Eneko Landaburu: «Bizimodua aldatzea da gaixoak sendatzeko bidea»
Estitxu Eizagirre / Ixiar Eizagirre
Medikuntza karreran bere apunteak trafikatzen zituzten. Bikaina zen Eneko bost kiloko liburutzarrak hartu, bost duroko hitzak gizakion hizkuntzara itzuli, eta sintesiak egiten. Gaur ere dibulgatzailetzat du bere burua. Bere lana izan da ideiak eta teoriak bilatzea, ordenatzea eta laburtzea, ikusteko zer beste aukera dauden, ez gaitezen sendagileen eta botiken hain menpeko izan. Baina medikuen kaligrafia baino argiago du, berak bildutakoa ez dela egia absolutua. Teoriak dira, erabiltzeko, eta funtzionatzen ez badute, botatzeko.
Teoria higienista hemen ezagutarazten aitzindaria izan zara. Zer da higienismoa eta zer alde dago medikuntza konbentzionalarekiko?
Higienismoaren eta medikuntza konbentzionalaren aldea da, gaixotasuna ulertzeko modua. Higienismoarentzat, gaixotasunaren kausak gorputzari emandako tratu txarrak dira. Bai norberak gorputzari emandako tratu txarra, baina baita gizartearen antolamenduak eragindakoa ere (kutsadurak, bizi baldintza ezegokiak, presioak...). Oinazea positiboa ere bada neurri batean, adierazten digulako gure bizi estiloan zerbait gaizki egiten ari garela. Sukarra bezalako sintomak, gorputzaren defentsa mekanismoak dira, gaixotasunari aurre egiteko martxan jartzen direnak. Tratamendua, beraz, beti bera da: «hobetu zure bizimodua». Higienismoak «bizitzeko artea» esan nahi du. Higienismoaren ustez, gorputza jakintsuagoa da edozein mediku baino, eta gorputzari baldintza onak jarriz gero, gai da aterabidea aurkitzeko.
Medikuntza konbentzionalak eta alternatiboek, aldiz, gaixotasunaren errua birusei, bakterioei eta halako izaki ikusezinei botatzen die. Eta sintomei erasotzen diete. Gaixotasun bakoitzarentzat tratamendu jakin bat dago. Horregatik da hain garrantzitsua eurentzat diagnostikoa, zein gaixotasun den zehaztea, gero sendagai edo belar jakin batzuk errezetatzeko.
Higienismoa oso garrantzitsua iruditzen zait. Ez dut esaten egia osoa denik, baina bai kontuan edukitzekoa, beste teoria guztiekin kontrastatzeko. Medikuntza tradizionalak, kasualitatez, ez du ezbaian jartzen sistema kapitalista eta beti eskatzen du gehiago kontsumitzeko. Ikuspegi mediko kritiko askok bat egiten du planteamendu higienistekin, esanaz gaur sortu diren gaixotasun berri askoren kausa bizi baldintzak direla: kutsadura, droga kontsumoa, elikagaien kalitatea...
Zer da bizimodua hobetzea?
Bizitzan dauden alor piloaz hausnartu behar dugu. Alde fisikoan, oreka bilatu behar da ariketa fisikoaren eta atsedenaren artean. Dieta ere oso garrantzitsua da. Bestetik, maila psikologikoa dago. Eta hirugarrenik, alor soziala. Hain justu, gehien gaixotzen gaituena horixe da, gizartea egituratua dagoen modua, eta horixe da medikuntza alternatibo askok ahaztuta eduki dutena. Nahiz eta norbera tentuz zaindu, alboan isurketa toxiko bat izatea aski da akabatzeko. Transgenikoekin berdin, nahita ere ezingo baitugu produktu naturalik jan.
Sendagairik hartu behar al da? Noiz?
Egoera batzuetan arrazoizkoa da sendagaiak hartzea. Gaurko arazoa da botiken prezioak zeruan dabiltzala eta premiarik gabe gero eta botika gehiago kontsumitzen dela.
Nire oinarria hau da: zenbat eta higiene gehiago, botika gutxiago. Zenbat eta heziketa gehiago, medikazio gutxiago. Askoz errazagoa da prebenitzea, sendatzea baino. Eta prebenitzen duenak, batzuetan sendatu ere egiten du. Medikatu edo operatu aurretik, ona da bizi baldintzak hobetzea, ea horrela gorputza bere kasa errekuperatzen den. Eta medikatu edo operatu ondoren ere, garrantzitsua da ondo zaintzen jarraitzea.
Dietei dagokienez, zein dieta-planteamendu duzu gustukoen?
Nigan gaur eragin handia du Jean Seignalet doktoreak. Inmunologoa da eta asko oinarritu da ikerketa zientifikoetan. Bere depresioa sendatu zuen Parisko «sen-terapia» zentro batean.
Sen-terapiaren oinarria zera da: izaki bizidunek beti senaren bidez biziraun dute lurrean. Nekazaritza, abeltzaintza eta sukaldea «berriak» dira eta elikagaiak asko aldatu dira. Beraz, 10.000 urte dituen gizakion genetikak ez omen du astirik izan egokitzeko azken 2.000 urtetan gertatu diren aldaketa horietara.
Proposatzen dutena da ahal den neurrian historiaurreko elikadura jarraitzea, elikagaiak naturatik bilduz edo ehizatuz. Beraz, elikagaiak gordinik hartu behar ditugu, sukaldean prestatu gabe (110ºtik gorako tenperaturatan elikagaien kimika aldatzen hasten baita, eta zure gorputzarentzat elikagai hori «gorputz arrotza» bihurtzen da), eta nekazariek landu gabeko elikagaiak hartu behar dira (nekazaritzarekin naturako elikagaiak kimikoki eraldatu baitira). Sen-terapiako dietak zereal guztiak kentzen ditu. Zereal bakarra onartzen dute: arroza. Nahiz arroza ere nekazaritzaz landua den, konposizio kimikoa mantentzea lortu omen duelako.
Seignaletek dioenez, behi esnearen molekula proteiko batzuk ere, behiaren genetikarako daude diseinatuak, ez gizakion genetikarako. Dietatik kentzen duen lehen gauza esnea eta esnekiak dira.
Hamaika teoria daude eta askotan kontrako gomendioak ematen dituzte. Zer egin behar da?
Ni ere oso nahastuta nago. Baina badira hainbat teoria entzunda ondorioztatu daitezkeen gauzak. Adibidez:
Ahalik eta gehien gordinik jan behar da (frutak, entsaladak). Sukaldean ez dira hainbeste manipulatu behar produktuak, eta ez dira tenperatura altuetan prestatu behar. Frijitutako gauzarik ez jan eta kontuz gantzekin: medikuntza konbentzionalak ere ikertua du, gantza jateak bere ondorioak dituela gaixotasun kroniko sendaezinetan. Olio errefinatuak saihestu egin behar dira. Zerealak tamainan jan. Baina kontuz gari, olo, zekale eta garagarrarekin, horiek glutena baitute. Eta glutena nekazaritzaren bidez sortu zen, ez zegoen naturan, eta gaixotasunak sor ditzake.
Kalitatea ere erreparatu behar da. Beti kutsatuago egongo da animalia landarea baino, landare kutsatua jandako animaliak kaltea pilatzen baitu. Beraz, beti hobea izango da jatea animalia belarjale bat, animalia haragijale bat baino.
Gutxi jatea da beste oinarri bat. Asko janda buruak ez du ongi funtzionatzen, eta bestetik, jakiren batek kalte egiten badu, gutxi hartutakoak beti kalte txikiagoa egingo du.
Planteatzen duzun bizimodu hori posible al da gaurko gizartean?
Oso zaila da. Baina ideia argi edukiz gero, eguneroko ohiturak aldatzera irits zaitezke. Esaterako, erokeria da sukarrarekin lanera joatea, eta hori mentalitatea aldatze kontua baino ez da. Bajak hartu egin behar dira. Mentalitatea aldatze kontua da. Beste adibide bat: Norbere buruari negar lasai egiten utzi behar zaio. Atsedenari denbora eskaintzen ere ikasi egin behar dugu.
Gaixotasun kroniko larrien kasuan (minbizia, esaterako), ez al da arriskutsua «bizitzeko arteari» buruzko neurriak soilik hartzea?
Arriskutsua da medikuntza tradizionalari uko egitea benetan beharrezkoa denean. Naturala da pertsona batek osasuna berreskuratu nahi izatea, baina gorputzarentzat hain gogorrak diren tratamenduak erabili gabe. Inori ez zaio gustatzen bere gorputzeko zati bat kentzea eta ondorioak ekartzen dituzten medikamentuak hartzea, garantia askorik gabe. Beraz, uler dezaket hain gogorrak ez diren beste alternatiba batzuk bilatu nahi izatea. Eta gerta daiteke desio horregatik ez aukeratu izana benetan konponbide erreala zen medikuntza tratamendua. Kasu batzuetan operatzea eta kimioterapia soluzio errealak dira, baina ez nago ziur minbizia kasuetan beti onuragarria denik operatzea edo kimioterapia.
Zer da onena minbizia kasuetan? Ebakuntza, kimioterapia eta erradioterapia egitea, baina horrez gain elikadura hobetzea, lasaitasuna gordetzea eta laguntza psikologikoa jasotzea. Zaintzen badira dieta eta alde emozionala, ebakuntzaren edo dena delakoan zehar eta ondoren, gauzak hobeto joango dira.
Kasu askotan, norbere burua zaindu edo ez, medikuek tratatu edo ez, gaixoa hil egingo da. Ikasi beharra dugu zerbait «hiltzeko arteaz» ere.
Gaixotasun kronikoa duen pertsonak, bide bila hasten denean, oihan bat aurkitzen du. Oihan horretan nola bereizi dezake mediku-ikertzaile-berritzaile-alternatiboa, eta iruzurtia?
Horixe da Sumendi elkartearen erronka. Edo zure aldetik moldatzen zara, edo elkartu egiten zara, ikasteko eta ikertzeko. Asko elkartzen bagara, kuota batekin lokal bat egokitu genezake, eta talde lanean informazioa bildu, tratamendu ezberdinak ikertu, eta instituzioak presionatu terapia hauek iker ditzaten, eta funtzionatzen duten terapiak Osasun Publikoan eskain daitezen... Bazkide gehiago elkartuko bagina, pertsona gehiagori ordaintzerik izango genuke, euren lanorduak eskaini ditzaten gure mesedetan ikertzeko.
Zer harreman behar litzateke sendagile eta gaixoen artean?
Gaurko gizarteak banatu eta elkarren aurka jartzen ditu gizakiak. Medikuok jainkotu egiten gaituzte eta gaixoak konplexuz bete. Denentzat ona da harremanak estutu eta maila bereko tratua lortzea. Mediku-gaixoaren arteko harremana talde lana izan behar luke. Gaixoa mobilizatu behar dugu, aktiboago egin, ikertzera bultza, erabakiak hartzera ausartu dadin. Horrela, medikua ere ez da hain itota sentituko bere lanean. Gaixoa informatuago badago, adiago, ez hain pasibo, akats medikoak ere gutxitu egingo lirateke.
Zein da zure proiektua?
Sumendi elkartearen ingurukoa. Ikusten nuen herritarrek, sanitatearen erabiltzaile gisa, antolatu egin behar dutela, industria farmazeutiko ahaltsuari hankak geldiarazteko. Alternatibak bilatzen lan egiten dugun medikuok mugimendu herritar baten babesa eduki behar genukeela sentitu dut. Baina Sumendira jende askok jotzen du eskera eta gutxik ematera. Horregatik, elkarteak aurrera egiten du lanez gainkargatutako gutxi batzuei esker. Eta nago, azkenerako antolamendu hori, ez ote den mediku konformagaitzentzat pisu bat gehiago izan, babesa beharrean.
Pertsona batek jakiten duenean gaixotasun sendaezin eta hilkorra duela, zer egin behar du?
Kosta egiten da notizia txarrak ematea, eta kosta egiten da horiek entzutea. Orokorrean, medikuok ez gaituzte entrenatu kontu hauetan. Batetik ongi iruditzen zait borrokarako jarrera izatea, medikuen pronostiko txar guztiak erabat ez sinestea. Medikuak ere gizakiak gara, dena ez dakigu eta oker egon gaitezke. «Sendaezina» esan beharrean, errealagoa litzateke sendagileak esatea: «Nik ez dakit hori sendatzen». Agian unibertsitateetan irakasten ez den beste estrategiaren batekin, arazo horren konponbidea aurki daiteke.
Baina baita ere garrantzitsua da ez begiak ixtea beste aukeraren aurrean: duzunak ez duela konponbiderik eta agian heriotza laster etorriko dela. Beraz, hobe da errealista izatea eta bi plan edukitzea: bata bizirauteko borrokatzea, eta bestea, gelditzen zaizun bizi pusketatxoa ahalik eta gozagarriena egitea.
Gertatzen dena da bai gaixoari eta bai bere ingurukoei kosta egiten zaiela gaiaz hitz egitea, eta irentsi egiten dituzte une horietako sentimendu naturalak: amorrua, tristura, beldurra... Ez gaude ohituak sentitzen duguna konpartitzen eta bakardadean bizitzen du bakoitzak. Negarra eutsi egiten dugu eta bai gaixoak eta bai familiak animoso itxurak egiten ditu askotan. Eta sarri, senidea hil ondoren pena handienetako bat izaten da ez agurtu izana, «hau esan nahi nion eta ez nion sekula esan». Komunikazio hori lortu behar da, eta senideen aurrean ere lasai egin negar. Negarrak asko arintzen baitu zama, eta batzuetan baita min fisikoa ere.
Zuk ekarri zenuen Euskal Herrira elkar entzute teknika. Zer da?
Gaztetatik jabetu nintzen nire sufrimendu psikologikoaz, esaterako, zenbaterainoko urduritasunak pasatzen nituen azterketetan. Erlaxazioa eta yoga egiten hasi nintzen. Ikusten nuen diziplina eta jarraipena falta zitzaidala, eta muturreko egoeretan bakarrik zaintzen nuela nire osasun mentala. Horregatik erabaki nuen psikoterapia talde bat bilatzea. Bilkura batzuetara joaten hasi nintzen, eta han ezagutu nituen elkar entzute saioak eta ondoren, nazioarteko mugimendua.
Elkar entzutearen oinarria ideia bat da: disgusturen bat dugunean, buelta emateko, norbaitek entzutea behar dugu. Norbaiti kontatu ezean, arrastoa uzten digu bizitza guztirako, eta gure egoera mentala hondatzen joaten da.
Badu antzik lagunekin edo bikotearekin ditugun elkarrizketekin, baina ez da zehazki gauza bera. Ikusia dago lagunarteko elkarrizketak ez direla aski. Kosta egiten zaigu benetan sentitutako dena botatzea, eta gure sentimendurik sakonenez hitz egitea. Gauza bat da esatea «triste nago», eta pixka bat zailagoa da negarretan lehertzea, eta hain justu horixe da behar duguna tristura deskargatzeko. Eta baita ere kosta egiten zaigu entzutea.
Ikasi egin behar dugun zerbait da, eta entrenatu. Klima berezi bat sortu, espazio bat eta denbora bat. Helburu bakartzat hartuta elkarri husten laguntzea. Lehenengo batek bota dezala barruan duen dena, bestearen laguntzaz, eta gero alderantziz.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.