Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-01-18 -- 1927.zenb

Nere Lujanbio


Kultur kudeaketa eta komunikazioaz arduratzen den Xabide taldeak Bilbon antolaturiko jardunaldiak zirela medio, berarekin hizketalditxo bat izateko aukera eduki dugu; museoek bete beharko luketen funtzioaz eta Euskal Herrian bizi duten egoeraz aritu gara, besteak beste.

Madrilgo Reina Sofia Museoko zuzendariorde, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari eta Madrilgo Prado Museoko zuzendari izatera iritsi zara 40 urte bete aurretik. Zein aspirazio profesional dituzu betetzeke?
Horrela begiratuta badirudi abiadura handiko lasterketa batean aritu naizela. Egia da nire ibilbide profesionalean zehar zenbait kargu garrantzitsu hartu ditudala, baina norberak ez ditu gauzak horrela ikusten. Profesional batek lana egunean egiten du, ez etorkizuna edo iraganaren arabera. Etorkizuna orainetik landu beharra dago.

Arte museoen helburu garrantzitsuenetako bat kaleko jende arrunta eta arte obraren arteko komunikazioa bideratzea dela esan izan duzu. Kontuan izanik egun, jende askorentzat museoak eguneroko bizimodutik oso urrun dauden eremu ia sakratuak direla, nola lortu liteke aipatu komunikazioa?
Dudarik gabe, herritarren eta artearen arteko komunikazioa sortzeak museoen oinarrizko zutabe bat izan behar du. Kontuan izan behar dugu, adibidez Prado Museoaren kasuan, bertan erakusten diren koadroak, mendeetan zehar Espainiako koroaren jabetza esklusiboa izan zirela, beste inork ikusi ahal izatea galaraziz. Museoaren sorrerak, bere helburu nagusia artea gizarteratzea izanik, artearen demokratizazioa bideratu zuen.
Gaur egun, gero eta ardura handiagoa jartzen ari dira museoak aipatu komunikazio horretara iristeko. Orain 20 urte, edo gutxiago, Las Meninas koadroaren aldamenean karteltxo bat besterik ez zegoen, egilearen izena eta koadroaren datarekin. Gaur egunean, obraren alboan argibide oharrak daude hizkuntza ezberdinetan, argibide liburuxkak eta baita katalogoak ere, nahi duenak aldez aurretik presta dezan bisita edo museotik irtendakoan koadroa ezagutzen jarrai dezan. Interneteko sarea ere funtsezko osagai bilakatu da ezagutzaren hedapenean eta herritarrak museora hurbilarazteko orduan.

Kalitatezko erakusketak aurkezteaz gain, zein da museoaren ardura jakintzaren transmisioan edo, oro har, hezkuntzan?
Erakusketak heziketarako bide bat dira. Lehen esan dudan bezala, gure eginbeharra ahal diren erraztasun guztiak ipintzea da, arteaz gozatu nahi duen orok aukera hori eduki dezan. Arteaz gozatzeko oinarrizko baldintza bakarra maitatzeko gaitasuna izatea da eta hori, mundu guztiak badu. Batzuek besteek baino heziketa sendoagoa izango dute, baina bultzatu behar duguna maitatzeko gaitasun hori da.

Artea eta Kultura kontzeptuak etengabe zabaltzen ari dira. Mendetan zehar erabat araututa egon diren mugak lausotzen ari zaizkigu. Nola egiten diote aurre egoera honi arte museoek? Beharrezkoa al da artistikoki onargarria denaren eta ez denaren arteko mugak zehaztea?
Oso gai konplexua da. Azken aldian eztabaida asko sortu dira horren inguruan arte garaikideko museoen esparruan. Gaur egunean, artea pintura edo eskultura dela esateak ez du balio. Kontzeptuak izugarri zabaldu eta eraldatu dira. Arte garaikideko museoek nazioarteko esparruan sortzen ari denarekiko oso adi egoteko ardura dute, horren arabera eta beharrezkoa balitz, irizpide batzuk ezartzeko.
Zorionez, guk, museo historiko bat garen aldetik, ez diogu zuzenean aurre egin behar gai konplexu horri. Hala ere, beti da interesgarri une oro arte mailan sortzen ari denaren berri izatea, besteak beste, iragana begirada garaikideaz ikusteko aukera ematen digulako.

Laster beteko dira bi urte Bilboko Arte Ederren Museoa utzi zenuenetik, eraberritze sakon baten ondoren, etapa berri bati hasiera eman behar zionean. Ezarritako helburuak betetzen ari al dira?
Bai, nik baietz uste dut. Arte Ederren Museoak garai on bat bizi duela iruditzen zait. Gainera, hirian oso sustraitua dagoen museo bat da eta, ezin liteke esan bere kabuz aurrera doan proiektua denik, baina bai, erabat bertakotua dagoen museoa dela, hiriaren erritmora primeran egokitu dena.

Azken urteetan museo asko zabaldu dira Euskal Herrian, azkenetako bat Bilbon bertan, Itsas Museoa. Nola ikusten duzu museoen ugaritze hau? Zein izan da Guggenheim efektua deitutakoaren eragina honetan guztian?
Museoen ikuspegitik eta, orokorrean, arlo kulturalean, Euskal Herriak une garrantzitsua bizi du. Guggenheim efektuak lehendik bazeuden proiektuak ikustarazteko balio izan du, ohartarazpen bat bezala izan da, eta hori positiboa da. Guggenheimen ondoren zabaldutako museoez ari garenean, ezin dugu moda bat balitz bezala hitz egin. Euskal Herrian, aurretik ere bazeuden bilduma eta proiektu garrantzitsuak, Bilboko Arte Ederren Museoa edo Arabako Arte Ederren Museoko arte garaikideko bilduma, kasu. Guggenheimek mundu guztia Euskal Herrira begira jarri du eta hori baliagarri izan da, bestela azalduko ez liratekeen mugimendu, bilduma eta proiektuak ezagutarazteko.
Honen guztiaren ondorioz, Euskal Herria artistikoki gune oso dinamikoa bilakatu da eta museo sare garrantzitsu baten jabe da orain.

Bilboko Arte Ederren Museoaren eraldatze prozesu sakonaren ondoren Madrila joan zinen Prado Museoko handitze eta eraberritze proiektu erraldoiari ekiteko. Zeintzuk dira proiektu berri honen helburuak eta zein fasetan aurkitzen dira helburu horiek?
Ezinbestekoa zuen museoak eraberritze hau. Duela zenbait urte egin beharrekoa zen, munduko museo garrantzitsu batzuk, Washingtongoak edo Pariseko Louvre-k, berriztatzeak burutu zituzten garai bertsuan. Orduan ez zen ezer ere egin eta orain egitea, hein batean, gure mesederako izan da, beste lekuetan egindakoa aztertzeko aukera eman baitigu, horrela, hanka sartzeak saihestu ahal izan ditugularik.
Erreforma garrantzitsu batean gaude murgildurik, egungo museoaren azalera bikoiztuko duen handitze prozesu konplexu batean. Museoaz gain, inguruko beste zenbait eraikuntza ere hartzen ditu erreformak, horregatik zail da lanak noiz amaituko diren zehaztea. Zatirik garrantzitsuena, erakustaretoetara bideratuko dena, ziur asko 2004ko bukaerarako amaitua egongo da.

Zaharberritze lanetan diharduzuen arren museoak erakusketak eskaintzen jarraitzen du. Zeintzuk dira, bilduma iraunkorraz gain, epe motzean bisitariek ikusi ahal izango dituzten erakusketak?
Espainiako artean erretratuak izan duen bilakaerari buruzko erakusketa bat prestatu dugu. Duela zenbait urte antzeko erakusketa bat aurkeztu genuen natura hilen inguruan. Interesgarriak dira gisa honetako proposamenak, batez ere, oso garai ezberdinetako artistak aurrez aurre jartzen dituztelako. Erakusketa hauek nabarmendu egiten dute historialariek ezartzen dituzten muga kronologikoak ez direla benetako muga artisten begietan, eta aukera ematen dute XX. mendeko abangoardietako artistek aurreko mendeetakoekin duten lotura estua aztertzeko, adibidez, eta ezagunenetariko bat aipatzearren, Picassok Velázquezekiko sentitzen zuen miresmena.

Pilar Iparragirre

Zeintzuk dira 'Kaixo, Kattin!'en nondik norakoak?
Polita da idazle izatea, aukera izugarria delako gure herri triste honetatik pixka bat eskapu egin eta hodeietatik zintzilik jarriz halako fantasiazko gidoiak egiteko. Baina hori gehienbat haur txikientzat idazten duzunean gertatzen da. Nerabe jendearentzat hasten zarenean idazten, jada hamairu-hamalau-hamabost-hamasei urteko gazteentzat, zaila da errealitateari uko egitea. Eta, beno, nik imajinatu dudan istorio hau, noski, fikzioa da, baina hankak lurrean ditudala idatzitakoa ere bai.

Zer esan nahi duzu horrekin?
Uste dut idazten saiatzen garenok halako konpromiso bat izan behar dugula. Gure herriko egoera sozial-politiko honen lekuko garen neurrian, akta ere egin behar dugula. Notario izan gabe, baina egoera horren isla izan behar dutela gure liburuek, nahiz eta literatura izan. Eta pixka bat hori da Kaixo, Kattin! osatzeko erabili dudan tranpolina. Gure herriko egoera politikoa erabili dut liburuari indarra emateko eta istorioa abiatzeko, daukagun egoera patetiko hau ûgaurko gazteek esaten duten bezalaû, nahiz eta gero, liburuaren bilakaeran, azkenean sentimenduak nagusitzen diren.

Zein da gauzak horrela azaltzeko arrazoia?
Adin horretako gaztetxeoentzat, gurasoak, eskola-eta arazo garrantzitsuak dira, jakina, eta politika ere bai, noski. Baina azkenean denak sentimenduen esanetara makurtzen dira. Eta horixe egin dut nik liburuan: gai politikoa erabili aitzaki gisa, baina gero sentimenduak jaten du hori dena.

Jon Gurrutxaga

duela hiru urte Denek dakite lehen lana kaleratu ostean, Sartu izeneko bigarren diskoarekin datoz orain 4 Itzal taldekoak. Banda gipuzkoarra Euskal Herri mailako talde ezagunetatik zetozen musikariek osatu zuten hasieratik: Xabier Solano (Etzakit), Haritz Harreguy (Sen), Koldo Soret (Utikan, Mugatik) eta Haritz Beristain Txiki (Kashbad). Haritz Harreguyk, ordea, 2002aren erdialdean taldea uztea erabaki zuen eta bere ordez Txikirekin Kashbaden aritu zen Gorka Sesma sartu zen gitarrajole gisa. Sartu joan den urteko iraila eta urria bitartean grabatu zuten Hernaniko Oialumeko borda batean Karlos Osinagarekin.

«Sartu gure mundura»

Diskoaren azalean ageri zaigun atearen sarrailak eta tituluak berak 4 Itzalen mundura sartzeko gonbita luzatzen dute. Xabier Solano abeslari eta gitarra jolearen esanetan, "hitzek ere zerikusia izan dute diskoaren izenburua aukeratzerako orduan, entzuleari hitzekin sortutako gure munduan sartzeko gonbita egiten baitiogu". Aurreko lanean punk eraginak aipatzen ziren eta kanta lasaiagoak ere tartekatzen ziren. Sartu, ordea, disko askoz ere gitarreroagoa da. Taldekide guztiek aho batez disko rockeroagoa dela onartzen dute. "Ez genuen aurretik erabaki disko gitarrero eta rockero bat egin nahi genuenik. Baina grabatu eta entzun dugunean inpresio horrekin gelditu gara guztiok".

Denek dakite diskoarekin erkatuz taldean eginiko konposizio lana nabarmentzen da CD berrian. "Aurreko diskoan taldeak Xabierrek eginiko abestiak jo zituen, oraingoan, ordea, guztiak sentitzen gara abestion sortzaile". Gorka Sesma gitarrajole berriaren sarrerak ere taldeari beste ukitu bat eman diola onartzen dute musikariek. Estreinako lanean esku artean zuten materiala hartu eta hura moldatuz diskoa grabatu zuten. Azken bi urteotan, aldiz, talde moduan garatzeko aukera izan dute. Eta Sartu da hain zuzen ere elkarlan horren fruitua. Hitzei dagokienez, aurrekoan ez bezala, taldekideak izan dira gehientsuenen egileak. "Hitz nahiko barnerakoiak dira, barruan dauzkagun sentimenduak dira, horregatik nahiko intimoak direla uste dugu", diosku Txiki bateria joleak. Hitzetan Jon Garmendia Txuria, Mikel Peruarena, Unai Iturriaga eta Joni Ubeda izan dituzte kolaboratzaile. Dena dela, eskatutako hitzetan ere izan du zeresanik taldeak; izan ere, abestien gaien nondik norakoak bandaren eta letristen artean zehaztu baitituzte. Jon Maia ere izan dute hitzetan lagun, baina azkenean bertsolariak idatzitako kanta ez da diskorako aukeratutako kanten artean gelditu. Izan ere, taldeak hainbat abesti grabatu eta horietatik hamabi aukeratu baitzituen azken emaitzera.

Rockaren borda

Gaur egun teknologia berriak musika ahal den modurik erosoenean, pertsonalenean eta batzuetan merkeenean grabatzeko aukera eskaintzen du. 4 Itzalek Hernaniko Oialumeko borda bat alokatu zuen diskoa patxadaz eta beraien erara grabatzeko asmoz. Aurretik lokalean zenbait maketa grabatu zituen, gero Garaten maketa landuago bat burutu eta azkenik borda alokatzeko urratsa eman zuen. Lisabö taldeko Karlos Osinagak bere grabaketa ekipoa hartu eta bera izan da lan teknikoa jorratu duena. "Bordan geundela pixka bat entseatu, buelta batzuk egin eta gustura sentitzen ginenean grabatzen hasten ginen, soinu naturala lortu nahi genuen", aitortu du Txikik. Rock diskoen ohiko grabaketa prozesuan bateria izaten da estudioan lanean hasten den lehen musikaria. Kanta guztiak grabatu eta nahasketak egiteko mementoa heldu arte hor bukatu ohi da bere betebehar nagusia. Taldea ordea, betiko prozesu hori alde batera utzi eta bateriaren lanak grabaketan zehar jarraikortasuna izan dezan ahalegindu da. Horregatik, grabaketa egun bakoitzean bi abesti oso grabatzen saiatu dira. "Izan ere, orain arte nik bateriak sartu ostean egin beharreko lana amaitua nuela konturatzen nintzen, dagoeneko ez nengoela grabaketan ohartzen nintzen", diosku Txikik. Ia abesti guztietan baxua eta bateria aldi berean grabatu dituzte naturaltasun eta zuzeneko sentsazio hori lortzeko asmoz. Nahasketak Azkaraten egin dituzte Angel Katarainekin.

Diskoaren gailetak, CD-ak berak binilo itxura du, hau da, LP itxura du. Eta abestien artean gaur egun gutxitan entzuten diren biniloaren zaratatxoak eta efektuak sartu dituzte lanari jarraikortasuna emateko asmoz. Lehen kantan, adibidez, orratza biniloaren gainean jartzen deneko soinu ezaguna entzun daiteke. Seigarren kantan, berriz, diskoari buelta ematen diotela. Eta laugarren eta bosgarren korteen artean grabaketako bitxikerietako bat entzun daiteke: Koldo Soretek, Ni ta zu kantan ahotsa sartzen ari zela (gainontzeko guztiak Solanok grabatu ditu), lagun baten deia jaso zuen sakeleko telefonoan. "Lagunak ezer jakin gabe telefonoaren 'manos libres' sistema martxan jarri nuen besteek entzun eta barre batzuk egiteko", gogoratzen du taldeko baxujoleak. Osinaga teknikariak guztia grabatu zuen eta jasotakoa diskoan sartzea otu zitzaien. 4 Itzaleko kideak beste talde batzuetatik badatoz ere, ez dira binilo garaikoak, hogeitaka urte izanik ez baitute inoiz binilo diskorik argitaratu. Txikik, adibidez, Kashbaden lehen lana kaleratu zutenean jada diskoak CD formatuan karrikaratzen zirela gogoratzen du: "Orduan hasi ziren biniloak alde batera uzten, garai hartan formatu horretan Anestesiak kaleratu zuela oroitzen dut". Nahasketak egiten ari zirela zenbait aldizkaritan formatu klasiko horretan argitaratzeko aukerak eta prezioak begiratzen aritu ziren. Baina gaur egun diskoetxeek ez dute horrelako formatoekin lan egiteko asmorik agertzen. Dena dela, diskoa biniloan ikustea eta etxean edukitzea behinik behin gustatuko omen litzaiekeela onartzen dute.

Josu Iztueta


Amaitu berri den 2003a urte mugitua izan du euskal kultur munduak, ordainetan edo, euskara bera ere asko mugitu da munduan barrena. Euskal Herritik esportatzen ditugun notiziak ez dira beti onak izaten, baina gero eta gehiago dira hemendik kanpora irteten diren musikari, idazle, kazetari, bertsolari, zientzialari, eta abarrak. Denek ez dute gure berri berdin emango, baina tira, etxean ere guztiok ez ditugu gauzak berdin ikusten, beharbada begiratu ere ez dugulako berdin begiratzen.

Irunberriko euskararen baratzea

Kanpotik etortzen naizen bakoitzean etxeko berri jakiteko amorratzen egoten naiz, baina era berean, beldurrez akabatzen. Hemen nagoenean berri onak eta txarrak pixkanaka iristen dira eta horrela irensten ditut. Disgustua eta gustukoa dosi txikietan heltzen dira, gazi-gozoari hobeto hartzen zaio neurria lehenari garrantzia kenduz eta bigarrena exajeratuz.

Aurtengo "Nafarroa Oinez" bertan behera geratu berritan abiatu nintzen Nepal aldera. Eguraldi txarrak hainbeste ilusio eta lan hankaz gora utzitako irudia eman nuen harantz. Aitortzen dut ez naizela festa erraldoi horien oso zalea. Ikurriña gehiegi ikusi eta euskara gutxiegi entzuten dudalako agian edo hizkuntzaren izenean gazte mozkor dexente eta "borratxo" asko sumatzen dudalako beharbada.

Irunberriko hondamendiaren ostean kontu korronte zenbaki batzuk eman ziren ezagutzera, jendeari dirua bertan sartzeko gonbitea luzatuz. Kanpotik etorri bezain laster milioi bat euro baino gehiago bildu zirela jakiteak asko poztu ninduen. Eguraldi ona egiten duenean 100.000 lagun bildu bai, baina zenbat diru ateratzen den ez da normalean esaten. Teleberritan negarrez ageri zen ikastolako ordezkariari irrifarra bueltatzeko balio izan badu sikiera! Premian daudenei laguntza ematea eta lagundutakoak pozik ikustea bezalakorik ez dago!

Kalteak kalte, eguraldi txarrak mesede egin ote digun ustea daukat. Alde horretatik begiratuta, Egunkariaren aurka, Del Olmo epaileak egindako operazioak ere mesederako dirudi, asko saiatu arren ez genukeen geure kasa irakurle kopurua bikoiztuko. Kanpoko baten belarrondokoak espabilatzen ote gaitu?

Durangoko Kultur negutegia

Aurreko batean Durangoko Azokari buruz idatzi gabe geratu nintzen eta badakit desgaraian nabilela, denborak abiadura baino gehiago azelerazioa darama. Abendukoa 38.a izan zen, datorren urtekoa 40.a izango da, aurtengoa 39.a izango baita! Juan Mari Irigoienek, Gari Berasaluzek, Xabier Mendigurenek eta beste hainbatek egin dute lehen Azokaren inguruko gogoeta, niri ere horixe bururatu zitzaidan Durango aldera nindoala. Jende uholdea espero arren igande goizean (abenduaren 7an) abiatu nintzen bertara. Eguraldi aparta lagun eta gurasoekin bazterrak ikusiz hurbildu ginen Maltzagatik barrena Durangora. Oker ez banago 1976. urtean egon nintzen lehenbizikoz, Franco hil eta urtebetera. Diktadorea bera azkenaldian baino gaixoago zegoen Citroen Dyane zaharra hartu eta abiatu ginen. Deskarga eta Elgetatik barrena hotzez akabatzen Elorriora eta handik Durangora. Elurra ere ez zen urruti izango. Tolosatik Donostiara eta handik Durangora trenez joateko aukerak hiruzpalau ordu eskatzen zituen eta kotxez ordubete pasatxo, aparkatzeko ere ez zen orduan arazo askorik izango.

Liburu eta diskoen artean ezagunak agurtu, lagunekin berba egin eta zerbait erosi asmoz ibiltzen ginen, ikusmiran, baserritarrak "peri" egunean letxuari edo arkumeari begiratzen dioten antzera. Zigarroen keak eta arnas lurrinak bereiztu ezinik, hantxe, egun pasa.

Etxean "tokadiskosik" ez, kotxean "radiokasetik" ere ez, musika aukerak beraz, baztertuakà liburuak berriz gustukoen artean erabaki ezinik! Euskarazko klaseak Gaueskolan emanez 3.000 pezeta inguru irabazten genuen hilabetero, haiekin bizi ahal izateko eta bizioak (afizioak) ordaintzeko nahiko lan! Garai bateko kontuak dira hauek!

Andra Mari eliz ataria aurrena, geroago etorri zen merkatu plaza, beranduago karpa zuria, eta iaz eraikuntza berria. Landako 4.400 metro koadrotan, 400 liburu berri eta ia ehun musika titulu formato ezberdinetan. Joan den abenduko Azokan Durangoko Negutegi kulturala martxan, kristalezko eraikuntza dotoreari horrexen itxura hartu nion. Barruko Goienkale, Artekale eta Barrenkale jendez gainezka, 271 erakusmahaiak lepo beteta. Gehienetan hotza protagonista izan den Azokan beroa sentitzea arraroa zen benetan.

Euskararen ispilua eta neurgailua da Durangoko Azoka, Euskal Kulturaren eskaparatea ere bai. Joan-etorrian ehunka "maniki" genbiltzan, mila euro baino gehiagoko soldatadunak asko eta askoà zer erosia aukeran, nork saldua ere bai eta halere, laino beltzak omen datoz argitalgintzaren geroan. Negutegi efektoaren ondorioa izango ote da?

Xabiertxo liburua, nire ametsen loreontzia

Besopean poster pare bat eta dozena erdi liburu hartuta irten gara gurasoak eta hirurok, horien artean Xabiertxo. Duela 40 urte gure etxean ez genuen irakurtzeko aukera handirik eduki. Arantzazuko praileen errebista eta Xabiertxo nik gogoan ditudanak. Hori ordea ez zen aitzakia, orduan (Tolosan behintzat) bazen "kajaorrosko biblioteka" eta liburuak maileguan uzten zituzten. 1923. urtean argitaratu zen Xabiertxo lehenengoz, aldamenean daukadan aita jaio eta handik bi urtetara. Liburu azaleko Xabiertxok eta aitak badute elkarren antza, biek daramate txapela buruan, nik ez dut txapelik gabeko aita ezagutu.

"Txapela buruan eta ibili munduan" dio esaera zaharrak, aitak txapela buruan bai, baina ez da mundua ezagutzera atera (mundua orain telebista bidez sartu zaio etxera). Niri berriz, ea "mundu osoa korritu dudan" galdetzen dit. Xabiertxo liburuak mundu bat ireki zidan, hizki eta marrazkiena, irakurketa eta idazketarena. Kontrazaleko irudia oso gertuko egiten zitzaidan. Maoizko praka urdinak eta abarkak jantzitako baserritar asko ezagutzen nituen, saskia eta sega bizkarrean hartutako gizonaren irudia egiazkoa zen niretzat. Azaleko irudia berriz, misteriotsua zen, irreala iruditzen zitzaidan. Irudi baten barruan bestea, haren barruan txikiagoaà noraino ordea? Infinitoaren muga iritsi ezineraino?

Abioiean irakurtzen ari naiz Xabiertxo, Nepaletik etxera bidean, «Nola ibiltzen geran» kapituluan honela dio liburuak: "Gizona, berez, bi oñez ibiltzen da. Bañan, laxterago ibili nayean, aspalditik ibili izan da astoz eta zaldiz ere. Gurpila ta gurdia ere aspaldi sortuak ditu. Bañan gero ta laxterago ibili nairik azkenengo urtietan Bultzi edo Trena sumatu du. Bai aurerapen aundiak ekari dizkiola gizonari sumaketa eder orek! Gaurko egunetan oraindik aurerago joanda beriz, eta Gurtariña edo Automobila eta Egazki edo Aeroplanoa sumatu ditu..."

Duela astebete baino gehiago hegazkin bat itsasora erori zen Egipton, Itsaso Gorria beltzez, lutoz jantzi da bat-batean. Nagoen lekutik ez oso urruti, lurrikara batek 30.000 lagun hil eta Irango Bam herria erabat txikituta utzi du. Lur astinduak segundo gutxitan abiazioak mende oso batean baino pertsona gehiagoren heriotza ekarri du... "Jaungoikoa da gauz guztien egilea" dio Xabiertxo liburuaren lehen esaldiak. Gauza on guztien egilea bakarrik ote da?

Doha, Qatar

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda

Unibertsoaren kolorea aldatzen ari da
Hainbat astronomok 300 bat galaxia aztertuz egin duten lanaren arabera, Unibertsoaren kolore orokorra aldatzen ari da: gaur egun nagusi den koloreak beixaren antza duela esan liteke eta, aldiz, orain dela 11.500 milioi urtekoa askoz ere urdinagoa zen.
Marijn Franx Holandako Leideneko behatokiko arduradunak emandako azalpenaren arabera, urdina izar gazteen kolorea da. Beraz, orain dela 11.500 milioi urte galaxietako izar gehienak gazteak izaki, Unibertsoaren kolore nagusia ere urdina zen. Gaurko kolore gorrixkak, berriz, izarrak zahartu egin direla eta gazteak baino gehiago direla erakusten du.
Bestalde, Unibertsoak antzina zuen argi kopurua gaur egungoaren antzekoa dela gaineratzen du Gregory Rudnick Alemaniako Astrofisika Institutuko arduradunak. Alegia, lehen aipatutako garaian orain baino izar gutxiago zegoela, izar gazte urdin batek izar zahar gorrixka batek baino argitasun handiagoa ematen baitu.
Halaber, esan liteke Unibertsoko izar gehienak berantiarrak direla, ez zirela gure eguzkia baino askoz lehenago sortu, hau da, Big Bang leherketa handia gertatu eta 7.000 milioi urtera sortu zirela.

Baratxuria eta zelula hautatuen suntsitzea
Aspaldidanik ezagutzen dira baratxuriaren onurak eta sendatzeko ahalmena. Kheopsen piramidean dauden irudiek horren testigantza erakusten dute eta gure aitona-amonei ere makina bat aldiz entzun diegu horrelakorik. Herri jakinduriaz gainera, zientziak ere aspaldi heldu zion baratxuriaren propietateen azterketari. Israelgo Weizmann Institutuko Aharon Rabinkov ikerlariak zuzentzen duen taldeak, esate baterako, liliazioen familiako landare belarkara honekin egindako estudioaren berri eman du oraintsu, eta minbiziari aurre egiteko izan dezakeen balioa nabarmendu dute.
Baratxuriaren osagarrietariko bat allizina da. Allizina sulfuro bat da, alliina molekularen eta allinasa entzimaren arteko erreakzio biokimikoaren emaitza, erraz lurrintzen dena. Hain zuzen ere, baratxuriari usain eta zapore berezi horiek ematen dizkion substantzia da.
Antza denez, allizina dosi handi batek zelula biziak hiltzen ditu eta erasotzeko ahalmen horretan oinarritu dira Rabinkov eta bere taldea. Ikerlarion helburua zera litzateke: alliina molekula minbizi zeluletara helaraztea eta ondoren allinasa entzima gehitzea, hartara minbizi zelulak suntsitu ahal izateko. Laborategiko saguekin egindako frogek emaitza onak erakutsi dituzte, batik bat urdaileko minbiziari dagokionez. Aurrerantzean, beste minbizi motatan zer eraginkortasun duen eta gizakiari prozedurak balioko ote liokeen neurtu beharko dute.

Pilar Iparragirre


Karibetik Kantaurira
Joakin Arregi "Txe"
Paper Hotsak
143 orrialde
12 euro



Bi aberri dituen bertsolaria


Joakin Arregi "Txe"k aspaldi utzi behar izan zuen sortzen ikusi zuen herria, Zizurkil, arrazoi politikoak tarteko. Hasiera batean Iparraldera eta gerora Venezuelara joan zen, 1981ean. Geroztik amerikar lurralde hartan bizi da, eta esan daiteke Euskal Herriari bezainbat kantatzen diola Amerikari Paper Hotsak argitaletxearekin kaleratu duen Karibetik Kantaurira bertso bilduman. Koldo Izagirrek hitzaurrean nabarmentzen duenagatik, barne sakoneko bertsolaria dugu Joakin Arregi, eta ez gai bakarrekoa, Gabonak, haurtzaroko oroitzapenak, sorlekua, herriko lagunak eta borrokan egindakoak, bere uste eta zalantzak, iraultza bolibarianoa, Lizarra-Garazi eta ETAren su-etena, Caracaseko bizimodu latza eta beste hamaika kontu baititu kantatzeko oinarri.


Euskal Herria 2050
Batzuen artean
Gatuzain
133 orrialde
10 euro



Zazpi idazle eta marrazkigile bat etorkizuna antzematen


Liburu honen izenburua Gatuzain argitaletxekoei otu zitzaien, Euskal Herriko hainbat idazlek eta marrazkilarik etorkizun ez hain urrun horri dagokionez zernolako ikuspegia zuten jakiteko gogoa zeukatelako. Erarik errealistenean zein fikzio hutsean agertu ahal zuten beren "iragarkizuna", nahi izanez gero politika, kultura edo ingurumena bezalako alorrak landuz. Eta ekimen horren emaitza da Euskal Herria 2050, Itxaro Borda, Eneko Bidegain, Gotzon Garate, Iban Zaldua, Castillo Suarez, Maritxu Lopepe eta Lucien Etxezaharretaren narrazioak eta Marcemedy-ren komikia jasotzen dituen liburua. Denetarik dago, baina, orohar, ez dirudi oso iragarpen itxaropentsuak dituztenik.


Hamar elkarrizketa
Iker Barandiaran
Apokaliftin
157 orrialde



80ko musikaren gaineko hitzak


Iker Barandiaranek Apokaliftin Kultur Elkartearen bidez plazaratu duen Hamar elkarrizketa liburuan agertzen diren iritzi guztiak lotzen dituen haria da 80ko hamarkadan Euskal Herrian musikaren munduan gertatu zen eztandari egiten zaion aipamena. RIP taldeko Karlos Mahomari, Pablo Cabeza Egin egunkariko musika adituari, Juankar Muga Bilboko rock egitarauen bultzatzaileari, Tijuana In Blue eta Huajaloteseko buru izandako Eskrotori, punkaren garai gogorrenetatik biziraun duen La Polla taldearen arima den Evaristori, Gorosabel anaiei, El Tubo aldizkariko Belen Mijangosi, Kike Turmixi, Mikel Kazalisi eta Jabi Destruyeri eginiko elkarrizketa luze bezain sakon hauek Putz aldizkarian ikusi zuten lehen aldiz argia.


Iqbalen historia
Francesco D'Adamo
Aizkorri
127 orrialde
6,95 euro



Haurren lan esplotazioa gai


Lurdes Auzmendik euskaratu duen Francesco D'Adamoren Iqbalen historia 13 urte zituenean alfonbragileen mafiak hil zuen mutiko pakistandar baten benetako zorigaiztoan oinarritutako salaketa nobela da. Iqbal Masih-i gertatutakoa beste haur askori gertatzen zaio Pakistanen eta munduko beste herrialde pobreetan: Iqbal familia txiro batean sortu eta bere familiak saldu egin zuen 16$eko mailegua ordaindu ahal izateko. Handik aurrera alfonbra lantegi batean egin behar izan zuen lan, egunero hamabi orduz, rupia bakar bateko soldataren truke, bere familiaren zorra kitatu arte. Esklabotza egoera horretatik ihes egitea lortu zuen, halere, eta Ume Langileen Askatasunerako Frontean parte hartuz, bera bezala esklabo ziren zenbait ume askatzen lagundu zuen. Baina mafiak ez zion barkatu.


Riga.Erlikiazko sentimenak
Garikoitz Zulueta
Ekoizpen Galduak
127 orrialde



Riga errekaren alboan idatzitakoak


Ekoizpen Galduaken bidez Garikoitz Zuluetak kaleratu duen liburu honen izenburu zehatza Riga. Erlikiazko sentimenak/ Sentimientos en reliquia da. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako narrazioak eta olerkiak eskaintzen dizkigu bertan Pateando Porkeria hardcore taldeko musikari eta Likiniano kultur elkartean zein DDT banatzaile alternatiboan aritzen den Garikoitz Zuluetak. Baina ez uste batzuk besteen itzulpena direnik, ez baita inolaz ere horrela. Goibel samar ageri zaigu 24 urteko gazte alternatibo hau liburuan agertzen dituen ia lan guztietan, batik bat Oroimenaren zapore mikatza deitutako kontakizunean, min handia eman zion benetako gertaera baten parabola delako.


R. M. Azkue saria 2002
Batzuen artean
Euskaltzaindia/BBK
98 orrialde/ 3 euro



Azkue lehiaketan saritutako narrazioak eta olerkiak


Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak euskal ikasleak literaturgintzara bultzatzeko eta euren artean irakurketa indartzeko antolatutako Azkue literatur lehiaketan 2002an saritu zituzten lanen bilduma dagoeneko kalean dago. Hamairu urtekoen artean, Beskoitzeko Maiatza Louessard-en narrazioak eta Baionako Nahiara Saralegiren olerkiak eskuratu zuten lehenengo saria. 14-17 urte artekoen artean, berriz, Bidarraiko Dioni Agerrek eta Gernikako Amaia Jauregizarrek jaso zituzten.


Kaixo, Kattin!
Antton Kazabon
Elkar
80 orrialde
6,25 euro



Eskutitzak oinarri dituen kontakizuna


Elkar argitaletxeak plazaratu berri duen gazteentzako Taupadak bildumako liburua dugu Antton Kazabonen Kaixo, Kattin!. Eskutitzen bidez osatu du oiartzuarrak oraingo honetan bere idazlan hau, non arrazoi politikoak eta sentimentalak medio haserretu egin den Kattin ordura arte bere lagun koadrila izandakoarekin. Izugarri haserretu da, gainera, bere mutil-lagunak "española de mierda" deitu diolako, eta beste inork ez duelako bera babestu hark esandako irain horren aurka altxaz. Egia da bera ere ez dela isilik geratu eztabaidan, hitz oso gordinekin erantzun diola mutilari, jakinik haren ama ezkongabea dela, baina merezia zuelakoan dago. Haserre hura gertatu zenetik, bakar-bakarrik geratu da Kattin, ikasturtea amaitutakoan ikastola utzi eta beste ikastetxe batera joan behar izan duen arte. Eta hara non koadrilako neska bat hasten zaion eskutitzak idazten, gertatutakoa konpondu nahirik antza denez. Bada, ez dio erantzuten, zer uste du horrek. Zer uste dute lehengo koadrilako den-denek! Beste neskak ez du etsitzen, ordea, eta Kattinen isiltasunari bere bihotzeko eskutitzez aurre egiten jarraitzen du, ahalik eta erantzuna lortu arte.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan