Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-01-25 -- 1928.zenb

Arrozaren urtea gosearen bizitzan

Nagore Irazustabarrena

FAOk 2004ko urte hau Arrozaren Nazioarteko Urte izendatu du, sektorean aurreikusten den krisi larriak bultzatuta. 2030ean arroz eskaera egungoa baino %38 handiagoa izango dela diote eta, bitartean, ekoizpena behera egiten ari da. Lehen aldia da FAOk urte bat laborantza bakar bati eskaini diola. Agian arroza laborantza baino gehiago delako milioika eta milioika pertsonentzako: bizimodua da, kultura. Baina arrozaren mundu mapak gosearen mundu maparekin antza ere badu. Arroz ekoizle eta kontsumitzaileen zati handi bat egoera larrian dago. Ez dira gosez hiltzen; gosez bizi dira.


«Arrozaren ekoizpen sustengarriaren hazkundeak gosea eta pobrezia gutxituko ditu». Horixe dio FAOk, NBEko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak. Munduko populazioaren erdia baino gehiagorentzat arroza oinarrizko elikagaia izanik, eskaerak gora egiten duen bitartean, ekoizpena jaisten ari da. Gainera, munduko arroz produkzioaren %80 herrialde pobreetako ekoizle txikien esku dago. Horregatik erabaki dute aurtengoa Arrozaren Nazioarteko Urtea izatea, «arroza bizitza da» lelopean.

Arrozaren urtearen harira, beste datu esanguratsu bat ere eskaini du FAOk: mundu osoan 840 milioi pertsonek pairatzen dute gosea. Gehienei, hirugarren munduko gosea aipatuta, gosez hiltzen diren haur afrikarrak datozkie gogora. Gosearen kontrako lanean dihardutenentzat, ordea, irudi hori hausteko garaia iritsi da. Arrazoi naturalek eragindako gosete larriak urritzen ari diren garaian, gosea ez da gehienentzat heriotzaren sinonimo, bizitza gogorraren sinonimo baizik. Eta 840 milioi horietatik zati handi batek arroza du bizibide eta elikagai.

Zirkulutik ezin irten

Arroz ekoizle eta kontsumitzaile txiki horiek ez dira bihar gosez hilko, baina gaizki jango dute, ez dute lanerako indarrik izango, ur bila urrutira joan beharko dute eta, euren ahalegin guztia oinarrizko laborantza bati eskaintzen diotenez, sasoi txarra egokituz gero, dena gal dezakete. Euren aktibitate guztia elikagaia lortzera bideratzen dute eta, hala ere, ez da nahikoa: egunero euren osasuna bermatzeko behar dutena baino kaloria gutxiago hartzen dute 840 milioi pertsona horiek.

Gosearen zikloa itxia da: elikagai gutxirekin ez dago lan egiteko indar nahikorik eta lan gutxiago eginda, ekoizpena ere jaitsi egingo da eta, beraz, elikagai kopurua ere bai. Belaunaldiz belaunaldi, zirkulu hau genetikoa bihurtzen da: haurdun dagoen emakumeak gaizki jaten badu, haurra garaia baino lehen jaioko da; jaiotzatik gaizki elikatua badago, bere garapenean atzerapena eta arazo intelektual eta fisikoak izango ditu. Ahul jaio eta bizitza guztian ahulduz joango da, berak lantzen duen laborantza eta energia iturriarekin batera. Gero eta zailago bihurtzen da gurpil horretatik irtetea.

Irtenbide bila Erromara

Gosearen ziklo hau irauli asmoz, Arrozaren Nazioarteko Urtearen barruan, Arrozaren Mundu Konferentzia egingo da otsailaren 12 eta 13an FAOk Erroman duen egoitzan. Lehen egunean adituek arrozaren mundu merkatuaren inguruko gaiak jorratuko dituzte. Bigarrenean, berriz, arrozaren produkzio sistemen erronka eta aukerak izango dituzte aztergai, sistema sustengarrien garapena bultzatzeko xedez. Baina edozein neurri edo irtenbide mahai gainean jarri baino lehen, adituek laborantza honen ezaugarri bereziak hartu beharko dituzte kontuan.

Arrozaren mugak

Arrozaren sektorera ez litzateke krisirik etorriko, eskaerarekin batera eta garia eta artoa bezalako zerealekin gertatu den bezala, ekoizpenak gora egingo balu. Alderantziz, ekoizpena jaisten ari da hainbat arrazoi medio: eskulanaren urritasuna, muga instituzionalak, ingurumenaren kutsadura... Gainera arrozean oinarritutako sistemak hain dira ezberdinak geografia, kultura eta baliabide aldetik, irtenbide globalak baino, maila lokaleko neurriak behar dituztela. Bestalde, azken 20 urteetan arrozaren prezioak beheranzko joera izan du eta horrek arroz ekoizle asko euren lurrak utzita hirira bultzatu ditu. Gobernu batzuk prezioak egonkortzeko interbentzioan hasi badira ere, joera hori iraultzea ez da lortu.

Gainera, ez da ahaztu behar arroz ekoizle gehienak eskala txikian aritzen direla eta horiei oso zaila egiten zaie ekoizpenaren hobekuntza ekar dezaketen inbertsioak egitea. Eta, azkenean, arrozak ur eta lur kantitate handiak eskatzen ditu, planetan gero eta urriagoak diren baliabideak.

Laborantza arazoez gain, elikagai gisa ere mugak ditu arrozak. Egia da kantitate kaloriko eta proteiko handiak dituela, baina perfil aminoazido osatugabea du eta oinarrizko mikroelikagai gutxi (elikagai gutxirekin 840 milioi pertsona bizi direla esan dugu, baina mikroelikagai gabezia pairatzen dutenak askoz gehiago dira, 2.000 milioitik gora).

Baina tradizionalki arrozaz elikatu diren kulturek arroza arrainarekin, haragiarekin edo barazkiekin nahasteko ohitura izan dute, euren dieta aberastuz. Arrozean oinarritutako sistemen biodibertsitateak bultzatu du dieta aberatsago hori. Batetik, sistema hauek ganadu mota ezberdinak mantendu dituzte. Arrozaletako urek ahateak eta beste hainbat hegazti mantendu ohi dituzte eta bufaloek, behiek eta ardiek arroz lastoa dute elikagai. Uretan berriz arrainak, igelak, marraskiloak eta intsektuak bizi dira eta horiek izan ohi dira nekazarien animali proteina eta gantz azidoen iturri nagusia.

Uraren onurak eta kalteak

Ur azpian hazten den oinarrizko zereal bakarra da arroza eta horrek uraren kudeaketa egokia ezinbestekoa egin du arroz-soroetan. Mendeetan zehar egindako kudeaketa horren emaitza dira, besteak beste, mendialdetako terraza sistemak. Teknika hau oso onuragarria izan da lurzoruaren higadura eta lurjauziak saihesteko. Gainera, uholdeak kontrolatzeko ere balio izan du, soroetan ur kantitate handiak gordetzen baitira. Ur azpiko laborantzak, bestalde, lurzoruan materia organikoa pilatzea ekartzen du eta horrek landareentzako mineral gehiago esan nahi du.

Baina zereal honen izaera akuatikoak ez dakartza soilik abantailak. Soroen etengabeko inundazioak lurzoruaren prozesu kimiko eta biologikotan eragin negatiboa du eta metano emisioa oso altua izan ohi da. Azkenik, uraren presentziak malaria bezalako gaixotasunen agerpena bultzatzen du.

Arrozaren zientzia

Aipatutako ezaugarri positibo eta negatibo guztiak modu egokian kudeatu eta arrozaren produkzioak gora egin dezan bilatzen du FAOk eta horretarako zientzia ezinbestekotzat jotzen du. Arrozaren zientziak nabarmen egin du aurrera azken hamarkadatan. 70eko hamarkadako Iraultza Berdeak arroz barietate hobetuak eta teknologia berritua ekarri zituen ekoizpenarentzat. Baina azken urteetan, ur eta lur baliabideak gutxitzeaz gain, aurrerapausoak mantsoak izan dira ikerketa esparruan. Dena den, berriki, IRGSP (Arrozaren Genoma Sekuentziaren Nazioarteko Proiektua) izeneko nazioarteko kontsorzio publikoak arrozaren genomaren sekuentzia osoa eman du ezagutzera. Hortan oinarrituta sortuko den ADN datu baseak arroz barietate belaunaldi berri bat sortzea ahalbidetuko du. Arroz barietate berriekin lursail txikiagoetan eta ur gutxiagorekin arroz gehiago landatu ahalko da, landareek erresistentzia handiagoa izango dute lehorte eta izurrien aurrean, uzta ondorengo galerak gutxitu egingo dira eta elikagaietan aberatsagoa izango da emaitza.

Baina ingeniaritza genetikoarena beti da gai korapilotsua eta transgenikoak aipatze hutsak eztabaida dakar. Kasu honetan Greenpeace eta Via Campesina bezalako taldeak arrozaren aldaketa genetikoaren aurka agertu dira. Ez soilik hazi eta elikagai transgenikoen ondorioak oraindik ezezagunak direlako, hobekuntzaren etekinak nekazal industria handientzat izango diren beldur direlako ere bai. Eta horrek nekazari txikien menpekotasuna areagotu besterik ez luke egingo.

Kontuak kontu, arrozaren produkzioa handitu eta, modu horretan, gosea eta pobrezia gutxitzeko, zientzia baino gehiago beharko da (eta urtebete baino gehiago ere bai). Tokian tokiko erabaki politiko sendoak ere beharko dira. FAOko zuzendari orokor Jacques Diouf-ek New Yorken joan den urriaren 31n NBEko bilkuran esan zuenez, «Arrozaren Urteak mundu osoko maila nazionaleko programak katalizatzeko balioko du». Dioufek, gainera, edozein ekimen praktikara eramatearen garrantzia azpimarratu zuen, eta nekazari txikienarengana iristeko konpromisoa agertu. Bitartean FAOren asmoak noiz beteko zain daude 840 milioi pertsona.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan