Medikuntza karreran bere apunteak trafikatzen zituzten. Bikaina zen Eneko bost kiloko liburutzarrak hartu, bost duroko hitzak gizakion hizkuntzara itzuli, eta sintesiak egiten. Gaur ere dibulgatzailetzat du bere burua. Bere lana izan da ideiak eta teoriak bilatzea, ordenatzea eta laburtzea, ikusteko zer beste aukera dauden, ez gaitezen sendagileen eta botiken hain menpeko izan. Baina medikuen kaligrafia baino argiago du, berak bildutakoa ez dela egia absolutua. Teoriak dira, erabiltzeko, eta funtzionatzen ez badute, botatzeko.
Estitxu EizagirreIxiar Eizagirre2003-11-30 |
Teoria higienista hemen ezagutarazten aitzindaria izan zara. Zer da higienismoa eta zer alde dago medikuntza konbentzionalarekiko?
Zer da bizimodua hobetzea?
Sendagairik hartu behar al da? Noiz?
Dietei dagokienez, zein dieta-planteamendu duzu gustukoen?
Hamaika teoria daude eta askotan kontrako gomendioak ematen dituzte. Zer egin behar da?
Planteatzen duzun bizimodu hori posible al da gaurko gizartean?
Gaixotasun kroniko larrien kasuan (minbizia, esaterako), ez al da arriskutsua «bizitzeko arteari» buruzko neurriak soilik hartzea?
Gaixotasun kronikoa duen pertsonak, bide bila hasten denean, oihan bat aurkitzen du. Oihan horretan nola bereizi dezake mediku-ikertzaile-berritzaile-alternatiboa, eta iruzurtia?
Zer harreman behar litzateke sendagile eta gaixoen artean?
Zein da zure proiektua?
Pertsona batek jakiten duenean gaixotasun sendaezin eta hilkorra duela, zer egin behar du?
Zuk ekarri zenuen Euskal Herrira elkar entzute teknika. Zer da?
Jaio: Bilbon, 1953an.
Osasun alorreko dibulgatzailea eta medikua
25 urterekin atera berri zuen Medikuntza titulua Nikaraguan estreinatu zuen, gobernu sandinista jarri berritan.
Teoria higienista Euskal Herrian ezagutarazten aitzindaria izan da.
Euskal Herrian lehen atseden etxeak sortu zituen.
Elkar entzute izeneko praktika berak ezagutarazi zuen Euskal Herrian.
Sumendi elkartearen sustatzaileetako bat da. Sumendi, osasunaren autogestioaren aldeko elkarte bat da.
Artikuluak:
Punto y Hora eta Integral aldizkarietan kaleratu izan ditu, baita Egin egunkarian ere. Gaur egun Gara egunkarian kolaboratzen du.
Liburuak:
Sumendi elkartearekin liburuxka bat atera zuen lehenik, «Curarse un mis, sin los peligros del medicamento, y sin dañar el bolsillo». «Cuídate Compa» liburua etorri zen gero (Txalaparta, 2000. urtea).
Planteamendu higienistetan zein da zure erreferentea?
Nik dibulgatzen dudan ia guztia, biologo bretoi batena da: Desiré Merien du izena. Atseden etxe bat zuen, eta medikuntza karrera amaitu aurretik bertan izan nintzen bi denboralditxotan. Handik ekarri nuen atseden etxeen ideia.
Planteamendu higienistak ere Desiréregandik hartu nituen. Higienismo metodikoagoa egiten saiatu zen. Baraurako prozesua ere metodikoki antolatu du, dietan urratsak pixkanaka emateko. Bestetik psikologiako aspektuak ikertzen ere hasi zen, Higienismo tradizionalak kontutan ez zituenak.
Bera hasi zen "hiper-aireztapen" teknika aplikatzen. Arnasketa berezi baten bidez (lurrean etzanda, arnasa hartu eta bota azkar eginez etengabe), erreakzio bereziak sortzen dira: oroitzapenak etortzen dira, edo bat-batean negar egiteko gogoa sartzen zaizu, edo amorrua lehertzen zaizu. Neuk ikusi arte ez nuen sinesten, harrigarria da. Desirék dionez, gorputzean emozioa sortzen da kanporatua izateko asmoarekin, baina barruan eutsi ohi dugu arnasaren bidez. Arnasketa berezi honen bidez zure buruaren kontrola pixka bat galtzea lortzen duzu, eta barruan gorde izan duzuna atera egiten da.
Medikuntzan gaixotasun bat kontsideratzen dute hau, "arnas neurosia" deitzen diote. Desirék ere hasieran gaixotasuna zela uste zuen. Behin berandu iritsi omen zen halako erreakzioa izan zuen pertsonarengana, eta erlaxatuta aurkitu zuen. Hasi zen pentsatzen, gaixotasuna beharrean ez ote zen sendatzeko prozesu bat izango, eta erreakzio hori baraualdia baino lehen sortaraztea egokiagoa zela-eta, arnasketa teknika hau asmatu zuen.
Higienismoarentzat, sukarra eta beste sintomak dira gorputzak gaixotasunaren aurka duen erreakzioa. Noiz arte utzi behar zaio gorputzari erreakzio horiek egiten, medikatu gabe?
Nik ere galdera horixe egiten diot neure buruari. Gerta daiteke familia eta medikua ikaratzea, eta aldiz sukarra ez izatea benetako arriskua. Orain urte batzuk Madrilen izan zen pneumonia toxikoa, sukarraz lagunduta zioan. Batzuk hil egin ziren, baina sukarra ez zen izan kausa, irentsitako toxikoa baizik. Sukarra bizirauteko borroka zen, eta ez dakit egoera horietan sukarra jaitsaraztea ideia ona ote den.
Aldizkari zientifiko batean artikulu bat bada intuizio higienistari hein batean arrazoi ematen diona, esanaz sukarra defentsa erreakzio bat dela, eta sukarrak min egingo dizun, hilko zaituen edo betirako garun-lesiorik utziko dizun ez dagoela frogatuta. Gainera esaten du nola kasu batzuetan sukarra jaisteko tratamenduak kaltegarriak gerta daitezkeen.
Literatura konbentzionalaren barruan ere irakurria dut sukarrak eutsi egiten dituela mikrobio inbasioak, eta sukarra jaisteak infekzioa indartu egin dezakeela. Horregatik agian hobea da sukarraren kausa atakatzea, eta infekzioak konbatitzeko antibiotikoak hartzea.
Irakurtzen badugu Azido Azetil Salizilikoaren prospektu informatiboa (alegia, aspirinarena, sukarra jaisteko erabiltzen den medikamentuetako bat dena), jakinarazten dute 18 urtetik beherakoekin kontu izan behar dela, garun-lesio mota bat sortu dezakeelako, "Reye-ren sindromea" izenekoa. Ezagutu izan ditut sukar kasu batzuk Azido Azetil Salizilikoari eta Paracetamolari oldartzen direnak, eta desagertu egin direnak, justu medikazioa utzita.
Beste batzuetan ikusi izan dut sukarra ez dela desagertzen modu naturalean eta esku hartu beharra dagoela. Zenbat egun itxaron ea gorputzak bere kasa prozesua egiten duen? Bada iker dezatela bitartekoak dituztenek. Zerk egiten du min gehiago, sukarrak edo medikamentu antitermikoek? Norberak jar diezaioke bere buruari helburua: "Hiru egun itxarongo ditut, eta eboluzioaren arabera erabakia birplanteatuko dut".
Kasu askotan ez dago interbentzio medikuaren urgentzia handirik. Beste kasu batzuetan bai dagoela urgentzia interbenitzeko. Sukarraz gain beste sintoma batzuk baloratu behar lirateke. Garondo zurrunak eta azaleko mantxek meningitisa adierazi dezakete, edo abdominaletako minak, sabelaldea gogortuta duzularik, izan daitezke peritonitisaren seinale eta urgentzietara jo behar da.
Uste duzu mikroorganismoek existitzen dutela? Medizina konbentzionalak birusak, onddoak, edo bakteriak jotzen ditu gaixotasun infekziosoen kausatzat. Zure ustez birusek eta bakteriek ez badute existitzen, zer egin? Merezi du medizina anti-infekziosoak erabiltzeak (esaterako, antibiotikoak)?
Kontua ez da mikrobioak existitzen duten edo ez. Kontua da zer paper jokatzen duten gaixoarengan: kausa diren, edo ondorioa. Gure gorputzean ezin konta ahala bakteria ditugu. Gorputzean meningokokoak dituzten denek ez dute Meningitisa izaten, edo Koch-en baziloa daramaten denek ez dute Tuberkulosia izaten. Badira bakteria eramaile sanoak. Eztabaida da ea mikrobioak gaixotasuna sortzen duen edo mikrobioa gaixotasunaren ondorioa den. Mikrobioei buruz jakituria handia dago, mikrobio gehienak onuragarriak omen dira eta oso beharrezkoak planetan bizitza egon dadin. Mikrobioak arduratzen dira materia hila ongarri bihurtzeaz. "Nekrofagoak" dira, alegia, materia hilaz elikatzen direla. Agian gaixoarengan ere zelula hilez elikatzen dira. Are gehiago, bakteriak dira planetako lehen izaki bizidunak. Bakteriak batzetik sortu zen nukleoa duen zelula, gure ehunak osatzen dituen zelula. Gu bakterien kooperatiba bat gara. Energia produzitzen duten zelulen mitokondriak, bakteriak dira.
Zergatik egoera batzuetan ustezko infekzioek ez dute erantzuten antibiotikoen aurrean? Halakotan esaten dute bakteriak erresistenteak bihurtu direla. Baina agian kontua da bakteria ez dela kausa, baizik eta beste kausa batzuek dituen gaixotasunaren ondorioa. Esaterako, badira kasuak errepikapenezko amigdalitisak eduki, antibiotikoak hartu eta berriz ere amigdalitisa sortzen zaienak, eta azkenean antibiotikorik gabe amigdalitis batzuk pasa eta jada gaixotasunean berriz erortzen ez direnak. Mendelshon pediatrak esaten du, antibiotikorik ez hartuta, gorputzari uzten zaiola bere defentsa propioak garatzen. Korronte higienistak esango luke benetako kausa zela ehunen intoxikazioa, eta antibiotikoak ez hartuta, desintoxikatzen utzi diogula gorputzari eta hargatik ez dela berriz gaixotasunean erori.
Berdin gertatzen da etengabe otitisa dutenekin: mikrobioak hiltzeko antibiotikoak hartzen dituzte, inflamazio hori benetan elikagai batekiko jasanezintasunak sortu duenean, esaterako animali esnearekiko jasanezintasunak. Jakina bere zorne-jarioetan bakteriak daudela. Elikadura intoxikazio baten poderioz pneumonia toxikoa izan zutenei ere, biriketako sekrezioetan mikoplasma bakteria detektatu zieten.
Orain literatura zientifikoan esaten dute hainbeste desinfekziok ekarri duela sistema immunea ez entrenatuta egotea, eta gorputzari erasotzen bukatzen duela (gaixotasun autoimmuneak).
Nik ez dakit askorik, egia da. Baina iruditzen zait gure gizarteak erru guztiak izaki bizidun ikusezin horiei botatzen dizkietela, ez onartzeagatik gure sufrimenduetatik asko sortzen dituena gure bizitzeko modua dela. Dena esplikatzen da esanaz "birusen bat izango da", zer eta kutsaduraren aroan ziurragoa denean minbiziak zerikusia izatea sustantzia kutsakorren koktel horrekin, sustantzia toxiko horien agerian baikaude etengabe. Litekeena da loturaren bat egotea mikrobioen eta kutsaduraren artean.
Odol edo pixaren analisietan bakteria bat detektatzen denean, eta horren maila oso lotua doanean gaixotasunaren garapenarekin, ez al da hori nahikoa arrazoia anti-infekziosoak erabiltzeko?
Eta zer egiten dugu gernu-infekzioak behin eta berriz dituzten emakumeekin? Antibiotikoak hartzen baditu eta gaixotasunean behin eta berriz erortzen bada, ez al da porrot egiten ari tratamendua? Ez al dira beste estrategia batzuk pentsatu beharko? Orain gutxi irakurria dut geroz eta erresistentzia gehiago dagoela gernu-infekzioentzat erabiltzen diren antibiotikoekiko, eta ikertzen ari direla ahabiaren zukuarekin, antza denez bakteriak gernu-mukosan kokatzea galarazten duelako.
Medikuntza konbentzionalak dionez, frogatuta dago gaixotasun infekzioso asko (poliomielitisa, esaterako) desagertu egin dela, haurtzaroko txerto kanpainei esker.
Txertoei esker izan al da? Nik horixe entzuten nuen unibertsitatean eta horixe entzuten dut komunikabideetan. Fernand Delarue-ren liburu hau irakurri nuen arte: "Salud e infección. Auge y decadencia de las vacunas". Bertan Delaruek azaltzen du nola baieztapen hori sekula ez den frogatu. Azaltzen du nola gaixotasun infekziosoak berdin gutxitu diren txertoa hartutako herrietan eta txertorik gabekoetan (esaterako Alemanian eta Japonen, gerra galtzean ez zutenak baliabiderik eduki haurrei txertoa emateko). Kontatzen du nola manipulatu diren estatistikak, gaixotasun infekziosoak gutxitzea bakunei esker izan dela esan ahal izateko.
Osasun publikoan esan ohi dute herriaren osasuna askoz gehiago dagoela bizi baldintzen menpe, asistentzia medikuaren menpe baino. Asistentzia medikuak bere arrakastatzat hartzen dituen hobekuntza asko, baldintza sozialak hobetzeari esker lortutako arrakastak dira berez. Horren adibidetzat jarri ohi dute nola gutxitu zen tuberkulosia, langile borroken lorpenei esker (lanorduak gutxituz, soldatak hobetuz, etxebizitza eta elikadura hobea lortuz...); eta hori dena, Koch-en baziloa, antibiotikoak eta txertoak deskubritu aurretik gertatu zen. Gaur egun, agian ekologistak izango dira etorkizuneko belaunaldien osasunean eragin gehiago izango dutenak, kutsadura murriztea lortzen badute. Edo puntako teknologiak asmatuko ditu kutsaduratik babestuko gaituzten farmakoak?
Bakunak arriskutsuak direla pentsatzen jarraitzen duzu? Seme-alabei bakunak jartzera ukatzen diren gurasoek, ez al dira ari arriskuan jartzen euren haurren osasuna?
Medizina konbentzionalak onartzen du bakunek arriskuak dituztela, eta batzuk oso larriak gainera (garun-lesioak edo baita heriotza ere). Esaten du arriskua oso txikia dela, konparatu ezkero gaixotasun are arriskutsuagoen aurka txertoak ematen duen babesarekin. Bakunek arrisku gutxi omen dituzte eta aldiz onura handiak ematen omen dituzte. Ume gutxi batzuk ordaindu behar dituzte ondorio kaltegarriak, eta aldiz mesedea ume gehiengoari egiten dio. Uste dut hori dela euren planteamendua.
Hau dena egia balitz, txertoen ondorioz atzera bueltarik ez duten lesioekin gelditzen diren edo hiltzen diren ume gutxi horien gurasoei kalte-ordaina eman behar litzaieke. Aldiz, ia sekula ez dute onartzen kaltea txertoak eragin duenik. Kalte-ordainak ematen hasten diren egunean, gauzak aldatuko dira. Estatu Batuetan hasiak dira kalte-ordainak ematen, uste dut erdibana ordaintzen dutela gobernuaren eta txertoaren fabrikatzailearen artean. Frantzian ere juizioak egon dira Hepatitis B-ren aurkako txertoak sortutako kalteengatik eta kalte-ordainak ordaintzea lortu dute. Orain pare bat urte Britainiako parlamentuan eztabaida bat egon zen 15 hilabeterekin eta 4 urterekin umeek hartzen duten txerto hirukoitz birikoaren inguruan (elgorria, hazizurria eta errubeola). Txerto horiek haurren autismo kasuen hirukoiztearekin zerikusia ote duten susmoa dago.
Haurrek gero eta txerto gehiago hartzen dituzte, eta jaio eta ordu gutxira gainera. Txertoek sustantzia toxikoak daramatzate, esaterako merkurioa eta aluminioa, haurren nerbio sistemaren garapenari min egiten diotenak. Industria farmazeutikoak, milaka langile dituenak, gure bizitza inbaditzen du, bere irabaziak handitu asmotan. Susmatzekoa da benetan behar duguna baino medikamentu gehiago kontsumitzen ditugula. Horri aurre egin eta alternatibak bilatzen saiatzen garenok, ziur hutsegiteak egiten ari garela. Baina kontutan eduki behar da konbatea desorekatua dela. Korronte indartsu baten kontra igeri egin nahian gabiltzanok gutxi gara, eta baliabide gutxi ditugu.
Zer jarrera dute, zure ustez, mediku konbentzionalek, medizina eta korronte alternatiboekiko?
Denetik dago. Nik klase bat eman ohi dut Bartzelonako unibertsitatean, Medizina Naturaleko Kurtso baten barruan, profesional sanitarioentzat. Eta han aurkitzen naiz sanitateko laguntzaile teknikoekin, farmazeutikoekin, medikuekin, gazte hasiberriekin eta baita beteranoekin ere. Gizakiak berezkoa duen jarrera bat eduki ohi dute, eurek dakitena handiesteko eta ez dakitena mespretxatzeko. Kuban ere (eta han medizina naturala eta tradizionala irakasten da unibertsitateetan), medizina konbentzionalak badu halako mespretxu bat medizina naturalarekiko.
Minbizia da mende honetan alarma gorria pizten duen gaixotasuna. Zeintzuk dira bere kausak?
Minbizian aditu direnek dekalogo bat egin zuten, gehitzen doan gaitz honen maiztasuna gutxitzeko zer egin litekeen esanaz. Dekalogoak elikadura ohiturak aldatzeko aipatzen du. Zati batean tabakoaren eta alkoholaren industriaren aurka jotzen du. Baina nik uste minbizia ugaritzeak eta gainbeherarako joera duten beste gaixotasunak ugaritzeak, kuestionatzen duela zibilizazio industriala, orokorrean. 200 urte inguru daramatzagu ingurunera sustantzia toxiko ezberdin asko eta kantitate handitan botatzen, eta gero eta abiadura handiagoan gainera. Oso ezagutza gutxi dugu, sustantzia kutsakor horien aniztasunak eta kantitateak sor dezakeen kalteari buruz. Sustantzia kutsakorren erregulazio legalak, soilik erreparatzen die kaltegarri direla frogatu den sustantziei. Baina ezagutzen dena, izebergaren punta baino ez da. Ikertu ahala, deskubritzen ari dira sustantziok kaltegarriak direla gero eta dosi txikiagoetan. Ingurunera botatzen diren sustantzia gehienak, ez dira laborategietan ikertu toxikoak diren ikusteko. Eta frogatu diren gutxi horiek, ez daukate kontutan fetuan garatzen ari den garuna edo haur jaio berri baten garuna , askoz ere sentikorragoa dela heldu batena baino, eta gainera ezberdina dela laborategiko animali baten garunarekin alderatuta. Gainera, laborategiko ikerketak sustantzia bakarrarekin egiten dira. Eta errealitatea da, garatzen ari diren ehunak toxiko askoren agerian daudela, eta beraz, toxiko horiek denek elkarreragin dezakete eta kaltea handitu edo efektu ezberdinak sortu. Pertsona heldu batek jasaten duen minbiziak, zerikusia izan dezake fetua edo haurra zela hainbeste sustantzia kutsakorren agerian egon izanarekin.
HIESAri dagokionean, hipotesi ezberdinak daude.
Komunitate zientifikoaren gehiengoak onartu du indarrean dagoen hipotesia, alegia, sistema immunearen eskasia hori sortzen duena birus bat dela, birus kutsakor bat. Zientzialarien gutxiengo bat badago duda egiten duena hipotesi hau erreala denik, eta beste hipotesi baten aldeko apustua egiten dute: sistema immunearen eskasia, gaizki elikatzeak eta intoxikazio arazoek sortzen dutela. Disidenteek diote eskandalu bat dela infekzioa kutsatzearen hipotesia onartua izana, hipotesi bat besterik ez omen delako, zientifikoki frogatzeko baldintzak betetzen ez dituena. Eta esaten dute, egia bada kausak zerikusia duela intoxikazioarekin, gaur ematen ari diren medikazio antibiralek, hain direnez toxikoak, are min handiagoa egiten dietela sistema immune eskasari.
Afrikan zer gertatzen ari den? Niri arreta gehien deitzen didana da Hegoafrikako gobernua, ezkerreko partidu baten eskutan, ausartu egin dela disidenteei entzutera, eta ausartu egin dela hein batean kasu egitera. Gobernuak nahiago izan du errekurtso ekonomikoak herritarrentzat elikagaietan gastatzea, multinazional farmazeutikoei ematea baino. Gehiago jakin nahi nuke honi buruz, benetan kasu bakarretakoa baita. Orokorrean ezkerra, osasun alorrean, eskuina bezain sumisoa izan ohi da. Ezkerra ere ez da ausartzen autoritate sanitarioak kuestionatzera.
Medikuntza karrera amaitzen ari nintzenean, Espainiako estatuan Higienismoaz ez zegoen ezer idatzita. Informazio eske gutunak hara eta hona bidaliz, André Torque ezagutu nuen. Belgikarra zen, Mallorcan bizi zena. Gaixotasun kroniko sendaezin batetik atera omen zen barauaren bidez (sekula ez naiz sinestera iritsi baina). Andrék Mallorcako bere etxera gonbidatu ninduen. Ez zuen mediku titulurik, baina oso liburutegi ona zuen frantsesez, eta haiek itzuli eta argitaratuz bizi zen. Haren idazkari lanak egiten aritu nintzen, gaixoek bidalitako 400 gutun baitzituen erantzuteko. Astean behin hirira joaten zen hitzaldi bat ematera. Niri jarri zidan hitzaldiak emateko ardura. Irakatsiz asko ikasi nuen.
«Gobernu sandinista jarri berritan joan nintzen Nikaraguara. Mendian galdutako Zentral Hidroelektriko batean jardun nuen.
Ez nengoen batere ziur nire lanarekin. Jendea medikamentu bila etortzen zitzaidan. Ez zuten nire alternatiba onartzen. Amorrua ematen zidan gobernu iraultzaile batean, herritarren sos apurrak Suitza eta AEBetako farmako enpresei emateak! Azkenerako, kontsultatik ezer hartu gabe atera nahi ez zuten denei xarabe bera ematen nien: Nikaraguan bertan, errefau eta iodoz egindako bat. Sarri uste dugu gaixoak ez duela ezer behar, baina gaixoak justu behar duena da zerbait egiten ari zarenaren sentsazioa, sinesten duelako ez dela sendatuko zerbait hartu ezean.
Azken egunean omenalditxo bat egin zidaten. Sekula esan dizkidaten gauzarik politenak entzun nituen. Konturatu nintzen, gutxien axola zuena medikatu edo ez medikatzea zela. Jendearentzat garrantzitsuena zen hurbil sentitzen ninduela. Sekula ez baitzuten bailaran sendagilerik eduki, are gutxiago mendian sakabanatutako etxeetaraino joaten zenik.
Che medikua beti dut buruan. Kontsultan denbora galtzen ari zela konturatu zen. Ikusten zuen, sendatzen ari zen gaixotasuna pobreziak sortua zela. Bere jarrera gaixotasunaren iturria moztea izan zen eta ondo atera zitzaion.
Kuban sortu zen gizarteak diru asko inbertitu du osasunean eta hezkuntzan. Aldaketa soziala funtsezkoa da gizarte osoaren osasunerako.
Doinua: Mutil kuxkor bat
Ez omen dago ez arrai eta
ez haragien beharrik,
glutena txarra, berdura txarra,
zerk ez dauka ezer txarrik?
Ez dut esaten hoiek zaintzea
izango denik alperrik,
baina guztia kenduta bizi
gintezke triste samarrik,
azken finean bizitza ez da
arnas hartzea bakarrik.