Xabier Barandiaran
Martxora bitartean ariketa politikoa iritzi publikora zuzenduriko komunikazio lehiarekin identifikatu daiteke. Hauteskundeetara arte denbora, irudia eta eduki politikoen kudeaketa kalkulatuan arituko dira alderdi guztiak. Etxetik begiratuta, Espainiako Estatu osoan ordezkaritza duten alderdien arteko Moncloarako lehia Hego Euskal Herriko espazio politikoan ematen ari den borroka konplexuarekin nahastuko da.
Marketing politiko lan berezia egiten ari den Jose Luis Rodriguez Zapaterok Moncloarako bidea baino zerbait gehiago du jokoan: bere jarraipena ziurtatzea. Hauteskundeak galdu arren oposizio sendo bat egiteko inolako aukerarik gabe geratzeak krisi serioa piztuko luke alderdi honen barruan. Hauteskunde kanpaina hautagai guztientzat konfiantza une bat gerta ohi den arren, emaitza txarrek memoria dantzan jartzen dute, ia beti okerrerako. PSOEri norabide zehatza eta barne sendotasuna falta izan zaio orain arteko oposizio lanean. Boterea galdu zuenetik ez du lortu barne antolakuntza eta sendotasun ideologikoari erro errotik heltzea, bere ekintza politikoa etengabeko hauteskundeen gurpilaren menpekotasun politiko horretara baldintzatua egon da, ausardia falta izan zaio PPrekiko morrontzarekin apurtuz bide propioari ekiteko. Iritzi publikoari kostatzen ari zaio PSOE talde politiko serio, batu eta eraginkor batekin identifikatzea. Egia da botereak sendotu eta uztartu egiten duela, baina botererako bidean ere sinesgarritasuna eskaintzea ezinbestekoa dirudi. Zapaterok bere proiektua heldu eta etxea ordenean jartzeko denbora behar du, hauteskunde hauek denbora horren lorpen lehia lirateke.
PP aldiz pitzadura gehiegirik gabeko estatuko alderdi itxuran atera da. Bere estetika kontserbadorea zokoratu asmoz ûposible zaion neurrianû diputatuen nahiz senatarien ganberak zentro aldera bideratuko ditu. Raxoi dagoeneko presidente modura aurkeztu da hauteskunde hauetan: esperientziaren, zentzuzko jarreraren, Espainiaren alde, eta erakundeen egonkortasun irudiarekin jokatuz. Raxoik Aznarrek baino irudi atseginagoarekin jokatzeko aukera du. Rato ekarri du ondora, memoriatik datu ekonomikoak interesatzen zaizkio soilik eta, gainontzeko guztia, ganbara ilunera. PPk orainarteko gobernu ariketaren baldintzak ziurtatzeko gehiengo osoa nahi eta behar du, ez lortzean egon daiteke PSOEk burua altxatzen hasteko baldintza.
Gerrak eta sarraski ekologikoak ûbat bateko geure bizitza kalitatea ukitzen ez dutenezû eragin politiko erlatiboa duten elementuak direla frogatzen ari garen garai hauetan: Ezker Batuak (EB) gauzak zailak ditu, PSOEk errekuperatzeko premiak, oro har, kontzientzia kritikoa txikitzen ari zaion gizartearen nondik norakoak eta komunikazio taldeen babes faltak EB beste plano batean kokatzen du hauteskunde prozesu honetan.
Hego Euskal Herrian gauza konplexuagoa da. Alderdi konstituzionalistak elkarrekiko lehian abertzaleekiko kritiketan eta euskal arazoan topatuko dute bultzada. Baina helburua, ia beti bezala, estatua da. Alderdi abertzaleen espazioan ez Madril, baizik eta euskal espazioaren banaketa dago jokoan. Euskal abertzaleen arteko lehia oso baldintzatua egon da «euskal arazoa»rekiko alderdi bakoitzak mantendu izan duen jarreraz. Baina euskal arazoak, arazo izaten jarraitzen duen arren, aldaketa serioa bizi du eta alderdi politikoek egoera berrira egokitzeko bidean dihardute. Batasuna antidemokratikoki legez kanpo baina geroz eta ilegalizatuago dago, euskal gizartea geroz eta apustu sendoagoa egiten ari delako auzi politikoa demokratizatzearen alde. Egoera honek, azkar edo beranduxeago, Ezker Abertzalearen transformazioa suposatuko du. Aktore politiko bat baino gehiago hipotesi horretan ari da lanean dagoeneko, eta sarritan, hipotesiak errealitate berrietara gerturatzen gaituzte politikan. Egoera honetan lau errealitate jarri dira agerian: Nafarroako abertzaleen erreferentzia berria, EAJren nagusitasuna EAEn, espazio sozialdemokrata abertzale sendoa osatzeko oraindik dauden zailtasunak eta Ezker Abertzalearen arazoak aurrera egiteko.
Hegoaldean hauteskunde kanpainak Nafarroan izan du abiapuntua. Nafarroa Bai aukerak Nafarroako abertzaleen artean ilusioa piztu lezake eta, proiektua heltzeko dagoen arren, legez kanpo dagoen Ezker Abertzalearen espazioari min handia egin diezaioke.
EAEri dagokionean ere espazio politikoaren antolaketa garaian gaude. EAJk Eusko Alkartasunari dei egin dio lankidetza egonkorra osa dezaten, Imazen buruan abertzaletasun zibikoan oinarrituriko talde sendo baten irudia dago. Ezker Abertzalearen transformazio egoera bultzatu eta ez abertzaleekiko komunikazioaren lidergoa hartu Ibarretxe planaren nondik norakoak kudeatuz. Eusko Alkartasunak ordea barne eztabaidan dihardu, EAJrekin lankidetza ala Ezker Abertzale berri baten espazioa osatzera ausartu. Ez du aukera erraza.
Hauteskunde hauetan Aralar izango da galdera ikur garrantzizkoa EAEn. Aralar bere iraupena ziurtatzen ari den esperientzia gertatzen ari da. Ezker Abertzaleko kultura politikoarekin apurtu gabe beste erreferentzia bat eraikitzen ari dira ezker abertzalearen esparruan. Aralarren garapena legez kanpo jarri duten Ezker Abertzalearen transformazioarekin zuzenean loturik dago. Koalizioan ala bakarrik Aralarrek etorkizuneko ezkerreko espazio horren eraikuntzan dihardu.
Egoera benetan zailean diharduena legez kanpoko Ezker Abertzalea da. Gainontzeko alderdi abertzaleek Bergarako deialdia ez dute kontutan hartu ere egin. Aukera politiko bat eta jende multzo handia sistemaz kanpo egoteak demokrazia txikitzen du. Euskal politikagintza Batasunarik gabe berrantolatzen ari da eta hauek zerbait egin beharko dute, baldin eta eragin politikoari eutsi nahi baldin badiote. Hala ere, inozokeria da pentsatzea ETAren auzia bertan behera geratuko dela Ezker Abertzalearen transformazio beharrengatik. Arazo horri konponbidea eman beharko zaio eta konponbidea zenbat eta elkarrizketatuagoa, adostuagoa eta azkarragoa izan guztiontzat hobe.
Martxoko hauteskundeetan alderdi konstituzionalistek estatuko lehia eta baldintzetan dihardute. Alderdi abertzaleentzat indarrak neurtzeko momentu ona da eta batez ere abertzaleen espazio hori nola antolatzera doan ikusteko momentuan gaude.
Joxe Iriarte 'Bikila'
Jon Enparantza abokatuari indignantea (alegia, duintasunik gabekoa) iruditzen zaio «su-etena punto kom»ek ETAri menia eskatzea, non eta (gainera) 25 urteotan eraso mingarrienetakoa jazo den tokian, Andoaingo Kultur Parkean. Ez zait batere atsegina iritziaren leiho honetan idatziriko artikulu batekin ika-mikan aritzea; alabaina, nik parte hartutako ekimen bat ekintza indignantetzat hartu izanak sortu didan indignazioa agertzera behartuta ikusten dut nire burua.
Indignazio eta duintasuna. Galdetzen dut: desadostasunak desadostasun (ondo ala gaizki iruditu al zaigu, baina jarrera desberdinak guztiz legitimoak iruditzen zaizkit, eta legitimoa den guztia duina da), noiztik da indignantea ETAri menia eskatzea, batez ere Martin Ugalde Parkean? Niri kaltegarria ez ezik, zinez indignantea iruditzen zait (hiltzea ez baita jarrera politikoa, soil-soilik) ETAk Andoainen azken urteotan egina: bi pertsona akabatu, beste asko mehatxatu, eta izu itogarria sortu, non eta EHk (gero Batasunak) alkatetza zuen herri batean (jakinik nolako trantzean jartzen zuen alkatea bera) eta euskalgintzaren industria eremu garrantzitsuan kokatzen den herri batean. Enparantza jaunari ez zaio pasa burutik galdera hau: horrelako ekintza bidegabeek sortzen duten mina eta izuaren hedatzeaz gain, zein zen ETAren helburu konkretua? Errepresioa erakarri Andoainera, ondoren esan ahal dezan «begira zein doilorra den estatua, nola jipoitzen duen euskalgintzaren eremu sakratu hori»?
Euskaltzale guztiok, are abertzaleok, are ezkerreko abertzaleok, garbi dakigu zen doilorra den estatuaren jarrera gurekiko. Eta horregatik da hain garrantzitsua Andoaingoa bezalako gune «liberatuak» babestea. ETAk izan beharko luke Andoaingo ingurumaria toki sakratutzat, estatuak izan ez dezan aitzakia izpirik euskalgintzaren aurka joateko. ETAk Andoainen jarduten duen bakoitzean sortzen zaidan amorrua bikoitza izaten da: alde batetik, ez nagoelako ados egiten duen bidegabekeriarekin, bestetik, euskalgintzari sor dakiokeen (egiten dion) kaltearengatik. Harritzekoa da horri buruz Enparantza jaunak ezer ez esatea.
Euskal Herriak Estatu espainiarraren eta frantsesen aldetik jasaten dituen erasoei aurre egiteko ETAren menia onuragarria izango dela aldarrikatzea zergatik da ekintza indignantea? Zer da indignanteagoa: pentsatzea eta esatea edo, askok egiten duten bezala, pentsatu bai, baina, badaezpada ere, bere iritzia kolkoan gordetzea? Ekimen bateratu batean iritzi bera azaltzeko modu ezberdinak daudenez, neuk, Martin Ugalde Parkean, 2003ko abenduaren 17an irakurrita azaldu nituen arrazoiak jarriko dizkizut hemen:
ETAri su-etena. Su etena eskatzen dut, ez egungo sistema politikoa demokratikoa delako, alderantzizko iritzia baitut, ezta ere kontsentsua eta elkarrizketa berez nahikoak direlako arazoak konpontzeko (borrokarik gabe ez baitago justiziarik ezta askatasunik). Su-etena eskatzen dut, hartzen dugun aldetik hartzen dugula, borroka armatuak, sufrimendua luzatzeaz gain, gero eta eragin negatiboagoa duelako gurean: gatazkatik irteteko behar den indar metaketa oztopatzen du: leku gehiegi betetzen du gure zereginetan, ia-ia gure indar intelektuala eta politiko guztiak xahutuz; dogmakeria eta setakeria ernarazten du, praktikan oskol-kultura bat elikatuz eta erdietsi nahi ditugun helburu politikoak usteltzen du okerreko bitartekoen bidez.
Historiak erakusten du, gainera, ezinbestez edo hala behartuta, bide militarraren bidez garaile irten diren iraultzak, areagotuak ikusi dituela beti presente dauden arriskuak, hala nola, bertikalismoa eta askatasun ezarena. Beraz, beste bideak daudenean jasanezinagoak zaizkigu arrisku horiek.
Gure herriak, eta batez ere, ezker abertzaleak (bere aniztasunean hartuz, eta nire burua hor kokatzen dut) ezin du gehiegi zamatzen duen iraganaren zordun izaten jarraitu. Bere gain hartu behar ditu, dudarik gabe, historia eta presoekin dituen konpromisoak, eta gatazkatik irteteko soluzioak proposatu, baina borroka armatua alboratuz. Jadanik berandu bada ere, ETAk aintzakotzat hartu beharko lituzke ezker abertzalearen interesak eta bere zilborrari begiratzeari utzi.
Egun, atsedena behar dugu bide berriak aurkitzeko, hurkoen artean elkarrizketa sortzeko, indarrak metatzeko. Guzti horretarako, iraupen luzeko su-etena lagungarria izango litzaiguke.
Ziur nago ez zaudela ados idatzi honekin. Zilegitasun guztia duzu. Baina, esplika iezadazu zergatik den indignantea bere azalpena Martin Ugalde Kultur Parkean. Are, ez duzu uste, argudio hauek askoz hurbilago daudela Martin Ugaldek pentsatzen duenarekin zuk azaltzen dituzun arrazoiekin baino?
Begirunez.
Jexux Mari Irazu
Gaurko txandan jarrera bati buruz hitz egin nahi dut. Bertsolari txapelketa bere osotasunean adibide polita eta garbia da erreparatzeko bakoitzak nola ikusten dituen bere burua, ingurua eta mundua, eta hiru horien arteko harremanak zer beharko lukeen ere bai. Gipuzkoako txapelketan entzun ditugu bertsolariak plaza eske eta oso ondo iruditzen zait, eta ulertzekoa ere bai, beraz zalantzan jartzen dudana ez da merezimendua. Zalantzan jartzen dudana, eta ez dakidana da eskatu (plaza, esaterako) nori eskatzen zaion. Zarauzko saioan bildu ziren 1.000 entzule fin haietako nor ote eske hori egin behar izateko kulpantea? Eta Tolosan? Edo bertso horiek etxean entzun behar zituenetan? Edo agian Gipuzkoako Bertsozale Elkarteari egindako eskaerak izan dira? Eta zer da ba Elkartea bertsozale-bazkide multzoa, ezta? Eske eta eske dabiltzanak ere ez dira bada bazkide, beraz Elkartea? Oso gai delikatua eta irristakorra da, bai, badakit. Gainera, pertsonok berezkoa dugu eskerako joera, ematekoa baino berezkoagoa bai behintzat, eta kosta egiten zaigu ulertzen askotan ematea dela eskatzeko (?) biderik onena. Txapelketa honetan, eta aurreko Herriartekoan ere bai, isileko lana omendu da, isileko lan horri esker kantatzen direlako oraingo asko eta asko. Nik behintzat oso garbi daukat bertsolaritzak aurrera egingo badu, bertsolarietan ere plazak eta bertsoak adineko garrantzia behar duela isileko lan horrek, bai noski nor bere buruarekikoak, baina, batez ere orokorrak.