Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-01-18 -- 1927.zenb

Baztango bazterren sorpresak

Iņigo Txintxurreta

Abia gaitezen bada aizkoradun harria kokatzen zen ingurune zoragarri eta magiko horretara. Elizondotik Beartzun auzo aldera urranduko gara eta karabineroen etxe zaharra iragan ondoren igoko gara mundrunatutako pistatik Gamioako baserriraino, nekazalturismoko landaetxeraino. Kotxea hemen utz dezakegu eta etxearen albotik iparmendebalderantz doan pistatik Goizemetzko leporaino igoko gara.

Behin lepoan, ezkerretara bideratuko gara eta Goizemetzko Bizkarra (bertan bi balizko iruinarri daude) zeharkatuz, Oizako muinoraino iritsiko gara. Zelaiaren erdian nabarmentzen den harri multzoak Oizako trikuharriaren presentziaz ohartarazten gaitu. Megalitoak, aurria bizian badago ere, oraindik ganbarako harritzarren bat harro erakusten du zutunik. Zinez bisita merezi du, bertatik ikuspegi bikaina izango dugulako, Beartzun eta Elizondoko bailararen gainetik.

Oizako muinoaren aurreko lepora itzuli ondoren, Irrintzi errekara jausiko gara. Zelai zabalen harresien albotik, Irlintzi trikuharriaren bila bideratuko ditugu gure urratsak, zenbait borden ondotik iraganik. Trikuharria Elizondotik datorren bidean dago, bideak berak megalitoaren egitura kaltetzeraino. Hala ere, ganbara oraindik mantentzen du eta inguratzen duen harrespila ere bai.

Irlintzitik Maulitzeko patarrari ekingo diogu, bista eder batez lagundurik eta tumulu hondatu baten ondotik iraganez. Maulitz mendia iparraldetik zeharkatu ondoren, Kukurretako lepoko borda eta trikuharri aldera jausiko gara.

Ikusten dugun bezala, ingurune hau megalitoz beterik ageri zaigu, baina oraindik hoberena heltzear dago, gure aurrean Soalar mendiko mazela leunak parez pare baitauzkagu, hau da, aizkoradun harri sakratua kokatzen zen leku bera.

Harantz abiaturik, aldapa xumea igoko dugu, gure arbasoentzat hain leku berezia zen tokiraino. Iristen garenean, aise ulertuko dugu zutarria han paratzeko arrazoia, bertatik ikusmira paregabea baitago: Baztango bailara osoa menperatzeaz gain, Autza, Gorramendi, Alkurruntz, Lerate, Larrun, Aiako Harriak, Mendaur, Alba, Aitz eta Aralar bera begi bistan gelditzen zaizkigu toki zoragarri honetatik. Aizkoradun iruinarria hemen altxatuta imajina- tzerakoan zirrara sakona senti dezakegu, Baztango bihotzean egoteaz gain, antzinako euskaldunen lurraldearen erdian gaudela garbi ikusten baitugu. Hor paratu zuten gure harria, aizkora duena, bere sinbologia guztiarekin. Gure herrian, kristautasun sartu berriarentzako etsaia zen sinbologia hura eta hargatik lurrera bota zuten nonbait, aizkoraren eta eguzkiaren irudiak eta oroitzapena betiko ezabatzeko asmoz.

Laster, 2.000 urte baino gehiago iragan ondoren, harria berriro zutunik ikusiko dugu eta ezusteko bitxi baten bidez bada ere, aizkora eta eguzkia gugana itzuli dira behialako garaietatik.

Soalar mendian gaude, inguru zinez magiko batean. Ondoan tumulua, trikuharria, harrespilak eta beste sorpresa bat ikus dezakegu, aizkoradun iruinarriaren neurri bereko beste iruinarri bat lurrean etzanda, ur biltegi baten ondoan. Berriro zirrara sentituko dugu, ikusten ez den aldean, grabatuak egon daitezkeela imajinatzerakoan.

Pentsamendu hauekin guztiekin Soalar mendia zeharkatuko dugu kondairaz beteriko Autza mendia parez pare gure bistan dugula. Behealdean, Iņarbegi auzoan, hainbat trikuharri bikain gelditzen da, Sorginetxola izenekoa kasu.

Burga mendirantz goazela trikuharri baten tumulu itzelaren albotik iraganen gara, eta Burgako lepoan jada, ezingo dugu ikusi bertan altxatzen zen harrespil ederra, luberri egiterakoan betirako hondatuta gelditu baitzen. Burgako iruinarria ordea, bi pusketetan hautsirik, basoaren albora botata geratu da. Zenbat megalito, gure arbasoen harri zaharrak, modu zakar horretan betiko desagertuko ziren?

Burga mendiko mendebaldeko mazela zeharkatu ondoren Basabar lepoaldera aterako gara. Bertan beste trikuharri bat dago eta handik oso hurbil Lamizilo eta Errolan bezalako izen sugerenteak dituzten megalitoak ere bisita ditzakegu.

Baina itzultzeko tenorea da eta iparmendebalderantz doan pista batek Gamioko baserriraino eramango gaitu arazorik gabe.

Mendi itzuli bikain eta magiko honen ondoren, Elizondoko Berro auzoan, leku zoragarri bat gomendatzen dizuet trago edo mokadu bat hartu, edo lo egiteko: Itzalargiko borda, zinez ezagutzea merezi duen Baztango bazterretako beste sorpresa bat.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan