Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-01-25 -- 1928.zenb

Izaskun Jauregi


2003ko arte jarduera

Urtea amaituta ekin diote museoek 2003ko balantzeari. Guggenheim Bilbao Museoak eta Arabako Arte Garaikideko Euskal Museoak, Artiumek, ezagutzera eman dituzte dagoeneko lehengo urteko datuak. Eta badira aldeak bata eta bestearen artean. Guggenheimek 874.807 bisitari izan zituen iaz, aurreko urtean baino %3 gehiago. Bertara hurbildu zirenen artean berriz, hamar pertsonetatik bederatzi EAE kanpotik etorri zen, eta horietatik %59 Espainia kanpoko bisitariak ziren. Artiumen ordea, datuak negatiboak izan ziren. 75.000 bisitari izan zituen iaz, horietatik 11.000 eskolako haurrak izan ziren, museoaren hezkuntza jardueren baitan. 2002an baino %25 bisitari gutxiago izan ditu, baina kontuan izan beharra dago 2002a izan zela irekiera urtea eta ikusle kopurua, jakin-minak bultzaturik, izugarria izan zela hasieran.


Batzuk jaio, besteak berpiztu

Literatura aldizkariak modan jarri dira. Euskarri elektronikoan edota paperean, pixkanaka ezagutzen ari dira oraintxe jaio edota berpiztu diren aldizkarien izenak. Adibidez, Biohotz Bakartien Klubak Linterna Gorria izeneko literatur aldizkaria sortu du Interneten. Literatura Eskolan literatur aldizkariei buruz eginiko tailerraren ondorio da eta bertan poesiaren tartea, narrazioak, elkarrizketak eta literatura laborategia daude. Hilabete bakoitzeko 17an berrituko da aldizkaria. Lizarrerrian ere berreskuratu berri dute Elgacena izeneko literatura aldizkaria. Ez zegoen hilik, baina denbora luzean geldirik egon da, eta oraintxe plazaratu dute ale berri bat. Dora Salazarrek eginiko azalarekin, Juan Vicente Piqueras, Fernando Aramburu, Tua Blesa, Leopoldo María Panero, Javier Irazoki, Harold Pinter eta Pablo Antoñana bezalako idazleek parte hartzen dute. Ez da hertsiki literatur aldizkaria, baina Ostiela! aldizkariak ere berrikuntzak dakartza. Izan ere, lantalde berria du atzetik eta egun 300 harpide inguru dituen kultur aldizkariak asmo berriak ditu.


Eraztunen jaunaren audientziak

Munduan egin den audientzi ikerketarik handiena omen da Eraztunen Jauna filmeen inguruan munduko hainbat unibertsitatek egingo dutena, horien artean Nafarroako Unibertsitateak. Hain zuzen ere, Eraztunen Jauna liburua zinemara eramateak ekarritako ondorioak arakatuko dituzte. Eta horretarako prentsan argitaratutako albisteak aztertu eta Interneten eta zinema aretoen kanpoan inkestak burutuko dituzte. Zera aztertu nahi da: audientziarentzat zer suposatu duen filmak edota zinemak gizarte garaikidean duen eragina.


Europan ez da halakorik

Breakdance lehiaketa kontinente osora zabaldu dute Elorrioko Arriola Kultur Aretoak eta Logela Multimediak, eta hori dela eta maiatzaren 15ean Euskalduna Jauregian burutuko da. Azken bi urtean izandako arrakasta ikusirik zabaldu dute Europa osora. Ez dago horrelakorik kontinente osoan. Hala ere, betiko moduan, taldeko lana sarituko da eta aurkeztuko diren koreografiek fotokopien gaia landu beharko dute.


Zerrenda luzatzen ari da

Su Ta Gar, Soziedad Alkoholika, Fermin Muguruza (Manu Chaorekin eginiko itzulian eta berriz ere Komunikazio Tour biran) eta orain Berri Txarrak taldea. Zerrenda luzatzen ari da, Espainian zehar euren kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzten euskal musika taldeen eta musikagileen zerrrenda, alegia. Beti ere, hainbat komunikabideen, zenbait talde ultraeskuindarren eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteak bultzaturik. Luzatzen ari da baita ere gertatu denarekiko erantzuna. Hain zuzen, Madrilgo Ladinamo Kolektiboa eta Bartzelonako Altxamendu Zapatistarekiko Elkartasun Kolektiboa sinadurak biltzen hasi dira ellokalpangea.org helbidean. Zerrena horretan ordea oraingoz ez dago SGAE egileen elkartea. Egileak babesten dituen elkarteak ez du gai honetaz hitz egin nahi.


Artisten egonaldiak.

Aste bat eta bost aste bitarteko denboraldia igarotzen dute Donibane Garaziko Garazikus antzokian hainbat artistek azken bost urteetan Garazikus elkarteak garatzen duen Artista topaketak ekimenaren baitan. Antzerkilariek, kantariek edota musikariek tarte hori dute ikusgarri edo obra bat sortzeko ikusleei eskaini aurretik. Denbora hori baliatzen dute hezkuntza ekintzak, lekuko artista amateurrekin edo ikusleekin topaketak ere egiteko. Aurten Kilikolo Zirko konpainiak egin du lehendabizi egonaldia. Ondoren Chimères antzerki taldea, Petit Thèâtre de Pain eta Pascal Gaigne eta Olatz Beobide izango dira, bakoitza bere lanak prestatzen.


Musika eta euskararen beka.

Juan Zelaia Letamendi musika-bekaren lehen deialdia martxan da dagoeneko. Euskararen Aldeko Fundazioak emango du beka eta Eresbilek kudeatuko du. Bi urtez behin emango da eta 6.000 euroko diru kopurua eskainiko du. Euskara eta musika batuta zabaltzeko xedea du. Eta deialdia zabala da. Taldeek edo norbanakoek har dezakete parte. Izan daitezke irakaskuntzan gauzatzeko proiektuak, euskal musikaren ondarearen balioa handitzeko, euskal diasporako baliagarriak direnak, teknologia berriekin zerikusia dutenak... Hori bai, gailentzen denak urtebetean gauzatu beharko du proiektua.

Izaskun Jauregi


Ramon Barearen hitzak dira hauek «El Cultural» aldizkarian jasoak: «Dakidanaz bakarrik hitz egiten dut. Ez dakit diseinuko zinea egiten (...)».

Xabier Zeberio Oskorriko biolin-joleak honakoa zioen «Galtzaundi»n: «Nahiz eta pirateriarena arazo handia izan, nire ustez arazo garrantzitsuena jendeak kulturarekiko interesa galdu duela da».

Julio Medemek «Elkarri» aldizkarian eginiko adierazpenetako batzuk dira hauek: «Badirudi ez naizela hain gaiztoa euskalduna eta espainola naizela esaten dudanean. (...) Sinesgaitza da nola esaten den gezurra. Nire filmaz esan dute Ibarretxe Planaren propaganda zela eta bien bitartean Eusko Jaurlaritzak ez dio diru-laguntzarik ere eman. (...) Nire hurrengo filmarekin prentsaren zati handi bat gainera etorriko zait. Oraingoan, inoiz baino gehiago, nazioarteko irteera bat segurtatu beharko dut».

Mikel Urdangarinek «Administrazioa euskaraz» aldizkarian: «Diskoak, bizitzako memento bateko islak, argazkiak dira».

Izaskun Jauregi


Paulo Iztuetak buruturiko trilogia plazaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxeak, Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia lanek osatua. Lehenengoan hain ezaguna ez den Orixeren saiogile lana arakatu du Iztuetak; bigarrenean, euskal kulturan jaso zituen kritikak aztertu ditu; eta azkenekoan, era intimistan jaso du Orixeren bizitza.

Traspasos antzerki taldeak Mario por alusión bakarrizketa estreinatu du. Lanak Miguel Delibesen Cinco horas con Mariori erantzun nahi dio, Mario bera berpiztuz. Rafa Martin gasteiztarrak taularatuko du José Antonio Pérezek idatzi eta Mikel Gómez de Segurak zuzendutako lana.

Simon Berasaluze beirate margolaria oso ezaguna omen zen, nahiz eta gure inguruan orain artean horren berri gutxi izan. Horregatik hain zuzen Felix Elejaldek debatarraren biografia idatzi du Simon Berasaluce. El artista que embellecía la luz izenburupean. Berasaluze AEBetan bizi izan zen urte askoan eta bertan daude bere lanik gehienak. Baina hemen ere, Debako eliz nagusian, Hernaniko Zikuñagan edota Eibarko Aginagan ikus daitezke.

Antso Handia izango du gai nagusi aurtengo pastoralak. Uztailaren 25ean eta abuztuaren 1ean taularatuko du Mauleko hiriak. Hasiak dira dagoeneko parte hartuko dutenak aurtengo emanaldia prestatzen.

Jose Luis Ansorenak Raimundo Sarriegi Etxeberria, musikari donostiarra lana kaleratu du Alberdaniaren Bertako sailean.

Lucia Lacarrak jasoko du Sabino Arana saria kulturaren alorrean. Hilaren 25ean burutuko da Sarien XV. edizioaren banaketa.

hemeroteka

1927. zenbakia | 2004-01-18
1926. zenbakia | 2004-01-11

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan