Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-01-18 -- 1927.zenb

artikulu nagusira itzuli
Aizkora lurpetik atera da

Dudarik gabe, aparteko aurkikuntza izan da Baztanen agertu den aizkora grabatuta duen harriarena. Megalitoetan, historiaurreko arte eskematikoa beste herrialdeetan ezaguna bada ere, Galizian, Asturiasen, Bretainian edo Irlandan kasu, lehenengo aldia da Euskal Herriko megalito batean hain nabarmen ikus daitekeena landutako arte hori: grabatutako aizkora bat eta ondoan ageri den zulogune bat, eguzkiaren sinboloa izan daitekeena.



Hasiera batean, gure arbasoek Elizondoko Beartzun auzoko Soalarko muinoan altxatu zuten, guztiz aberatsa den inguru megalitikoan, hainbat iruinarri, trikuharri eta harrespil bertan baitaude. Hargatik, 1974.ean Francisco Ondarrak aurkitu eta neurtu zuenean, Soalar I izena eman zion. Harriak 4,35 metroko luzera zuen eta ordurako jada lurrean etzanda zegoen.



90eko hamarkadan, iruinarria zegoen inguru osoan luberria egiterakoan, iruinarria desagertu zen, handik kilometro urrunetara berriro agertzeko, Gartzain herrian den Ezkaldo mendiaren inguruan. Baserritar batek haraino eraman zuen bere etxe berriko atarian paratzeko asmoz. Gertaera salatu arren, harria bertan gelditu zen jatorrizko lekura itzuli gabe.



Hamar urte pasa ondoren, 2003ko uztailean Soalarko iruinarria bere bigarren kokalekutik ere desagertu zela egiaztatu zen eta harri zaharraren kokapen berriaren bilaketari ekin zioten. Horrela, iragan azaroan Gartzaingo etxe bateko lorategian aurkitu zuten, lurrean zutik paratuta eta saskibaloiko otzara bat jarrita bere gainean. Bigarren aldiz gertaera salatzeko arrazoiak bazeuden, baina oraingo honetan, ordura arte ikusi ez baziren ere, grabatuak agertzen ziren. Ia metro bateko aizkora baten grabatu bikaina eta ondoan eguzkia irudika dezakeen zulogunea, hain zuzen. Hau guztia marko batek inguratzen du. Dena den, kontuan harturik iruinarriaren gaineko aldetik ia metro eta erdi lurpean dagoela, grabatuen bidezko sorpresa gehiago aurki daitezke behin agerian geratzen denean. Eta hori noiz izango da? Momentuz Elizondoko Udalaren asmoa iruinarria herriko museora eramatea da eta bere jatorrizko lekuan, hots, Soalar mendian, harriaren erreplika bat egitea.



Hain bide luzea eta bitxia egin ondoren, espero dugu gure arbasoentzat harri sakratua zena merezi duen tokian kokatzen jakingo dugula.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan