Jakoba Errekondo
Zurezko enborra duten landareen txertaketa duela hiru mila bat urte ezagutzen da Txinan. Aristotelek orain dela 2.350 urte inguru txertoen berri zehatza azaltzen du eta erromatar inperialistek ezpataren atzetik hedatu zituzten labana zorrotza behar duten txerto teknikak, baita geurean ere.
Txertaketak barazkietan burutzea beste upeleko sagardoa da, ala beste sagardotegiko upela? Fusarium gaitzari aurre egiteko 1914 urtean hasi ziren angurria (Citrullus lanatus) txertatzen Japonian. Hantxe Narako Nekazaritza Unibertsitatea 1917an hasi zen barazkien txertatzeko erabilitako teknika desberdinen berri ematen.
Herbeheretatik zabaldu ziren Europan barrena langintza hauek 1947tik aurrera. Kukurbitazeoen familiakoetan lehenik (kurkubia, kuia, kuiatxoa, luzokerra, meloia, angurria eta abar) solanazeoenean gero (tomatea, piperrak, alberginia, tabakoa, asma-belarra, belladona, urriloa, petunia eta abar), hau da, etekina fruituetan ustiatzen diegun barazkietan soilik.
Txertaketak bi onura nabarmen eransten dizkio barazkiari: baga, fruitua ematen duen barietatearentzat hilkorra edo ia den gaitzen bat sortzen duen onddoa dagoen lurrean gaitz horrekiko erresistentzia garatua duen mentuoin baten gainean txertatuz gero barietate hori ustiatu daiteke; biga, fruitua kendu nahi diegun barietateen aldean mentuoin jendeak sustrai indartsuagoak dituenez uzta oparoagoa izan ohi da.
Txertatutako barazkien erabilera areagotzeko arrazoi nagusia gaitzekiko erresistentziaren aldetik dator. Metilo bromuroa da egun lurrak desinfektatzeko erabiltzen den produktu eraginkorrena eta zabalduena. Honek ozono geruza erretzeko eta lurrak desinfektatzeaz gain kutsatzeko duen joera dela-eta laster bere erabilera murriztu edo galaraziko dela uste da. Onddoekin infektaturiko sailetan mentuoin erresistenteen gainean txertaturiko barazkiak erabiltzea izango da aukera egokiena eta garbiena.
Jabier Agirre
Joan zen azaroaren 14an euskal enpresetako 70 zuzendari baino gehiago bildu ziren Bilbon, Familiako bizitza eta bizitza profesionala nola elkartu? izeneko jardunaldian, eta beste hainbat ondorioren artean, nagusiena Adecco Fundazioak egindako ikerketaren arabera, ondorengoa izan zen: langileak hautatzeko prozesuetan emakume gaztea, ezkondua eta seme-alabak dituena, horixe dela gutxien baloratzen den profila.
Adecco Fundazioak bere zuzendari orokorraren ahotik aurkeztutako ikerketa 1.500 pertsonek osatutako laginaren azterketan oinarritu zen, gehienbat giza baliabideen sailetan aritzen ziren pertsonengan hain zuzen ere. Ikerketaren aurreneko pausoa izan zen ezartzea zeintzuk ziren hautapeneko erabakiak mugatzen zituzten aldagai nagusiak, eta azkenerako lau aldagai zehaztu ziren: hautagaiaren ezaugarriak, lanpostuaren ezaugarriak, erabakia hartzen duen pertsona eta erabaki hori hartzen deneko ingurunea.
Ikerketaren arabera, hautapeneko prozesuan eraginik handiena duten hautagaien ezaugarriak sexua, adina, egoera familiarra, eta batez ere, esperientzia eta komunikatzeko gaitasuna dira. Dena den, hautapeneko prozesu batean bi pertsona daudenean, eta aldagai horiek antzeko samarrak direnean, sexua, adina eta egoera familiarra "faktore erabakigarriak" bilakatzen dira. Hautagai guztiak gazteak baldin badira, gizonezkoak nahiago izaten dira emakumeak baino, eta hautagai guztiak adinekotzat jotzen badira, berriz, sexuak ez dauka garrantzirik. Egoera familiarrari dagokionez, ezkondua egotea eta seme-alabak edukitzea faktore positiboa da gizonezkoentzat; emakumea baldin bada, ordea, gaztea denean nahiago ezkongabea izatea, eta adinean aurrera badoa, berriz, hobe ezkondua izatea eta seme-alabak edukitzea. Noiz arte sexuen arteko bereizketa edo diskriminazio hori?