Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-01-18 -- 1927.zenb

Mikel Asurmendi


Espainiako Auzitegi Gorenak Sozialista Abertzaleak (SA) desegiteko agindua helarazi zion Juan Maria Atutxari iaz. Berak, aldiz, agindua ezin zuela bete adierazi zion. Gorenaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko auzia hasi zen orduan. EAEko Legebiltzarraren presidentea auziperatuta dago Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao mahaikideekin batera.
Gure solaskidearen esanetan, Eusko Legebiltzarra ez da Madrilgo hedabide nagusiek erakutsi nahi duten gatazka gune bezala ikusi behar.
Juan Maria Atutxak kargua hartu eta bere lehen legealdiaren hasiera gogoratzen du bereziki, etorkizunean, berriz ere, egoera hura errepikatuko den esperantzaz: «Euskal Herritarrok taldeak 14 legebiltzarkide izan zituen. Horietako bat, Rakel Peńa, Legebiltzarreko mahaiko kidea zen. Kataluniako Parlament bisitatzea egokitu zitzaigun eta bost mahaikideok joan ginen. Bostok bi egun igaro genituen, ohiko ekitaldiez gain, bazkariak eta bisita guztiak elkarrekin egin genituen, denak batera. Gure herrian orduan piztu zen itxaropena berreskuratu gura nuke».
Anartean, azken urteko bilerak oso zalapartatsuak izan dira Legebiltzarrean. Carlos Iturgaizen inhabilitazioak edota Rodolfo Ares osoko bilkura batetik kanporatu izanak komunikabideetako lehen lerroetan ipini dute Juan Maria Atutxa. PPk eta PSE-EEk bere dimisioa eskatu dute. Liskar horiek izan ditugu elkarrizketaren abiapuntu. 2004rako aurrekontuen luzapena EAEn, EAJ, eta ezker abertzalearen eskaintza hizpide izan ditugu halaber.

Carlos Iturgaizek esandako hitz batzuk hizpide harturik hasiko gara. Hilabeteko zigorra jaso ostean PPk mendekutzat jo du Legebiltzarreko Mahaiak hartutako erabakia. Iturgaizek berak mendekuz jokatu izana leporatu dizu «El Correo»n. Gaizkiletzat jo zaitu eta ez zaudela burutik ondo esan du. Areago, ETAren aldetiko lasaitasuna bilatzen ari zarela ere esan du. Non geratzen da Juan Maria Atutxaren iragana?
Gizon horrek niri buruz esandakoak benetakoak izango balira, nire iragana leku larrian geratuko litzateke. Berak esan dituenak benetakoak balira ni pertsona deitoragarria izango nintzateke. Carlos Iturgaizek esandakoak ahokadak besterik ez dira, eta herri honetan inor gutxik sinesten ditu. Horrelako adierazpenak egiten dituen pertsona batek bere burua bere kasa deskalifikatzen du. Ez diot publikoki erantzun eta ez diot orain ere erantzungo. Bene-benetan diotsut, ez du merezi berarekin sartzea.

PSE-EEko Rodolfo Aresek mendekuak eta amorruak bultzatuta ari zarela esan du, bestalde.
Guk sozialistekin harreman onak izan ditugu aldi edo bolada askotan, baita nik neuk ere. Hau da, 1987tik 1991ra, foru ahaldun nintzen garaian, ni sozialistekin esertzen nintzen Bizkaiko Foru Aldundian. 1991tik 1998ra, berriz, Herrizaingo sailburua nintzen aldetik, sozialistekin esertzen nintzen Eusko Jaurlaritzako mahaian. Orduan, ez sozialista batek ez inork ez zidan abertzalea izateari uzteko eskatu eta nik ez nion sozialista bati ere eskatu sozialista izateari uzteko. Bakoitzak bere pentsamoldea eta politika modua zeuzkan eta elkar errespetatzen genuen. Mahai gainean genituen egitasmoak edo programak elkarrekiko errespetuan lantzen eta osatzen genituen. Hartara, Rodolfo Aresek esaten dituenak eta beren jokamoldeak ez ditut orduko sozialisten jokamoldeekin identifikatzen.

Auzitegian deklaratzera deitu zaituzte SA taldearen afera dela-eta. Atrebentzia ez bada, hona galdera: nire amak Herrizaingo sailburua zinenean ez zintuen oso begiko, orain begi onez ikusten zaitu. Txundituta daukazu nolabait. Zertan aldatu da Juan Maria Atutxa?
Ez dut uste ezertan aldatu naizenik. Zorte handiko pertsona naiz. Gorrotoak ez du tokirik izan nire barruan, ez Herrizaingo sailburua nintzenean ez orain; inoiz ere ez. Orduan egiten nituenak herri hau gatazkatik ateratzen laguntzeko egiten nituen, eta egiten nuena egokiena zela pentsatzen nuelako. Orduan ardura bat nuen nire gain. Adorez eta borondate onez bete nuen, batzuen ustez ondo eta beste batzuen ustez ez hainbeste. Une honetan, beste ardura bat daukat. Orduan abertzalea nintzen eta gaur egun abertzalea naiz. Eta abertzale legez jokatzen dut. Beste pentsamoldeak, ideologiak eta sinesmenak errespetatzen ditut, baina, nik nire zeregina betetzen dut. Beharbada, lehen bete izan nuen lana gustuko izan zutenek ez dute orain betetzen dudana gustuko, eta aitzitik, beste batzuek oraingo nire lana gusturago hartzen dute. Zer egingo diogu? Gizakia naizenez gero, egunero makina bat errakuntza egiten dut, baina ez lehen ez orain nire borondatez. Eta zure amari muxu bat, besarkada bat eta esker ona.

Aferari helduz, Goreneko 61. Salak ez zuen Legebiltzarreko talde bat zehazki aipatzen SA desegiteko agindua eman zizunean. Auzitegiak ez zuela espero Eusko Legebiltzarreko mahaiaren erantzuna esana duzu zuk. Zer-nolako balorazioa egiten duzu egundaino gertatuaz?
Auzitegi Goreneko 61. Salak hartu zuen erabakia hanka sartze izugarria izan zen. Ez zuen ondo neurtu noraino joaten zen auto horrekin, eta autoaren ostean etor zitekeenarekin. Eta ez zuen kalkulatu ere Legebiltzar honetako pertsona batzuk ez gaudela amore emateko prest. Erakunde baten ardura daukagu gure eskuetan eta hori defendituko dugu azken unera arte, gure gainera jausten dena jausten dela ere. Ez da gure gustukoa auzitegietara joatea, ez da gustukoa gatazka honetan ibili behar izatea, baina hau gure betebeharra da.

Zer espero duzu prozesuaz?
Justizia egiten bada gure aurkako auzibidea artxibatzea espero dut. Inoiz hasi behar ez zen prozesu hori behin betiko artxibatua izango da. Baina nork daki? Azken bolada honetan, tamalez, Madrilgo Gobernuak auzitegietako gorengo mailak, ez beheraino erabat, baina goiko mahaiak menperatuta dauzka. PP ikaragarrizko hierarkizazioa ezartzen ari da justizia eremuan. Horregatik, gure etorkizuna arduragarria da, baina gu prest gaude etor daitekeen guztiari aurre egiteko.

Epaitua izateko aukera ikusten al duzu?
Bai, baina horrek ez nau beldurtzen. Nire barruari begiratzen diot, aldi berean gure lege aholkulariei entzuten diet eta hausnarketa sakon baten ondoren hartzen dut erabakia. Eta erabakia hartzen badut ez da txantxetan, ezta atzera egiteko ere. Mehatxuek ez naute atzera botako, zigor kodea aldatu arren edota bertako artikuluak izendatzean nire izena idazten badute ere, ez naute atzera botako. Bestelako jokamolderik ez dator bat nire izaerarekin.

Espetxera joateko prest egongo zinateke edo berau saihesteko aukera ba al dago?
Ni espetxera joateko prest ez nago, baina espetxera joateko mehatxuak ez nau atzera pausorik ematera behartuko. Herri honek ez luke inoiz ulertuko Eusko Legebiltzarreko presidenteak egin behar duenagatik espetxera eramatea.

Auztegiaren atarian Eusko Gudariak kantua entzun zen Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbaoren alde. Espero al zenuen halakorik? Nola bizi izan zenuen une hura?
Eusko Gudariak kantua ez da gauza berria niretzat. Nire etxean eta inguruan arrazoi asko izan dugu Eusko Gudariak entzun ahal izateko. Espetxe zigorra jasan zuten pertsona birekin bizi nintzen urte luzetan, hau da, nire emaztearen gurasoekin. Bat gudaria izan zen eta bestea Emakume Batzako kidea. Horregatik kantua oso maitatua da gure etxean.
Baina, esana dut behin baino gehiagotan, nik gaur egun Eusko Gudariak kantua ez dut guda abesti bat bezala ulertzen, sentimenduzko abesti bat bezala baizik, eta hala abesten dut egokiera sortzen den bakoitzean. Une hartan gustura abestu nuen, baita eskertu ere. Eguerdikoa ez nuen -Xabier Arzalluz buru zelarik- abestu barruan ginelako, baina irten ginenean, gauez jada, zain genituen lagunek Eusko Gudariak abestu zuten berriz eta nik ere pozarren abestu nuen haiekin batera, bihotz-bihotzez.

Alderdian denek ondo ikusi al dute Xabier Arzalluzek harturiko jarrera?
Ez dakit. Alderdian ez dakit zer iritzi izango den, alderdiaren esparrua zabala delako. Baina, oro har, alderdiaren babesa jaso genuen eta alderdikoak ez direnena ere bai.

Bien bitartean, Madrilgo hedabideak gogor ari dira auzi horren inguruan, baita Ibarretxe Planaren aurka ere.
Madrilgo hedabideek manipulazio hutsa baino ez dute egiten gure kasuari dagokionean, baita Ibarretxe Planari buruz informatzean ere. Aznarren gobernuak komunikabide sare bat osatu du, orain dela 10 urte inork pentsa ezin zuena. Eta kontuz, Aznarrek edo bere alderdiak datozen martxoko hauteskundeak irabazi egingo ditu ziur aski, baina galduko balitu ere, hedabide sare batzuk nola osatu dituen ikusita, hurrengo gobernu burua izango denari kili-kili egingo diote, eta are gehiago PPkoa ez bada. Orduan, Aznarrek osatu duen komunikabide sarea ikusita, etorkizuna beldurgarria izan daiteke.

Batasuna legez kanpo utzi zuten lehenik, EAEko Legebiltzarreko Mahaiaren aurkako auzibidea gauzatzen ari da. Ibarretxe Plana gelditzeko legediaren aldaketa gauza daiteke aurrerantzean. Espainiako Estatuaren demokrazia aintzakotzat har al daiteke zure ustez?
Demokraziak inoiz ez du amaierarik, demokrazia hobetu beharreko sistema da, baina Aznarren gobernuak gehiengo osoa duenetik demokraziak egin duen atzerapena itzela izan da. Franco hil ondoren ez genuen imajinatu holakoa etorriko zenik.

Zein aukera dago Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena Eusko Legebiltzarrean eztabaidatua izan dadin?
Ez daukat inolako zalantzarik, plan hori eztabaidatuko da, nahiz eta handik eta hemendik traba asko izango den, Jaurlaritzaren plana eztabaida ez dadin.

Eztabaida galarazteko sortu daitekeen legea aplikatzen bada ere bai?
Indarrez baino ez da plan horren eztabaida galaraziko, ez dago beste modurik. Eusko Legebiltzarrak hartu duen bidea trabatzen badute, eurek zentzu txarrean erabiltzen duten justiziaren bitartez, beste bide batetik saiatuko gara.

Zein bide?
Eusko Legebiltzarrak bere kabuz bere bidea urra dezake plan hori beretzat hartuta.

SA taldea desegiteko aginduari uko egiteagatik auzitegira bidean jarri zaituzte, Ibarretxe Plana eztabaidan jarriz gero gauza bera gerta liteke.
Ez da prozedura bera. Guk agindu hori ezin genuela bete esan genion Gorenari, guk gure araudia daukagulako. Mila bider esan diogu ez dugula legea eta araudia zapuztu, aitzitik, «zu zurea ez den esparru batean sartu zara eta agintzen duzuna guk ezin dugu bete», esan diogu. Ibarretxeren planaren kasuan, berriz, egitasmoa aurrera eramateko zein neurri har dezakegun aztertu beharko genuke. Lehenik, berritzen ari diren lege dekretuaren edukia ikusiko dugu. Baina, berriz diotsut, batetik edo bestetik, sei hilabete edo sei urte igaro behar badugu ere, plana eztabaidatuko da eta aurrera joango da. Oraindik ez da jaio herri honen borondatea geldituko duenik.

Demagun Plana eztabaidatzea indarrez galarazten dela. Zein irtenbide geratzen zaie EAEko herritarrei?
Eztabaida indarrez galarazten bada, guk badakigu indarrez indar gutxi daukagula. Davidek behin garaitu zuen Goliat, eta horregatik aipatu ohi da gertakari hori. Beste guztietan ostera Goliatek irabazi zuen. Eta gu David gara. Horregatik, guk kontu handiz ibili behar dugu indarkeriarekin. Guk bideak sortu eta landu behar ditugu. Eusko Legebiltzarrean hartu zen bidea zabalduta dago. Urriaren 25ean Jaurlaritzak aurkeztutako egitasmoa martxan dago.

Zertan da prozesua?
Otsailean txostena landuko duen batzordea osatuko da eta irailean eztabaidatuko da.

Bidean bide, EAEko hauteskundeak aurreratu al litezke?
Hori Lehendakariaren eskuduntza da, errespetu osoz hartzekoa. Madrilek Legebiltzar hau ito egiten badu, agian Lehendakariak ez du beste biderik izango. Baina, bestela, nik ez dut hauteskundeak aurreratzeko arrazoirik ikusten. Hasteko, urte honetarako aurrekontuak onartuak daude, eta ondoren, Legebiltzarra 2005eko otsailean desegin ostean, hauteskundeetarako deia egingo litzateke.

Juan Maria Atutxak ikusten ote du bere burua beste legealdi batean Legebiltzarreko presidente gisa?
Juan Maria Atutxak egutegi asko dauka bere bizkar gainean. Beraz, sasoi batera helduz gero hoberena nire lekua beste batzuei uztea, ezta? Nire etxekoen ingurura biltzeko garaia dela uste dut. Hementxe bukatu nahi dut nire ibilbide politikoa.

Orduan, garai batean begiko zintuzten haiek eta orain etsaitzat hartzen zaituztenek ez zaituzte EAEko lehendakari gisa ikusiko.
(Irriak). Ez, ez. Ostera, hori ez zitzaidan inoiz burutik pasa ere.

Haiei bai, antza.
Bai. Baina nik banekien, arrazoi askorengatik, Juan Maria Atutxa ez zela pertsona egokia lehendakari-gai izateko. Garbi diotsut, ez orain ez bili-bolo ibili zen garaian ere. Gainera, esan behar zen lekuan esan nuen: «berri hori hor dabil bili-bolo, baina ez pentsa nire buruan holako txakur ametsik sartzen denik». Are gehiago, ni lehendakari-gai nahi ninduten haiek ez zidaten botoa niri emango, nire aldeko botoa, ematekotan, abertzaleek emango zuten.

Bestalde eta amaitu aldera. Zer iruditu zaizu Espainiako hauteskundeetara abertzaleak elkarrekin joateko ezker abertzaleak egindako proposamena?
Ni ez naiz zatitzailea, ni osatzailea naiz. Nahiz eta ezberdintasunak izan, indar politikoen indarrak batzearen aldekoa naiz. Baina badakit, eta aukera dudan bakoitzean horrela adierazi ohi dut, indar abertzaleak batu eta osatzeko aurrez aldetiko baldintza bat bete behar dela, eta baldintza mahai gainean dago. Eta behin eta berriro errepikatzen den arren, ez gara errepikatzen nekatuko: «gogorkeria baztertu beharra dago behin betiko». Gogorkeria ez da bidea, sufrimendurako bidea besterik ez da, bide horretatik ez dugu ezer lortuko. Mehatxuek eta erailketek sufrimendua besterik ez dute ekartzen. Herri honek ez du inoiz ere bere burua makurtuko mehatxuengatik. Abertzaleak batzeko baldintza batzuk bete behar ditugu guztiok. Eta Batasunari edota SAri hitza luzatzen diot: «baldintza hori betetzen bada, nola ez gara bada abertzaleok batuko?».
ETAren su-eten garaian, Bilboko La Casillan, presoen hurbilketa eskatzeko egin zen manifestazioan egon nintzen. Ez neukan inolako zalantzarik. Orduan pentsatu nuen gogorkeria baztertua izango zela behin betiko, helburu politikoak lortzeko iraganeko tresna izango zela uste nuen. 1998an ikaragarrizko ilusioa piztu zen. Legebiltzar honetan giza eskubideei buruzko osoko bilera bat burutu zen eta Euskal Herritarrok taldearen ordezkariekin aritu ginen. Horren lekuko, Legebiltzarreko sarreran dagoen argazkia. Orduan bildu baginen, zergatik ez orain?

ETAk ezker abertzaleak egindako eskaintzari oniritzia eman dio prentsa ohar baten bidez. Horrek lagundu edo trabatu egiten du aukera, zure ustez?
ETAren oharrak min eman dit. Min ematen dit txantaje legez hartzen dudalako eta baldintza bat jartzen duelako. ETAk honela dio: «zuk hau egiten baduzu, nik hau egingo dut». Ez, ez, mesedez. ETA ez da inor epaile aritzeko. Inork ez du ETA hauteskundeetan hautatu. ETAk bere burua baino ez du ordezkatzen. Eta ez da gutxi. Horregatik hauxe diot: arazoa konpontzeko ETArekin hitz egiteko prest egon behar dugu. Baina politikaz herriaren ordezkaritza duten alderdi eta taldeekin baino ezin dugu hitz egin. Herriak hautatu dituen ordezkariek baino ezin dute erabaki auzia. ETAk «hori ondo dago eta pausoak emateko prest nago» dioenean, ez du bidea errazten, aitzitik, erabateko traba ipintzen du bidean. Are gehiago, jende guztiak lotu egin ditu Arnaldo Otegik egindako proposamena eta ETAren prentsa oharra. ETAk hori egitea oso kaltegarritzat jotzen dut SArentzat.

Daniel Udalaitz

Jadanik Gipuzkoako Erakustazoka esaten dioten Irungo Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazoka inauguratu berriaren asmoa ez da inguruan dituen Bilbo eta Bordeleko nazioarteko erakustazokekin lehiatzea. Hala aditzera eman dute Ficobako arduradunek. Esaterako, zuzendari-gerentea den Ińigo Marquetek adierazi du Ficobak ez diela lehiarik egingo inguruan dituen Bordele eta Bilboko erakustazokei, ez tamainaz eta ez bokazioz. Asmo hori arrazoitzeko, Marquetek zehaztu du Ficobaren asmoa beste erakustazoketako proiektuek bete ezin duten hutsunea betetzea dela.

Ficobak Euskal Herria -batez ere Gipuzkoa eta Iparraldea- eta Akitaniaren arteko ekonomia eta merkataritzako trukeak bultzatu eta Txingudiko eremua berreskuratu nahi ditu, eta horrekin batera, bi lurralde horien arteko harremanak estutu. Martxan jartzeko bost urte eta 21 milioi euroko inbertsioa behar izan dituen ekimen honek Euskal Herria eta Akitaniaren arteko ekonomia eta merkataritzako trukeei ez ezik gure herria banatzen duen mugak zailtzen dituen Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko hartu-emanei ere egingo die mesede.

Urriaz geroztik zenbait azoka egin dira bertan, gabonetan Irungo Udalak sustatu eta Udala eta Kutxaren artean finantzatutako erakusketa bat egon da: "Irun, III. milurtekoari begira". Hiriaren jatorria eta etorkizunerako aurreikuspenak izan dira ikusgai. 2007. urterako, urtean 16 azokako erritmoa izango da.

Funtzio askotako barrutia

Irungo Udalak eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak osatzen duten Bidasoako Erakustazokak sustatu du Ficoba, eta bere eragin esparruan hartzen dituen milioi bat inguru biztanleen arteko hartu-emanak dinamizatzea du helburu nagusitzat. Erakustazoka barrutia Irungo Iparralde etorbidean dago, duela gutxi arte Irungo aduana zenaren lekuan, eta 70.000 metro koadro inguruko azaleran barrena hedatzen da.

Erakustazoka berria Ficoba Fundazioak kudeatuko du. Ondorengoek osatzen dute Fundazio hori: Irun eta Donostiako Udalek, Bidasoako Erakustazokak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Gipuzkoako Ganberak. Alabaina, Fundazioko partaideak laster ugaritu egingo dira, ondorengo erakundeek gonbitea onartzen badute: Baionako Merkataritza Ganberak, Miarritze-Angelu-Baiona Mankomunitateak, Adebisak (Bidasoa Bizirik), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Baionako Ganberak jadanik adierazi du Fundazioan parte hartuko duela.

Erakustazoka berriaren ikurra 25 metroko altuera daukan dorrea da, eta bertan iragarriko dira ekitaldi eta azokak. Bestalde, erakustazokaren egitura kontu handiarekin diseinatu dute, eta erakusketetarako nahiz telekomunikazioetako sistemarik modernoenak jarri dizkiote. Daukan azalera handia era honetara antolatua dago: zerbitzu orokorretako eremua, erakusketak egiteko hiru pabilioi 5.000 metro koadro inguruko azaleran banatuta, erakusgaiak jartzeko eta erakusketak egiteko bereziki prestatutako 7.500 metro koadroko kanpoko espazio bat, eta 1.000 ibilgailu har ditzakeen aparkaleku bat. Agian beste bi pabilioi eraikiko dituzte, eta hala egitekotan, erakustazokak 10.000 metro koadro izango ditu guztira.

Ekipamendu horietan oinarrituta, funtzio askotako barrutia eraiki da, negozioak gauzatu eta enpresa eta bezeroen arteko komunikazioa sustatzeko. Helburu horrekin, erakustazokak hainbat espazio jarri ditu hitzaldi edo biltzarrak antolatu nahi dituzten enpresa, instituzio eta erakusketarien eskura: prentsa bulego bat, sei bulego pribatu, bilera gela balioanitzak, 400 pertsona inguru sartzen diren auditorio bat, taberna bat eta jatetxe bat.

Inbertsioa 21 milioi euro ingurukoa izan da, eta Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri dituzte diru kopururik handienak (7,3 milioi euro eta 2,4 milioi euro, hurrenez hurren). Inbertsioko gainontzeko dirua FEDER Europako programetatik, Eusko Jaurlaritzaren Izarzu programatik eta lehen aipatutako Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergotik etorri da. Obra zibila izan da inbertsioaren kopururik handiena behar izan duena (hamaika milioi euro). Urbanizazioa hiru milioi eurokoa izan da, eta gainontzeko zenbatekoa ekipamenduetarako erabili da.

Urteko bost milioi euro fakturatzea aurreikusi dute

Erakustazoka erabat normalizatu eta finkatzen denean, 2006. urte aldera, urteko bost milioi euro fakturatzen hasiko dela aurreikusi dute Ficobaren kudeaketa plangintzan. Bestalde, bistan da erakustazoka honek inguruko ekonomian nabarmen eragingo duela. Kalkulatuta daukate alokairuen bidez fakturatutako euro bakoitzeko beste zortzi geldituko direla diru-sarrera moduan Txingudiko eremuan. Lanari dagokionez, Ficoba berriak zuzeneko 20 bat lanpostu berri eta zeharkako beste ehun inguru sortuko ditu.

Eider Garaikoetxea

Gaiaren metxa aspaldi zen piztua. Izan ere, orain urtebete baino gehiago Frantziako eta Alemaniako sona handiko zenbait adituk American Scientific aldizkarian gogoak harrotu zituen teoria argitaratu zuten. Elisabeth Hamel, Theo Vennemann eta Peter Fosterren arabera, euskaldunak jatorrizko europarrak dira. Bestela esanda, orain 20.000 urte, indoeuroparrak heldu baino lehen, Europa osoa bizilekutzat zeukaten herriaren azken aztarna dira euskaldunak. Izan ere, izen handiko irakasle horien esanetan, Europako populazio horrek herri bakarra eta hizkuntza bakarra zuen. Horien ondorengoak dira euskaldunak. Hori demostratzeko, alde anitzetako erkaketa metodologia baliatu zuten 3 zientzialariek. Genetika, hizkuntzalaritza eta geografia alorretako emaitzak gurutzatu zituzten teoria orokor bat erdiesteko.

Euskararen eta euskaldunen jatorriari buruzko eztabaidak, baina, luzerako du sua. Getxo Antzokian batu ziren adituek ere hala zuten mahairatu. Izan ere, zenbat eta atzerago egin urteetan, orduan eta eztabaida sakonagoa.

Hizkuntzaren alorretik

Berba egiten lehenak, Xabier Kintanak, gaiaren hurbilketa linguistikoa egin zuen. Izan ere, Hamel, Vennemann eta Fosterren hipotesia ez da euskararen iturburua azaltzen lehena edo azkena. Aurreneko ustea zen erromatarren garaian eta lehenago, penintsulan mintzatzen zen iberieraren ondorengoa zela euskara. Pentsatu izan baita (froga sendorik gabe) iberiarrak Afrikatik etorri zirela, eta hala, bereber hizkuntzan egon zitekeela iberiera zaharraren eta, hortaz, euskara modernoaren jatorria. Bi ele horiek alderatzeari ekin zioten. "Mitxelenak eta beste batzuek metodologia eta ondorioak kritikatu zituzten. Konparaketok berdin-berdin egin baitzitezkeen, adibidez, bereber eta alemanaren artean. Gainera, bereber hizkuntzak badu egitura finko bat, barne deklinazioa deitzen dena, eta euskaran inondik inora agertzen ez dena. Beraz, hipotesi hau nahiko baztertua gelditu da ", argitu zuen Kintanak.

Ondorengo hipotesiak, Europara eraman zituen ikerlariak. Eta berriz ere, usteak erdi ustel. Hipotesi horretan, euskarak kaukasiar hizkuntzekin harremana izan zezakeela esan zuten. Kontuan hartu behar da inguru horretan 43 ele-edo daudela. Hipotesi horren aldekoak Kaukasoko edozein hizkuntzaren lexikoa euskararekin konparatzen hasi ziren eta kointzidentzia asko atzeman zituzten. Mitxelenak berak, metodologia kritikatu zuen. Aurrena, hizkuntza horiek guztiek jatorri bera ote zuten ikertu behar zelako, eta alderatzekotan, egungo eleak baino, aitzin-formak erkatu behar zirelako.

Amaitzeko, txinparta piztu duen teoria berria hartu zuen hizpide euskaltzainak: Hamel, Vennemann eta Fosterrena, alegia. Horren arabera, duela 50.000 urte Europa izozte luze batek jo zuen, kontinentean bizi ziren biztanleak (milaka batzuk bakarrik izango zirenak), bi abarotan bizi ziren hotzaz babesteko: Pirinio aldean eta Kaukaso inguruan. Izotzaldia bukatzean, orain 20.000 urte, biztanleok lurralde osoan zehar barreiatu ziren. Ondoren, Asiatik etorri ziren gizaldi berriek (indoeuroparrek) tokiak bereganatu, eta lekuen izenak mantendu edo pixka bat aldatu zituzten. Hala, Vennemannek hizkuntza indoeuroparretan esanahirik ez zuten berbak bildu zituen, eta konturatu zen horiek bazutela euskararekin zerikusia. Esaterako, Alemanian 80 herrik dute eber erroa izenean (Ebersberg, Ebersdorf, Ebersbach...). Eberek basurdea esan nahi du alemanez, arraroa litzateke beraz, animalia horren izenarekin hainbeste toponimo eratzea; horrela, logikoagoa da euskal ibar hitzaren aldagaiak izatea. Kintanaren iduriko, hipotesi polita da, baina eszeptizismo apurrez hartu beharrekoa, maiz ez daukagu-eta datu zaharrik hitz bat nondik datorren jakiteko. Edonola ere, euskararen aztarnak berriro aztertzeko adorea eman dezake hipotesi berriak. Eta zentzu horretan, gogoeta interesgarria egin zuen euskaltzainak: "gure arbasoak euskara nondik datorren jakiteaz gehiegi arduratzen ziren, oraingo euskaldunok kezka handiagoa daukagu: gure seme-alabak nola biziko diren edo euskara nola transmitituko diegun. Ardura berri horrek jatorriaren ikerketa ahantzarazi digu".

Geneen bidezko irakurketa

Ondoren, ikuspegi antropogenetikotik heldu zion gaiari Mikel Iriondo aditu eta irakasleak. Kontu sobera ezagunetik heldu ere: polimorfismo genetiko edo odol taldeen inguruko azterketatik. Aspaldi ondorioztatu baitzen euskaldunengan odol taldeen maiztasuna muturrekoa zela, aztertutako herriekin gertatzen ez zen bezala. Konparazio hori haratago eramanez gero, baina, beste herri batzuetako maiztasunak (Iriondok Kalajariko Boskimanoak hautatu zituen) eta euskaldunek dituztenak oso antzekoak dira. Horrek ez du esan nahi herritar horiekin nolabaiteko ahaidetasuna dutenik euskaldunek. Zoriz datoz bat.

Arrazonamendu berari jarraiki, berriki argitaratu duten hipotesia hartu zuen ahotan Iriondok. Hamel eta Foster zientzialariek 10.000 europarren geneak aztertu zituzten. Ondorioa: Europako biztanleak duela 20.000 urte inguru egungo Euskal Herrian bizi zen giza taldearen oinordeko dira. Iriondok kolokan jarri zuen teoria hori. Datu genetiko horiek sistema bakarrean daudelako oinarrituta eta beraz, suertatzen diren antzekotasunak zorizkoak izan daitezkeelako. Analisi hori gainditzeko, odol talde asko aztertu behar dira. Mikel Iriondok 30 polimorfismorekin egin zuen erakustaldia. Europako zenbait populazio odol taldeen arabera kokatu zituen zuhaitz tankerako batean. Populazioak adar batean gero eta hurbilago egon, elkarren antzekoagoak dira, eta beraz, gero eta urrunago egon, are arraroago, besteetatik ezberdinago. Zuhaitz horretan ikus zitekeenez, Europako populaziorik bakanetarikoak dira euskaldunak (laponiar, finlandiar eta sardiniarren atzetik). Gainontzekoek, nolabaiteko ahaidetasuna dute euren artean. Honenbestez, galdera luzatu zuen Iriondok: zergatik dira euskaldunak hain arraroak? Historiari errepasoa egin behar ei zaio erantzuteko. Kontua da Europa duela 40.000 urte populatu zela. Ziurrenik leku askotatik heldu zen jendea, eta gerora ere, kolonizazio asko izan ziren. Adibidea jarri zuen antropologoak: "azken 2.000 urteetan kanpoko herri andana sartu da Europara: unoak, alanoak, arabiarrak, turkiarrak, mongoliarrak... beraz, zenbat etorri ziren gainontzeko 38.000 urte horietan? Esan dezakegu beraz, talde bakarra baino talde txiki asko izan zirela Goi Paleolitoan Europan".

Galdera, ordea, erantzun gabe zegoen oraindik. Giltza Neolito garaian baitago. Orain 10.000 urte ekoizpen ekonomia nagusitu zen (laborantza eta abeltzaintza). Nekazaritza Ekialde Hurbilean ernatu zen, bertako laborariak (indoeuroparrak) Europan zehar hedatu ziren, jada han zeudenekin nahastuz. Eta hona, beraz, itaunari erantzuna Mikel Iriondoren hitzetan: "euskaldunak eta sardiniarrak dira Europako populaziotik gutxien nahastu direnak. Gauzak horrela, europar guztiak euskaldunak zirela baino, alegia, europar guztiek garai batean herri bakarra eta hizkuntza bakarra zutela baino, nik uste dut, aurre-europarretatik gutxien nahastu ziren giza talde horietako bat zela euskaldunena".

Euskal zibilizazioa liburua

Iriondok azaldutako hipotesiaren oso bestelakoa izan zen Alfontso Martinez Lizarduikoak defenditutakoa. Orain urte batzuk kaleratutako saiakeraren tesiari tiraka jardun zuen irakasleak. Hainbat adituk egindako eta bata bestearekiko independenteak ziren azterketak erkatuz, bat egiten zutela jabetu zen. Hala, bat datoz Cro-Magnonen labarretako artearen arrastoez hornitutako mapa eta erromatarrak heldu baino lehen, euskarak linguisten ustez zuen eremua erakusten duena (inguru bera da bietan). Baita, hainbat gene aztertuta, berauen kontzentrazioa azaltzen duen irudia ere. Interpretazio argia egin daitekeela dio honenbestez, Martinez Lizarduikoak: "Cro-Magnonen zonaldeak eta euskararenak bat egiten dute. Beraz, Cro-Magnonen hizkuntza= euskara. Bestalde, Cro-Magnon gizakiaren labar artearen lurraldea bat dator oraindik euskaldunengan aurkitzen diren berariazko geneekin. Hortaz, euskaldunak Cro-Magnon gizakiaren ondorengoak dira. Hirugarrenik, historiaurreko euskal toponimiaren eskualdea bat dator ikertutako geneen eremuarekin. Ondorioz, historiaurreko euskara mintzatzen zutenek lotura dute egungo euskaldunekin. Beraz, oraingo euskaldunak historiaurreko Paleolitoaren azken arrastoak dira, eta euskara Cro-Magnonek erabilitako hizkuntza edo hizkuntzen emaitza".

Oinarrizko premisetan zalantzak

Aditu bakoitzaren azalpenak entzun ondoren, galderen txanda iritsita, piztu zen eztabaida. Izan ere, denek ala denek, euskalduna eta euskara batera doazela onartzen dute euren hipotesiak eraikitzeko. Bestela esanda, hizkuntza eta gizaki mota uztartuta ibili direla jatorritik bertatik. Hori pentsatzea zilegi ote den galdetu zuten mahai-inguruaren akabuan, eta adibidea jarri zuten hori azaltzeko. Ezaugarri oso zehatzak eta bereizgarriak dituzten pigmeoek, hizkuntza bakarra izan barik, aldameneko herrienak bereganatu dituzte. Eta euskaldunekin halakorik gertatu izan balitz?

Xabier Kintanak agertu zuenez, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik ez dago esaterik Euskal Herrian azken 10.000 urteetan bizi izan den gizatalde hark beti hizkuntza bera hitz egin duenik. Ez dago frogarik ez alde ez kontra izateko. Ustea da, beste hoberik ezean ontzat hartu dena. Iriondo ere, hizkuntzalariak esandakoaren alde agertu zen. Geneetan ez baitago idatzita gizakien hizkuntza edo kultura mota.

Mahai-inguruari izena ematen zion galderari ezin erantzunda etxeratu ziren, beraz, Getxo Antzokian bildutakoak. Auzia, baina, loalditik itzartu da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan