Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-12-21 -- 1925.zenb

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Ekologistek Mediterraneoa babesteko neurriak eskatzen dituzte
Wwf Naturaren zaintzarako munduko erakundeak Mediterraneoa babesteko neurriak eskatu ditu berriki. Erakunde ekologistak adierazi zuenez, munduko petrolio-ontzien %30 itsaso honetatik iragateaz gainera, mundu mailako turismo osoaren herenak bertako hondartzetara jotzen du, eta hori gutxi balitz, neurririk gabeko arrantza ere ekosistema hondatzen ari da.
WWF erakundeak kontserbazio area berriak eratzea eta bertan itsas garraioa estuki kontrolatzea edota debekatzea proposatzen du, besteak beste. Paolo Guglielmi WWF taldeko itsas biologoak adierazi duenez, «Prestige ontziak eragindako hondamendiaren parekorik Mediterraneoan gertatuko balitz, itsaso itxia izaki, gutxienez 80 urte beharko lirateke itsas azalerako ura berriztatzeko».
Hondakin toxikoak ere arazo handia dira. Ez da ahantzi behar Frantzia, Espainia, Italia eta Greziari gizakiarentzat eta gainerako espezieentzat kaltegarriak diren hondakin toxikoak itsaso honetara isurtzea leporatu ziela Nazio Batuen Ingurumenerako Programak.
Turismoari dagokionez, Mediterranoak munduko turismoaren %30a hartzen du bere hondartzetan eta gaurko 160 milioi bisitariak bikoiztu egin litezke 2005 urtean, WWF erakundearen arabera, beti ere.
Ekologistek, Tunisia iparraldeko eta Aljeria mendebaldeko itsasertzak Malta eta Siziliako kanalak, Adriatikoa, Egeoa eta Libia eta Turkiako hainbat zona babes eta kontserbazio area bilakatzea eskatzen dute.

Afrikako ugaztun galduen fosilak aurkitu dituzte Etiopian
Nazioarteko ikerlari talde batek Etiopian fosil berezi batzuk deskubritu dituela iragarri du. John Kappelman ikerketa taldeko buruak azaldu duenez, Afrikako ugaztunen eboluzioa ulertzeko falta diren hutsuneak betetzen lagunduko du aurkikuntzak, orain dela 24 eta 32 milioi urte bitartean bizi izan ziren animaliei buruzko datu asko argituko baititu. Garai hartan Itsaso Gorriak ez zuen oraingo itxura, Afrika eta Arabia bat eginda zeuden eta ozeanoz inguraturiko kontinente isolatua osatzen zuten. Zortzi milioi urteko aldi hau, ugaztunei gertatu izan zitzaienari dagokionez, ilun eta misteriotsua izan da zientzialarientzat.
Fosilen artean, desagertutako espezieak eta gaurko ugaztun espezie batzuen arbaso zaharrak aurkitu dira, esate baterako, elefantearenak, Proboszidio izenekoak. Beste fosil interesgarria Arsinoitherium deritzon ugaztun batena dugu, gaurko errinozeroa baino handiagoa eta muturrean bi adar dituena. Jatorria askoz ere zaharragoa baldin badu ere, dirudienez, garai hartara arte iraun zuen.
Afro-Arabiar kontinentea isolatuta egon zen bitartean, espezie berriak sortu eta garatu ziren baina kontinente hau Europa eta Asiarekin kontaktuan ipini zenean, (orain dela 24 milioi urte) bertako espezie primitibo asko desagertze bidean jarri ziren eta gainerakoak modernizatze bidean. Zentzu honetan, espezie inbaditzaileen eraginez edo, Arsinoitherium eta Proboszidio zaharrenak desagertu egin ziren eta gaurko elefantearen arbasoak indartu eta zabaldu.

Josu Iztueta

konstituzio zubia ez da askok nahiko luketen bezain luzea suertatu, halere asteburu arrunt bati baino probetxu gehiago ateratzeko modukoa izan da niretzat. Etxe inguruan nabilenean konturatzen naiz zenbat aukera dauzkagun urrutira joan gabe, eta hemen luzaro nagoenean berriz, alderantziz, kanpoko aukeraz baliatzeko gogoa sartzen zait.

Huesca, Nafarroaren auzokide

Paisaia aldetik gutxi dira munduan Nafarroa adinako aniztasuna eskaintzen duten lurraldeak, bere 10.000 kilometro koadroko azaleran denetarik dauka. Ondare kultural eta natural ikusgarria du. Negu partean ordea eskia da jende gehien Huescara erakartzen duen motiboa, udazkenean beharbada ehiza edo perretxikuak izango dira aitzakia. Nafarroa pasoko herrialdea bihurtzen da gehienentzat. Pirinioetako elurretara abiatzen diren askok eta askok Esa urtegitik aurrera egiten dute Jacaraino, han BI, SS, VI, NA matrikuladun kotxeak bertako HU dutenei gehitzen zaizkie eta hegoaldetik datozen Zdunei. Proportzioak neurtzen hasi gabe, batzutan pentsatu dut, hemengo bisitari horiek bertan erroldatuko balira Jacak alkate euskalduna ere izan dezakeelaà Asteasun bizi den Jaca bertako lagun bati txantxetan hori komentatzen diodanean barrez amaitzen dugu. Gainera, bihotzez zera esaten diot: "Benetan herrialde zoragarria da zeuona, hemengoek sarritan bixitatu arren gutxi ezagutzen duguna".

Duela 30 urte ezagutu nituen Pirinioak estrainekoz, orduan astebururako motxila prestatzeak orain bi hilabetetarako poltsa prestatzeak baino zirrara handiagoa sortzen zidan. Azken zubi honetan orduko urduritasun eta emozio bera sentitu nituen, baina beste arrazoi batzuengatik.

"Transhumancia y Pastoralismo". Izenburu horrekin antolatu ziren topaketak abenduaren 4an, Puente La Reina de Jaca herrian. Egun bakarrean, ostegunean, ehun lagunetik gora bildu ginen bertan, partaideen artean denetarik zegoen, artzain, albaitari, kazetari, funtzionario, teknikari eta kurioso. Azken hauen artean egot eak beste guztiek esandakoa arretaz entzuteko aukera ezinhobea eskaintzen zidan, informazioa jaso eta parte "ez interesatua" izatea abantaila da horrelakoetan. Eztabaida eta iritzi ezberdinen aurrean objektibotasun gehixeago lor daitekeela iruditzen zait nahiz eta ezingo nukeen erabat baieztatu. Azken batean, han egotea, interesa eta kuriositatearen ondorioa ere bai baita.

Ostiralean, abenduaren 5ean, Mendi Astea inauguratu zuten Biescas herrixkan. Horrekin batera areto elegante bat ere bai. Han nuen hitzordua iluntzeko zortziretan. Laponiari buruzko diapositibak eman behar nituen. Garaiz joan nintzen badaezpada ere, ustekabe txikienak gauzak aldrebesten baititu norberak gutxien espero duenean. Hamalau urte nituela inguru haietan ibili izanak gerora Eskandinaviara joateko ateak ireki zizkidala iruditzen zait. Uste hori horrela azaldu nahi nien bertara hurbildu zirenei.

Biescas urte sasoi lasaian, 1.200 biztanleko herri kozkorra da. 10.000 lagun izatera irits liteke uda parteanà puff!

Paraje zoragarri hauek disfrutatzeko asmoz etorritako 60 bisitari ez ziren inoiz etxera itzuli 1996.eko abuztuan. Hondamendi hark, kanpineko opor giroa urez eta heriotzez estali zuen. Biescas inoiz imajina zitekeen baino sonatuagoa egin zen zoritxarrez. Turismo bulego batek milioika euro gastatuta egin litekeen baino ezagunagoa tamalez.

Larunbatean goiz osoa libre neukan Jacan, kioskoan aldizkari eta egunkari batzuk erosi ondoren piztu zitzaidan trenaren asmoa. Periodikuetako batean Kaukasoko tren bat txetxeniarrek eraso zutela eta hildakoak 40tik gora zirela zioen. Beste batek Lleidara doan AHT zuen hizpide, izan ere Madriletik Lleidara 2 ordu eta 40 minututan iristen den tren azkarrak ez du 70 cm baino gehiagoko ekipaiarik ametitzen. Ondorioz, eskiatzera doazenen asmoak geltokian bertan zapuztu litezke. Nik abiadura handiko trena baino gustukoagoa dut lasai-lasai dabilena. Canfrancera joateko txartela hartu nuen. "Canfranero" deitzen diote inguruotan tren honi. Gaur egun inor gutxik hartzen du trena, baina garai batean Frantziarainoko bidea egiten zuen. Nazioarteko bide estrategikoa zen, zortzi kilometroko tunel batek gurutzatzen zituen Pirinioak alde batetik bestera. Azken urteotan bi aldiz burdinbidetik atera delako izan da egunkarietako berri eta nik gaur hirugarrenaren lekuko ez izatea espero dut. Ohikoa bihurtu zaigu kotxetik trena begiratzea, gehiegitan ikusten dugu errepidetik trenbideaà gutxiegitan aldiz, trenbidetik errepidea. Canfranc Estación ia-ia Canfranc herria bezain handia da. Canfranceko geltokia 1928an inauguratu zuten eta urte haietan Estatuko eraikin estali handiena zen ezbairik gabe eta Europako tren geltokien artean bigarrena. Ondo pentsatzen jarrita 250 metro luze dituen eraikina benetan handia da, hantxe daude aduanak, biltokiak, txartel leihatilak, itxaron gelak eta abar erabat abandonaturik. Goizeko 11:00etan 12:10 markatzen duen ordularia aspaldi dago geldirik. Aurten 75 urte bete dituen tren geltokia berriro martxan jarriko duen motorrak handia beharko du izan. Lokomotora eta bagoi bakarra, dena bat da tren honetan, ezin da jakin doan edo datorren. Edozein modutara ahal duzuenean aprobetxatu bertan ibiltzeko aukera, zenbat iraungo duen ez dakigu eta!

Nafarroan ez nintzen geratu harantza bidean, baina konpromiso bat neukan bueltarako. Zaraitzu eta Erronkariko Euskara Zerbitzuak diapositiba emanaldia antolatu zuen larunbat ilunabarrean Uskartzen. Iaz Espartzan egon ondoren aurtengo zitarako hitza eman nuen, hitza emanez gero hitzaldirako eguna eta ordua zehaztu genituen. Urtean zehar hogei biztanlera iritsiko ez den herrian ba ote du zentzurik ezer antolatzeak? Eta gaztelaniaz hitz egiten duten tokian euskaraz egiteak? Jone, antolatzailea urduri zegoen, neu ere antzera. Asteburuetan herriko jendea itzultzen da Iruñeatik eta bikoizten da Uskartzetarren kopurua. Gainera bailarako beste herrietara joandako hainbat bisitari ere hurbildu zen bertara. Guztira dozena pare bat lagun eta horien artean ezagunak ere bai. Hizkuntza nola moldatu horrelakoetan? Euskara ikasi nahian dabilen jendea bada inguruotan, gorrotatzen duena ere bai noski, nik jendea eroso senti zedin euskaraz eta gaztelaniaz egin nuen, errepikatu edo itzuli gabe ahal bazen. Informazio osagarria emanez. Euskara pittin bat ulertzen duenarentzat pozgarri izaten da eta motibagarri. Erdizka dakitenei gehiago ulertzeko gogoa sar dakieke, jarraitzeko ilusioa piztu. Hizkuntzarekiko sinpatia lortzea izan liteke xede eta ez hizkuntzatik uxatzea. Euskaldunok hizkuntza ulertzeko arazorik ez dugu izatenà tarteka egoera "ulertzen" izaten ditugu lanak.

Kotxea hartu eta etxera bidean jarri naiz, ordu pare bat bolantean Gipuzkoa aldera Tolosaraino. Gaugiro ederra dago, oskarbi eta ilargia ia betea. Etenik gabeko asteburua pasatzetik bueltan nekatuta, baina pozik. Bakarrik, isilik, pentsakor nator. Urruti geratzen zait aurreko larunbata. Nepaletik Madrilera hegazkinez iritsi eta handik etxera autoz gentozela Arandatik lainopean pasatu ginen. Orduerdi bat beranduago, leku berean, preso baten bi lagunek istripu larria izan zuten, bat hil eta bestea larri zauritua gertatu ziren. Handik astebetera, gaur, hamalau lagun hil dira auto istripuetan ordu gutxiren buruan... ez naiz nahi ordurako etxera iritsi!

Biharamunean, igandean, Durangora joateko gogoa/asmoa daukat... urteko egunik laburrenetan nola eduki liteke agenda hain betea! Edo hobeto esanda, nola eduki liteke hain beteta edukitzeko suertea!

Pilar Iparragirre


Ile Luzeen kondaira
Iban Zaldua
Pamiela
53 orrialde
5,50 euro



Gazteentzako maitasun istorioa


Iban Zalduak gazteentzat idatzitako bigarren nobela da Ile Luzeen kondaira, Asisko Urmenetaren marrazkiz apaindurik Pamiela argitaletxeak plazaratu duen liburua. Ile Luzeen Erresuma Handian gertatzen da maitasun istorio hau, emakumezko kapitain bat eta Amizan printzearen artean, erresuma horren boterea gailurrera ailegatu zen garaian. Amizan Ile Luzeen Erresumako tronuaren oinordekoa zenez, bikoteak isilean gordetzen zuen elkarren artean zeukan amodio harremana, erregeak jakin ez zezan. Mundu ezaguneko herrialde gehienak menderatzen zituen erresumak, ordea, bazuen menderatzeke zeukan lur oso aberats bat, urruti, itsasoaren bestaldean, eta huraxe konkistatzera bidali zuen erregeak kapitain adoretsu bezain ederra.


Belenen jaio zen haurtxoa
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde
11,20 euro



Jesusen jaiotzaren istorioa, bi urtetik aurreragoko haurrentzat


Ibaizabal argitaletxeak lau koloretako marrazkiekin kaleratu duen Belenen jaio zen haurtxoa liburuarekin, Jesus haurraren jaiotza nola gertatu zen konta diezaiekete gurasoek etxeko txikienei. Liesbet Slegersek sortu eta marraztutako ipuinean, gainera, Gabonetako eta Erregetako oparien zegartia ere azaltzen da. Azal gogorreko liburu honetan Maria eta Jose Belenera iritsi nahian azaltzen dira. Maria haurdun dago eta asto gainean doa. Jose, berriz, oinez. Ilundu egiten du, ordea, eta oraindik Belenera iritsi gabe jarraitzen dute, gosetuta eta oso nekatuta. Ate joka hasten dira, lo egiteko lekuren bat lortu nahiez, baina inork ez ditu etxean hartu nahi. Azkenean, ukuilu bat ikusten dute eta bertan gelditzen dira, Jesus jaio arte.


De inciertos destinos
Javier Alcibar
Basarai
76 orrialde
10 euro



Giza izaerari buruzko poemak


Javier Alcibar bilbotarraren bigarren poema liburua da De inciertos destinos, giza izaera hizpide duen olerki bilduma. Zer egitera doan azaltzen duen hitzaurre moduko batekin ematen dio hasiera olerkariak bere lanari, gogoaren arma hutsarekin egunez egun bizitzari aurre egitea zeinen gogorra den onartuz, hala ere merezi duela adierazteko berehala. Bakardadearen zentzu erabatekoena azalduko du olerkariak poema honetan, jakinik ezinezkoaren trintxeretan bere borroka aldez aurretik galduta daukala. Eta ardo gorriko itsaso zabala bezain bihotz handia duen beste gizaki baten bila dabilela aitortuko digu, gizakiak gizakia hiltzeko dauzkan arrazoi hutsalak ezagututa ere, hitz bakoitzaren azpian beste hitz berri bat dagoelako beti.


Bat. Soziolinguis-tika aldizkaria
Batzuen artean
Esei
134 orrialde
10 euro



Hedabideak aztergai


Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen-ek kaleratzen duen Bat. Soziolinguistika aldizkariaren 48. zenbakiak euskal errepertorioa hedabideetan dauka aztergai. Euskararen presentzia Interneten edota euskarak teknologia berrien aurrean duen erronka bezalako bederatzi idazlan biltzen dituen dosierrean, besteak beste honako lan hauek biltzen dira: Aitor Zuberogoitiaren "Globalizazio garaiotako biziraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat: komunikazio esparru autozentratua", Asier Larrinagaren "Kaleko hizkera telebistako saioetan" eta Mikel Irizarren "Herri aldizkariak: balantzea eta etorkizuneko erronkak". Gainera, beste herrietako esperientziak ere jasotzen dira, katalanaren erabilera Kataluniako eguneroko prentsan, kasu.


Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
122 orrialde
6 euro



Euskal Herriko 50 gailurrik ederrenak


Sua Edizioak kaleratzen duen Euskal Herria aldizkariaren zenbaki berezi honetan, "Mendiak gorago, bazterrak ederrago" Nafarroa Behereko esaera zaharra oinarri hartu eta Euskal Herriak dauzkan 50 gailurrik ederrenak bisitatzeko aukera eskaini nahi izan dute. Hiru Erregeen Mahaiatik hasi eta Ordunte mendilerroan dagoen Balgerriraino, ekialdetik mendebalderantz doan bideari ekin diote Nafarroa, Iparraldea, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia mendirik mendi zeharkatzeko. Patxadaz egiteko mendiak dira guztiak, batzuk besteak baino zailxeagoak, baina ia denak edozein mendizalek egiteko modukoak Nolanahi ere, kontuz elurrarekin edota lainoa sartzen duenean.


La cocina doméstica de...
Pedro Subijana
Ttarttalo
563 orrialde/ 35 euro



Subijanaren bederatzirehun errezeta inguru


DVD eta guzti eskaintzen den liburu mardul honen izenburu zehatza La cocina doméstica de Pedro Subijana da, eta sukaldari honen bederatzirehun errezeta inguru biltzen ditu. Oso erraz egin daitezkeen errezetak aukeratu ditu sukaldariak liburu hau osatzeko. Denetarik aurki daiteke bertan: saltsak, sarrera gisa jartzen diren platerak, barazki piloa, lapikoko janariak, zopak eta kremak; pastak, arrozak eta arrautzak, arrainak eta itsaskiak, haragi mota ezberdinak eta, bukatzeko, postre gozo-gozoak.


Sakabi
Iñigo Aranbarri
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
CDa+ 93 orrialde
15 euro



Faustino Azpiazu "Sakabi" maisua


Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak martxan duen Soinuaren Liburutegia saileko laugarren emaitza dugu Iñigo Aranberrik idatzitako Sakabi, soinu txikiaren handitasuna liburua eta diskoa. Faustino Azpiazu "Sakabi" (1917-1995) trikitilariaren nondik norakoak eta musika jasotzen dira bertan. Soinujole honen itzala osatzeko orduan, hiru bide erabili ditu Iñigo Aranbarrik: Sakabi ezagutu zutenekin izandako elkarrizketena, batetik, haren familiakoekin, bere ikasle izandako Imuntzorekin, Joxe Mari Iriondorekin, Egañazpirekin eta oro har erromeria giroa oso ondo ezagutu zuen jendearekin izan dituen elkarrizketena. Bigarren bide gisa, hemeroteka erabili du, aurkitu duen apurra jasoz, eta hirugarren bidetzat trikitrixari buruz dagoen bibliografia urriarena erabili du. Sakabiren nortasunari buruzko xehetasunak agertzen baditu ere, Sakabi soinujolea interesatzen zitzaion gehien, Gipuzkoan trikitrixa tradizionala egon bada, Sakabiri esker izan delako, bi adar nagusi biltzen baitira Sakabirengan, biak Bizkaia aldetik sartuak: Gelatxo da bat, lehen txistuarekin jotzen ziren piezak trikitira pasa zituena, eta bestea Elgeta, Sakabiren maisu handia.

Nere Lujanbio

Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan, Bidaideak izenburupean, lau euskal artista handiren lana biltzen duen erakusketa dago ikusgai. Rafael Ruiz Balerdi, Juan Luis Goenaga eta Jose Luis Zumetaren margoak eta Remigio Mendibururen eskulturak gozatzeko aukera izango du bertara gerturatzen denak. Orain artean izan duen arrakasta dela-eta, urtarrilaren 25a arte luzatuko dute erakusketa.
guztia irakurri

Pilar Iparragirre


Nor genuen Sakabi?
Trikitilari lanbidea serio hartu zuen lehenengoetakoa dugu Sakabi, soinu txikiari handitasuna eman zion soinujolea. Azkoitia-Azpeitia inguru hortan oso ezaguna zen guretzat Sakabi. Gerora konturatu naiz hori gurea dela, ordea. Kanpoko jendearekin hitz egiten duzunean, eta oso urrutira joan gabe, konturatzen zara beraientzat Sakabi ez dela bizi izan. Beharbada garai batean nahiko baloratu ez genuen kultura bateko partaide delako. Niri, Loiola Herri Irratiaren bitartez eta Joxe Mari Iriondok egin zuen lanari esker heldu zitzaidan trikitixaren kultura, baina oro har dugun itzal hori betetzea izan da lan honen helburua. Izan ere, ikaragarria da baina, historiak kanpo utzi dituen pertsonei buruz hitz egiten ari gara.

Zergatik diozu hori?
Trikitixak ez duelako existitu orain arte. Idatzi gabeko kultura batean bizi izan dira trikitilariak eta trikitiaz gozatu izan dutenak. Oso berandu arte trikitrixak ez du paperean izan ia agerpenik. Hain zuzen ere, historiatik kanpo geratu diren pertsona horien ohorez, horiek berreskuratzeko asmoz ere idatzi dut liburu hau.

Zaila izan al da liburua osatzea?
Sakabirekin suertea izan dugu, seguru asko Koldo Izagirrek Elgetarekin izan zuena baino handiagoa, Sakabiren familia oraindik bizi delako, eta Sakabirekin panderista-lagun ibili zen Egañazpi ere bai. Joxe Mari Iriondok ere asko lagundu du. Beraz, esatea dago berreskuratze lan bat izan dela, baina hainbesteko nekerik ez dudala hartu.

Ainara Gurrutxaga


Duela urtebete estreinatutako Ai, ama oraindik ere egunkarietako agendetan bizi-bizi dagoela, Hika konpainiak Ixa antzezlana estreinatu berri du. Donostiako Gazteszena aretoan egin zuen talde gipuzkoarrak aurkezpena azaroaren 20tik 23ra, euskaraz eta gaztelaniaz. Ai, ama paperetik oholtzara eramateko elkarrekin lanean aritu ziren Hikako Agurtzane Intxaurraga eta jatorrizko testuaren sortzaile Arantxa Iturbe. Esperientzia hura positiboa izan zen bientzat eta, hortaz, elkarlanean jarraitzea erabaki dute, Ixa antzezlana idatziz. Ondoren, Agurtzane Intxaurragak berak hartu du zuzendaritzaren ardura, eta Mikel Laskurainek, aldiz, Manuel Tejero Benitez protagonistaren rola betetzearena. Zuzendari laguntzaile Tessa Andonegi aritu da.

Azken urteetan Hika konpainia antzerkiaren merkatu hauskorrean leku bat bilatzen dabil. Dena den, guztiz komertzialak diren lanak baztertu nahi dituzte, benetan gustuko dutenaren eta merkatuak eskatzen duenaren arteko orekari euste aldera. "Bihotza eta burua erabili dugu azken antzezlan hau sortzerako orduan", dio zuzendariak, "Guk kontatu nahi genuena kontatzen dugu, baina beti ere saiatu gara enpresa ikuspegi batekin, Ai, ama antzezlanari lehiarik ez egiten". Diru-laguntza publikorik gabe eginiko muntaia da.

Ixa ez da aurreko lana bezain poetikoa, eta darabilen umorea ez da hain zuria. Gordinagoa da. Ikuslea aretora sartu ahala, Ixa izenordez ezagunagoa den Manuel Tejero Benitez, txima luzedun ileordea jantzita, jendearen artean nahasten da, bera ere antzezlana ikustera etorri baita, hori bai, soldatapean. Denak besaulkietan eseri bezain laster, ordea, ahots batek ezusteko albistea emango du: "Ikuskizuna atzerapenarekin hasiko da, antzezlana eskaini behar zuen taldeak Errumaniara itzuli behar izan duela-eta. Barkatu eragozpenak". Ezusteko gertakari honegatik izan ez balitz, ziur aski, ez genukeen Manuel Tejero Benitez Ixa sekula ezagutuko, izan ere, oso ondo egiten du bere lana: jendearen artean atentziorik eman gabe ibiltzea, alegia. Edozein ekitalditan betelana egitea du Manuelek ofizio.

Gaurkoan, ordea, benetan haserretu da protagonista bilakatutako figurantea, antolatzaileek ez baitizkiote hitzartutako 60 euroak ordaindu. Guztiz sututa, agertokira igo eta bere eskubideak aldarrikatuko dizkio ikusleari, bere bizitzari buruzko xehetasunak emanaz bidenabar: "Politikoek bai, horiek ondo ordaintzen dute, bai konstituzionalistek eta baita nazionalistek ere. Antzerkikoek, ordea, ez dute sekula dirurik!", dio. "Oso biszerala da. Ez du printzipio handirik, egunean egunekoa bizi duen tipoa da. Badu nahiko lan bere buruarekin!", dio Mikel Laskurainek. Minutuek aurrera egin ahala egoera estutuz doa antzezlanean, eta protagonistak erabaki gogor bat hartuko du. Ikusleak antzezlanaren parte bilakatuko dira, bat-bateko figurante.

Barrikadetatik figuraziora

Baina mitinetan, kultur ekitaldietan, erromeriatan, aintziren inaugurazioetan edota ezkontzetan betelanak egitera iritsi aurretik, Manuel Tejero La Naval ontziolan lan egindakoa da. Bertan kaleratze masiboak egin zituztenean gogor egin zuen enpresarien aurka. Barrikadetan lehen lerroan aritu zen borrokan. Urte mordoa egon zen langabezian hura eta gero. "Hasieratik genuen garbi antzezlan sozial bat egin nahi genuela, gaur egungo arazoak dituen protagonista sortuaz. Kasik reality show bat egitera iritsi arte", gaineratu du Intxaurragak.

Hikakoen ustez antzerki bakarrizketek halako errezelo bat sortzen dute jendearen artean eta horregatik, Ixa, aktore bakarreko lana izan arren, antzerki ikuskizun bezala agertu nahi izan dute: "Pena da baina denoi pasa izan zaigu noizbait burutik: A ze txapa ordubetez pertsona bakarra hizketan entzutea. Nik ideia horrekin apurtu nahi izan dut. Horretarako eszenan elementu pila bat erabiltzen dira, jendeak ahaztu dezan oholtzan pertsona bakarra dagoela". Hori dela eta, oihal erraldoien gainean eginiko bideo-proiekzioek berebiziko garrantzia dute. Koldo Leniz arduratu da bideoen errealizazioaz. Joxan Goikoetxeak hautatutako rock gogorreko musikak ere eszena betetzeko baliagarriak dira.

Mikel Laskurainek gogo onez ekin dio aktore lanari, eta "laugarren horma" hautsiz eroso sentitzen dela dio: "Bakarrizketa batean jendearekin hitz egin ahal izatea eskertzekoa da niretzat. Ikuslearen erreakzioek freskura handia ematen diote antzezlanari". Azken urteetan kale antzerkia egiteak -besteak beste Trapu Zaharra taldearekin- ere lagundu diola aitortzen du aktoreak. Estreinaldiaren egunean gustura aritu zen ikusleekin harremanean. Hala ere, oraindik ere pertsonaiari zuku gehiago atera dakioke.

Muntaia prozesua ez da samurra izan. Mikel Laskurainek orain arte erakutsi ez zigun alderdia azaltzen du eszenan, eta hori, landu beharreko kontua izan da. "Beste lanetan bezala, honetan ere jardutea da kontua. Baina egia da fisikoki esfortzu handia izan dela niretzat, eta ez soilik eszenan gora eta behera nabilelako, baizik eta pertsonaiaren gorpuzkera, hitz egiteko moduak eta abarrak landu behar izan ditudalako". Protagonista aktorearengandik nahiko urrun egoteak ere esfortzu bikoitza eskatu dio aktoreari: "Mikelek normalean pertsonaia sinpatikoak egin izan ditu orain arte, baina horrekin hautsi nahi izan dut bakarrizketa honetan. Nolabait pertsonaia aktorearen kontra zegoen, baina uste dut horregatik zela erakargarria".

Taldeak batez ere antzezlana euskaraz eskaintzeko asmoa badu ere, Ritxi Lizartzak gaztelaniara eginiko moldaketa ere, Equis, antzeztuko dute zenbait herrietan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan