Pilar Iparragirre
Anton Kaiku
Koldo Izagirre, Jokin Mitxelena
Elkar
32 orrialde
4,95 euro
Koldo Izagirrek haurrei eskainia
Koldo Izagirrek haurrentzat idatzitako lehen idazlana da Jokin Mitxelenak marrazki alaiez hornitu duen "Anton Kaiku" kontakizuna. Anton Kaiku mutikoa du protagonista. Entzuten duen guztia sinetsi eta agintzen dioten huraxe egiteko ohitura du Anton Kaikuk, eta bere amak antzarak ferratzera bidali orduko, euskaldunen herrira abiatzen da, han burdinola asko eta asko daudela entzuna duelako. Ferrak behar ditu, amak esandakoa betetzeko. Eta haiexek eskatzen dizkio kapusai handi baten barrutik begiratzen dion olagizonari. Baina gizon hura haserretu egingo zaio, eta baita handik aurrera aurkitzen dituen euskaldun guztiak ere. Ostikoka hartzen dute Anton Kaiku euskaldunen herrian. Zergatik ote da?
Orígenes del Cristianismo en la tierra de los vascones
Roldán Jimeno
Pamiela
212 orrialde
14 euro
Kristautasunaren jatorria Euskal Herrian
Kristautasuna euskal lurraldean nola garatu zen landu du Roldán Jimeno historialariak kaleratu duen Orígenes del Cristianismo en la tierra de los vascones saioan. Hirugarren mendean sartu ei zen kristautasuna gurera, Ebroaldetik, eta bosgarren mendean indartu, Iruñean eraturiko elizbarrutiaren laguntzaz. Jauntxoen bitartez kultua inguruko lurraldeetara hedatuz joan zen, zortzigarren mendean prozesua bukatutzat eman zuten arte, Aralarko Mikel Deunaren kultuarekin, kristautasunak mendi gailurretara iristea lortu zuenean. Roldán Jimenok bere lanean hausten dituen mitoen artean, San Ferminena dago. 1186an Amiensdik San Ferminen erlikiak ekarri zituztenean sartu zitzaigun "tradizioa" omen da.
Eibarko Hiztegi Etnografikoa
Serafin Basauri, Asier Sarasua
Eibarko Udala
428 orrialde
15 euro
Eibarko Euskara Mintegiaren lana
Serafin Basaurik eta Asier Sarasuak koordinatu dute beste askorekin batera egin duten Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Natura, Baserria, Lanbideak, Ohiturak lana. Ikusirik duela urte gutxi arte gure-gurea zen bizimodua desagertzen ari dela eta, ondorioz, baita harekin lotutako hitzak eta ipuinak ere, galzorian dagoen mundu hori batu eta zabaldu nahi izan dute; oraindik bizirik dagoen hari fin horri oratu, eta hurrengo belaunaldiengana luzatu nahi dute, sekula gehiago etenik izan ez dadin. Horretarako, etnografiarekin zerikusia duten Eibarko hitzak bildu dituzte, betiere herriko lekukoei jasotako etnotestuan oinarrituz. Eta Eibarko eta inguruko hiztegia zehaztu eta bertako aldaerak emateaz gain, galzorian dauden lanbide eta ipuinen berri ere ematen dute.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
117 orrialde
8,40 euro
Victor Hugoren etxean Pasaian
Joxe Azurmendik Victor Hugo idazle handiarengana eginiko hurbilketak ematen dio hasiera Jakin aldizkariaren azkenengo zenbakiari. "Victor Hugoren etxean Pasaian" du lan honek izenburutzat eta 1843an Victor Hugok aipatu herrian egin zuen egonaldia dauka abiapuntu. Bestalde, Aitor Zuberogoitia kazetariak Xabier Gereñori egindako elkarrizketari ere tarte zabala eskaintzen dio Jakinek , idazle, editore eta kultur eragile honen bizitzan eta obran sakonduz: Xabier Gereñoren haurtzaroa Bilbon, gerraosteko joan-etorriak, Merkataritza Peritu ikasketak, bere ibilbide profesionala, Euskaltzaindian burututako lana, kultur proiektu eta ekimenak antolatzen eta sustatzen egindako ekimenak, idazle eta editore gisa izandako ekoizpena, politikarekin izandako harremana...
Txomin dutxan
Liesbet Slegers
Ibaizabal
30 orrialde
5,24 euro
Txomin garbitzera daramatenean
Etxeko txikienentzat oso aproposa den kontakizun honetan, poz-pozik dabil Txomin parkean hondarrarekin jolasten. Baina amak zikin-zikin dagoela ikusten du, eta etxera darama, garbitzera. Txomini ez zaio asko gustatu erabakia, baina zer egin dezake? Amatxok arropak kendu dizkio, eta han dago biluzik eta hotzez akabatzen, amatxok dutxan eseri eta sugea bezain luze den telefonoarekin ur epel-epela gainera botatzen dion arte. Gainera, Txominekin dutxatzea atsegin duen igeltxoa ere eman dio, josta dezan, eta gero umearen burua garbitzeari ekin dio. Orain Txominek ile zuri-zuria dauka. Baina jarraian ura burura botatzen hasi zaio, eta Txomin haserretu egiten da.
Iraganeko zibilizazioen enigmak
Atlantida Taldea
Gaiak
258 orrialde/ 15 euro
Bost kontinenteetako hogei kultura mitikoren berri
Arkeologia eta aurkikuntza modernoenak mitoekin nahasten dira Iraganeko Zibilizazioen Enigmak (Ponpeiatik Paskuako erraldoietaraino) liburuan, bost kontinenteetako hogei kultura galdu, enigmatiko, oparo edo mitikoren berri emateko. Inoiz existitu al zen Atlantida? Nola bizi ziren Knosos-en? Zertarako eraiki zituzten Teotihuacangoko piramideak? Nolakoa zen Pazko Uharteko erraldoiak egin zituen herria? Galdera askori ematen zaie erantzuna Atlantida Taldearen lan horretan.
Eta ni zer?
Fernando Morillo
Elkar
134 orrialde
8,45 euro
Fernando Morilloren azken idazlana
Elkar argitaletxeak plazaratu berri duen gazteentzako Taupadak bildumako liburua dugu Fernando Morilloren Eta ni zer? nobela. Haur eta gazte literaturako 2002ko Euskadi saria jaso duen Fernando Morilloren azken lanaren narratzaile eta protagonista batere polita ez den eta horregatik asko sufritzen duen hamasei urteko neskatoa da. Alferrik esango diote hari "barnea" dela garrantzitsuena, gero inguruko mutil guztiak bere ahizpa Usoaren atzetik badabiltza. Izan ere, txiki-txikitandik izan da ederra Usoa, Larraitz ez bezala, eta mundu guztiak aitortu izan dio bere edertasun horrek sortzen dion lilura, Larraitzi ez bezala. Beraz, Usoak ondotxo daki zeinen arma indartsua duen nahi adina mutil erakarri eta gogoa duenean ohera eramateko, eta bitartean Larraitzen bakardadea izugarria da, haurtzaroko adiskide on bat topatzen duen arte. Hari hustuko dio bere barrua, eta trukean, arazoak dituen bakarra ez dela jakingo du, homosexuala baita mutila. Nolanahi ere, adiskidetasun horri esker ikasiko du Larraitzek bizitza nola bizi daitekeen benetan, eta baita maitasunaz nola goza dezakeen ere.
Pilar Iparragirre
Azalduko al zeniguke «Eta ni zer?» liburuaren funtsa?
Hau, gutxi gorabehera, Barbien tirania biologikoaren inguruko hausnarketa da. Protagonista neska gazte bat da. Argia, jatorra, sentibera eta oso atsegina da neska gazte hori, baina ez da polita, eta badakigu biologiak nola baldintzatzen gaituen. Bere ahizpa, berriz, oso ederra da, eta hark erakartzen ditu protagonistak nahiko lituzkeen guztiak, eta horrek ikaragarrizko hausnarketak, kezkak eta minak ekartzen dizkio honi.
Edertasunaren inguruko gogoeta al da zurea?
Edertasuna, askotan goraipatzen dugu literaturan eta sormen lanetan. Ezinbestekoa da, erakartzen diguna. Baina gero badaude hainbat eta hainbat pertsonaia galtzaileak-edo; ez zait hitz hori gustatzen, baina uste dut liburu honetako pertsonaiak galtzaileak direla gizaki guztiok garen neurrian eta horien grina eta amets eta nahasketen inguruko hausnarketa da, etiketa edo edertasunaren menpekotasun latz horren azpian dagoenaren inguruko hausnarketa.
Zergatik aukeratu duzu neska protagonista gisa?
Sentimenduen inguruan hitz egin behar dudanean iruditzen zait neskak aberastasun handiagoa daukatela. Eta nobela honi dagokionez pentsatu nuen sinesgarritasun handiagoa emango ziola protagonista neska bazen. Beharbada topikoa baino ez da, baina topikoek ere badute bere sustraia, eta uste dut mutil itsusi batek ez lukeela lortuko neska ez erakargarri baten egiazkotasuna. Tontakeria izan daiteke, baina iruditzen zait neskak gehiago kezkatzen direla edertasunaren kontu horrekin.
Pilar Iparragirre
Patxi Iturregi itsasoko bizimodua islatzen zuen Haize kontra ipuin bildumarekin egin zen ezagun gure artean, duela zazpi urte. Erronkak maite dituen gizona izaki, laudiotar honek, itsasotik lehorrera jauzi egitea erabaki du orain, hiriak dituen mila norabideetan barneratzeko Behi eroak deritzan liburuan. Hamabi ipuin eskaintzen ditu, gehienetan umorea erakutsiz, drogaren zurrunbiloan dabiltzan gazteen mundua, hiriko oligarka harroena, motorzale handiputz samar batzuena, ezetzik esaten ez zekien baserritarrarenaà eta makina bat mundu gehiago erakusteko. Itsasoaz eta lehorraz hitz egin digu Iturregik.
guztia irakurri
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Ikusmenaren kalitatea neurtzeko sistema berritzailea sortu dute
Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko (Tarrassa) lan-talde batek ikusmenaren kalitatea neurtzeko sistema guztiz berritzailea sortu du. Munduan bakarra den tresna biomediko honek modu objektiboan neurtzen ditu parametroak, alegia, pazientearen ikuspegi subjektibotik abiatu behar izan gabe edota, beste modu batera esanda, nola ikusten duen galdetzean eman dezakeen erantzuna kontuan hartu behar izan gabe. Zentzu honetan, Optical Quality Analysis Sistem (OQAS) deritzon aparatu honek bide berriak zabaltzen ditu oftalmologia eta optometria arloetan.
Tresna hau begien kalitate optikoa edozein egoeratan aztertzeko diseinatuta badago ere, kataraten ebakuntza edota kirurgia errefraktiboa behar duten kasuetan da bereziki aproposa. Izan ere, ebakuntza mota hauetan ezinbestekoak dira diagnosi eta kontrol guztiz zehatzak, bai ebakuntzaren aurretik eta baita ebakuntzaren ostean ere.
Gaitz hauei dagozkien datu estatistikoak ere kontuan hartzekoak dira: urtean bost milioitik gora ebakuntza errefraktibo egiten dira munduan, batik bat AEBetan, Europan eta Asian. Bestalde, espezializazio honetan jarduten duten kirurgilariak 10.000tik gora direla estimatzen da.
Emakumezkoak luzeago baina okerrago biziko dira
Delphi deritzon azterketan esku hartu duten 364 adituek diotenez, emakumezkoek gizonezkoek baino urte gehiago beteko dituzte, baina zahartzarora hurbildu ahala, bakardadearen, menpekotasunaren eta pobreziaren sarean harrapatuta gelditzeko arriskua handituko zaie. Sexuaz, generoaz eta osasunaz eginiko lan horretan, halaber, ohartarazten da emakumeek jasaten duten lan diskriminazioaren erruz, etxean seme-alaben eta sendikoen zainketan jarduten duten emakumezkoek nekez izango dutela pentsio sistema duinik.
Adituen ustez zaila izanen da politika soziala eta lan merkatua hobetzea edota lana eta etxeko jardueraren arteko oreka lortzea, ez baitute sentsibilitaterik ez presio sozialik sumatzen gizonezkoek etxean ardura handiagoak har ditzaten. Azterketaren ondorioen artean ikusten denez, bereizkeriak eragin negatiboa izango du emakumezkoen osasunean eta lehen haurraren jaiotza are gehiago atzeratuko da.
Isilgailu eraginkorragoa autoentzat
Autoen isilgailuen inguruko ikerketa lerroak bi helburu lortu nahi ditu aspaldidanik. Batetik gero eta iraunkorragoak izatea eta bestetik gero eta isilagoak izatea.
Ohio State Universityko hainbat ingeniarik teknologia berri bat garatu dute autoen isilgailuetarako eta horretarako bi elementu uztartu dituzte, hots, beira-zuntza eta diseinua. Beira-zuntzak elementu metalikoak baino gutxiago pisatzen du eta korrosioaren aurkako erresistentzia handiagoa du. Bestalde, zarata gutxitzeko bidea ihes-gasak ahalik eta presio txikiena izatean datza. Une honetan hori isilgailuen diseinu konplexuen bidez lortzen da eta hauek, gehienetan metalikoak direnez, sortutako mekanismoak pisu handikoak eta korrosiorako erresistentzia txikikoak izaten dira.
Europan eta Japonian, AEBetan ez bezala, urte batzuk daramatzate beira-zuntza erabiltzen. Dena den, ingeniari burua den Ahmet Selamet-ek dioenez, beren ekarpena batez ere diseinua hobetuko duten tresna informatikoetan dago, tresna hauek soluzio berezituak ematen baitizkiote auto mota bakoitzari.