Montxo Armendarizek ekoiztuko du hilaren 22an Nikaraguan errodatzen hasiko diren Historia de dos hermanos dokumentala, Nikaraguako Mercedes Moncada zinegileak zuzenduko du Gerrak banandutako bi anaia bikien istorioa.
Juantxo Zeberio, Mikel Andueza, Iñigo Egia eta Gonzalo Tejada jazz musikariek parte hartu dute Tolosako Hodiertz abesbatzak hil honetan plazaratu duen diskoan. Umama!! abesbatzak kaleratu duen lehen diskoa da eta Elkarlanean etxearekin argitaratu dute.
Imanol Lazkano bertsolariaren liburu autobiografikoa plazaratu berri du Bertsolari argitaletxeak.
Fermin Muguruzak agertokiak utziko dituela iragarri du. Abuztuan amaituko du Komunikazioa Tour bira, eta ordutik aurrera musikan lanean jarraituko duela esan duen arren, ez da agertokietara itzuliko.
Jokin Gorozika izango da hemendik aurrera Labayru Ikastegiko lehendakari. Gorozika Bilboko Ingeniarien Goi Eskolako irakasle da eta EHUko Euskara Institutuko kide.
Juan Antonio Urbeltzek koordinatu eta prestatutako «Anitz urtez, txapela kaskoan» ikuskizuna estreinatu zen lehengo astean Irunen. Bidasoaldeko folkloreari buruzkoa da Urbeltzen azken lan hau.
Kepa Junkerak «K» dvd-a aurkeztu du. Bertan Arriaga Antzokian «K» diskoa grabatzeko eskaini zituen emanaldiak, argazkiak, biografia eta azken disko horren bideoklipa bildu ditu, besteak beste.
Izaskun Jauregi
Goya sarietarako izendatuta
Alhambrako giltza da izendapen hori jaso duen euskal filmetako bat. Juanba Berasategiren animaziozko filma da berau. Iñigo Berasategi eta Aitor Arregiren Glup filmak ere (hau ere animaziozkoa) izendapen bera jaso du. Julio Medemen La pelota vasca (Euskal pilota, larrua harriaren kontra) filma dokumental sailerako aukeratu dute. Filmaren zuzendariak dokumentalaren jarraipena izango den Aitor 2005ean estreinatuko dela iragarri du.
Euskal gaien bilduma
Ibaizabal argitaletxeak bilduma berria abiarazi du. Euskal gaiak izena du liburuki sortak eta oraingoz bost ale argitaratu dituzte. Euskal Herriko artea da horietako bat eta Jose Javier Fernandezek idatzi du. Miren Billelabeitiak XVI-XIX mende bitarteko euskal idazleen lanak aztertu ditu Euskal Herriko literatura liburukian. Beste hiruak Euskal Herriko pintura (Juan Jose Usabiaga), Euskal Herriko historia (Susana
eta Marta Truchuelo) eta Euskal Herriko museoak (Pinar Matey) dira.
Bilboko periferian
Livornon burutu zen lehen aldiz iaz Periferiak ekimen kulturala. Pentsamendu bakarretik urrun, ikuspegi ezberdin batetik lan egiten duten artistak batzen dira ekimen honetan, besteak beste, Bernardo Atxaga, Antzerkiola Imaginarioa, Joaquín Jorda eta John Bergerrek parte hartu zuten. Eta aurten otsailaren 23tik 29ra Bilbon burutuko da. Oraindik egitaraua erabat finkatu gabe dagoen arren, Hiri batek zenbat balio du eta Lengoaia berriak gaien inguruko topaketak egingo dira. Gaueko ekitaldiei aldiz, Zubiak izenburua jarri diete. Besteak beste, Jon Berger eta Gianni Celati idazleak izango dira Bilbon egun horietan, periferiaz jarduteko.
Haurtzaroa artean
Edozein gai eta aitzakik balio omen du artea egiteko. Nafarroako Kutxak duen Iruñeko Castillo de Maya erakustaretoan paratu duten erakusketak haurtzaroarena aukeratu du. Hogeita bi artista ezagunek haurrak gai hartuta burutu dituzten lanak daude ikusgai bertan hilaren amaiera bitartean. Gizarte klase orotariko eta leku guztietako haurrak dira lan horietan ageri direnak, batzuk jolasari loturik, beste batzuk gizarte gai ezberdinen ingurukoak...
Euskal literaturaren gaztelaniazko ispilu
Gero eta gehiago dira lanak gaztelaniara itzultzen dituzten euskal argitaletxeak. Baina orain artean ekimen solte moduan egin izan da hori. Aurten ekin dio Madrilgo Atenea argitaletxeak Biblioteca Vasca bildumari. Eta bertan gaztelaniara itzulitako euskal liburuen hogei lanez osatutako sorta argitaratzea du xede. Dagoeneko kaleratu dira bilduma horretako bi ale -azkena, Saizarbitoriaren Kandinskyren tradizioaû. Baina ale berrietarako Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Jabi Cillero, Juan Kruz Igerabide eta Ana Urkizaren lanak ari dira prestatzen. Urtean bi lan argitaratzea da hauen xedea, eta ahal denetan gaztelaniazko bertsioa euskarazkoarekin batera plazaratzea.
Independenteak batu dira.
Espainiako hainbat diskoetxe independente Unión Fonográfica Independiente (UFI) izeneko elkartean batu dira. Acuarela, Nuevos Medios, BOA, Alía, Lollipop, K Industria, Galileo eta Siesta dira Elkartean dauden diskoetxeetako batzuk. Musika alorrean gertatzen ari diren gehiegizko kontzentrazioa, salmenta zerrendak, diskoen salneurriak... dira, besteak beste, borrokatu nahi dituzten fenomenoak. Bestalde, telebistan agertzen den musikaz gain beste era bateko doinuak badaudela erakutsi nahi diote publikoari. Horregatik euren nobedadeen datu base bat osatzea, beren diskoak atzerrira eraman ahal izateko esportazio bulego bat sortzea eta Musika Independentearen Sariak antolatzea pentsatu dute.
Natxo de Felipek honakoa zioen «Nabarra» aldizkarian: «Lehen, euskal musikariak Espainiara joaten ginen eta gu heroiak ginen. Azken urteotan, aldiz, jende gehienak pistolaritzat hartzen gaitu».
Musikaren egoera ekonomikoari buruz mintzo zen Ruper Ordorika «Entzun»en eginiko elkarrizketan: «Eskaintza eskaeraren gainetik dago askogatik. Aurki disko gehienak defizitarioak izango dira. Erdal jendeak euskal disko gutxi erosten ditu, eta euskaldun jendeak dagoeneko ez du bere burua behartuta ikusten, nahi duena erosten du».
Jasone Osororen hitzak dira hauek «Andra»n jasoak: «Idazle gazte asko daude baina nik neskak botatzen ditut faltan».
Mariasun Landaren ustez, «literaturak fikzioa eta errealitatea nahasten ditu eta egira hurbiltzeko beste modu bat eskaintzen digu».
Alex de la Iglesia zinegileak adierazpen hau egin zuen «El Cultural» kultur aldizkarian: «Zinema egitea bizitza zuzentzen saiatzea da».