Mikel Asurmendi
Ekonomian eta zuzenbidean lizentziaduna da; Gipuzkoako Foru Aldundiko funtzionarioa, borondatezko lan-utzialdian. EAJko kidea ere bada, behiala Euskadiko Ezkerrekoa (EE) izan zen. EE desegindakoan kide batzuk PSE-EEn sartu ziren eta beste batzuk Euskal Ezkerrean. Eizmendi azken honetan aritu zen. Euskal Ezkerra EArekin aurkeztu zen EAEko hauteskundeetan baina arrakastarik gabe. Esan digunez, «umezurtz» geratu zen. 1996 aldean hurbiltzen hasi zen EAJra.
Aurtengo Gipuzkoako Batzar Nagusietako aurrekontuak hizpide izan ditugu solasaldiaren abiapuntuan. EAJ-EAren koalizioak Udalbiltzaren egitasmoak garatzen laguntzeko diru laguntza proposatu zuen osoko bilkuran. PSE-EEk proposamenari aitzi egin zion ordea: «Tamalgarria da. Bai Nafarroarekin bai Iparraldearekin komunean ditugun ezaugarriak eta hauen garapenerako -kultura eta euskararen sustapena, adibidez- laguntzak zeini egiten dio kalte? Nahiz eta politikoki administrazio ezberdinetan egon, denok euskaldunak gara. Elkarren ezagutzarako bideak oztopatze hori bizi dugun egoeraren adierazlea da, egoera zaila da-eta», esan digu Eizmendik. Udalbiltzako Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria izendatua izan zen eguna aipatu diogu jarraian.
Basauriko Social Antzokian hautatua izan zinen, Udalbiltzaren III. Batzarrean. Nola bizi izan zenuen ekitaldia?
Udal hauteskundeen ondoren EAJ eta EAko batzar eragileek Udalbiltzaren zuzendaritza berritzea adostu zuten. Zuzendaritza horretan nik hartu nuen lehendakari kargua eta Debako alkateak lehendakariordekoa. Nahiz eta dena ondo prestatuta zegoen urduri samar egon nintzen.
Hautetsi independente batzuek batzarra alderdikoitzat jo zuten, EAJ eta EAren batzarra bezala. «Manipulazio eta faltsukeria» aipatu zuten.
Aldez aurretik adostutako zuzendaritza izan zen eta horrela aho bateko bozketaz onartua. Udalbiltzaren historia aztertzen badugu, ezker abertzaleko hautetsiak aldendu ziren Udalbiltzatik beren asanblada osatuz.
Nola laburbilduko zenuke Udalbiltza honen lau urteko lana?
Zenbait proiektu lagundu eta finantzatu dira euskal kultura eta historia arloan, euskara eta hezkuntzan batik bat. Nafarroan eta Iparraldean bereziki: «Seaska» lagundu dugu Hazparneko ikastolaren zabalkuntzan eta berrikuntzan eta Donibane Garaziko ikastola eraikitzen. Nafarroako Ikastolen Federakuntza lagundu dugu, baita Irunberri-Arrangoitiko ikastola eraikitzeko diru laguntza eman ere. Halaber, Nafarroako Sortzen Ikasbatuaz, bertako Euskara Kultur Elkargoa (EKE), Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), eta kirol arloan Euskal Herriko kluben arteko liga ere lagundu dugu.
Bestalde, «Hurbiltzen» programa, Euskal Herriko udalerrien arteko senidetzak, eta «Xendrak» programaren sustapena ere aipatu behar dira. Honek «Euskal Herrien bideak» programa eskaintzen du, bertan zazpi ibilbide lotzen dituzten euskal lurralde desberdinetako zenbait herri agertzen dira. Azken finean, euskal herritarrak hobeto elkar ezagutzeko eta ulertzeko programak dira, zaila da maitatzea ezagutzen ez dena. Gure eginkizunekin, gure ekimenen bidez, sei lurraldeetako euskaldunak gerturatu nahi ditugu, elkarrekin kontaktuan jarri, elkarlanean jarri.
Euskara eta kultura sustatu dituzue bereziki. Batzuek nortasun politiko falta eragotzi diote Udalbiltza honi. Zer diozu?
Euskal Herrian sinesten dugu, Pirinioen alde bietara hedatzen den herria. Egun hiru eremu politiko-administratibotan banaturik dago, abertzaletasun kontzientzian maila eta erritmo desberdinak dituztelarik. Udalbiltzan sei lurraldeetako udal hautetsiak gaude eta gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta, hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora. Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik, printzipio hau estatuek errespeta dezatela eskatzen ari bagara, geuk ere gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu.
Hasitako bidetik jarraituko dugu, batik bat hizkuntza zaharra ahulago dagoen lurraldeetan, eta ahal dugun neurrian saiatuko gara ere beste esparruetara zabaltzen. Egunetik egunerako lanarekin, aurrera pausoak ematen jarraituko dugu naziogintzan.
Iazko Aberri Egunean adierazpenok egin zituen Udalbiltza honek: «Bide baketsua, ideia eta erakunde politikoen legezkotasuna eta zilegitasuna, hala nola autodeterminazioaren ideia landu nahi ditugu». Nola dago printzipio horien garapena?
Nola dagoen? ETAk herriaren borondate nagusiaren kontra jarraitzen du, defendatu behar diren eskubide nagusiak bortxatzen. Halaber, ilegalizatu dituzten alderdi eta plataformen ondorioz Hegoaldeko udaletan eta foru aldundietan herri honen zati garrantzitsu bat behar bezalako ordezkaritza politikorik gabe dago. EAEn Ibarretxeren planaren eztabaida galarazi nahi dute eta hori lortzeko Estatua bere botere guztia ari da erabiltzen, hiru botereek bat eginez.
Egun ere printzipio horiek defendatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dugu: politikagintzan bide baketsu eta demokratikoak erabili behar dira soilik. Alderdi eta erakunde politikoen ilegalizazioaren aurka egongo gara beti. Herri honek hiritarrok erabakitzen dugun bezalakoa izan behar du.
Zer ekar dezake Udalbiltza honek etorkizunean? Zer behar da hasierako Udalbiltza izan zena berriz izateko?
Udalbiltza duela lau urte sortu zen. 1988ko irailaren 18an, ETAren tregoa garaian, alderdi abertzale guztien partaidetzarekin. Sortu eta berehalaxe, 1999ko abenduan, ETAk su-etena amaitutzat eman eta 2000ko urtarrilean atentatuekin hasi zen. Ondorioz Udalbiltza zatitu egin zen -2000ko martxoan-. Indarkeria politikoaren aurrean genuen postura ezberdinak zatitu gintuen. ETAren indarkeria garbi kondenatu behar da. EAJ eta EAk erabaki zuten orduan EHrekin (Euskal Herritarrak) elkarlanik ez egitea. Ea aurreko denborak itzultzen diren.
Zein dira Udalbitza honen eragozpenak?
Udalbiltzaren eragozpen nabarmenena zatituta egotea da. Udalbiltzak Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa islatzen du, alderdien arteko zatiketa.
Zer nolako harremanak dituzue beste Udalbiltzarekin?
Ez dugu harreman formalik, kontaktu puntualen bat edo beste izaten dugu. Ez dugu lan komunik egiten ordea.
Udal hauteskundeen ondorioz sortutako egoerari irtenbide bat ikusten al diozu?
Egoeraren erantzukizuna ez da gurea. Guk elkarlana bilatu nahi dugu, baina hainbat printzipiotan oinarritua: indarkeria politikoaren kontrako jarrera garbia, giza-eskubide guztien errespetua, naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta, hiritarren borondate, atxikimendu librean oinarrituta.
Nola ikusten duzu beste Udalbiltza. Kide asko espetxean daude, beste batzuk ihesi. Zein da zure Udalbiltzaren jarrera hautetsi horiekiko?
Gu beste Udalbiltzaren ilegalizazioaren aurka azaldu gara, baina ez gara ilegalizazioaren eta bere ondorioen erantzuleak, bakoitzak bere hausnarketa egin beharko luke. Guk aipatu printzipioetan oinarritutako naziogintzan elkarlana bultzatzen saiatu behar dugu, indarrak batzen, denon beharra dugulako.
Izan ere, legez kanpo geratu diren tokian tokiko ordezkaritza horiek egoera politiko normal batean aritzea gustatuko litzaiguke. Baina horren erantzukizuna ez da gurea, hori garbi daukagu. Gure bailaran, Zestoa, Zumaia, Errezilen ez zituzten herri plataformak atzera bota. Orduan hemen ere, Azpeitian adibidez, batzuek hausnartu beharko dute horren zergatia. Eraso politiko horri buruzko azterketa egin beharko lukete, bakoitzak nola jokatu duen hausnartu. Haien estrategia eta gurea ezberdinak diren aldetik erantzukizunak ere ezberdinak dira, gu ez gara haien estrategiaren ondorioen erantzuleak.
Nolako ikusten duzu legalitate arazoa?
Legalitateak islatzen duena aldatu nahi dugu, beste Euskal Herri bat nahi dugu. Horregatik nago politikan, konforme egongo banintz ez nintzateke ez EAJn ez Udalbiltzan egongo.
Herriko jende xeheak ulertzen al du zer den Udalbiltza gaur egun?
Askok ez. Kalean galdetu izan didate ea zer den. Batzuek badute ideia orokor bat. Ezin dugu ahaztu herri mailan ari den erakunde bat dela, orain urte gutxi eratua. Erakunde berria den aldetik herri ekimenen bidez gehiago ezagutu gaitzaten lortu nahi dugu. Jende xeheak lana baloratzen duen heinean ezagutuko da Udalbiltza.
Denbora behar da, gure lanaren emaitzak ikusi dituztenek -batik bat Iparraldean eta Nafarroan- ondo baloratu dute erakundea. Dena dela, komunikabideak gehiago erabili behar ditugu, ahalegin horren jabe gara. Komunikazioa berebiziko tresna da naziogintzan, hori ere gure erronka da.
Xabier Telletxea
Guraso ugarik egin izan dute haurra pediatrarengana eraman eta haurra eta pediatraren arteko itzultzaile lana. Euskaldun zaharrak diren adinekoek ere lan nekeza izan ohi dute gaztelaniaz mintzatzen diren medikuei ulertzen. Bada "háblame en cristiano" esaera entzun behar izan duenik ere. Sarritan udaletxera joan eta bertako administrariek edota udaltzainek gaztelaniaz artatzen gaituzte. Hezkuntza arloan, berriz, zer esanik ez. Zenbat aldiz aldarrikatu ote dute unibertsitarioek irakasgai guztiak euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea? Egoera horien aurrean nola jokatu jakiteko, lehenik eta behin geure hizkuntz eskubideak zeintzuk diren ezagutu behar dugu.
Euskal Herrian Euskaraz elkarteak euskaldunoi naturalki eta nazioarteko hainbat adierazpenetan aitortzen zaizkigun hizkuntz eskubideak ezagutarazteko eskuliburua argitaratu du. Bideak izenburupean, eskubide horiek defendatu ahal izateko ideiak, proposamenak eta bideak bildu ditu elkarteak. Eskuliburu horrek egunerokotasunean tresna erabilgarria izatea du helburu, hots, euskaraz aritu ahal izateko bidea. EHEren asmoa hizkuntz eskubideak bere osotasunean jorratzea izan da eta horretarako izan dituzten euskarri nagusiak nazioarteko adierazpen ezberdinak eta Udalbiltzak, horietan oinarrituz, osatu zuen Euskal Herriaren Eskubideen Karta izan dira. Arlo guztiak paretsu jorratzen saiatu dira. Elkartearentzat funtsezkoena, herritarrak bere bizitza arruntean jarrera orokor bat hartzea da, hots, euskaraz bizitzeko duen eskubidearen alde tinko agertzea eta normalkuntzan aurrera egiteko eragile aktiboa bihurtzea.
EHEren bulegoetan, herritarren deiak jasotzen dituzte horrelako egoeren aurrean zer egin daitekeen galdetuz. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere lan handia egiten du herritarren salaketak bideratzen. Hala ere, ematen diren urraketarik gehienak ez dira salatzen. Behar horretatik sortu da hain zuzen Bideak argitaratzeko ideia. Nolabait esatearren, normalizazio prozesuak dituen oztopo horien aurrean inplikazioa bultzatu nahi du EHEk. Elkarte horretako kide den Saioa Rodriguezen aburuz, "hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan bermatzeko neurri politiko eta sozialak hartzea ezinbestekoa da. Horien artean, lege arauketa bakarra izatea da neurri garrantzitsuena agian, baina jakin badakigu horrek bakarrik ez duela ekarriko eskubideen berme osoa. Bestalde, pauso horretara iristeko gaurdanik neurriak hartu behar dira. Ez dugu normalizazio bidean neurri politiko eraginkorrak hartzeko zain egon behar. Mugimendu soziala behar da, herritarron parte hartze aktiboa eta jarrera euskaltzalea".
Jada eskuragarri
Eskuliburuarengatik euro bateko laguntza eskatzen da, gastuak estaltzeko. Printzipioz, herriz herri egingo dute eskuliburuaren aurkezpena, hitzaldien bidez eta abar, eta bertan eskuratu ahal izango da, baita EHEk egiten dituen ekimenetan ere. Elkartearen web gunean dagoen denda atalaren bidez ere eskuratu daiteke, http//ehe.euskalerria.org helbidean. EHEk herrialde ezberdinetan dituen bulegoetan ere eskuragarri da argitalpena.
Material arina eta erabilgarria
1990ean EKBk Euskaldunaren hizkuntz eskubideak gidaliburua argitaratu zuen. Liburu hark gaia sakonean lantzen zuen, egungo legeen baitan zein eskubide ditugun azalduz eta horiek defendatzeko aukera legalak eskainiz. EHEk urte batzuk geroago liburu horren laburpen modukoa argitaratu zuen liburuxka batean. Hala ere, liburuxka berriarekin, pauso berri bat eman nahi izan dute. Alegia, material arinago bat izatearekin batera, naturalki dagozkigun eskubideez mintzatu dira eta ez egun aitortzen zaizkigunez.
Erabilgarritasunak paper garrantzitsua du egitasmo honetan, adibide eta proposamen ugari biltzen baititu. Halaber, egunerokotasunean topa ditzakegun egoerak lantzen ditu. Esaterako, hezkuntza sistemak euskararen transmisioa bermatu behar duela kontuan hartuta, herrian edo ingurunean eskubide hori bermatzen ez bada salaketa ipini eta beste gurasoak kontzientziatu eta inplikatzeko proposamena luzatzen du EHEk. Osasun etxean ere, edozein zerbitzura jotzen dugunean euskaraz egitea aholkatzen du, harrera euskaraz jaso dezagun. Horrela ez bada, medikuz edo erizainez aldatzeko eskatuko dugu. Eta azkenik, eskubide hori bermatzen ez bada osasun zentro edo ospitaleko erreklamazio orriak bete eta salaketa jartzeko proposatzen du eskuliburuak. Era berean, bidali edo ematen diguten edozein idazki, mediku froga edo hitzordua emateko orria euskaraz eskatzeko aholkatzen du.
Praktikotasunaren ildotik jarraituz, justizia administrazioan ere euskaldunon eskubideak sarritan urratu ohi direla jakinarazi digu Saioa Rodriguez EHEko kideak. Kasu horietan, auziperatze prozesuetako idazki guztiak euskaraz izatea exijitzea da bidea. Abokatua aukeratzerakoan ere euskalduna aukeratzea aholkatzen da eskuliburuan, baita ofiziozkoa denean ere. Hala nola, epaitegian egin beharreko gestio guztiak euskaraz egin nahi ditugula jakinaraztea gomendatzen da.
Administrazio publikoei eta organo ofizialei dagokienez, Euskal Herriko aginte publikoen aurreko edozein jarduketa administratibo, judizial edo polizial, ahozkoa zein idatzia, euskaraz egiteko eskubidea dugu. Gainera, ahozko jardueren kasuan euskal herritarrok eskubidea dugu harremana itzultzailearen bitartekaritzarik gabe izan dadin. Berau betetzen ez bada, aurreko kasuetan bezala kexatzea eta salaketa ipintzea proposatzen du Bideak-ek.
Ofizialtasunaren aldarria ardatz
Euskarak bizi duen egoeraz gauza asko esan daitezke. Hizkuntz eskubideak oro har sistematikoki Euskal Herri osoan urratzen dira. Hori Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kaleratu dituen txostenek diote. Saioa Rodriguezek normalizazioaren inguruan honakoa adierazi digu: "Normalizazio prozesua bururaino garatzeko dagoen traba politiko nagusian dago egoera honen muina, hots, egungo errealitate politikoan prozesua garatzea ezinezkoa da. Euskararen egoera legal ezberdinek muga eraginkorra jartzen dute gure hizkuntzaren garapenean. Horiek euskara desagertzeko asmoa duten espainiar eta frantziar estatuen baitan daude ezarriak". Soluzio gisa, Euskararen lurraldean euskarak estatus bera izatea proposatzen du EHEko kideak, hau da, lege arauketa bakarra eta herritar guztien hizkuntz eskubideak babestuko dituena.