Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-01-18 -- 1927.zenb

Jon Enparantza

Urte amaiera, baita hasiera ere ezbai politiko bizian. Aldagai asko eta interes politiko gehiegi. Hauteskundeak han-hemenka, urte berriak emango duena batek daki, onerako nahiz txarrerako, oharkabean aldatzen baitira egoerak.

Ezer interesgarririk ekarri beharko badu datorrenak, 2003ko balantze politiko errepresibo gogor eta oldarkorrari aurre egin beharko dio. 25 urteotako zapalkuntzari aurre egin beharko dion bezala.

2004koa, inportantea izango dela iragarri dute politiko batzuek. Horra, hipotesia ezberdinetarako urte hondarreko gertaera batzuk: ezker abertzalearen enplazamendua, ETAk ohar laburraz begi onez ikusi duena, Nafarroa Garaian Aralarrek EAJ-EArekin egindako jokaldia, baskongadetarako Ibarretxeren plana eta urtatseko mezua; Nazio Eztabaidagunea eta beste. Zantzu onak batzuk, ez hain onak bestetzuk.

Bakeaz aho bete bukatu du urtea hainbatek. Zama noski, ETAren gainean jarriz. Harrigarri, bizitako urtea ikusita. Indignante ere, «su-etena punto kom» ekimenak egin duena, zer eta konfliktoa konpontzeko urrats ezinbesteko gisa ETAren menia eskatu, non eta agian 25 urteotan eraso mingarrienetako bat jazo tokian, Andoaingo Kultur Parkean. Erasotzaileen ezin satisfazio handiagorako. Duintasuna galdu ez dutenen lotsarako. Une eta leku egokia zatekeen agian, su-etena Espainiari eskatzeko. Halako ausardiaz, txapelokerren bigarren erasoa pazifikoki oztopatu izan balitz, agian isilduko nintzatekeen.

Manifestaldia egin zuen ere urte amaieran, elkarrizketa eta eztabaidaren aldeko leloaz Elkarrik. Ibarretxeren proposamenari babes eman eta Madrilen erasoa salatzeko. Hain zuzen, eraso bortitz hori gauzatzen ari diren horien zerrendetan joateko prest izan zirenak.

Ezin lotsagarriago urtatseko diskurtsoa. Irudi luke, ETA euskal gizarte zibilaren kontrako gurutzadan sartua dela, ezen ez baita haren hitzetan Espainiaren inolako zapalkuntza edota jazarpenik aipatzen sikiera ere. Ideien ilegalizazioa iradoki du, erakunde osoak legez kanpo ezarri dituztenean! «Egunkaria» itxi eta arduradunak torturatzeak ez du hitzik merezi izan. Nork deklaratu dio gerra Ibarretxeren planari? ETAk ala gobernu espainolak? Nork oztopatu du hemen eztabaida? Kontsulta egingo duela dio, «esklusiorik gabe eta biolentziaren ausentzian». EHko lurraldearen erdia baino gehiago prozesu horretatik at utzirik, eta milaka polizia eta militar barne.

Eta konponbideaz mintzo da, konfliktoaren konponbideaz, nonbait. Polizia eta militarrak ez dira harentzat arazo, ez dute eztabaida inondik ere kondizionatzen, elkarbizitza astintzen, biztanleria beldurtzen, deus inposatzen.

Presoak aipatu gabe. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere aportazioa berriztatu duenean: presoen izaera eta jatorri politikoa azpimarratuz, eskubide politikoak dituztela, euskal prozesuan parte hartzeko eskubidea dutela eta horren berme, euskal herriratzeak dakarrela aldarrikatuz; eta konfliktoa konpontzekotan errepresaliatu guztien egoera bideratu beharra dagoela eztabaida politikora ekarriz, hain zuzen, aldaketa politikorako gehien eman dutenak kontutan hartzearen garrantzia nabarmenduz.

Larriena ez da aipatu ez izana hala ere, sakoneko aldaketa politikoren aztarnarik ez dela atzematen baizik. Hori da larriena.

Etsipenerako tarterik gabe, baikor izateko motiborik bada. Agian, garai batzuen agorpenaren aurrean gaude. Konstituzio espainolaren ezarpenaren aroarena, eta beraz, estatutu eta amejoramenduarena esaterako. Krisian, aldaketa politiko berrien atarian.

Abertzaleok jeltzaleak gabe zaila dugula aurrera egitea esan ohi da, baina, jeltzaleekin ez dela posible frogatzen da. Aranismoaren mugak gainditzea izan daiteke gakoa, batzuek dioten gisara.

Kontua da, dezente aldatu beharko direla gauzak, aurreratzen duten bezala 2004ko urte hori eta datozenak oparoak izan daitezen nahiko bagenu.

Bilboko kaleetatik, urte berri on Ibarretxe jauna!

Gabi Basañez

Txantxangorria omen dugu urte berriaren sinboloa. Txantxangorri sasoi betean gaude beraz. Zer berritu eta mantendu, berez zer etor daitekeen hausnarrean.

Txepetxarekin batera ostendu zaigun urteak, lurraldetasunari buruz antzinatik datorren eztabaidaren bizkortzea ekarri digu. Proposamen zehatz eta guzti. Badira mendebaldeko hiru herrialdeentzat soilik estatutu berri bat nahi dutenak, ekialdeko beste hiru herrialdeentzat instituzionalizazioa abiaraziko dutela esan dutenak diren bezalaxe. Ipar bakar batean mendebalde eta ekialderako hego berak izan behar dituen ekimenaren aldekoak ez dira falta ere.

Zehazten hasita gaudela, sumatzen da erabakitzeko une bat badatorrela, bigarren trantsizioan gaudelako edo. Zer leku izango dugu euskaldunok erabaki une horretan? Eta euskarak?

Azken hogeita bost urteko politikek hiztun kopurua "mantendu" bai, baina lurralde eta mintzoaren kaltetan eragin izan dute eta ez dira euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko gauza izan. Are okerrago, hauen bortxatze sistematikoa ekarri dute. Ezin bizarrik moztu oraindik, euskara ez baita salbu.

Eragindako kalteak benetako edo inolako ofizialtasunik ez izatea du iturburu garrantzitsuenetakoa. Nor eta zer garen argi ez adieraztea, ez zabaltzea. Garena legez ez babestea. Frantsesera eta espainolera derrigor izatea, euskara aukeran uztea, kasurik onenean beti ere. Hori da orain arteko egoera mingarria Euskal Herrian. Geu aukera baino ez gara, hori da egi gordina.

Euskararen ofizialtasun ezak gure hizkuntza eskubideak zazpi lurraldeetan zapalduak izatea dakar, "berdintasun" mingotsez. Funtzionarioek derrigor gureak ez diren hizkuntzak soilik jakin beharra, eskolak berea eskubidez dena Euskal Herriko ume-gazteen erdiari ukatzea beste hizkuntza batzuk derrigor ematen dien bitartean, berdin-berdin, zanpa-zanpa. Eta honela jendarteko funtzio nagusietan.

Euskara berezkoa dugu, gurea den bakarra. Hori lurralde osoan legez jaso eta bete ezik ezinezkoa bihurtzen da garena izatea, gure iragan eta orainarentzat etorkizuna eraikitzea, berdintasunez euskara ematea. Euskaldun guztientzat berdintasun legala lortzea beharrezkoa dugu. Horrez gain, beharrezkoa dugu nahi izatea. Horregatik bagara oraindik, nahi dugulako.

Eta nahi badugu zergatik ez eztabaidatu eta erabaki? Espainiarrek eta frantsesek aski ongi erabaki dute beren hizkuntzentzat nahi dutena, gu tartean sartuz noski, haientzat ez baikara. Frantziako konstituzioak frantsesa ezarri zuen hizkuntza ofizial bakartzat, era horretan frantsesaren ezagutzaren derrigortasuna ziurtatuz eta euskara baztertuz. Era berean, estatu tresnak erabiliko zituen gaur agirikoa den gainbehera lortzeko. 1978an Espainiako konstituzioak gaztelera derrigorrezkoa mantendu zuen, euskara eskubidezkoa uzten zuen bitartean eremu batzuetan, era horretara gaztelaniaren ezagutza ziurtatuz guztientzat. Biek ala biek banatu gintuzten, erabaki ahalmena lapurtu eta gure hizkuntzaren galera bizkortu.

Euskal Herriari buruzko eztabaidaren erdi erdian gauden honetan, aukera dugu, behingoz, euskara eta euskaldunon statusa dagokigunean ezartzeko, gure hizkuntza eskubideak bermatuko dituen ofizialtasun egoera orokorra zehazteko. Eztabaida politikoaren baitan gure hizkuntzaren etorkizunaz hartu beharreko neurri juridiko, politiko eta sozialak kokatzea ezinbestekoa dugu.

Ekar dezagun ofizialtasuna Euskal Herri osorako, txantxangorriarekin batera.

Xabier Portugal

Mark Twain, William Faulkner, Saul Bellow, Charles Dickens eta Albert Camusek, besteak beste, ederki asko erakutsi ziguten literaturan norberaren jaioterriak eduki dezakeen balio unibertsala.

"Txokoan eta munduan kokatu behar du batek bere burua: bietan batera. Mundua txoko eta txokoa mundu dela sentitzea ere baita saudadea", zioen Juan Garzia Garmendiak bere Saudadearen laudorioan (ikus Krabelinen herriminha).
Hori horrela izanik, Pasaiako Udalak bere garaian emandako ikerketa beka bati esker kaleratu berria den Pasaiako euskal kronika zaharrak izenburuko liburuaren argitalpena gogoz agurtu nahi dut.

Antxon Elortegik buruturiko ikerketa lan honetan Pasaiako euskal kronika zaharrak agertzen zaizkigu, XIX. mendearen amaieratik Franco buruzagiak gidaturiko militar altxamenduaren bukaeraraino garaiko egunkari eta aldizkarietan euskaraz argitaraturiko albiste eta artikuluak, hain zuzen. Lan hau oso hutsune garrantzitsua betetzera iritsi da, ez soilik ezezaguna zitzaigun material hau Pasaiako herriaren historia ezagutzeko eta ulertzeko funtsezkoa delako, baita taldeko memoria berreskuratzeko baliagarria suertatzen zaigulako ere.

Kronika hauek Pasaiako kultur ondarearen zatiak dira. Lerro hauek agerian uzten dituzten zirrikituetatik gure oroimen kolektiboa agertzen zaigu. Horregatik, hainbat irakurlek pasaitarren ohiturak eta euren arteko harremanak edota sanpedrotar nahiz sanjuandar arraunlarien kontuen gorabeherak gertutik ezagutu nahi badituzte, orri hauetara jo beharko dute.

Beste batzuk, berriz, orri hauek arakatuko dituzte euskal prentsaren hastapenen bila dabiltzalako edota Pasaiako euskararen bilakaera sozialaren berri jaso nahi dutelako. Eta ez dira faltako, azkenik, liburu honetara gure herriko historia politikoaz interesatuta daudelako joko dutenak. Irakurleak erraz ulertuko duen legez, kronika hauetan nazionalisten mundu-ikuskera dago batez ere baina, hala ere, denek asetuko dute beren jakinmina.

Kronika hauek urrun gelditzen zaigun garai batetaz mintzo zaizkigun arren, hitza dela medio, euskararekin lotzen gaituzte berriro. Egia da gure herria asko aldatu dela artikulu hauek sortu zirenetik. Orduz geroztik handia izan da gure populazioaren hazkundea eta izugarria, bestalde, gizarteak ezagutu dituen aldakuntzak, hizkuntzaren estandarizazioa barne, baina lan honetan garbi azaltzen denez, Pasaiako herriak euskara eta euskaltzaletasunarenganako izan duen maitasuna eta ardura jasorik daude bertan.

Irakurketa ezberdinak erraztearren, testuak gaien arabera eta kronologikoki ordenatuta agertzen zaizkigu. Pasaiako barrutiz barruti ere bidaia dezake irakurleak eta ez da falta herri kazetarien lanak jarraian irakurtzeko aukera ere.

Kronika guztiak liburu batean jasotzea ia ezinezkoa zenez (400 baino gehiago aurkitu ditu Antxon Elortegik), interesgarria iruditu zitzaien egile eta udalaren teknikariei egindako lanaren aukeraketa labur bat 100 orrialdetako liburuxka batean argitaratzea. Artikulu guztiak, berriz, CD-ROM batean jaso dira, edozein gai edo lanetaz interesatuta dagoenarentzat kronika haren bilaketa eskuragarriago suerta dadin.

Neuk dakidanez hau omen da horrelako herri kronikak biltzen dituen lehen liburua. Horregatik, pasaitarrentzat interesgarria oso bada ere, liburuaren interesa haratago doa. Antzeko zerbait egin zitekeen Euskal Herriko herri bakoitzean. Garai bakoitzean sortzen den informazioa gure herria etengabe idazten ari den historia luzearen katebegiak baino ez dira, Historia zerbait idazten den unetik sortzen dela ikasi baitugu beti. Horregatik, bada garaia gure aurrekoek idatzita utzi zuten lanak biltzeko eta argitaratzeko. XX. mendearen hasieran hainbat etnologo eta euskaltzale herriz herri eta baserriz baserri ahozko tradizioak jasotzen ibili ziren. Orain, ehun urte beranduago, R.M. Azkuek Euskal Herri osoan zehar, Barandiaranek Gipuzkoan, Kanpionek Nafarroan, Aranzadik Bizkaian eta Federiko Baraibarrek Araban burutu zituzten lanek jarraipena behar dute. Jendearen oroimenei eta ahozko literaturari bizkarra erakutsi gabe, geure herrietako historiari ere eutsi behar diogu. Hori zen, hain zuzen, 2003an, Galeuska egitasmoaren inguruan Gernikan bildutakoek aztertu zuten gaia, "Oroimen historikoa", alegia. Berpizkundearen garaiak eman zizkigun eredurik ez da falta: Kirikiño, Kizkitza, Orixe, Aitzol, Cazenave, Jean Etxepare medikua... Haien lanek ederki asko erakutsiko digute bidea.

Milan Kundera idazle txekiarrak idatzita utzi zuenez, "Gizakiak boterearen kontra daraman borroka oroimenak ahanzturaren kontra daraman bera da".

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan