Jakoba Errekondo
Zuhaitzek beti izan dute txokoren bat etxe bueltan. Orain ere edozein motatako etxea eraikitzen dela ere natur zaletasunaren aitzakiarekin beti jartzen da zuhaitzen bat. Aitzakia diot, zeren jeneralean inolako iritzi egokirik gabe aukeratzen baita zein zuhaitz aldatu: neguan hostaila galtzen duen edo ez, zer eite duen -ûuxea, zabala eta moztaka, handia...û, dagoen lur motara egokituko dena, ur asko beharko duen edo ez, neguko hotzetan iraungo duen edo ez... Arrazoi estetikoetan ez bestetan oinarritzen dira etxe inguruetan jartzen diren zuhaitzen aukeraketa gehienak. Bide zidor motza! Zuhaitza eroso bizi ez bada bere onenean ezin azalduko da eta estetika kaskarra erakutsiko du...
Etxeko atari-aurreko zuhaitzetan toki nabarmenena izango duena nor izango den erabakitzeko atakan nago bada neroni ere udazken honetan. Etxearen hegora, eguzki-putzutan biziko da, itsasoko gallego-haizeak zeharka baina gogotik joko du, buztin lurretan elikatu beharko da eta ura erruz izango du, uda parteko eguzki galdatik etxea babestu behar du eta neguan ondo behetik jotzen duten eguzki izpiek etxea zer edo zer epeltzea nahi dudanez hostaila galtzen dutenetakoa behar du, etxea bera baino dezentez garaiagoa eta eite dotorekoa behar du naturak, eraikuntza samur, gailen eta nagusi azal dadin. Autoktonoa eurasiarra alegia, natura bera eta gizakiaren zapalkuntza besterik sustatzen ez duten inolako erlijio erritoekin zerikusirik ez duena, azal gozokoa sarritan elkar hartu beharko bai dugu eta behor eta ahardi jendearen igurtziak ere gozo har ditzan.
Aukera egina dut, noski, zelkoba (Zelkova carpinifolia). Armenia, Azerbaijan, Georgia, Iran eta Turkian bizi ohi da. Xarmaren (Carpinus betulus) tankerako hostoa eta hostaila du, ahanzturaren zakuan zokoratua daukagun zumarraren bestengusua da, lasai utziz gero 35 bat metro haziz etxearen aldean zer edo zer izango da eta hiruzpalau mende biziko da, udazkenak su dotorea pizten dio hostaila berdeari, neguan izango da ederrena: muarrotutakoen tankeran enbor moztaka eta behetik gorako adarje ugaria agerian izango baitu, eguzki gozoaren galbahe.
Georgiako ekialdeko Napareuli herriaren ondoan dagoen Babaneuri Erreserba Naturala zuhaitz honi emana izateak ere zer esana izan du aukeraketan...
Jabier Agirre
Hipertentsioa, kolesterola eta odoleko azukre-maila (gluzemia), zer da garrantzitsuagoa?" Horixe izan zen Madrileko Princesa ospitalean eta hiri bereko Doce de Octubre ospitalean ari diren Carmen Suarez internistak eta Julian Segura nefrologoak emandako tailerraren izenburua. Saio horren helburua arrisku kardiobaskularra mugatzen duten faktoreen pisua mahai gainean jartzea izan zen.
Kasu kliniko batetik abiatuz, eta Andromaco laborategien babes ekonomikoarekin, tailerrean bildutako partaideak oso gustura irten ziren saioetatik. Gaixotasun kardiobaskularrak sortzeko arrisku-faktore desberdinek jokatzen duten papera neurtzea izan zen tailerrean bildu zirenek eztabaidatu zutena. Eta, jadanik ezaguna den bezala, hipertentsio arteriala, hiperlipidemia, hipergluzemia, obesitatea, eta horrelakoak aipatu ziren saioan, faktore ezagunak horiek guztiak. Aditu biek azpimarratu zutenez, arrisku-faktore horiek sarritan batera agertzen dira paziente berean, eta horregatik ez da beti preziso faktore horiek normaltasuneko mugetatik kanpora egotea. Nahikoa izan daiteke zertxobait alteratuak egotea, bat baino gehiago batera agertzen direnean paziente hori arrisku kardiobaskularreko egoeran egoteko. Izan ere, faktoreen baturak arrisku hori modu esponentzialean gehitzen du, eta horrela pertsona bat erretzailea, hipertentsoa eta dislipemikoa baldin bada (bere odoleko gantzak, kolesterola batez ere, altu samar baldin baditu), bihotzeko eta odol-hodietako gaitzak jasateko arriskua ez da hiru aldiz handiagoa, 16 aldiz handiagoa baizik (2x2x2=23=16).
Beraz, behar-beharrezkoa da paziente horiek, sarritan asintomatikoak oraindik, detektatzea eta dauzkaten arrisku-faktore guztien abordaje integraleko plan bati ekitea. Abordaje horren funtsezko zutabeak bizi-aztura osasungarriak hartzea (pazienteak) eta tratamendu farmakologiko egokia agintzea (medikuak) izango dira.