Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-01 16:35:12
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-12-07 -- 1923.zenb

Aurelia Arkotxa

Hemezortzi urte nituen. Aitzur-makilarik gabe, oinetako tzar eta lerrakor batzuekin Monte Perdido-k dituen 3.355 metroen igatea esperientzia izigarri azkarra izan zen. Geroztik, Ordesa izenaren entzutea aski zait esperientziaz oroitzeko, larru, ginarri eta hezurretan sekulako markatua banu bezala. Baina oroz gain isiltasunaren esperientzia izan zen hura. Iruñeako Errotazar mendi taldeko lagunen konpainian.

Mendiaren metamorfosiaren bizitzea. Ikustea nola pausoz pauso bazterrak aldatzen diren: hosto erorkorren oihanaren ondotik heldu den hosto iraunkorrena, izai enbor luzedunak nola gero bakantzen diren, belai zabalak, harrigarrizko harresi arros zutak, Cotatuero-ko zirko zabala, Gorrizeko errefugioa, edelweissak bi mila metrotik gora, Cola de caballo ur jauzi handia, elur betikoak, aintzira hormatua.

Monte Perdidoko gailurrean katalan batzuekin xanpaina edan genuen. Gero bertze bide batetik jaistea, urrunean la Brecha de Roldán, Castereteko harpe hormatuan eztiki dirdira ari diren estalagmita eta estalaktitak, han barreneko isiltasun sepulkrala, harresi zut-zut hartako las clavijasetarik iragatea, azpian ibarraren zolan zuhaitz eta erreka ñimiñoak. Liliputeko herria balitz bezala han esku uharrean har dezakezuna. Eta zuk, goiti eta inguruari so eginez begiekin besarka dezakezun zabaltasuna, aire gardena. Eguzkia elurrean dirdiratzen. Han gelditzeko gutizia.

Joan den udan itzuli naiz berriz. Lehen aldia geroztik. Zaila izan zait 'ene' ibarraren berkausitzea. Ordesa ere udako asteburu eta oporretan kontsumitzeko 'produktua' bilakatua ote da? Auto guztiak aparkalekuan utzi behar, txartela erosi behar, bide hori hartu behar, hara ez joan behar. Txartelak saltzen dituen neskari galdegiten diozu ea zenbat oren behar den zuzen Gorrizera heltzeko ahantzia baituzu eta erantzuten dizularik "nueve horas" diozu zure baitan oroimena hauskorra dela uste baitzenuen bospasei ordu aski zirelaà Turismo informazioko beste neska bati galdegiten diozu ea igana den goitira, ezetzà Castereteko harpe hormatua aipatzen diozu eman dizun eskeman ez baita agertzen, ez entzuna egiten dizu, eta gero, tematzen zarelakotz, erraten dizu "está prohibido ir!"à Eta hona non ordura arte bulegoko zoko batean isilik egon den adineko oihan zaintzaileak botatzen dizun: "Pero usted hace mucho que no ha venido por aquí, ¨verdad? ¨Por lo menos diez años ? Esto ha cambiado mucho ¨sabe?, ya no es lo de antes, ahora es turismo de masas, y a Casteret ya puede ir usted tranquilamente, lo que pasa es que ya no se puede entrar, por lo de la polución ¨sabe? con toda esta genteà Yo antes era pastorà ".

Bitartean, autobusak joan jinezka dabiltza. Ibarraren zolan diren bide eta bidexkak 'antolatu' eta seinalatuak dituzte. Hierarkizatuak ere: zaila, ez hain zaila, errazaà Pankartak ere ezarriak: "Kontuz zure bihotzarekin, ahul bazaude ez maldan gora joan, kontuz hartzekin"à Agorrileko autobusak jendez kolkoraino beteak dira, familia batzuk haurren karrosekin etorriak, emazte batzuk takoinekinà Harritua zaraà Dena zaizu bitxi eta arrotz Disneylanden lurreratu bazina bezala. Salbu han goitian betiko isiltasunez inguratzen zaituen bazterra sumatzen hasten zarela. Harresi handi horailak han dira eta ere han nonbait gordea Monte Perdido eguzkitan oixtion autobusean heldu zinelarik ikusi bezala. Laster bi bide kuruzatzen diren lekura heltzen zarelarik, ipuinetan bezala edo nahi baduzu Heraklesen mitoan bezala, birtutearen omen den bidea hartzen duzu. Kasu honetan, ezkerretik Cotatueroko zirkora patarrean goiti doana. Mendia berkausitzen duzu. Turistak desagertuak dira, orain noiztenka maldan behera kuruzatzen dituzunak "Muturreko lurralde ontologiko"ko bidaiariak dira. Preseski, primadera honetan (Bruxelles, 2003) Kenneth Whitek argitaratu liburuska urdin argiaren titulua jiten zaizu gogora: Mendiaren poetikaà Eta Fan K'uan pintore txinatarrak mendi elurtsuak paperean pintatu aitzin egiten zuena: elurrean ibili, ibili eta ibili «mendiaren hezurren haztatzeko".

Mikel Basabe


Oker dago Euskal Herriaren etorkizuna EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) hiru herrialderen parlamentuan baino ez eztabaidatuz konpondu gura duena.

2. Oker dago EAEko parlamentuan eztabaidatuko den plan horretan aukerak mugatzea planteatzen duena.

3. Oker dago naziorako plana egin, eta sozietate justuagoa lortzeko premia aldarrikatzen ez duena.

4. Oker dago estatuak bere planaren kontra egingo duen erasoari aurre egiteko euskal sozietatearen babesa bilatzen ez duena.

5. Oker dago arazo nazionalaz herri kontsulta eskatu eta nazioaren arazo diren gai zehatzez herriari kontsultatzen ez diona: Abiadura Handiko Trenaz, esate baterako.

6. Oker dago «salatariak salatu» lelopean kazetariak «kritikatzen» dituena. Okerrago legoke, berriz, «salatariak» ohi den legez «zigortzeko» eskubidea duela pentsatuko balu. Izugarri oker, egingo balu. Atzera bueltarik ez duen ekintza izango litzateke hori, eta aspaldi eskatu zitzaion horrelakorik ez egiteko. Fernando Buesa eta haren bizkartzain Jorge Diez hil eta gero, hain zuzen.

7. Oker dago militanteei hauxe diotsena: «ETAren ekintzak Euskal Herriaren defentsan: Azkar enpresaren aurka. Bilbon Iberdrolaren aurka, Santanderko aireportuaren aurka, Alacanten bi hotel suntsitu ditu lehergailuak erabiliz, Leioan Opel-Goñiren aurkakoa».

8. Oker dago behar-beharrezkoa dugun eztabaida egiteko gunea antolamendu berri baten sorleku bihurtu gura duena. Alderdi eta erakundeen ordezkaririk gura ez duenak ez luke arduratu beharko zenbait alderdi eta erakundetako ordezkaririk ez dagoela-eta.

9. Oker dago eraginkortasuna aspaldi galdua duen erakundeari lur hartzeko pista gertatu gura diona: hamaika arrazoi dago, ez da aitzakia bat behar.

10. Oker dago Orwellen Boxer-ek legez pentsatzen duena: «Napoleon is always right». Oker dago, gaur zuri eta bihar beltz hausnartu barik onartzeko prest dagoena. (Baina gerta bedi, lehenbailehen).

11. Oker dago elkar ulertzea bilatzekoak ei diren egitasmoak zintzotasun ezetik abiarazten dituena.

12. Oker dago oinarrizko txostenerako hauxe proposatzen duena: «Ibarretxe Planarekin, Espainiako Estatua eta Baskongadasen arteko paktu politikorako eskaintza aurkeztu dute EAJ eta EAk. Hitz eta apaindura abertzale askoren atzean, planteatutako eduki eta ezaugarrien arabera, proposamena æMoncloako Estatutuaren bigarren saioÆ bezala kokatzen joan da, orain arte». (...) «Muturreko baldintzetan eta boto erabilgarria aldarrikatzen zuten EAJ-EArekin burutu badira ere, ezker abertzaleak garrantzi kualitatibo eta kuantitatibo handiko esparru sozial eta politikoa egitura du AuB eta herri plataformen inguruan. Maiatzaren 25eko hauteskundeekin demokraziaren kontrako marko instituzionala osatu da; EAJ, EA, EB eta Aralarrek bere mesedetan baliatu eta erabili nahi dutena».

13. Oker dago Espainiako parlamenturako hauteskundeetan jokoan ezer ez dugula dioena. Muguruza parlamentuko kide zen garaian beste dugu jokoan. Etorkizun hurbilean hauteskunde horietan parte hartzeko aukerarik izan ez dezagun borrokatu behar dugu.

14. Oker dago Euskal Herri osorako estrategia eta abiadura bakarra proposatzen duena. Orain 25 urte bezain oker dago.

15. Oker dago herri honen etorkizuna elkarlanean eta indarrak metatzean barik abangoardiatan ikusten duena. Oker dago, indarrak metatzeko, gero eta gehiago izateko balio ez duten borroka-moldeak babesten dituena.

16. Oker dago arerioak barrikadaren alde berean bilatzen dituena. Okerrago oraindino, aurkitu ere egin dituela uste duena.

17. Oker dago nazio errakuntzako prozesu hau luzatzeak etorkizunean kalterik eragingo ez digula pentsatzen duena. Arerioak argi du zer gura duen eta zelan lortu behar duen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan