskal Herriaren berezitasuna onartzeko. Orain, ordea, Lasserrek, proposamen horien kontraesanetan, lurralde euskal-biarnes bat proposatzen du. Horra arrazoi bat. Bere programari aitzi egiteko aurkezten gara nagusiki. Bozketa hauetan gure aurkariak gure programarekin bat ez datozenak dira. Badaude sekula abertzale bozkatu ez dutenak, ezkerrari edo eskuinari boza ematen diotenak, hauek ez diote bertako alderdi bati boza ematen ez dutelako beste alternatibarik. Guk alternatiba hori izan nahi dugu. Boz batzuk abertzaleetatik hartzea espero dugu, baina, batez ere, frantses alderdi tradizionaletatik bilduko ditugu. Zer nahi gisaz, guretzat kantonamendurako bozak garrantzitsuak badira ere, ez dira ordezkaritza lortzeko soilik, gure proiektua azaldu eta eraikitzeko baizik.
Zein dira zuen bitartekoak? Kontseilari bat lortzeko aukera ote duzue?
Gure bitartekoak urriak dira. Elgar-Ensemble egituratzen ari gara, ez dugu finantzatzeko baliabiderik. Mugimendua kideok finantzatua da. Mugimendu politiko bat alderdi materiala baino zerbait gehiago da, alta. Gure mugimenduaren oinarria bere gizon eta emazteen baloreak dira. Horiek dira gure proiektuaren baliabide nagusiak. Pertsonak hauek -auzapezak eta kontseilariak- beren lanarengatik errekonozituak dira beren herrietan. Kontseilari bat lortzea erdiespen handia litzateke, baina bat lortzea ere arrunt zaila ikusten dut. Alta, ez dugu amore emanen lortzen ez dugulako. Hauteskundeen emaitzek ez dute gure mugimenduaren geroa baldintzatuko inola ere. Ereiteko garaia da.
Zuen programaren helburuak eta Batera-ren eskakizunak antzekoak dira. Mugimendu posibilista gisa aurkezten zarete, agian?Bai. Batera-ren eskakizunak eta gureak, ñabardurak ñabardura, antzekoak dira. Gure mugimenduak Batera-ren helburuak bere egiten ditu. Baina, esate baterako, Peyo Labegueriek -ez Baterako kide bezala Elgar-Ensemble kide bezala baizik- Ipar Euskal Herrian beste aukera politiko batentzako lekua dagoela uste du. Helburu eta eskakizun horiek erdiesteko lan molde berriak entseatu nahi ditugu. Batera-rekin alderatuz, nolabaiteko malgutasuna erakutsi nahi dugu lan moldeetan.