Ainara Gurrutxaga
Teresa, zure Mentiras lanean edo Aitzpea, zure Zu(t)gaben emakumeak dira protagonista. Aldarrikapena ala kasualitatea da?
Teresa Calo. Mentiras lana bi emakumeentzako funtzio bat da bai, baina Entre lineas, esaterako, bi emakume eta bi gizonentzat idatzita dago. Saritutako Ay, Manolo honetan ere denetarik dago. Ez dut uste nire lanetan arreta gehiago jartzen diedanik emakumezkoei. Beste kontu bat da agian hobe jakin dezakedala emakumeon modu eta manerak definitzen, gizonezkoenak baino, gertutasunagatik-edo. Hala ere, ez naiz horren bila aritzen, irteten zaidana idazten dut.
Aitzpea Goenaga. Nik uste dut badagoela joera protagonistek gizonezkoak behar dutela izan pentsatzeko, buruan horrela sartuta daukagulako. Niri pertsonalki antzerkian ez zait halako kasurik gertatu, baina behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zergatik ez diren emakume protagonista gehiago sortzen. Orain saritu didaten Agur betiko lanean, hala ere, denetarik dago. Ez dut uste bereziki emakumezkoen ikuspuntua ageri denik.
Sormen kolektiboa aldarrikatuz 60ko hamarkadan aktoreak autoreen kontra matxinatu ziren Alfonso Sastreren ustez. Zuek matxinada hartako alabak zarete nolabait...
T. C. Bai. Ni Orain taldearen alaba naiz. Lehen urratsak eman nituenean Orain talde independente eta amateurra zen, nahiz eta gauza batzuetan oso profesionalak ginen. Egun lantzen dudan idazle arloak zerikusi handia du orduan hasi genuen sormen kolektiboarekin. Garai haietan etengabe, behin eta berriz asmatu behar izaten genuen egindakoa. Gauzak asko aldatu dira ordea. Gaur egun "onanismorako" joera handiagoa dago, norberaren etxean bakarka sortzen dira testuak.
A.G. Nire kasuan sorkuntza kolektiboko zenbait taldeetan parte hartu izan dut baina beti saiatu izan naiz halakoetatik ihes egiten. Ez naiz talde batean itxi, neurri batean nire askatasunari heltzen ahalegindu bainaiz beti. Baina egia da sozialki eta kulturalki garai hartako kumeak garela. Batez ere "muntaketa-desmuntaketaren" seme-alabak garela esango nuke, eta horrek asko markatzen du...
T. C. Bai, batez ere giltzurrunak!
A.G. Bai, eta antzerkia bizitzeko dugun modua ere bai, ezberdina da.
Funtzio kritikoa galduta, entretenitzeko xedea omen dute gaur egungo antzezlan gehienek.
T. C. Hori aldatzen ari da. Azken aldian gauza asko ari dira gertatzen eta jendea behingoagatik erreakzionatzen ari da. Jada ez gaude gure buruarekin hain pozik, eta gero eta gehiago gara nazka-nazka eginda gaudenak. Adibidez Tanttakak "Anarkista baten ezusteko heriotza" berriro ekoiztu du jendea berriro ikusteko irrikaz zegoela-eta. Animalario bezalako taldeak ere hor badabiltza arrakasta handiarekin kritika handiko lanak egiten. Ni neu orain idazten ari naizen testua ere ez da batere komikoa. Agian marroi bat izango da niretzat, eta ez dakit nolako harrera izango duen. Zartako parea jasoko dut agian lan hori argitaratzean, baina halakoak ere egin behar direla uste dut.
A.G. Egia da antzerkiak funtzio ludiko baterantz jo duela, baina bizirauteko beharragatik izan da batez ere. Euskal munduan are gehiago, jendea antzerkira erakartzeko ahalegin handiak egin dira. Euskaraz ez dago publiko handirik, eta hortaz, ahalik eta jende gehiena errekuperatzearen bidea hartu da. Eginiko bide horri esker, gaur egun beste antzerki motak ere egin daitezke. Behin antzezlan bat gustura ikusi duena berriro joango da beste bat ikustera, horixe da dugun itxaropena.
Durangoko azken azokan ez da antzezlan berririk aurkeztu, eta beste generoekin erkatuz oso presentzia txikia izan du, zergatik?
A.G. Ez dakit, baina nik uste dut azken boladan Euskal Herrian esfortzu handia egiten ari dela antzerki testuak argitaratzeko garaian. Antzerti eskola desagertu zenetik, arlo horretako panorama oso lehorra egon da, testu dramatikoak ahaztuta egon dira. Argitalpenen munduan literatura hori ez zen existitzen. Azkenaldian, ordea, hor daude Artezblai eta Hiru argitaletxeak, Bilbon ere beste argitaletxe bat orain antzerkia publikatzen hasiko da... Gainera nahiz eta gehienak gaztelaniz publikatzen hasi ziren, orain ahalegin handia egiten ari dira euskaraz publikatzeko. Zalantza daukat izango ote den testu dramatiko nahikorik hainbeste editorialetarako.
T. C. Nik liburu denden gaia ere aipatu nahi nuke. Izan ere, liburu denda askotara antzezlan baten tituluarekin joaten zarenean badirudi dendaria nagiak jota geratzen dela ordenagailuan begiratzeko, haserre antzera zera esaten dizute: "Guk hemen ez dugu antzerkirik izaten". Tortilla pintxo bat eskatzen arituko bazina bezala, aizu! Artezblaikoek aurreko lanak argitaratu zizkidatenean, adibidez, hilabete batez egon ziren liburuak biltegian. Azkenean, asko ekin ondoren atera zituzten. Hori bai, liburu dendako apalekoak bukatzen direnean ez dituzte gehiago ekartzen. Horixe gertatzen da gaur egun eta hortaz, zer eskatuko diot nik Durangori gauzak horrela egonda?
Behin antzerki testu bat idatzita, zein da eman beharreko hurrengo pausoa? Miraria al da batek idatzitakoak agertokian ikustea?
A.G. Egia esan nik antzerkia idazteagatik idazten dut [ironiaz]. Oraingoz antzerki testu bat idazten dudanean lehiaketetara bidaltzea da nire aukera bakarra. Modu bakarra da jendeak jakin dezan testuak idazten ditudala eta hor nagoela. Bestalde, pentsatzen dut autore ona izanez gero, eta jendearen gustura idazten baduzu, bideak irekiko zaizkizula. Nik esperantza hori daukat. Nire buruari esaten diot 60 urterekin ondo idazten ariko naizela eta orduan orain baino aukera gehiago edukiko ditudala.
T. C. Aitzpea gezurretan ari da pittin bat, zeren bai berak eta bai nik dagoeneko gure lanak estreinatuta ikusi ditugu. Mentiras antzezlanaren kasuan ni neu ausartu nintzen ekoiztera. Niretzat benetako miraria etxeko bakardadean antzezlan bat idazten amaitzea da. Alde horretatik eskertzekoa da Serantesekoen lana, ekoizpenagatik ere apustu egiten baitute, lanak ekoizten lagunduz.
A.G. Donostia Saria irabazitako Zu(t)gabe lana Txalok ekoiztu zuen, luxua izan zen hura. Elena Irureta eta biok idatzitako Hau paraderoa! ere estreinatu zen eta beraz, esan daiteke bideak topatzen ditugula azkenean lanak taularatzeko. Nik uste pribilegiatu batzuk garela.
T. C. Juan Palomo bezalakoak gara: «Nik prestatu eta nik jan».
Bakoitza bere kasara doa, beraz. Ez al dago lan komunik?
T. C. Antzerki sormen borborra da hemen falta dena. Edozein ekimen erraztuko lukeen fenomeno hori falta da. Gaur egun dena ekoizpen etxeen esku uzten da, horiek hartzen duten arriskuaren baitan. Noski, egoera honetan ekoizpen etxeak ahal duten neurrian ikusleen nahiak asmatzen saiatzen dira, biziraun beharra dutelako batez ere. Banaketa merkatua egoera larrienean dago azken 30 urteetan eta kontrako giro horretan, euren diru pertsonala arriskuan jartzen duten horiek kritikatzea ez zait justua iruditzen. Fenomeno guztia aztertu behar da eta erantzun global bat eman.
A.G. Gobernuaren diru-laguntzak batez ere etorkizuneko ikuspegi batekin banatu beharko lirateke, antzerkiarekin benetan zer egin nahi dugun erabaki. Gaur egun antzerkia guztiz baztertuta dago, urtero aurrekontuetako 60 milioi pezetako diru laguntza bideratu eta kito, hori da egiten den guztia. Ez dago pentsamendu irmorik egin nahi denaren inguruan.
Eusko Jaurlaritza Kulturaren Euskal Planaren barnean antzerkiarekiko egitasmo berezi bat aurkeztekoa da urtarrilean...
A.G. Gai horren inguruan nahiago dut ezer ez esan. Oraindik ere gauzak ez dira behar diren moduan egiten. Niri, esaterako, parte hartzeko aukerarik ere ez didate eman.
T. C. Nik ere ez dakit jada zer esan afera horren inguruan, benetan... [etsita]. Urte mordoa daramagu lanean, urte mordoa musu-truk zenbait lan egiten, eta ez dira ohartu ere egiten. Nik uste dut dagoeneko label bat merezi dugula, hori da! Nik Idiazabalgo gazta bezala izan nahi dut, pittin bat gehiago zaindu gaitzaten.
Peter Brook-en aburuz, kalitatea zehaztasunean dago. Gaur egungo ekoizpen erritmoekin zehaztasuna zaintzea zaila da, ordea.
A.G. Hemen zentro dramatiko bat izango bagenu, ekoizpen handietarako gaitasuna eta aktore batzuei egonkortasun pixka bat emateko aukera, orduan esperimentatu ahal izango lirateke alor ezberdinak. Bestetik, muntaia handiak egingo lirateke, denbora askorekin, mimo guztiarekin... eta gainera, autore berrien lanak estreinatuko lirateke. Horixe aukera bat litzateke.
T. C. Denetarik egon behar du. Nire ustez ekoizpen ikuspegi garbiko lanak ere egin behar dira. Gainera, zuzendaritza on batekin eta gauzak argi edukita, bi hilabetetan gauza majoak egin daitezkeela uste dut. Noski, baina ikerketarako guneak egotea ere oso garrantzitsua da.
Pilar Iparragirre
Basalimoien usaina
Felipe Juaristi
Elkar
81 orrialde
6,30 euro
Aingeru guardakoaren laguntza
Gurasoak banandu zaizkion mutiko baten etsipen eta esperantzak irudikatu ditu Felipe Juaristik hamabi urtetik aurrerako irakurleei begira idatzi duen liburu honetan. Poesia ukituko istorioa da eta Jabier Erostarbe Garitanoren marrazkiekin dator horniturik. Ama lur jota ikusten du mutikoak, aitak beste emakume batekin Greziara alde egitea erabaki zuenez geroztik. Nolanahi ere, berak amari leporatzen dio biak bakarrik utzi dituen banaketa horren errua, eta Greziara joan nahi du, aitarekin adiskidetu eta etxera itzularazteko. Baina amak esan dio handitu arte ezingo duela hara joan. Beno, handitu eta matematikak gainditu beharko ditu, egia esan, eta mutikoak badaki hori oso gauza zaila dela. Baina hara non ezusteko laguntza izango duen.
Los piratas del Prestige. De la Casa Blanca a La Zarzuela
Iban Gortazar
Kale Gorria
159 orrialde
16 euro
Petroliontzien atzean ezkutatzen diren marrazoak
Urtebete baino gehiago igaro da Prestige petroliontziaren hondoraketak sortutako sarraskia gertatu zenetik, eta oraindik ere jasaten ari gara hondamen haren eraginak. Hain zuzen ere gertaera tamalgarri haren inguruan dihardu Iban Gortazarrek idatzitako Los piratas del Prestige. De la Casa Blanca a La Zarzuela liburuak. Prestigerena bezalako makina bat hondamendi sortu dituztelako petroliontziek han-hemen, eta zoritxarrez ospetsu egin zaizkigulako Terrey Canyon, Amocco Cadiz, Erika eta beste hainbat itsasontzi zaharren izenak. Zergatik gertatzen dira horrelako triskantzak? Nor ezkutatzen da haien atzean? Bada, hori guztia azaltzen ahalegindu da Iban Gortazar bere lanean.
La fuga de todo
Fernando Luis Chivite
Bassarai
234 orrialde
14 euro
Gazte garaiko ihesaren zentzua
Literatur zaletasunak batzen ditu Fernando Luis Chiviteren La fuga de todo nobelako protagonistak, 1978an gurasoen etxeak utzi eta Iruñea ez den beste nonbaitera eramango dituen ihesaldia hastea erabakitzen dutenean. Gerora, beste neska enigmatiko batekin elkartuko dira Donostian, eta handik aurrera hirurak elkarrekin ibiliko dira, hainbat jende eta leku ezagutzen, lapurtzen dituzten liburu guztiak irakurtzen eta bizitzari ahalik eta zuku gehien atera nahian. Hogeita bost urte beranduago, orduko bidaia haren kronika gupidagabea idatziko du ihesaldiaren protagonistetako batek, psikiatriko baten gelako leihotik Yugoslavia ohian gertatutako sarraskietatik ihesean etorritako emakume baten mina ikusten duen bitartean.
Karmel
Batzuen artean
Euskalerriko Karmeldarrak
127 orrialde
11,50 euro urteko harpidetza
'Karmel'en azken zenbakia
Euskal Herriko Karmeldarrek kaleratzen duten Karmel aldizkariaren azkeneko zenbakian, Aurelia Arkotxaren olerkiez gain, honako lan hauek aurkituko ditu irakurleak: Gotzon Garateren Lauaxeta Jesusen Lagundian, Andres Urrutiaren Nafarroako foru zibil berriak hogeita hamar urte: testu euskaratuaren aurkezpena, Patxi Uribarrenen Euskararen pozak eta penak, Jabier Erizen Nekazaritza-lurra babestu behar omen da, Andoni Olearen Teresa Calcutakoa eta Santa Teresita, Jose Mari Kortazarren Euskara eta Eliza. Eliz itzultze lanak, 1963-2003, Juan Luis Goikoetxearen Mikel Zarate 25. urteurrenean. Liburu berria, Joseba Aurkenerenaren Korrika Mauletik barrena eta Joxemari Urteaga Garmendiaren Zerbait egin beharra dago.
Ane beldur denean...
Heinz Janisch, Barbara Jung
Ibaizabal
26 orrialde
11,20 euro
Etxeko txikienentzako kontakizuna
Hiru urtetik aurrera dituzten haurrei zuzendua dago Ane beldur denean..., Nekane Umerezek euskaratu duen kontakizuna, eta jakina, marrazkiek hartzen dute bertan nagusitasuna. Ohera joaterakoan beldur den neskatotxo bat da protagonista, Ane. Eta zer egiten du Anek beldur denean? Bada, hasteko, erraldoi handi-mandiari deitzen dio babesa eskatzeko, jakin badakielako erraldoi handi-mandia beti esna egoten dela bera zaintzeko. Baina Anek baditu babesa emango dioten beste lagun asko ere, hala nola Intxaur Azalaren taldeko 33 zaldunak, dragoi berdea, kili-kiliak egiten ibiltzen den luma hegalaria... eta guztiei egiten die dei, "Anek ez dauka beldurrik" esatea lortu arte.
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
120 orrialde
5 euro
Parke naturalak, gastronomia erotikoa eta musika hizpide
Mendia, kultura, natura eta bidaiak gai dituen Euskal Herria aldizkariaren azken zenbakian lan eta argazki zoragarri asko aurki daitezke. Batzuk aipatzeagatik, Euskal Herriko hamar parke naturalen inguruko xehetasunak eskaintzen dituen dosierra, gastronomiaren erotika azalduz Mikel Alonso argazkilariak jaso ahal izan dituen irudiak, Harkaitz Canok Donostian entzun edo entzun ez daitekeen jazzari buruz idatzitakoa, Iparraldean sagardoa berreskuratzeko egiten ari direna...
Che Guevara, ametsen komandantea
Lore Agirrezabal
Txalaparta
83 orrialde
10 euro
Gerrillariaren bizitza eta nahiak, gaztetxoentzat
ARGIAko kolaboratzailea dugun Lore Agirrezabalen lehen liburua da Che Guevara, ametsen komandantea. Hamar urtetik aurrerako irakurleei zuzendua dago eta Aitor Larrañaga "Peli" marrazkilariak egindako irudiez horniturik ageri da, Txalaparta argitaletxearen Axuri Beltza sailean. Kubako Iraultzak egin zuen ezagun Ernesto Che Guevara argentinarra, baina berdintasunean oinarritutako gizarte berriak eraikitzea zen haren ametsa, eta Ho Chi Minek Vietnamgo Errepublika Burujabea sortu eta bertan komunismoa ezarri zuenez geroztik, Vietnam asko sortu behar zituztelakoan zegoen. Horregatik saiatu zen Che amets horien alde beste herrialde askotan, harik eta Ameriketako Estatu Batuen aginduz Barrientos generalaren soldaduek Bolivian hil zuten arte, 1967ko urriaren 9an. Nolanahi ere, Che Guevara, ametsen komandantearen irakurleek, gerrilariaren haurtzaroa eta gaztaroa ere ezagutzeko aukera dute, hala nola hainbeste pegatina eta banderetan ikus ahal daitekeen aurpegi horren atzean ezkutatzen ziren bizinahiak, eta Argentinako sendagile bat armak hartzera eraman zuten asmoek.
Pilar Iparragirre
«Che Guevara, ametsen komandantea» liburuaz
Zergatik aukeratu zenuen Che Guevara?
Oraintsu bete berri dira hirurogeita hamabost urte bera jaio zenetik, eta uste izan nuen aukera polita zela hain ezaguna egin den irudi horren atzean zein dagoen adierazteko. Edozein lekutan ikus baitaitezke banderak, pegatinak, elastikoak eta abar Che Guevararen aurpegiarekin, baina horren atzean zer dagoen askok ez dakite.
Zertaz jabetzeko aukera du zure liburu honen irakurleak?
Hego Amerikak eta Ertamerikak pairatu izan duten bidegabekerien historiaz, pixka bat bada ere.
Nolako irakaspen edo baloreak transmititu ahal dizkie Che bezalako gerrillari batek gaur egungo gaztetxoei?
Armak hartu zituen pertsona batek zer eman dezakeen? Beno, nik uste dut armak hartzearena bere egoera zehatz hartan egokitu zitzaion aukera bat izan zela. Orduan Kubak edo Hego Amerikak eta Ertamerikak zeukaten egoeran kokatu beharra dago, bere ideiak eta pentsamoldea nola bideratu zituen ulertzeko. Berak amets batzuk zituen, haiekin nola aurrera egin zen bere auzia, eta armen aukera egin zuen, beste aldetik ere armak zetozelako. Nik uste dut zeren alde ari zen eta zeren alde egin zuen bizitza guztian ikusi beharra dagoela
Garairen bat nabarmendu al duzu?
Gehien ezagutu den Che Kubatik aurrerakoa izan da, baina hara iritsi zenerako 28 urte bazituen, eta urte horiek nolakoak izan ziren azaltzen ahalegindu naiz. Haurtzarotik asmatikoa zen, eta badirudi asma gainditu beharrak bere izaera sendotzen asko lagundu ziola.
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Kedarrak berotegi-efektua areagotzen du
Prozesu industrialen hondakin gisa ekoizten den kedar beltzak, elurrak duen eguzki-izpiak islatzeko era aldatzen du. Ordenadorez egindako simulazio baten arabera kedar beltzak joan den mendean gertatutako berotegi-efektuaren %25ean erantzukizuna du.
Lurraren latitude altuetan, izotza eta elurra arruntak diren lekuetan alegia, haizeak garraiatutako kedarren metaketak ondorio garrantzitsuak izan ditzake klimatologian. Elurrak edo izotzak geruza zuriak sortzen dituzte eta hauek eguzki-izpiak espaziorantz islatzen dituzte, baina gainazal zuri horiek kedar beltzez iluntzen badira, izpi gehiago xurgatuko dira eta gutxiago islatu. Gertaera honetan autoelikaketa gertatzen da gainera. Kedarrak eguzki-izpien xurgaketa handitzeagatik tenperatura igotzea eragiten badu, izotz-urtze handiagoa gertatuko da eta ondorioz kedarraren proportzioa elurretan edo izotzetan handituko da, eguzki-izpien xurgaketa areagotuz.
Ikerketa hau Goddard Institute for Space Studies-eko ikerlari-talde batek burutu du James Hansen-en zuzendaritzapean. Ikerlari hauen ekarpen nagusia kedarrak eguzpi-izpien islatzean duen oztopatze-efektua neurtzea izan da.
Kedarra ikatz beltza baino ez da, baina karbono dioxidoak berotegi efektuan duen eraginaren bikoitza du. Hala ere, bataren eta bestearen isurtze-kantitateak direla eta, oraindik orain karbono dioxidoa da berotegi efektuaren erantzule nagusia eta urtetan horrela izaten segituko du.
Aipatu ikerlarien arabera kedarraren eraginez glaziar asko desegiten ari dira eta adibide gisa, orain 11.000 urte Kilimanjaron sortutako izotz geruza bi hamarkadatan desager daiteke. Mendi horretan, hain zuzen ere, izotzak %80 egin du behera azken 100 urteotan.
Erregai ekologikoago baten bila
ArgonneÆs energy laboratory-ko ingeniariek diseinatu berri duten zeramikazko mintzen bidez hidrogenoa ateratzerik izango da ohizko erregai fosiletatik. Hidrogenoak oxigenoarekin erreakzionatzean elektrizitatea sortuko da eta hondakin gisa ura, beraz egun sortzen diren hondakinen artean ekologikoena sortuko da.
Ingeniarien arazo nagusia hidrogenoa era ekonomikoan lortzea da eta urte askotxo daramatzate ildo horretan. Argonne Laborategiko Balu Balachandran eta lagunek egungo erregai fosiletatik hidrogenoa lortzeko sistema antolatu dute, beraz hidrogenoa sortzeko sistema konplexuak ebitatu egiten dira.
Orain arteko probak laborategian egin dira oso diametro txikiko mintzak erabiliz, baina zientzialarien arabera ez dago inolako arazorik diametro handiko mintzak sortu eta gasolindegi edo birfindegitan instalatzeko eta honela hidrogenoa eskala handian sortzeko.
Industriarako mintz-sistema gehienak hondakin-urak edo gasak bereizteko erabiltzen dira. Bahe gisa funtzionatzen dute eta zulotxo txiki batzuk dituzte non diametroa txikiagoa duten molekulak baino ez diren pasatzen. Aipatu mintzak ez dira hidrogeno purua isolatzeko bezain espezialduak eta mintz espezialduak lortzea izan da Argonne-ko laborategiko ikerlarien helburua. Zeramikazko mintzek ez dute zulotxorik eta material eroalez eginda daude eta hauek hainbat elektroi eta ioi baino ez dute pasatzen uzten. Honela Argonne-ko mintzak hidrogenoari eta elektroiei bakarrik uzten die horma zeharkatzen. Antolatutako sistemak 900ºC onartzen du eta hidrogenoa ateratzeko lehengaia gasolina eta gasoilak sortzeko erabiltzen dena izango denez, sistema gasolindegitan instalagarria izango da. Automobil ekologikoagoen belaunaldi baten atarian gaudela esan dezakegu.
Mikel Asurmendi
Patxi Zubizarreta (1964, Ordizia) Gasteizen bizi da. Haur eta gazte literaturaren kritikaren errekonozimendua jaso du. Helduentzako ere ederki idazten du alta. Horren lekuko Barrikadak (Alberdania) eleberria. Barrikadak zirrara pizten duen liburua da, zinez. Zinez, zinemarako idatzitako nobela da. Duela hogei urte girotutako erretratua paratu du Patxi Zubizarretak. Idazleak gogo bizia eta begi zoliak paratu ditu tren baten barruan, Vigo-Hendaia espresak egindako ibilbidean. Euskal Herrian bizi dugun gatazka gaitzat hartu du idazleak. Lan gaitza beraz. Literatur zale hori, espresa hartzeko billetea erostera gonbidatzen zaitugu. Patxi Zubizarretaren eleberrigile sena aurkituko duzu bere ibilbidean.
guztia irakurri