Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-12-21 -- 1925.zenb

Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)

Duela gutxi jakin dut, gure etxeko auzoan, gugandik bi metrora bizi zen adineko emakumea zendu egin zela duela hamabost egun. Nik zoritxarra gertatu eta hamabost egunetara jakin dut bere heriotzaz. Gaixo zegoela bai, eta noizbehinka seme baten etxean egoten zela ere bai, baina hala ere... Eta neure buruari galdetu diot: non geratu da zure auzo-bizitza, neska?

Eta ni herri txiki baten jaio eta hogei urtez bertan bizitakoa naiz. Baserriko ume bat. Nire azken hamazazpi urteak, ordea, Donostian eman ditut. Hasieran ikasleen pisuetan... orain norbere bikote eta umeekin. Baina pisuan, goian zerua eta behean lurra beharrean, jendea egoten den toki horietan. Jendea ezkerrean, goian, behean, edo alboan. Jendea besterik gabe, edo gehienez solairuko zenbaki eta etxeko hizkietara erantzuten duen jendea: lehenengoko pisukoa, edo bosgarreneko B-koak... Nire betiko herrian, ordea, auzokoek izen eta abizenak zituzten, aurpegi eta izaera ezagun batzuk. Norbaitzuk ziren. Orain, egun esan nahi dut, bai hemen eta ziurrenik, bai han (oraingo herriek ere hiri bihurtzeko arriskua baitute) anonimoak dira gehienak, eta ez direnak, asko, latoso galantak.

Latosoak. Horren beldur gara noizbait auzokideren bat gatz eske hurbiltzen zaigunean. Batez ere bigarren aldia edo hirugarrena bada. Eta kontua ez da gatza eskatzea edo ez eskatzea. Hori gutxienekoa da, kontua aurrerapauso hori eman izana da. Hain ondo zehaztuta ditugun limite pribatuak gainditu egin dituztela sentitzea da, alegia. Nahi dutenerako gaude, baina etxeko atetik kanpo. Gehienez ere eskailera buruan, edo etxebizitzako atarian. Eta gu zortzi bizilagun baino ez ginen, baina hala ere, ezer gutxi nekien berari buruz, Mari Carmeni buruz, duela gutxi zendu zen emakume hari buruz. Ia ezer ez, igogailua jarri ziguten egunetik aurrera. Ze, igogailua izugarrizko abantaila izan da guretzat eta beste bizilagun guztientzat, baina ordutik, ia amaitu dira eskailera-buruko elkarrizketa sinple baina adeitsuak.

Eta hain da mugatua gure denbora, hain gaude lotuta beti ordulariari, auzokoek agurtzea ere, hain baliotsuak diren segundoen kalterako direla. Baina zer diren gauzak, auzokoarekin hain gutxi hitz egiten dugun garai hauetan, horrenbeste elkarrizketa txatxu mobiletik. Baita auzokoari zerbait esan behar diogunean ere, atea ireki eta bere atea jo beharrean, errazagoa egiten zaigu mobiletik deitzea. Zergatik ote? Mobilak aukera ematen digulako inolako lotsarik gabe, auzokoari ere, sentitzen duzula, baina umea baineran duzula eta moztu egin behar diozula esateko.

Errepidean ere badago antzeko zerbait. Bitxia ere bada hango gizakidetasuna. Egun argiz gidatzen goazela norbait kotxeko argiak emanda ikusten badugu, ez dugu zalantza egingo gureekin keinu egiteko: «Ei, argiak piztuta dituzu...!» Ez horregatik. Agurra eskaini erantzunik jasotzerik ez dagoenean.

Izan ere, auzoko gutxik dute gure etxeko giltza, eta are gutxiago gu bertan ez gaudela, sartu eta etxeko landareak ureztatzeko baimena. Landare gaixoak...

Eta inkomunikazioaren komunikazio hau gero eta gehiago barreiatzen ari da gure kale eta bazterretan. Eta gu tribuan bizitzeko izakiak ginela uste nuen. Besteen beharra genuela, norberaren izana garatzeko eta indartzeko. Baina ezer gutxi laguntzen dute horretara adibidez, teknologia berriek. Lagunduko dute beste zerbaitera, beharko, baina ez horretara. Ez auzolana eta auzobizitza zer den erakustera.

Nostalgia baino gehiago da nirea. Damua, behin atea entzun eta ireki ez nuelako. Bestaldean Mari Carmen zegoen. Baina ni ez nengoen inorentzat. Gutxiago auzokoentzat.

Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)

Eskal Herriko gaurko marko politikoak irtenbiderik aurkezten ez duelakoan, batzuek beharrezko ikusten dute horretaz hitz egitea. Besteak, berriz, eroso sentitzen dira oraingo markoan, eta elkarrizketa eta hitz egitea ez beharrezko, baizik eta kaltegarritzat ere jotzen dituzte, ETAren jarrera indartzen delakoan.

Abiapuntu horrekin, argi geratzen da, hitz egitekotan, lehenengo multzokoek bakarrik egingo dutena. Eta horrela gertatu da. Azkeneko denboretan hainbat proposamen agertu dira Euskal Herri osoan, baina eztabaida horretatik at geratu dira, nahita, Espainiako eta Frantziako indar zentralistak. Horrek mugatu egiten du eztabaida, zalantza barik, baina zuzena eta demokratikoa izango litzateke horregatik eztabaidarik ez egitea?

Hala ere, hitz egiteko gogoa omen daukatenen artean ere mugak agertzen dira. Ezer finkorik ez dagoen halako egoera batean, badirudi proposamen guztiek gutxienez entzunak izateko eskubidea eduki beharko luketela, eta horrela ulertu du, esate baterako, ezker abertzaleak Ibarretxeren plana aintzat hartuz. Ez da berdin gertatu, ordea, sektore batzuetatik bultzatzen ari den Nazio Eztabaidagunearekin. Prozesu horrekiko errespetua adierazi arren, nabariak dira EAJ eta ELAren hutsuneak, eta ez da argi geratu zergatik uko egin dion Aralarrek.

EAJ mugatu egin da instituzio baten legaltasuna daraman Ibarretxeren plana zabaltzera. Baina legala delako ez da, halabeharrez, «demokratikoa». PPk, adibidez, Ibarretxeren plana baliogabetu nahi du, jarraitu den prozedura ilegala delakoan, eta hala egingo balitz, demokratikoki ezarritako legalitate baten izenean egingo litzateke, guk ezagutzen ditugun demokrazia liberal ordezkatzaileetan, legalitatea modu demokratiko baina ordezkatu batean osatzen baita, eta horrek ez du ziurtatzen herriaren parte-hartze zabala, oinarri-oinarritik egina.

Ziur nago euskal herritar gehienek ez luketela onartuko neurri hori. Hala ere, legalitatea gora-behera, plan horrek prozedura demokratikorik jarraitu al du? Legala izango balitz, baietz esan liteke, arauturiko pausuak bete ditu-eta. Baina, hain gatazka sakona konpontzeak asko hitz egitea eskatzen du. Arazoak zehaztu, bakoitzak bere argudioak azaldu eta bestearenak entzun behar dira. Hori dena ez da egin Ibarretxeren planean eta, hortaz, zuzena iruditzen zait esatea denak pozteko moduan aurkezten omen den plan hori partidista dela, zentzu estuan esanda, aldeen iritzia jaso ez delako, alegia.

Txalaparta gutxiagoz, baina, nire ustez, modu «demokratikoago» batean, Nazio Eztabaidagunea ekimena garatzen ari da azkeneko hilabeteotan. Fase bi aurreikusten dira, eta lehenengoaren amaiera abenduaren 20rako dago iragarrita. Han Euskal Herriari buruzko diagnosi bat aurkeztuko da, dituen aldeko eta kontrako faktoreekin, eta bigarren faserako utziko da aurrera egiteko beharrezkoak diren, edo izango liratekeen, pausuak lantzea eta adostea. Bidean, oinarritzat hartu diren txosten batzuk eta horiei eginiko hainbat ekarpen geratzen dira: batzuk zuzenean, azaroan eratu zen ekarpen foro zabal batean parte hartuz, eta besteak, internetez igorriak. Inori inolako trabarik ipini gabe.

Alderdi edo eragile batzuk ez daudelako, zenbaitek ekimen mugatutzat joko du. Hala ere, alderdi zentralistek parte hartu nahi ez dutelako, Ibarretxeren plana baztertzekoa ez den modu berean, Ibarretxeren plana bultzatzen duten batzuk parte hartu nahi ez dutelako, Nazio Eztabaidagunea ere ez da baztertzekoa. Horra paradoxa: prozedura demokratikoa eskaini, eta modu zabalean planteatzen den ekimen bati uko egitea (partidista delakoan, batzuen ustez), eta horren ordez, agian ilegaltzat joko duten eta modu itxian planteatzen den ekimen (partidista) bat hobestea.

Jon Alonso


Ariketa: Uhal garraiatzaile bat, gainean infinitoraino luzatzen den erosle-lerrokada bat duela, Durangoko Azoka berrian sartzen da, Atxagaren edo Sarriren liburua saltzen den punturaino. Uhala 1 m/s-ko abiadan mugitzen da, eta erosleen arteko tartea 1 m-koa da. Salmenta puntuan saltzailea dago, zeinak mugimendu mekanikoen bidez, 60 segundutan egiten baititu eragiketa hauek guztiak: erosleari harrera-hitza esan, Atxaga edo Sarriren liburua bere tokitik hartu, poltsa batean sartu, erosleari luzatu, erosleak luzatzen dion billetea jaso, kutxan utzi, bertatik kanbioak atera, erosleari itzuli, agur esan eskuaren mugimendu bizkor batez. Azokak 5 egun irauten duela eta egun bakoitzean hamar orduz irekita dagoela kontuan harturik, eskatzen da: a) zenbat liburu salduko litzateke uhal garraiatzaile bat erabiliz azokako 5 egunetan? b) zenbat uhal-garraiatzaile beharko lirateke batzuen arabera Sarrik saldu omen dituen 5.000 liburuak saltzeko, edo Atxagak saldu omen dituen 5.000 liburuak saltzeko? (Oharra: kontuan har bedi, otoi, bi erosleren artean segundu bat galtzen dela).

Bistan da salmentarako baldintza automatiko ezinhobe hauetan ere, alegia, erosleak ez direla uniformeki etortzen, uholdeka baizik, egun guztiak ez direla berdinak, lehena 'profesionalentzat' omen dela, esaterako, erosleek batzuetan liburuaren orriak begiratzea gustuko dutela erosi baino lehen, askotan saltzailea ezagutu eta harekin mintzatu nahi izaten dutela piska bat; saltzaileak ere, bere aldetik, tarteka komunera joan behar izaten duela, edo kanbioak bukatu eta bila joan behar izaten dela, edo liburu kutxa berri bat irekitzeko makurtu... alegia, egiazko baldintzen nolakoa aintzat hartzen ez duen baldintza ideal hauetan ere ez dela posible iristea batzuek ematen dituzten kopuruetara. Jakina, esango digute beren saltzaileak eta beren erosleak ez direla automatak, noski, baina saltzaile baten ordez hainbat jartzen dituztela... Tira, konforme; baina tokiak muga fisiko argi batzuk jartzen ditu, eta are Atxagaren eta Sarriren liburuak saltzen diren salmenta-puntuetan ere, badituzte bere tokia hartzen duten beste titulu dozena batzuk saltzeko... edo zaintzeko, behintzat.

Ez dakit honetaz ari zen, zehatz, Atxaga, egun gutxi direla Berria egunkarian emandako elkarrizketan. Baina aipatzen dituen gaien zati da ûzenbakien dantza, korbataren erabileraû, noski.

Nik ez ditut inoiz oso ongi konprenitu ahal izan kopuru-gerra gezurrezko hauek; gehienez ere bi muslari ez oso zuhur eta bai nahiko panparroiren arteko lehia bezalakoa iruditu zaizkit: musean beti dago enbidoari "bost gehio" esanda erantzutea, ezta? Eta, gainera, mus partida honetan jokaldia bukatzean kartak erakutsi behar izaten ez direnez...

Baina ikusten denez, alferrik da Durangoko azoka beste azoka batzuk arautzen dituzten parametroen arabera neurtu nahi izatea. Konparazione, Berria egunkariak ere azoka bisitatu duen editore italiar baten esanak biltzen zituen ûE.H.tik kanpo etorri bide den editore bakarraû, eta hark ere esaten zuen festa giroa dela gehien harritu duena. Jai giroko agerpen triunfalista, psikologiko, folkloriko, propagandistiko hau beharrezkoa omen da, antza, liburu-munduko jendea gero, urtea osatzeko falta diren korbatarik gabeko 360 egunetan lasai joan dadin, kantuak dioen bezala, desertiala, nigarrez urtzera.

Korbatari dagokionez ûttattarra, Beran-eta esaten dutenezû, ez zitzaidan garbi gelditu Atxaga Azokaren zuzendariez ari ote zen, edo, orokorragoan, zuzendaritza-lanetan hala edo nola ari diren guztiak hartzen zituen bere gogoetan. Bigarren hipotesia hobetsita, ez zait batere gaizki iruditzen. Ez da mendeku txarra, azoka egunetan gure apaltasunean duin ibiltzeko ahaleginetik eta ohituratik ateraraziriko idazleontzat behintzat. Gure kolaborazioa nahi badute, hona baldintza: argitaletxeko arduradun bakar bat ere korbatarik gabe.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan