Mikel Asurmendi
Jose Luis Elorzaren iritziz, «konstituzionalistak» eta «ez konstituzionalistak» bezalako espresioen dualtasunak kalte eta zatiketa baino ez ditu ekartzen euskal gizartean: «Konstituzioa ulertzeko funtsezkoa da perspektiba historiko bat izatea eta egungo eztabaida giro politiko mindua eta zorrotzetik ateratzea. Konstituzio hau aurreko aro politikoen ondorio eta aurrerapauso bat bezala ulertu behar da. Egungo Euskadi ez da Gernikako Estatutua gabe ulertzen ahal. Konstituzioak ez duela Euskadira erabateko egonkortasuna ekarri? Ados. Baina horregatik ez da gutxietsi behar. Ez eta sakratutzat jo behar ere. Joko araua birfinkatu behar dela? Ados. Alderdi politikoak ados jarriz gero, ez luke arazo izan behar berau aldatzeko. Baina, beti ere, gehiengo eta gutxiengoaren joko demokratikoaren arabera», esan digu Elorzak.
Marko politiko berri batera eraman gaitzakeen trantsizio garaian al gaude?
Sektore batzuek, Konstituzioa eta Estatutuaren gainetik pasatuz, oraingo marko politikoa gainditu beharra planteatzen dute. Ibarretxeren planak ere halako zerbait planteatzen du. Niretzat hori, une honetan, hanka sartze izugarria da. Ez dut proposamen horietan planteatzen ari diren edukiak eztabaidatu behar ez direnik esan nahi. Ordea, ETA behin betiko desagertu ez den bitartean, ez ditut planteamendu hauek egokitzat jotzen. Bide horretatik ezinezkoa iruditzen zait orain arte ezagutu dugun adostasun politikoa baino zabalagoa lortzea.
Zer iritzi duzu Ibarretxeren planaz, zehazkiago?
Ibarretxeren planaren planteamendua erru bat da, planteatu den moduan planteatu delako. Ez da, adibidez, Katalunian urratzen ari den bide eta modu berean planteatu. Besterik da edukiari dagokionean. Konstituzioaren oinarri juridikoek nahiz Gernikako Estatutuak aldatzeko irekita izan behar dutela uste baitut. Ibarretxeren planaren gauza batzuk onargarriak dira edota, gutxienez, eztabaidagarriak. Akats handiena abagune politiko desegokia aukeratu izana da. Modu horrek, giro politiko egonkorra bermatu beharrean, giro politikoa usteltzea ekarri du.
Plana ez al da legitimoa edo zilegia?
Bere zilegitasuna ukaezina iruditzen zait. Zentzu honetan, PPko Gobernuak planaren eztabaida atzera botatzeko Auzitegi Konstituzionalean ezarritako helegitea astakeria bat iruditzen zait. Nahiz eta Ibarretxeren planteamenduarekin ados ez egon, Ibarretxe nire lehendakaria da, nahi duena proposatzeko eskubidea dauka.
Zer iritzi duzu PSE-EEk planarekiko hartu duen jarreraz?
Nik Jesus Egigurenen testua eredu gisa hartzen dut; PSE-EEko Batzorde Eragileak onartua. Egigurenek Gernikako Estatutuan sakontzea proposatzen du. Nik ere bide hori egokia ikusten dut. Alabaina, PSE-EEren zereginean hutsune bat ikusten dut: ez du jakin Ibarretxeren planaren alternatiba moduko bat gauzatzen euskal gizartearen hainbat sektorerekin konektatzeko. Jende askok ez du «Estatutu gehiago» delako ideia ulertzen, besterik gabe eta modu orokorrean planteatua. Baina Egigurenen dokumentuaren edukiak oinarrizkoak dira EAJrekin nahiz Ibarretxeren plana bultzatzen dutenekin akordio batera iristeko. Zoritxarrez, egungo egoera nahasiak ez dio PSE-EEri bere mezua gizarteratzen uzten.
PSE-EEren eta EAJren arteko hurbiltze modukoren bat ikusten al duzu?
Epe motzean, zoritxarrez, ez. Baina egoera politiko honi irtenbide bat emango bazaio, akordioren bat gauzatu beharko da. Inork ikusten ote du Euskadin etorkizunik zentroko indar politikoen arteko adostasunik gabe? Nik ez. Egungo egoerak bi blokeen arteko enfrentamendu batean bizitzera kondenatzen gaitu, horrek higatze izugarria dakar eta Euskadiren etorkizuna zalantzan jartzen du.
Patxi Lopezen PSE-EEk ba al du zuk aipatzen duzun blokeen arteko egoera hori gainditzeko maniobra margenik?
Patxi Lopezen estrategia politikoa oso garbia da. Zentroko politika bilatu eta jokaleku horretan aritu nahi du. Beste gauza bat da, taktika politikoak uzten dion maniobra margenaren tamaina. Ez dezagun ahaztu PPk gehiengo osoa daukala Madrilgo Parlamentuan.
Harrituta ez. Nik gobernu hori egingarria ikusten nuen. Euskadiko jendeak hemengo parametroekin pentsatu ohi du, eta, antza, Katalunian ere hemengo logikaren araberako gobernu bat osatuko zela uste zuen. Katalunian, ERC eta PSC eta IC-V alderdiek urte asko daramate elkarlanean. Ez bakarrik taktikoki, baizik eta Kataluniako tradizio batetik begiratuta. PSCren eta ERCren arteko nolabaiteko akordio bat hitzartua zegoen jada hauteskundeen aurretik. Euskal sozialista batzuek bagenuen horrelako akordio baten itxaropena, eta ez bakarrik Kataluniara ekar dezakeenagatik, baizik eta, oro har, Espainia mailan izan dezakeen eragina politikoarengatik. Akordioa oso onuragarria da.
Euskadirako zentroko esparru politikoa ikusten duzu ezinbestean. Nola eragin dezake PSE-EEn Kataluniako aro berriak?
Euskadiko politikari ere laguntza ekar diezaioke. Kataluniako akordioak PPri mina egin dio. Demagun PPk ez duela gehiengo osorik lortzen datorren martxoko hauteskundeetan. Norekin paktatuko du? CiUrekin? CiUk PPrekin izandako akordioaren ordaina jaso ondoren bide horretan sakondu nahiko al du? Ez. Katalunian eman den aldaketak, aldaketa nabarmen bat ekar dezake estatu mailan nahiz Euskadi mailan. Kataluniako aro berri honek PSOEn ere aldaketak ekartzea espero dut, eztabaida politikoa irekiko duelakoan nago, ikuspegi federalista indartuko duela, baita ikuspegi hau duten euskal sozialistak indartuko dituela espero ere. Maragall Generalitateko presidentea izateak beste aro bat ekar dezake. Aldaketa, hasieran, giro aldatze batetik etorriko da, pixkanaka, ez epe motzera. Estatu mailako hauteskundeetan PPk ez badu gehiengo osoa lortzen, orduan nabarituko dugu aldaketa.
Azkenik, Egigurenek ez dio irtenbiderik ikusten euskal arazoari, konpontzeko modukorik bai, ordea. Bat al zatoz?
Bai. Izan ere, nork bere planteamendua bere esentzian oinarritzen badu, ez dago irtenbiderik. Batek bere burua euskaldun hutsa eta independentea ikusten badu eta beste batek -beste hori bezain euskalduna dena- ez badu bere burua Euskadi independente batean ikusten, nola konpontzen da auzi hori? Finean, bakoitza guztiz bakoitza izan gabe, politikaren bidezko akordio batera iritsi beharko dugu, jokaleku bat aurkitu beharko dugu bizi ahal izateko. Hori ez badugu onartzen jai daukagu. Bakoitzaren nahiak eta ametsak bestearen aurka doazen bitartean ez daukagu irtenbiderik. Horrek baina, ez du ezin dugula elkarrekin bizi esan nahi, elkarrekin bizitzen ahalegindu behar dugu. Eredua ERCk aukeratu duena da. Alderdi independentista izan arren, independentista ez den alderdi batekin gobernatzea aukeratu du, eta ez CiUrekin, kasurako. Euskaditik ikusita harrigarria badirudi ere, zergatik ezin dugu Euskadin hori ere irudikatu? Gainera, hori lortu ezean ez daukagu irtenbiderik. Historiak erakutsi digunez, gure barne desadostasunek ez digute estatu bat gauzatzen utzi. Aitzitik, etengabeko gatazkan bizi izan gara. Gatazka gainditzeko eta egonkortasunean bizitzeko Katalunian abiatu duten eredua egokia litzateke ere euskaldunontzako.
Asisko Urmeneta
Marko Armspach, Jokin Larrea eta Asisko Urmenetak egindako Gartxot komiki liburuak Korsikako Nazioarteko Komiki Jaialdian Mediterraneo Saria irabazi du.
guztia irakurri
Amets Arzallus
Nafarkaria itxi zenean pentsatu zuen Joxemiel Bidadorrek polita izanen litzatekeela XX. mendeko Nafarroako euskal testu periodistikoen antologia bat prestatzea. Egunkari eta aldizkari zaharren bidezko halako ehun urteko bidaia bat, hasi 1901etik eta 2000raino. "Bitxia baita; XX. mendean oso gutxi dira Nafarroan euskal prentsarik gabeko garaiak. Gerra bukatu eta 1960ra bitartean ez zen ia ezer egon, baina handik aurrera ere, diktaduran, Principe de Viana aldizkariak ateratzen zuen euskarazko gehigarri bat. Mende osoan badago euskal kazetaritza bat Nafarroan, edo gehiago, Iruñean".
Mende oso baten antologia kalean ikusteko amets txiki horrek orain bi urte eman zuen lehen urratsa. 1910 baino lehenago ia ezer aurkitu ez zuenez, 1910tik 1920rako euskarazko artikuluen bilduma argitaratu zuen Bidadorrek. "1910tik aurrera Iruñeko giro periodistikoa nahiko majoa zen. Aukera politiko bakoitzak bere egunkaria zuen: integristek La Tradicion Navarra, eskuinak El Eco de Navarra eta Diario de Navarra, karlistek El Pensamiento... Eta oso gauza bitxia gertatu zen: 1911-1912 inguruan euskal testuak ugaritzen hasi ziren egunkari horietan. Ez dakit zergatik. Agian 1911n EAJ Napartarra aldizkaria publikatzen hasi zelako? Baliteke hari kontra egiteagatik hasi izana". Kontua da euskal kazetaritza bere lekutxoa aurkitzen hasi zela. Eta lekutxo horretan euskaraz idazten zuten kazetarien izenen zerrenda luzatzen hasi zen: Larraundi, Larreko, Joxe Agerre...
Baina 1920a iritsi zenean, atzera euskal testuak desagertu egin ziren egunkarietatik. Napartarra 1919an itxi zen, eta EAJren astekari berria, Amaiur, ez zen zabaldu 1932a arte. Bitarte horretako euskal kazetaritzaren hutsunea 1923an sortu zen La Voz de Navarra egunkari jeltzaleak bete beharko zukeen, baina ez zuen hala egin. Eta La Voz-ek euskaraz ezer publikatzen ez zuenez, gainontzeko egunkariek ere isildu egin zuten euskara. Hori dela eta, 1920tik 1930era bitartekoa isilik pasa da Joxemiel Bidadorren antologian ere. Eta bigarren liburua 1930etik 1936ra arteko testuz osatu du oraintsu.
Hogeita hamarreko hamarkadako berpizkundea
1932an Joxe Agerre euskal idazlea Sevillatik Iruñera itzuli zen. Itzuli orduko La Voz de Navarrako zuzendaritza hartu zuen, eta euskarak bultzada baten beharra zuela ohartuta, egunero atal finko bat sortu zion: Egunekua. Alexander Tapia Perurena poeta leitzarra arduratzen zen euskarazko testuak bilatzeaz. Bestalde, mende hasieratik Iruñean euskarazko klaseak ematen jardunak ziren, Campion, Joxe Agerre eta Lertxundi. Baina irakaskuntza lan hori benetako fruituak ematen hasi zen Jesus Aranzadik hartu zuenean maisutza. "Aranzadiren klase haietatik euskaldun berri talde bat sortu zen, eta horrekin euskal giro bat. Harrobi hark balio zuen, ez bakarrik idazteko, baita irakurtzeko ere, eta hori oso garrantzitsua zen aurrekoek idatz zezaten".
Euskal kazetaritzaren berpizkundea izan zen. Hamar urte lehenago bizpahiru euskal idazle baldin baziren, 1930etik aurrera hiru idazle belaunaldi izan ziren: "Batetik zeuden Teodoro Arburua, Larreko, Manezaundi, herrietatik Iruñera bildutako euskaldun zaharrak. Bestetik, hauen seme edo senitartekoak: Joxe Agerre, honen anaia, Aingeru Irigarai... Idazle hiritarrak ziren, jende kultua; medikuak, kazetariak.... Eta azkenik Aranzadirekin euskara ikasi zutenetatik hirugarren belaunaldi bat sortzear zegoen. Denak Iruñean jaio eta haziak ziren eta familia erdaldunetakoak izaki euskaraz ere bertan ikasi zuten".
Hogeita hamarreko hamarkada oparoa izan zen, horretaz. Eta aberastasun hori aurki liteke Joxemiel Bidadorren bigarren antologian. Aurki liteke, hiru idazle talde haiek zertan egiten zuten talka. Izan ere, Manezaundik bere Luzaideko euskara zuen, eta Larreko ere Zaraitzuko euskarari, Erronkarikoari, eta Iparraldekoari oso atxikia zen. Horiek nahasiz, nafarrera bat proposatzen zuen. Aldiz, gazte taldean, euskaldun berriak eta, gipuzkerari lotuago zeuden, euskaraz ikasteko metodoak hori zuelako oinarrian. Beraz, euskarak batzen zituenak, euskarak berak zituen bereizten, eta oso eztabaida interesgarria piztu zen. Idazle gazte berri horien anparoan giro literarioa ari zen zabaltzen, belaunaldi bat sortzear zegoen... Baina 1936ko uztailaren 18an gerra hasi zen. Eta akabo eztabaidak, giro literarioak eta sortzear zeuden belaunaldiak. Iruñeko egunkarietako euskara isildu egin zen, handik hirurogei urtera Nafarkaria isilduko zen bezala.
Onintza Irureta
Asier Urdanpilleta añorgarra Gipuzkoako Kros Txapelketa prestatzen ari da orain eta Gaizka Itza muxikarra berriz, mendiak zuritu diren honetan eskiak jantzita dabil astebururo.Duela hilabete gutxi munduan zeharreko mendietan zebiltzan korrika biak. Txapeldunen Ligako final zortzirenetan ez dira sartu, baina Munduko Mendi Maratoien Txapelketan seigarren eta zortzigarren postuak egin dituzte.
guztia irakurri