Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-12-14 -- 1924.zenb

Izaskun Jauregi


Gure arbasoen zeruari begira

Zeruari so jarri ditu Iruñeko Planetarioak sortu zenetik gaurdaino izan dituen bi milioi bisitariak. Hamar urte dira ateak ireki zituenetik eta denbora horretan, 35 ekoizpen propio burutu ditu. Sortu zenean Espainiako planetariorik handiena zenak makina bat lan burutu du penintsulan diren besteekin elkarlanean. Hain zuzen, Donostiako Zientziaren Kutxagunearekin batera jarri berri du martxan Gure arbasoen zerua izeneko egitaraua. Bertan, gizakiaren historiaren azken 26.000 urteak errepasa daitezke.


Musika klasikoa unibertsitatera

Nafarroako Unibertsitate publikoan Unibersiclásica: la palabra cantada ekimena prestatu dute, azken hiru mendeetako musika klasikoa unibertsitariei eskaini nahian. Martxoaren 1a arte lau musika saio izango dira. Abenduaren 15ean erromantizismo alemaniarra izango da gaia, urtarrilaren 12an Bellini-ren, Rossini-ren eta Verdi-ren obrak, eta otsailaren 9an eta martxoaren 1ean frantziar eta espainiar melodiak.


Pop mugimendua Guggenheim-en

2004ko urterako Guggenheim Bilbao Museoak atondu duen egitarauaren ildo nagusiak Pop mugimenduaren ingurukoak dira. Izan ere, 1960ko hamarkadako Pop mugimenduko pertsonarik garrantzitsunetakoa izan zen James Rosenquist iparamerikar artistaren atzera begirakoa izango da ikusgai datorren urtean Bilbon. Era berean, Pop artea eta pop artearen ondoren izeneko erakusketa egiteko asmoa agertu du Museoko Patronatuak. Bestalde, Paul Klee suitzarraren pinturak, marrazkiak eta grabatuak ikusi ahal izango dira 2004an.


Antzerki Liburuen Erakusketak

Azaroaren hasieran egin zen Madrilen laugarren aldiz Nazioarteko Antzerki Liburuaren Erakusketa. Irakurleak, ekoizle baten bila zebiltzan itzultzaileak edota argitaratzaile bat aurkitu nahi zuten antzerkiegileak bildu ziren bertan. Kontua da Galiziako Antzerki Dokumentazio Zentroak proposamen bat egin zuela: 2004an Santiagon Antzerki liburuaren Erakusketa bat egitearena. Espainian zehar hiri ezberdinetan horrelako ekimenak burutzearen aukera mahaigaineratu du horrek berriro eta kontuan hartzera konprometitu dira antolatzaileak.


Arte eskematikoa megalitoetan

Lehenengo aldiz historiaurreko arte eskematikoaren adibide bat aurkitu dute Nafarroako iruinarri batean. Aipatu megalitoaren alde batean metro bateko Brontze Aroko aizkora bat errepresentatzen duen grabatua ageri da, egoera bikainean mantenduta.
Aurkikuntza guztiz garrantzitsua da. Europako beste zonaldetan arte megalitikoa ezaguna bada ere, lehendabiziko aldia da Euskal Herrian megalitoekin lotutako artea agertzen dela, bertako megalitismoa nabarmen aberastuz.


Ipuinen argazkiak.

Marrazkiekin lotu ohi dira ipuinak. Letrak eta marrazkiak izaten dira maiz ipuinen osagarriak. Alberdaniak Ordoñez-Falcon Argazki Fundazioaren babesarekin plazaratu berri duen «Begiz jotako ipuinak» lanak ordea, ipuina argazkiaren lagun egin du. Ipuin-argazki liburu honen xedea argazkia literaturarekin lotzea da. Parte hartu duten argazkilariak, besteak beste, Joan Fontcuberta, Andreas Gursky, Xavier Ribas eta Frank Thiel dira. Idazleen artean, Lourdes Oñederra, Joseba Sarrionandia, Jon Alonso, Aurelia Arkotxa, Arantxa Iturbe eta Andu Lertxundi daude.


Errazena ez da hoberena.

Publizitateaz ari gara. Izan ere, eskuinean dagoen kartelari begiratu besterik ez dugu urtero Donostian burutzen den El Sol, Publizitate Jaialdi Iberoameri-karrak aurten maiatzaren 27tik 29ra egingo den saiorako aukeratu duen irudia ulertzeko. Publizitatea kontzeptu sinplistetik urruntzea da euren helburua, sormen originala sustatzea. Funtzionatzen duen publizitatzetik ihes egitea. Horrez gain, badituzte aurtengo jaialdirako hainbat berrikuntza. Epaimahaia banatu egin dute: batetik, Zinema/telebista eta irratiari dagokiona egongo da. Bestetik, grafikari eskainia. Euskarri interaktiboen saria ere aurten emango da lehen aldiz, urrezko eguzki bat jasotzen duenetako batek irabaziko du sari hori.


Badago zer pentsatua

Nafarroako Gotorlekua bezalako ekimen handiak martxan jartzen ari diren honetan Mira Antzokia azkenetan dago. Zer pentsatua ematen du. Izan ere, Pablo Zubikarai antzokiko zuzendariak gose greban egin ditu 30 egunetik gora. Nafarroako Gobernuko kultur arduradunekin elkartzea lortu zuen azkenean lehengo astean. Baina kontua da antzerkiaz normaltasunez hitz egiteaz gain, diru laguntzen deialdietara aurkezteko irtenbidea eskaini zietela soilik Mirako arduradunei. Eta Mirak ez ditu baldintzak betetzen horiek eskuratu ahal izateko. Bitartean, Zubikaraik greba utzi, berreskuratu eta berriz utzi behar izan du. Eta hala ere, ez du konpromiso garbirik lortu. Ekonomikoki errentagarriak ez omen diren kultur ekimenek zer etorkizun izan dezaketen pentsatu beharko genuke.



Bernardo Atxagak zera adierazi zuen liburu berriaren aurkezpenean: «Nekagarria izango ez den eginkizun literario batean murgildu nahi dut».

Fermin Muguruzaren hitzak dira hauek «Berria»n jasoa: «Erasoen aurrean lana berdin egiten jarraitu behar dugu, ez diegu lana baldintzatzen utzi behar».

Mikel Insaustik honakoa idatzi zuen «Gara»n: «Banatzaileek ez diete film txikiei beharrezko denbora ematen aho-belarri efektuak funtziona dezan, pertsona batzuk besteei aholkatutakoari eker publikoak film hori existitzen dela jakin dezan».

Marco Antonio Saez de Acedo zendu berri den Tijuana in Blueko abeslariak honakoa zioen «Berria»n aurreko asteburuan egin zioten elkarrizketan: «Nahiago dut bizizalea izan, txiste proletarioa baino».

Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunaren ustez,: «Faltsua litzateke industriarik gabeko artea, eta faltsua litzateke, mamirik gabeko industria. Durangok hori erakusten du». «Berria»n jasotako hitzak dira horiek.


Urko kantariaren berrogeita hamabost abesti jaso ditu Discos a medida diskoetxeak hiru cd-etan. Hemen gaude izenburupean hogeita hamar urteko jarduna bildu du kantariak.

T(ARTE)an produktora berriak lehen ikuskizuna estreinatuko du urtarrilaren 11n Bilboko Magisteritza Eskolan. Patxo Telleriak sortu du Sonata segundu batean... eta piku lana. Musikarako sena duen mutil baten istorioa kontatzen du lanak eta bertan Inazio Tolosak eta José Cruz Gurrutxagak ere hartuko dute parte.

Jon Kortazarrek Gabriel Arestiren biografia plazaratu berri du BBK fundazioaren eskutik. Gabriel Aresti 1933-1975 liburuan Kortazarrek sakabanaturik zegoen dokumentazioa bildu du eta era berean, Arestirekin harremana izan zuten pertsonen lekukotasunak jaso ditu.

Baleuko ekoiztetxeak Unibertsolariak munduaren ertzaren bila izeneko luzemetraia estreinatuko da laster. Hil honetan beteko ditu hamar urte Durangoko ekoiztetxeak.

Ramon Barea historiagileak Gipuzkoa, 1940 liburua plazaratu berri du. Bertan, II. Mundu Gerran Gipuzkoan izan zen nazien presentzia lantzen du Bareak argazki ugarirekin.

Josu Landa, Kirmen Uribe, Karmelo C. Iribarren, Jose Fernandez de la Sota eta Rikardo Arregi Diaz de Heredia poetak ageri dira, besteak beste, Brasilgo Livro Orpheu eta Manecu argitaletxeek plazaratu duten euskal poesia garaikidearen antologian.

Escroto Tijuana in Blueko kidea hilik agertu zen lehengo astean bere etxean. Marco Antonio Sanz de Acedo taldeko abeslaria zen.

hemeroteka

1923. zenbakia | 2003-12-07
1922. zenbakia | 2003-11-30

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan