Euskalerria Irratiak aurten 10.487 euroko dirulaguntza jasoko du Nafarroaren Gobernutik. Dirulaguntza 2003koa da eta irratiko arduradunek azpìmarratu dute beraiekiko dagoen arbitrariotasuna, iaz, esaterako, lizentziarik ez zutela argudiatuta, dirulaguntzarik gabe utzi baitzuen Nafarroako Gobernuak. Urtea joan eta urtea etorri, Gobernuak irrati lizentzia ukatzen dio Euskalerria Irratiari.
Koalizio abertzaleetarako aukerak ia itxita
Nafarroa Bai gauzatua den bezala, EAErako beste koalizio aukerak itxita daudela dirudi. Oraindik EAJren eta EAren koalizio aukera guztiz itxita ez badago ere, EAk bakarrik aurkeztuko dela jakinarazi du; EAJk EArekin egingo lukeela azpimarratu du eta, agian, hori lotu ondoren Aralarrek ere ateak irekita izan ditzakeela. Dagoeneko ia inolako aukerarik gabe dagoen proposamena ezker abertzaleak Bergaran egindakoa da. Aralarrek, Nafarroakoren isla litzatekeen Arabai Bai koalizioa proposatu du, baina ez dirudi horretarako aukerarik dagoenik. Halaber, Ramon Labaien eta Xabier Oleaga bozeramaile izan dituen gizarteko pertsona ezagunen talde batek autodeterminazioaren aldeko koalizioen aldeko jarrerak bultzatu nahi izan ditu.
ETA eta lurreratze pista
Bergarako proposamena dela eta, ETAk hauteskundeei begira kaleratutako komunikatua bigarrengoz kaleratu zuen joan den astean. Literalki errepikatu izanak ETAk Bergarako proposamenari ematen dio garrantzia agerian utzi du. Gainerako alderdi abertzaleek hoztasunez jaso dute eta Eusko Jaurlaritzak erantzun instituzional gogorrarekin erantzun dio. Zenbait analistek azpimarratu dute 1998ko su-eten egoerarekiko desberdintasuna, eta adierazi da orduan mugimendu abertzale osoa ETAri lurreratze pista atontzeko prest agertu zen bezala, gaur egun ETAk aukera hori ere galdu egin duela.
Manu Azkarate preso tolosarra berriz espetxeratua
Manu Azkarate preso tolosarra Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten Martuteneko espetxetik, bere egoeragatik protestatzeko hasitako egarri, gose eta medikazio grebari ekin ondoren. Arriskutik kanpo dago egun, baina medikuen esanetara egoera larrian iritsi zen ospitalera. Azkarate 1992an utzi zuten aske, zuen gaixotasun larria zela eta 92. artikulua aplikatu ondoren. Gaur egun, gaixo jarraitzen badu ere, bere kartzelaratzea agindu da. Espainiako Auzitegi Nazionala politika berria finkatzen ari dela dirudi, eta espetxe zigorra beteta izan baina auzi zaharrak zabalik dituzten presoen egoera edota arrazoi berezi desberdinak medio aske jarri izan dituen presoen egoera berraztertzen ari bide da.
Helegitea Fernando Ruiz Piñeiroren hautaketari
Fernando Ruiz Piñeiro izendatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko buru izateko. Hautaketa hori dela-eta, helegitea jartzea aztertzen ari da Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Ruiz Piñeiro aurkeztutako hiru pertsonetatik euskaraz ez zekienetako bat izanik, «sistematikoki» euskaldunen eskubideak urratzen direla nabarmentzen dute Behatokikoek; legez, euskara jakitea «lehentasunezko meritua» dela jakinaraziz.
Euskara-gaztelania hiztegia lan tresna moduan
Fagor Altzariak enpresako langileek euskara-gaztelania hiztegia jaso dute. Egitasmoaren bultzatzaileek hiztegia lan tresna bihurtzea nahi dute. Helburu nagusia hiztegia euskara erabiltzeko lagungarri izatea da, bai harremanetan eta baita edozein agiri egiterakoan ere. Liburuxkak lantegian gehien erabiltzen diren hitzak biltzen ditu, ia 500 sarrera ditu. Enpresa horrek gainera, euskara batzorde bat izateaz gain, EMUN euskara teknikarien kooperatibarekin hitzarmena dauka lan munduan euskara sustatzeko asmoz.
33.000 euroko zigorra demoei
Urtarrilaren 8an Baionako auzitegian izandako epaiketaren ebazpenaren arabera, demoek 33.000 euroko zigorra ordaindu beharko dute. Besteak beste, bakoitzak ordaindu beharreko isunaz gain, SNCF tren konpainiari 9.300 euroko kalte ordaina ordaindu beharko diote eta epaiketaren gastuak ere beraien kontura izango dira, 1.200 euro, alegia. Gorka Torre, Pascal Mulet eta Jokin Zaldunbideri, gainera, gida baimena kendu die epaileak; lehendik ere, SNCF konpainiaren aurka aritzeagatik epaituak izan zirelako erabaki du epaileak zigor erantsia.
Pedro de Yrizar euskaltzaina hil da
Pedro De Yrizar euskaltzain gipuzkoarra 93 urte zituela hil da Madrilen. 1947an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1987an, ohorezko. Ikertzailea eta euskal dialektologian aditua zen azkoitiarra, euskalkien gainean egindako lanagatik izan da goraipatua. Euskalki guztien aditz laguntzaileen morfologia osoa ikertu zuen, eta egun, bere lana ezinbestekoa da euskalkiak ikertu nahi dituzten guztientzat.
Euskararen inguruko erabakia salatu du Administrazioan Euskaraz-ek
Nafarroako auzitegi nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak Iruñerriko Mankomunitatean euskararen inguruan hartutako erabakia salatu du Administrazioan Euskaraz-ek. Talde horrek esandakoaren arabera, Salak Mankomunitateak ez duela lanpostuetarako hizkuntz perfilik diseinatu behar erabaki du, aurretik onartutako euskararen ordenantzari muzin eginaz.
Estilo berria, ildo finkatuaren gainean
Bukatu da Xabier Arzalluzen aroa eta Josu Jon Imazena hasi da. EAJren lehendakaritzarako lasterketan, Joseba Egibarrek orain arteko estiloa ordezkatu du eta Imazek berrikuntza, besteak beste horregatik egin du bere alde askok. EAJtik kanpo, sentsibilitate berria ikusi zaio, batez ere eremu ez abertzaletik, eta sozialistekiko egindako keinuak ere azpimarratu dira. Ezker abertzalearekiko gogortasuna eta hoztasuna ere bereziki nabarmendu dira. Estilo berria ei dakar Imazek, baina aurreko taldeak finkatutako ildo politikoaren gainean jardun beharko du, batzarrak azaleko zuzenketekin aho batez onartu duena. Estilo berriak ildo politiko finkatuaren gainean nola eragiten duen ikusiko dugu datozen urteetan.Arzalluzen ordezkapenaren kapitulu nagusia itxia dago, baina kapitulu garrantzitsuak geratzen dira ixteko oraindik, esanguratsuena GBBren kontrolerako aurki emango dena.
Daniel Udalaitz
Burtsako jardueraren erakusgarri nabarmenenak dira burtsaren indizeak, indizeek ahalbidetzen baitute, batetik, baloreen jokabide desberdinak erkatzea eta, bestetik, merkatuak izango duen bilakaera aurreikustea. Balore merkatuetan sistema informatikoak erabiltzen hasteari esker minutuz minutu kalkula daitezke burtsaren indizeak. Lanaldian zehar, indizea igo edo jaitsi egiten da, kotizatutako baloreen kontratazio handiago edo txikiagoaren arabera eta une bakoitzean baloreengatik ordaintzen ari diren prezioaren arabera. Burtsaren indizeak merkatuko titulu esanguratsuenak oinarritzat hartuz kalkulatzen direnez, titulu gutxi batzuk besterik ez dira merkatu osoa ordezkatzen dutenak. Hainbat indize mota daude, bakoitza gauzatzeko bere moduarekin. Indizeak kalkulatzeko garaian, normalean balorerik garrantzitsuenek izaten dute pisurik handiena indizearen bilakaeran. Hau da, balore batzuek besteek baino balio handiagoa daukate batez besteko estatistikoan. Bestalde, indize guztiak ez dagozkie merkatu osoari. Badira sektorekako indizeak ere, hau da, jarduera sektorearen araberakoak, errenta finkokoak, mistoak, etab. Datozen zenbakietan ezagutuko ditugu indize horietako batzuk: Burtsaren Indize Orokorra, Ibexa, Bilboko Burtsaren Indizea, eta nazioarteko burtsen indize nagusiak (Wall Street, Nikkei eta Financial Times).