Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-12-14 -- 1924.zenb

Hasier Etxeberria

Aristiren zintzotasunaz. Atxagari entzun nion behin, erraztasuna zeukala poema on bat urrutira ere ezagutzeko. Aitor dut, gainera, egia borobila dela hark esandakoa, askotan erakutsi baitigu abildade hori Bernardok. Eta nola ez, bada, inbidia sekulakoa eman izan dit niri ukatua izan zaidan dohaina harengan hain nabari ikusteak. Esan nahi dut, nik ez ditudala sarri bereizten poema ona eta kaxkarra. Esate baterako, hotz-hotz utzi izan naute askotan Lizardiren poema on ustekoek eta, aitzitik, zeruetaraino jaso Bilintxek potoz betetako beste batzuek.

Abisatuta zaude, irakurle, nire juzkuaren izaera kaxkarraz. Abisu eman nahi nizun gauzak bere neurrian jar ditzazun eta orakuluaren esanik lerro hauetan alferrik bila ez dezazun. Poeta baten lana goratzen hasi baino lehen aitortu nahi nizun hori guztia, badaezpada.

Izan ere, Pako Aristiren Libreta horiko poemak (Susa 2003) liburuan datozenak, poema ba ote diren ere ez bainaiz ziurtatzera ausartzen. Askotan iruditzen zait zenbait poesiaren izaera, geometria kontu soil baten arabera defini daitekeela. Berdin liokeela lerroak etzanda jartzeak, zutik egon ordez. Aristi da horietako bat, nire ustez. Nolabait esateko, poema narratiboak egiten ditu edo, nahiago bada, zutunik jartzen ditu etzanda ere egon zitezkeen kontakizunak. Kontua da, ordea, zutitze horrek, biluztu egiten dituela esan beharrekoak. Etzanean arnasa lasaiagoa leukaketenak, gordinago zaizkigula ematen. Espresio-ekonomiaren gauzak eta poesiaren berezko eskaerak izango dira, seguru asko.

Aristik bere kaiera horian apuntatu dituenak ez dakit poesia on ote diren egiazki, baina gauza bat gutxienez ziurta dezaket: ez dela aspaldian halako poema-liburu ederrik nire moduko irakurlearentzat idatzi.

Defendatu ere egin nahi nuke Aristiren poesia, han eta hemen argitaratu diren zenbait konturen aitzinean: ba omen dela Aristiren ikuspegia baino ezkerragokorik, burgeskume paranoikoaren ikuspegiarekin daukala zer ikusirik Aristiren poemagintzak... Ez naiz batere harritzen Aristik poema horiek bere buruaren kontra oldartuko zaizkion beldurrez bizi dela dioenean. Izan ere zintzoak dira Aristiren poemak, erabateko zintzoak, horrek gurean ekar ditzakeen ondorio guztiekin.

Geure buruaz ez da aspaldian ikusi halako gogoeta zorrotzik. Aristik poesiaren berezko gai maiteenetakoa darabil azken finean: denboraren iragaitea. Baina ez hori bakarrik: denboraren iragaiteak gugan eragindakoa jartzen digu aukeran. Egia borobilak esanez, bizipenak aitortuz, ikuspegia deklaratuz, xaxatu egiten du irakurlea Aristik. Lekutik mugiarazten du liburuaren hartzailea, artelan on guztiek bete beharreko lehen legea betez.

Ez dakit gu baino gazteagoek zer pentsatuko duten, baina gure belaunaldiak bederen, ez du sekula jaso halako argazki oparorik. Zentzu horretan erromantikoa da zeharo Aristi, Utopia hain errazki alboratu nahi ez duen erresistentziako militantea. Eta Aristi idazleaz gain, Pako gizona ezagutzen dudan neurrian, zin dagit bere biografia ere zintzoa dela horretan. Gutxirengan bezala egiten dutela bat haren esanak eta izanak. Azalera bat datorrela izaerarekin, alegia. Ez da gutxi.

Urrutiko intxaurrak beti.

Honaino iritsi nahi nuen, zintzotasunaren behar ezinbestekora, gaur idatzi beharreko beste kontu bat aipatzeko. Bai, badakit ez direla konparagarriak poema liburu soil bat eta kultur proiektu erraldoi bat, badakit ez direla enbor berekoak. Baina gauzak dauden daudenean, nahiago nuke Aristiren zintzotasuna baleuka ondorengo urteetan garatuko den Donostiako Tabacalerak.

Ezagutzen ez duenarentzat esan dezadan, hiriaren erdian dagoen eraikin itzela dela Tabacalera hori, eta kultur industriaren zereginetara bideratzekotan dabiltzala azkenaldion Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako Udala.

Batean hau eta bestean hura entzuten da, baina, zertan da gaur Tabacalera? Inork ez dio garbi erantzungo galderari, ez hartu lanik alferrik. Soilik inbertsio handiak egin behar direla esango dizute, eta estrategikoki ekarri handia egin beharko digula geroan. Bedi.

Dakigun bakarra zera da, kosta ahala kosta, ikus-entzunezko teknologia berrienak eta artegintza uztartu nahi dituztela bertan. Bedi hori ere. Baina izan gaitezen zintzoak abiapuntutik: Euskal Herriak ez dauka Tabacaleran gara daitezkeen balizko emariak irensteko moduko demografiarik. Zertan gara orduan?

Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria txikiak dira. Beste leku batzuetako ereduak edukiko dira gogoan industria eta kulturgintza nahitaez bateratu behar horretan. Nik ez dakit, baina nago neurriak bere garrantzia daukala. Nekez lehiatuko garela inorekin, New York edo Berlin garela uste dugun bitartean.

Oinarrizko lanak egin gabe, urrutiko intxaurrak amets beti. Aristirena bezalako liburuak gordetzeko Biblioteka Nazionalik ez daukagun une honetan, mundua konkistatu nahi dugu gure kultur produkzio abangoardiakoekin. Ez dakit, ez dakit. Baina niretzako nago hobeto genbiltzakeela Aristiren zintzotasunetik baleuka Tabacalerak. Badira beldurra ematen duen edertasuna duten asmoak.

Markel Olano

Aurtengo azaroa garrantzi handikoa izan da, bai Kataluniako abertzaleentzat baita Galiziakoentzat ere. Alde batetik, Kataluniako hauteskundeak burutu dira, azaroaren 16an, eta, bestetik, Galizian BNGk bere XI. Aberri Batzarra ospatu du azaroaren 22 eta 23an. Bietan han izatea tokatu zait. Lerro hauen bidez bertan jasotakoak eman nahi nituzke.

CiUk Bartzelonako Magestic Hotelean izan zuen hauteskunde eguneko egoitza nagusia. Azaroaren 16ko arratsalde-gau hartan, TV3 inkesten lehen datuak ematen hasi zenean, aspalditik ikara sortzen zuen mamuaren itzala hasi zen hedatzen: PSCk boz eta legebiltzarkide gehiago izango zituen eta, gainera, CiU eta ERCren artean ez zen gehiengo absoluturik batzen. Bi gertakari horiek erabateko egoera beltza zen sortu zuten: CiUren interesen ikuspegitik, Generatitatea utzi beharra zetorren eta, abertzaletasunaren ikuspegitik, CiU-ERC gobernu aukera uxatua gelditzen zen. Jendea zuri-zuri zegoen.

Gero emaitzak oso bestelakoak izan baziren ere, kataluniarren boto joerak zera erakutsi du: azken urteotan PPk izan duen jarrerarengatik soziologia abertzalea piztu egin dela Katalunian, eta jendeak ez diola CiUri barkatu Madrileko Gobernuarekin izan duen hurbiltasuna. Baina CiUren jokabide hori ez da kasualitatea izan: egia da Parlamentean ez zuela gehiengorik eta, beraz, laguntzaren bat (PPrena adibidez) ezinbesteko zuela; baina jokabide horren egiazko arrazoia Kataluniako autonomiaren ahuldade fiskalean datza. Izan ere, han ez baitaukate EAEn edo Nafarroan daukagun Ogasun sistema. Beraz, Madrilek emango dienaren menpe daude erabat. Hortxe dago CiUren jokabidearen giltzarria, eta hori aldatu gabe orain arteko dinamikak bere horretan jarrai dezake.

ERCko bozeramaleei azken egunetan entzun zaienaren arabera, ordea, argi dago Gobernua osatzeko negoziaketetan ez diotela begiratuko soilik sailen banaketari. Kataluniak Espainiako Estatuarekin duen harreman estatusa aldatzeko eman behar diren urratsak mahai-gainean ipiniko dituzte, eta nik iragarpentxoa egingo dut, nahiz eta horrelakoetan huts egiteko aukerak asko izan: CiUk errazago onartuko du ERCren erronka PSCk baino, eta, beraz, Generalitateko hurrengo lehendakaria Artur Mas izango da ERCren babesarekin.

Bi arrazoi nagusi ikusten ditut hori gauzatu dadin: alde batetik, egin duen eskapadarekin, CiUk lezioa ondo ikasi duela iruditzen zait eta, bestetik, PSCk ez du Maragallek nahi lukeen margenik ERCrekin negoziatzeko, izan ere, negoziaketa horien emaitzak dagoeneko daukana baino zama astunagoa ezarriko bailioke Zapaterori, hurrengo hauteskundeei begira.

Nire ustez Kataluniako abertzaletasunari ekimena bereganatzeko unea iritsi zaio. Berak egin behar ditu proposamen garrantzitsuenak eta berari dagokio proposamen horiek herri babesaren bidez berrestea.

Ez da hori, tamalez, Galiziako abertzaletasunak bizi duen egoera. BNGren XI. Aberri Batzarrean orain arte BNGren ahotsa eta aurpegia izan den Xosé Manuel Beirasen ondorengoaren aukeraketa zegoen jokoan, eta batzarraren gehiengoaren erabakiz Anxo Quintana izan zen hautatua lan horretarako.

Quintanak lider berri modura eginiko aitzin hitzaldian BNGk hemendik aurrera eskainiko duen tonuaren aurrerapena eskaini zuen. Orain arte Bloquearen bizkarrezurra izan diren UPG bezalako alderdi ezkertiarren hizkuntza gogorra alde batera utzi eta hiritarrekin errazago konektatuko duen diskurtso leunagoa jorratu zuen. Azken batean, batzarrean onartu zen txosten politikoan agertzen den moduan, «debemos intensificar o noso traballo para agrandar o BNG». Hori da helburua. Jende berria erakarri behar da abertzaletasunera, eta Prestigeren hondamendiaren inguruan Galizian sortu zen gizarte irakin horri egitura politikoa eskaini behar zaio. Erronka horri aurre egiteko barne egitura batu eta sendotu nahi du BNGk.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan